109. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

199/2013 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren bitartez, oinarrizko prozedura bat onetsi zen eraikin berrien efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenerako eta, beste xedapen osagarri baten bidez, arautzeko zain gelditu zen lehendik dauden eraikinen ziurtapen energetikoa.

Aipatu errege dekretuan xedatutakoa aplikatuz, urtarrilaren 21eko 7/2010 Foru Aginduaren bidez, eraikin berrien efizientzia energetikoari buruzko erregistro administratiboa sortu zen Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren bitartez, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenerako oinarrizko prozedura onetsi da, eta aipatu 47/2007 Errege Dekretua indargabetu; hortaz, beharrezkoa da foru araudia hartan xedatutakoari egokitzea, efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa sortuz (lehendik dauden eraikinak hartzen ditu kontuan) eta ziurtapen energetikoaren kanpoko kontrolaren prozedura arautuz.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa

1. artikulua. Erregistroaren aldaketa, atxikipena, xedea eta izaera juridikoa.

1. Eraikin berrien efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatu da, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren eskakizunei egokitzeko eta hartan eraikin berriak zein lehendik daudenak sartzeko. Erregistro horrek energia arloko zuzendaritza nagusi eskudunari atxikita jarraituko du, organo horrena baita ardura erregistroa antolatu, funtzionamenduan izan eta zaintzeko.

2. Erregistroa publikoa eta argibideetarako izanen da, eraikinen edo haien zatien efizientzia energetikoari buruz soilik.

Erregistroko informazioak aukera emanen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 9. eta 10. artikuluetan jasotako ikuskatze lanak eta kontrol teknikoak zein administratiboak egiteko.

3. Erregistroak baliabide elektronikoen bitartez bakarrik funtzionatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2. artikulua. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriak inskribatzea.

1. Nafarroan den eraikin berri baten nahiz lehendik dagoen baten edo haren zati baten sustatzailea edo jabea, eraikina apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartua badago, behartua dago efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria erregistroan inskribatzera, foru agindu honek ezarritako prozedurarekin bat. Sustatzaileak edo jabeak bere izenean egiten ahalko du tramite hori, edo bera ordezkatzen duen edozeinek, baita teknikari eskudunak ere.

2. Eraikin berri baten kasuan, proiektuaren eta bukatutako eraikinaren efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriak inskribatu beharko dira.

3. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria erregistroan inskribatu aurretik, honako hauek egin beharko dira:

a) Exekuzio proiektua organo eskudunari aurkeztu, obra-lizentzia emateko, eraikin berrien proiektuen kasuan.

b) Lehen okupazioko edo irekitzeko lizentzia organo eskudunari eskatu, bukatutako eraikin berrien kasuan.

c) Salerosketaren edo errentamenduaren kontratua izenpetu, lehendik dauden eraikinen eta haien zatien kasuan.

4. Erregistroan inskribatuta izateak ez dakar inoiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren adostasuna efizientzia energetikoaren kalifikazioarekin edo aurkeztu den efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriarekin.

3. artikulua. Telematika bidez aurkeztea.

1. Telematika bidez bakarrik inskribatuko da efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriaren erregistroan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) aplikazioa baliatuz. Tramite hori egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baimendutako ziurtagiri digitala izan beharko da.

2. Inskripzioa egiteko unean, proiektuari, eraikinari edo haren zati bati buruzko informazioa erantsiko zaio, baita aitortutako dokumentuek sortutako berariazko artxiboak ere, kalifikazio energetikoa egiaztatzeko aukera emanen dutenak. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria eta kanpoko kontrolaren gaineko txostena, kontrol hori nahitaezkoa denean, izanen dira artxibo horietako bi.

3. Erregistroan inskribaturik, aplikazioak erregistro zenbaki bat esleituko du, eta eskatzaileak inskripzioa egin izanari buruzko frogagiria eskuratuko du. Orobat, aplikazioak automatikoki sortuko du efizientzia energetikoaren etiketa, eta jendearen eskura jarriko du efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriaren eredu bat.

4. artikulua. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriaren balioa eta hura nola berritu, aldatu eta deuseztatzea.

1. Eraikinaren edo haren zati baten efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriak eta, hortaz, haren erregistroko inskripzioak, 10 urteko balioa izanen dute, gehienez ere. Horrenbestez, epe horretan ez bada aldaketarik izan eraikinaren edo haren zati baten ezaugarri energetikoetan, behin eta berriz saldu eta erosi edo alokatzen ahalko da, aldiro ziurtapen energetiko berri bat egin edo zaharra berritu beharrik gabe.

Saldu eta erosi edo alokatu aurretik ziurtagiriaren balio aldia iragaten bada, ziurtapen energetikoa berritu beharko da, eta erregistroan inskribatu.

2. 10 urteko balio aldian eraikina edo bere zati bat aldatzen bada eta, ondorioz, ezaugarri energetikoak ere bai, saldu eta erosi edo alokatu baino lehen, ziurtapen energetikoa aldatu beharko da, eta erregistroan inskribatu ere bai.

Kasua proiektu baten efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria bada, obra hasi aurretik proiektuaren ezaugarri energetikoetan eragina duen aldaketa eginez gero, proiektuaren efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria aldatu beharko da, baita haren erregistroko inskripzioa ere.

3. Eraikinaren sustatzaileak edo jabeak proiektuaren efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriaren erregistroko inskripzioa deuseztatzen ahalko du, proiektua azkenik gauzatzen ez bada. Orobat, Administrazioak baldin badaki proiektua ez dela gauzatuko, inskripzio hori ofizioz deuseztatzen ahalko du.

4. Eraikinaren ezaugarri energetikoak aldatuz gero edo ziurtagiriaren balio aldia bukatuz gero, lehendik erregistratuta den ziurtagiriari buruzko datuak emanen ditu erregistroaren aplikazio telematikoak, bidezko direnak aldatzeko. Orobat, foru agindu honen 3.2 artikuluan zehaztutako artxiboak erantsi beharko dira.

5. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriak berritu, aldatu eta deuseztatzeko, foru agindu honen 3. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

5. artikulua. Erregistroko informazioa eskuratzea.

1. Erregistroan sartzeko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Ataria (www.navarra.es) erabiliko da.

2. Hirugarrenek erregistrotik eskura dezaketen informazioa efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirian agertzen diren datuetara mugatuko da, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen erregelamenduan (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onetsia) ezarritako mugekin.

6. artikulua. Eraikinen ziurtapen energetikorako profesionalen erregistroa.

1. Ziurtapen zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalen erregistro publikoa sortu da, non zerbitzu horiek eskaintzen dituzten teknikari eskudunak beren borondatez inskribatuko diren. Erregistro hori energia arloko zuzendaritza nagusi eskudunaren menpe dago, organo horrena baita ardura erregistroa antolatu, funtzionamenduan izan eta zaintzeko.

2. Telematika bidez bakarrik eginen da erregistro horretako inskripzioa, Nafarroako Gobernuaren Atariak Interneten duen aplikazioa (www.navarra.es) baliatuta; horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baimendutako ziurtagiri digitala izan beharko da.

II. KAPITULUA

Efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrola

7. artikulua. Kanpoko kontrolaren kontzeptua eta irismena.

1. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria emateko erabili diren eraikinaren oinarrizko datuak osorik egiaztatuko dira efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrolean, baita ziurtagirian adierazitako emaitzak ere, egindako gomendioak barne; orobat, in situ bisita eginen da eraikinera, efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirian eta eraikin ziurtatuan jasotzen diren datuak bat heldu ote diren egiaztatzeko.

2. Kanpoko kontrola nahitaez eginen zaie A edo B energia kontsumoaren gaineko kalifikazioa duten efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiri guztiei, bukatutako eraikin berriei edo lehendik daudenei, nahiz haien zati batzuei, badagozkie, salerosketa kontratu baten xede direnean.

8. artikulua. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenen kanpoko kontrola.

1. Sustatzaileak edo jabeak eskatuta eta haren kontura egiten da efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrola.

2. Kalifikazioaren emaitzan zuzenean eragina duten eraikuntza elementuak obran jarri aurretik, garaiz kontratatuko da bukatutako eraikinaren efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrola.

3. Agente baimenduak ziurtatze prozedurari buruzko dokumentazio guztia aztertzen du, eta bere egiaztapen eta balorazioak egiten ditu, efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenerako baimendutako dokumentuei eta kalkulurako metodologiaren aplikazioari buruz, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako prozedurari jarraituz. Gainera, bukatutako eraikinaren ziurtapenerako kanpoko kontrolean, eraikina bisitatuko da eta bidezko proba teknikoak eta neurketak eginen dira.

Analisi horren ondorioz, baimendutako agenteak kanpoko kontrolaren txostena eginen du; aldeko txostena izanen da ziurtagirian adierazitako datuak benetakoak direla, prozedura bete dela eta aplikatutako kalkulu metodologiaren arabera esleitutako kalifikazio energetikoa zuzena dela egiaztatzen direnean. Gainontzeko kasuetan, txostena kontrakoa izanen da.

4. Aurreikusitako zehaztapenekiko aldeak direla eta, kanpoko kontrol horren ondoriozko efizientzia energetikoaren kalifikazioa hasieran lortutakoa ez bada, arrazoiak jakinaraziko zaizkio sustatzaileari edo jabeari, eta epe bat emanen zaio haiek konpondu edo justifikatzeko, lortutako kalifikazioa aldatu baino lehen.

5. Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiriaren erregistroan aurkeztu beharreko dokumentazioaren parte izan beharko du kanpoko kontrolaren gaineko txostenak, kanpoko kontrol hori nahitaezkoa denean.

Betiere, behar adinako epea emanez egin beharko da kanpoko kontrolaren txostena, eraginik izan ez dadin sustatzaileak edo jabeak egin beharreko tramitazioetan.

9. artikulua. Kanpoko kontrolerako baimendutako agenteak.

1. Hurrengo entitate hauek egiten ahalko dute efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrola:

a) Eraikuntzaren erregelamenduko arloan eraikinen ziurtapen energetikoa gainbegiratzen jarduteko, martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituzten kontrol entitateak edo erakundeak.

b) Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien kanpoko kontrola egiteko baimenduta dauden kontrol erakundeak.

c) Efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien kanpoko kontrola egiteko baimenduta dauden teknikari eskudun independenteak.

d) Eraikinen efizientzia energetikoaren arloko ziurtapen baten jabe diren teknikari eskudun independenteak, hura pertsonen ziurtapenerako baimenduta den entitate batek emanik.

2. Energia arloko zuzendaritza nagusi eskudunak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.navarra.es) sartu eta eguneratuta izanen du eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren kanpoko kontrolerako Nafarroan baimenduta dauden agenteen zerrenda.

10. artikulua. Jarduteko printzipioak.

1. Baimendutako agenteek independentzia, inpartzialtasun eta integritate printzipioak bete beharko dituzte, eta beren jardueretan lortzen duten informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatu beharko dute.

2. Betiere, agenteen eta haien langileen jarduerak bateraezinak dira haien independentzian eta efizientzia energetikoa kontrolatzeko jardueren emaitzan eragina izan dezakeen edozein lotura tekniko, komertzial, finantzario edo bestelakorekin.

11. artikulua. Bukatutako edo lehendik dagoen eraikinaren ziurtapenerako kanpoko kontrolaren gaineko txostenaren edukia.

1. Bukatutako edo lehendik dagoen eraikinaren ziurtapenerako kanpoko kontrolaren gaineko txostenak haren emaitza adierazten du eta, nahitaez, datu hauek jaso beharko ditu:

a) Kontrolaren xedeko ziurtagiriari dagokion eraikinaren identifikazioa, sustatzailea edo jabea adierazita.

b) Nor den kanpoko kontrolaren menpeko efizientzia energetikoari buruzko ziurtapenaren ardura duen pertsona.

c) Egindako egiaztapen eta proben deskripzioa, data, aplikatu diren metodo eta prozedurak eta haien emaitza barne. Betiere, foru agindu honen I. eranskinean jasotako prozeduran adierazitakoak sartuko dira.

d) Egindako kontrolaren ardura duen pertsonaren izena eta sinadura.

e) Txostena non eta noiz egin den.

f) Egin diren egiaztapen eta probak.

2. Bukatutako eraikin baten ziurtapenaren kasuan, eraikinaren portaera energetikoan eragin nabarmena duten elementuak obran egiaztatzeko proba eta egiaztapenak egin beharko dira, eta txostenean beharko dute agertu.

3. Txostena kontrakoa denean, balorazio horren justifikazioak agertu beharko du, baita aldeko txostena eskuratzeko behar diren zuzenketek ere.

12. artikulua. Bukatutako eraikinaren efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria berritu eta aldatzeko kanpoko kontrola.

Eraikinaren edo haren zati baten efizientzia energetikoari buruz berritu eta eguneratutako ziurtagiriek kanpoko kontrola izanen dute, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua. Kanpoko kontrolaren gaineko txostenen erregistroa.

Baimendutako agenteek erregistro bat izanen dute kanpoko kontrolaz eman diren txosten guztiekin, informazio honekin gutxienez ere:

a) Txostenaren zenbakia.

b) Eraikinaren identifikazioa.

c) Txostenaren data.

d) Teknikari arduradunaren identifikazioa.

e) Eraikinaren kalifikazioa.

III. KAPITULUA

Kalifikazio energetikoaren publizitatea

14. artikulua. Kalifikazio energetikoaren publizitatea.

1. Eraikina edo eraikin unitatea saltzeko eta errentan emateko egiten diren eskaintza, sustapen eta publizitate guztietan sartuko da kalifikazio energetikoa.

Etiketan beti agertu beharko du, argi eta zalantzarako aukerarik gabe, proiektuaren, bukatutako edo lehendik dagoen eraikinaren, edo haren zati baten efizientzia energetikoaren ziurtapenari buruzkoa ote den.

Orobat, iragarkiek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Prentsa idatzian sartutako 12 moduluko edo gehiagoko iragarkietan, etiketaren erdiko aldea (kalifikazio energetikoaren eskala), modulu batekoa gutxienez ere, sartu beharko da, eta bertan argi ikusiko dira karbono dioxidoen isurien araberako kalifikazio energetiko orokorra eta energia kontsumoaren araberakoa, foru agindu honen II. eranskineko adibideari jarraituz.

b) 1.1ean adierazitako tamainako euskarri fisikoan edo elektronikoan dauden iragarkietan ere, edo handiagoetan, etiketaren erdiko aldea (kalifikazio energetikoaren eskala) sartu beharko da, behar bezalako proportzioan etiketaren erdiko alde horrentzako tokiaren eta iragarkiaren tamaina osoaren artean.

c) 12 moduluz azpiko iragarkietan, tartearen irizpideengatik, zilegi izanen da efizientzia energetikoaren etiketa ez sartzea, baldin eta ohar bat agertzen bada, iragarkiaren testu orokorraren tamainakoa eta letra lodiz idatzia, “Kalifikazio energetikoa” dioena eta, ondoren, energia kontsumoari buruzko kalifikazio energetikoari dagokion letra.

d) Entzuteko iragarkietan, “kalifikazio energetikoa” hitzak sartu beharko dira iragarkiaren edukian eta, ondoren, energia kontsumoari buruzko kalifikazio energetikoari dagokion letra.

2. Ez dira erakutsiko baldintza horiek betetzen ez dituen eta okertzera edo nahastera eraman dezaketen eraikin baten efizientzia energetikoaren kalifikazioari buruzko etiketa, marka, ikur edo inskripzioak.

3. Publizitate betebehar horretatik salbu daude etxebizitzaz edo industriaz bestelako erabilera duten lokalak, eraikinaren proiektuan definituta ez daudenak. Orobat, hurrengo erabiltzaile aldaketetan ere, bistakoa denean saldu eta erosi edo alokatu ondoren lokalen ezaugarri energetikoak funtsean aldatu behar direla erabilera berriari egokitzeko, ez da behartuko kalifikazio energetikoa azaltzera eskaintzetan, sustapenetan edo publizitatean. Publizitate hori behar ez bada ere, efizientzia energetikoari buruzko ziurtagiria lortu eta erregistratu beharko da, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera.

Xedapen iragankor bakarra.–Kanpoko kontrolaren beharrezkotasuna.

1. Kanpoko kontrola egitea, foru agindu honen 7. artikuluan adierazi bezala, ez da aplikatuko 2014ko ekainaren 1a arte, behar adinako agente baimenduak prest izan daitezen.

2. Halaber, foru agindu honek indarra hartu aurretik obrarako lizentzia eskatua duten eraikin berriek ez dute kanpoko kontrolik egin beharko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu da urtarrilaren 21eko 7/2010 Foru Agindua, eraikin berrien efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistro administratiboa arautu zuena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

I. ERANSKINA

Kanpoko kontrolaren prozedura

1. Bukatutako eraikinaren ziurtapena kontrolatzeko kasuan, agente baimenduak proiektuaren ziurtapen energetikoari buruzko dokumentazioa aztertuko du eta, “in situ” ikuskapenaren eta bidezkoak iruditzen zaizkion proba edo saiakuntza bidez, erkatuko du nola egokitzen zaion obra exekuzioa proiektuan zehaztutakoari. Azkenik, eraikinaren portaera energetikoan eragina duten desberdintasunak jasoko dira.

Kasu horretan, eta lehendik dagoen eraikinaren edo horren zati baten ziurtapen kontrolaren kasuan, honako alderdi hauek bederen erkatuko dira:

a) Itxiturak, barreneko banaketak eta eraikinaren inguratzailearen baoak osatzen dituzten material, marko eta beiren ezaugarri termikoak.

b) Eraikinaren itzaleko elementuak eta haren kanpokoak.

c) Eraikinaren barreneko geometria, azalera, orientazioak, datu klimatikoak eta hainbat erabilera.

d) Girotze, aireberritze eta ur bero sanitarioaren sistemak, sorrera, banaketa eta igorpen ekipamenduen ezaugarri teknikoak barne (potentziak, emariak eta etekinak).

e) Hirugarren sektoreko eraikinak argitzeko instalazioak, lanparen eta ekipamendu osagarrien potentziak eta haien argi-errendimenduak barne.

f) Eguzki-instalazio termikoa eta instalazio fotovoltaikoa.

g) Bukatutako eraikinaren kasuan, edozein alderdi, pasibo zein aktibo, kontratugileak kontuan hartu duena proiektuaren ziurtapen energetikoan eragina izan dezan, eta efizientzia energetikoaren ziurtapena kalkulatzeko erabili diren errendimendu balioen aplikagarritasuna, propietate fisikoak, eta abar.

2. Kalifikaziorako erabilitako datuak eraikinarekin edo haren zati batekin bat heldu direla eta haien prestazio termikoei aplikatzen zaizkien balioak zuzenak direla egiaztatutakoan, kalifikazio energetikoa kalkulatzen da, kontrolaren xedeko ziurtagirirako erabilitako metodo berari jarraituz, kontrol horrek eskainitako fitxategi informatikoetatik abiatuta.

3. Txosten bat egiten da kanpoko kontrolaren emaitza jasotzen duena, energia arloko zuzendaritza nagusi eskudunak ezarritako ereduari jarraituz. Aldekoa izanen da, lortzen den emaitza ziurtagirian jasotakoa bezalakoa bada.

4. Kontrako txostena ematen da, egindako egiaztapenetakoren bat aldekoa ez den kasuan.

II. ERANSKINA

Prentsa idatziko iragarkiaren adibidea, 12 moduluko tamainakoa edo handiagoa

F1308084_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1308084