109. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

202E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Uharte Arakilgo Arau Subsidiarioetako egiturazko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea 2. sektoreko Konpentsazio Batzordea da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Aldaketak badu Uharte Arakilgo Udalaren hasierako onespena, 2013ko urtarrilaren 31ko osoko bilkuran emana, eta haren iragarkia jendaurrean jarri zen 2013ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 7an. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Eremu horretarako, Ingurumen ondorioen adierazpena eman zitzaien Reprysen, S.L.k sustatutako S-2 sektoreko sektorizazio planari eta plan partzialari, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 26ko 1416/2007 Ebazpenaren bidez. Ingurumen ondorioen adierazpen hori indarrik gabe gelditzen da.

S-2 sektoreko aldaketa Mendikoa eta Zubiaur alderdietan kokatzen da. Hauek dira mugak: iparraldean A-10 autobidetik industria eremura sarbidea ematen duen kale bat; hegoaldean landabide bat; ekialdean egungo industrialdearen kale bat; eta mendebaldean Zubiaur erreka. Sargaitzeko errekaren zati bat planaren barruan geldituko da. Eremuak 97.157 m² ditu eta 1. poligonoko 282, 283., 289., 291. eta 293. lurzatiei dagokie, egungo industrialdearen ondoan.

Jarduketa eremuko lurrak larreak eta zuhaiztiak dira nagusiki; etxalde bat ere badago, zenbait eraikuntza osagarrirekin. Ondoko eraikuntzak (etxebizitza eta biltegiak) sektoretik kanpo gelditzen dira.

Aldaketaren helburua da eremua industriaren erabilerako lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzea eta haren antolamendu xehakatua zehaztea. Antolamenduaren proposamenak aurreikusten du lotura berri bat A-10 autobidearekin, biribilgune berri baten bidez. Biribilgunetik kale nagusira iristen da. Horrek sektore osoa zeharkatzen du, hegoaldeko mugaraino, eta industrialdea ixten duen bideari lotzen zaio. Iruburu bidetik du jarraipena hirigune aldera. Bide nagusiko bi alboetan kokatzen dira industriaren erabilerako lurzatiak eta ekipamendurako lurzatia, industrialdearen sarreran.

Sargaitzeko errekaren inguruan eta sarbideko biribilgunearen ondoan kokatzen dira berdegune gisako lagapenak.

Ingurumen ondorioen azterlanak eremuko ingurune fisikoa eta biologikoa, paisaia eta egungo lurzoruaren erabilerak eta azpiegiturak deskribatzen ditu. Aldaketaren ukipen potentzialak bateragarri gisa identifikatu eta baloratzen ditu.

Espedientean jasota daude Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren 2012ko ekainaren 26ko txostena eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalaren 2012ko ekainaren 29koa. Haien ingurumen zehaztapenak lurzoru naturalaren iragazgaiztasunari buruz, hondakin uren tratamendu, kontrol eta ikuskapenari buruz eta inguruneko zaratari buruz, erantsiko dira aldaketaren azken proposamenean.

2013ko otsailaren 27an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu zen Uharte Arakilgo Arau Subsidiarioetako egiturazko aldaketaren txosten osoa (S-2 sektorea), 2. sektoreko Konpentsazio Batzordeak sustatua. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean adierazi du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Uharte Arakilgo Arau Subsidiarioetako egiturazko aldaketari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da, aldekoa.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

Lurzoru naturalaren iragazgaitzea

–Drainatze sistema jasangarriak ezartzea baloratuko da, azaleko isurketa-uraren emaria gutxituko dutenak eta urbanizatu aurretik izandako hidrologia ahalik gutxien aldatuko dutenak. Horretarako, behar-beharrezkoa den aldeetan soilik iragazgaiztuko da lurzorua, eta euri ura iragazten duten egitura eta materialak erabiliko dira, batez ere landaredunak. Nolanahi ere, azaleko isurketa uraren emaria moteldu beharko da, Sargaitz errekara isurtzen den puntako emariak urbanizazioa egin aurretik izandako balioa gainditu ez dezan.

–Bermatu behar da ez direla lurrazaleko urak (Sargaitz erreka) kutsatuko gainazaletik isurtzen den urak zoru iragazkaitzetatik eramandako material eta substantziez, batez ere, ibilgailuentzako aparkaleku eta zirkulazio eremuen kasuan. Isurketa uraren kalitateak ez luke urbanizazioa egin aurreko balioa baino kaskarragoa izan behar. Erreka ondoan aurreikusitako berdegunea erabil liteke azaletik isurtzen den uren dekantazio eta laminazio sistemak ezartzeko.

Hondakin urak

–Aldi baterako, eta Uharte Arakilgo hondakin uren araztegiak lortzen ez duen bitartean behar adinako gaitasuna tratamendurako, sektorean ezarriko diren jardueren eta industrien ur beltzak sistema propio independente batean tratatu beharko dira. Efluentearen azken isurketa Sargaitz errekara joanen da.

–Ur beltzak tratatzeko sistema propioaren azken efluenteak isurketarako muga-balio hauek bete beharko ditu: MES < 35 mg/l, DBO5 < 30 mg/l y DQO < 100 mg/l.

–Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera, norbaitek ingurumen baimena eskatzen duenean industria jardueraren bat sektorean ezartzeko, kontuan hartu beharko du bere hondakin ur industrialak Udalaren saneamendu sarera isuri aurretik berariazko tratamenduak egin beharko dituela.

Kontrola eta zaintza

–Ur beltzen tratamendurako lerroaren amaieran gailu hidrauliko normalizatu bat jarriko da, ubide irekiaren gisakoa, isurkinak kontrolatu eta ikuskatzeko, emaria neurtzeko eta lagin bilketa automatikoa egiteko.

–Sektorean garatuko diren jardueren eremuaren titularrak ur beltzen eta azaletik isurtzen den uraren tratamendurako sistemaren isurketak kontrolatu eta zaintzeko programa bat egin eta garatu behar du. Programa horrek barnean hartuko ditu ondoko parametroak neurtzeko analisiak, ondoren zehazten den gutxieneko maiztasunarekin:

PARAMETROA

UR BELTZAK

AZALETIK ISURTZEN DIREN URAK

Solidoak esekiduran, guztira

Astekoa

Astekoa

OEK

Astekoa

Astekoa

OEB5

Hilekoa

Hilekoa

Nitrogenoa, guztira

Hilekoa

Hilekoa

Fosforoa, guztira

Hilekoa

Hilekoa

Zinka, aluminioa, kobrea, beruna

-

Seihilekokoa

Inguruneko zarata

–Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatuaren arabera, sektorearen zonifikazio akustikoa b) eremu akustikokoa da (bereziki industriarako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak). A-10 autobidearen jasotzaile akustikoa izanda, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko direla justifikatu beharko da.

–Aldaketak eransten duen lurzoru urbanizagarriaren eremuak A-10 autobidearen zortasun akustikoa ukitzen duenez, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, sustatzaileak aurkeztu beharko du Herri Lan, Garraio eta Telekomunikazio Departamentuak, bide azpiegituraren titular gisa, nahitaez eman beharreko txostena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Uharte Arakilgo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 15ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1307504