109. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

201/2013 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren babesean.

Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 16ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan agertzen diren zorpetze-eragiketak hastea xedatu zen (392.102.954 euro gehienez). Orain Nafarroako Zorraren 19. obligazio-jaulkipena egiten da, 40.000.000 euro, osotara; mugaeguna 2019ko ekainaren 20a da.

Gobernuaren aipatutako erabakiak, 3. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa finkatzeko. Halaber, erabaki horren 4. puntuan ezartzen da kontseilari horrek eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak, eta ahalmena ematen zaio kontseilariari erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko ezaugarri hauek izanen ditu:

–Zenbatekoa: 40.000.000 euro.

–Instrumentazioa: obligazio arruntak –bakoitza 1.000 euroko balio izendunekoa–, konturako idazpenen bidez adieraziko direnak.

–Jaulkipen data: 2013ko ekainaren 20a.

–Amortizazioa: parean, 2019ko ekainaren 20an.

–Jaulkipenaren prezioa: %100.

–Interes tasa: finkoa, %4,075 urtean (Egun/egun).

–Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko ekainaren 20a.

2. artikulua. Jaulkipenaren aseguramendua.

Finantza entitate esleipen-hartzaileek jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko dute; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko dute.

3. artikulua. Likidezia.

Nafarroako Zorrak Zor Publikoaren Merkatuan kotizatuko du idatzoharretan.

4. artikulua. Tratamendu fiskala.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat interesek sortutako etekinek atxikipena izanen dute, indarra duen legezko araudiaren arabera. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ezta konturako diru-sarrerarik ere, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Jaulkipenaren produktua eta gastuak.

Jaulkipen honen produktu guztia 2013ko urtarrilaren 16ko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da, eta 2013ko ekitaldirako luzatu den 2012ko diru-sarreren aurrekontuko 112003 11430 9000 000000 kontu-sailari aplikatuko zaio.

Jaulkipenari lotutako gastuak 2013ko gastuen aurrekontuko “Zor publikoa eta bestelako maileguak jaulki, aldatu eta kitatzeko gastuak” izeneko 112003-11430-3010-951100, kontu-sailaren kargura izanen dira.

Jaulkipenaren interesak 2014-2019 ekitaldietako gastuen aurrekontuko “Nafarroako zorraren interesak” izeneko 112003 11430 3000 951100 kontu-sailari edo haren baliokideari aplikatuko zaizkio.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1308062