109. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

19/2013 FORU LEGEA, maiatzaren 29koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan funtzionarizazio prozesu berri bat abian jartzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN FUNTZIONARIZAZIO PROZESU BERRI BAT ABIAN JARTZEARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 27ko 5/1990 Foru Legeak, ekainaren 23ko 9/1992 Foru Legeak, abenduaren 30eko 15/1993 Foru Legeak, uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legeak eta otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeak Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako toki entitateei ahalmena eman izan diete haien zerbitzuko langile-mota ezberdinek funtzionario-izaera eskuratzeko hauta-epeak abian jartzeko.

“Funtzionarizazio-prozesu” deituriko horien ondorioz, Nafarroako administrazio publikoentzat zerbitzuak ematen ari ziren ehunka pertsonak funtzionario-izaera eskuratu ahal izan dute; horrenbestez, urrats handiak egin dira sektore publikoko langile guztien errealitatea berdintasun handiagokoa izan dadin.

Oraingoan, foru lege honen bitartez, asmoa da bidea irekitzea Nafarroako administrazio publikoetan diharduten lan-kontratudun finkoentzako funtzionarizazio-prozesu berri bati. Helburuak agerikoak dira, xedea baita administrazio publikoetan diharduten langile guztiek funtzionario-izaera bera izan dezaten eta, halatan, nahi izatekoa ez den kontratazio-ereduen bitasun honi amaiera jartzeko urratsak egin daitezen; izan ere, bitasun horretatik eratortzen da, baiki, entitate publiko berari zerbitzu berdinak ematen dizkioten langileei ezberdintasunezko tratamendua ematea. Horrela, eta langile finkoen kontratazio berriak funtzionariotzaren esparruan egitearen ildotik, berdintasun-printzipioaren ikuspegitik egokiena denez gero, kontua da atzerabegirada bat botatzea jadanik finkaturik dauden lan-araubideko kontratazioei, aipaturiko izaera hori eskura dezaten.

1. artikulua.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari beste hauta-epe bat ireki dezan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko estatutupekoek eta lan-kontratudun finkoek funtzionario-izaera eskuratzekoa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko 8. artikuluan ezarritako baldintza beretan.

2. artikulua.

Halaber, Nafarroako toki entitateek beste prozesu bati ekin ahalko diote, beren langileetatik lan-kontratudun finkoek funtzionario izaera eskura dezaten.

3. artikulua.

Jardunean, zerbitzu berezietan eta eszedentzia berezian dauden Nafarroako Toki Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako lan-kontratudun finkoek, lanpostu finkora sartu direnek Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak ezarritako prozeduraren bidez, aukera izanen dute Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan integratzeko, baldin eta hala erabakitzen badute toki entitateetako gobernu-organo eskudunek, erabaki bat hartuz, foru lege honek indarra hartzen duenetik bi hilabeteko epean, beren langileen integrazio-prozesua hastearen alde.

4. artikulua.

1. Aurreko artikuluak aipatzen duen aukera hori ez dute izanen aldizkako lanpostuak edo lanaldi partzialekoak betetzen dituzten lan-kontratudun finkoek.

Orobat halako aukerarik gabekoak izanen dira finkoa ez den lanpostu bat eskuratu ondoren finko bihurtu diren langileak, funtzio publikoan sartzeko legalki ezarritako prozeduraren bidez.

5. artikulua.

1. Integrazio-eskabidea toki entitatearen buruari zuzendu beharko zaio, toki entitatearen erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

2. Eskabideari erantsiko zaio mailari dagokion titulazioa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 12. eta 15. artikuluetan xedatuari jarraituz.

6. artikulua.

1. Toki entitateko idazkariak, interesdunen espediente pertsonalak eta haiek eskabideetan eta aurkezturiko titulazioan adierazitako datuak aztertu ondoren, legezkotasun-txostena emanen du, eta ebazteko eskudun den organoari igorriko dio dokumentazioa, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hasita hogei eguneko epean.

2. Toki entitateko organo eskudunak, dokumentazioa eta idazkariaren txostena ikusirik, integrazioari buruz egoki den ebazpena emanen du, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko baita.

7. artikulua.

1. Funtzionario izaera eskuratzen duten langileek ordura arte aplikatu zaien gizarte aurreikuspen eta segurantzako sistema izaten segituko dute, eta ordura arte betetzen zuten lanpostuari atxikita jarraituko dute.

2. Langile horiei aplikatuko zaizkien ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta hori garatzen duten arauetan funtzionarioentzat ezartzen direnak.

8. artikulua.

1. Interesdunei zuzendutako aginduzko jakinarazpen indibidualizatua ezertan galarazi gabe, argitaratzen den integrazio-ebazpenak eranskin batean jaso beharko du integratzen diren langileen zerrenda, horrekin batera zehaztuta haiek betetzen duten lanpostua, haien maila, aitortuta duten antzinatasuna eta dagokien funtzionario-gradua; horrez gain jaso beharko ditu, kasua bada, integrazioa ukatzen zaien langileen zerrenda eta ukoaren zergatia.

2. Halaber zehaztuko da integrazioa bera zein egunetan gauzatutzat jotzen den. Justifikaturiko kausaren bat tarteko denean izan ezik, langile guztientzat berbera izanen da egun hori, eta 2013ko uztailaren 1a baino lehenagokoa.

3. Eskabidea erregelamenduzko epeen barruan aurkeztuta edukitzeaz gain integrazioa gertatzen den egunean kontratu-harremana etenik duten langileak integratutzat joko dira, ondorio guztietarako, beren lanpostuan jardutera itzultzen diren egunean.

9. artikulua.

Funtzionario-gradua esleitzeko, toki entitateek honako irizpide hauek aplikatuko dituzte:

1. 1983ko abenduaren 31n zazpi urte edo gehiagoko antzinatasun aitortua zeukaten langileei gradu bat erantsiko zaie data horretara arte emandako zazpi zerbitzu-urteko, 1. gradutik abiatuta.

2. 1983ko abenduaren 31ko gradu-antzinatasunetik abiatuta, eta hurrengo zenbakian adierazitakoa ezertan galarazi gabe, gradu berean 8 urteko iraunaldia kontatuko da hurrengo gradura igotzeko.

3. 1991ko abenduaren 31ko gradu-antzinatasunari dagokionez, 6 urte eta 7 hilabete igarotzearen ondoriozko igoera-sistema aplikatzen da.

10. artikulua.

Funtzionario-izaera eskuratzen ez duten lan-kontratudun finkoek jardunean ari diren lanpostu berari atxikita segituko dute.

Xedapen honetan ezartzen den prozeduraren bidez egiten den Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren aplikazioak ez du ezein kasutan ekarriko interesdunari maila altuagorik esleitzea lan-kontratudun finko gisa kasuko administrazioan sartzeko eskatu zitzaion titulazioa baino, salbu eta legez ezarritako prozeduretako baten bitartez mailaz igo denean.

Behar den titulazioa ez edukitzeagatik funtzionario-izaera eskuratu ezin duten lan-kontratudun finkoek izaera hori eskuratzea eskatu ahalko dute titulazio hori lortzen dutenean. Hautatzeko eskubideaz baliatzeko, titulazioa lortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epea izanen dute.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1308345