108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko 2013ko deialdia onesten duena.

2012ko abenduaren 26an, 2013. urterako luzaturiko IV. Enplegu Planean ezarririkoarekin bat, langileen lan osasuna hobetzea eta lan istripuak gutxitzea oinarrizko helburua da. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen egoera materiala hobetu behar da, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 2an harturiko erabakiaren bidez, baimena eman zen diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidean emateko. Orobat, Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an harturiko erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari 2013ko ekitaldiari egotzi beharreko gastu konpromiso hau hartzeko, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 9ko 2/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan eta urriaren 18ko 701/2012 Foru Aginduaren 1.d) atalean ezarririkoari jarraituz.

Adierazirikoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako 2013ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasoriko eskaerak kontuan harturik:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

201.450,00

190000-19100-7709-494100: Enplegu plana. Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak

2013

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 30ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ERANSKINA

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea eta bultzatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea, laneko baldintzetatik sortzen diren arriskuen aurrean babes-maila egokia lortze aldera.

2. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagun daitezkeen gastuak 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 14 bitarte egindako kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuraturikoak bazter utzita, eta haien beharra enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen plangintza prebentiboan jasotzen badira.

Zehazki, inbertsioetan egindako hurrengo gastuei emanen zaie diru-laguntza:

a) Enpresan 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik abian dauden laneko ekipoak edo makinak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusiriko xedapenetara egokitzea. Errege dekretu horretan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) Enpresan 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik abian dauden makinak makina baliokideekin ordeztea, EBren markatuarekin, baldin eta zailtasun tekniko bereziengatik ezin badira 1215/1997 Errege Dekretura egokitu edo egokitzapenak makina berriaren prezioaren %40a gainditzen badu. Aukera horrek makina nahitaez kentzea ekarriko du.

c) 1215/1997 Errege Dekretura fisikoki egokitu ezin diren laneko ekipoak UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin ordeztea (UNE-EN 1263 araua segurtasun sareentzat; UNE-EN 12810 eta UNE-EN 12811 arauak aldamio modularrentzat; UNE-EN 60439-4 araua obra-multzoentzat, etab.). Aukera horren ondorioz, enpresan normalizatu gabe zegoen ekipo osoa kenduko da. Diru-laguntza, gehienez ere, enpresak ekipo horrekin zuen kopuruari mugatuko zaio.

d) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira.

e) Pertsonentzako igogailuak eskuratzea, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean aipaturikoak badira.

f) Lanpostuak egokitzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako.

2. Laguntza izan dezaketen inbertsiotzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

3. Laguntza izan dezakeen gastuaren %15ekoa emanen da, BEZa kanpo, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 13.500 eurotik gorakoa izanen.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Onuradun izateko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2. oinarrian aipatu inbertsioak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 100 langiletik behera izatea. Horretarako, urteko lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua.

Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Zehapen irmorik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan hutsegite oso larri bat edo bi hutsegite larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak betetzea.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskaeran interesdunak baimena emanen dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizuneko aitorpena eginen du eskatzaileak eskabide orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitaratze-dataren pareko hileko egunean bukatuko da.

2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, oinarri honetako hirugarren atalean ezarririko agiriekin batera. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala izan beharko da.

Hala ere, aurreko atalean aipaturiko agiriak bertaratuz edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren moduetako baten bidez aurkezten ahalko dira, aurkezpen telematikoa zailtzen edo bereziki nekeza bihurtzen duten egoerak izaten direnean.

Sinadura elektronikoaren titularra eskabidean emandako datuen egiazkotasunaren erantzulea izanen da, bai eta eskabideari loturiko agiri elektronikoen benetakotasunarena ere.

3. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneaturik, bereizita eta behar bezala identifikaturik izen batekin (ad: “Eskabidea”, “Memoria”, “Aurrekontuak”, eta abar):

a) Inbertsio-proiektua justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira aurreko egoera eta nolako aldaketak egin diren edo egin nahi diren. Ekipoen argazkiak, aldamioen krokisak, ekipoen edo ezaugarri teknikoen azalpen-liburuxkak sartu behar dira, edo inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio.

Memoriak hurrengo informazioa jaso beharko du:

–Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamena.

–Makinak edo ekipoak EBren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana.

–Aldamio modularren kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, aldamioak UNE-EN 12811-1 arauko 4., 5. edo 6. motetako baldintza teknikoak betetzen dituela frogatzeko. Aurrekontuak edo fakturak osagai bakoitzaren marka, modeloa eta mota zehaztuko ditu. Kasu horretan, eskabidearekin batean, zenbat aldamio normalizatu gabe dituen deklaratu beharko du enpresak, eta zehaztu zer prozeduraren bidez deuseztatuko dituen inbertsioa egin ondotik.

–Ekipoak 1215/1997 Errege Dekretura egokitzeko egiten bada eskabidea, ekipoa arau horretara egokitzeko azterlana ere aurkeztu behar da.

b) Proiektuaren kostuaren aurrekontua edo proformako faktura xehea. Aurrekontuko kontu-sailetan, eskuratu beharreko objektua identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da, baldin eta objektu horrek UNE araua edo EBren markatua bete behar badu.

Diruz lagun daitekeen jardueraren gastuak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea efizientzia eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautaturikoa aukeratzeko arrazoiak emanez.

c) Arriskuen ebaluazioan, diruz lagunduko den ekintza zuzentzailea proposatzen den zatiaren kopia, eta enpresaren prebentzioko jardueraren urteko plangintzaren kopia osoa.

d) Estalki hauskorrak ordeztu behar badira, honako hau ere aurkeztu beharko da:

–Obraren plano edo krokisak.

–Ziurtagiri teknikoa, estalki berriak azalera osoan Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoko SE-AE oinarrizko dokumentuan eskatzen diren betekizun mekanikoak betetzen dituela ziurtatzen duena, argizuloak barne (halakorik badago), karga uniformean nahiz karga kontzentratuan.

–Estalkietara iristerakoan eta muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egiterakoan goitik behera ez erortzeko prebentzio eta babes neurrien plangintza zehatza.

–Aldatu beharreko estalkia fibroporlanezkoa bada, amiantoa manipulatu behar duten enpresak identifikatuko dira, amianto arriskua duten enpresen erregistroan (RERA) duten zenbakia barne, edo bertan izena emanik daudela frogatzen duen agiriaren fotokopia. Diru-laguntza kobratzeko, beharrezkoa izanen da aurretik amiantoa kentzeko lanaren plan espezifikoa onestea, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan arauturikoa.

e) 2. oinarrian aipaturiko makinak eta ekipoak ordezten direnean, haiek suntsitzeko erabili den prozedura deskribatuko da eskabidean, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den edo hondakin ez arriskugarriak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzailea duenak, eginen duen. Diru-laguntza kobratzeko, enpresak modu sinesgarrian frogatu beharko du suntsipena.

f) Lanpostuetan egokitzapen ergonomikoak egin behar badira, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Lanpostuaren azterketa ergonomikoa, gutxienez atal hauek dituena.

–Inbertsioa zer lanetan egin edo eginen den, horren azalpen xehea.

–Gihar-hezurretako arriskuaren ebaluazioa, berariazko metodologia onartua aplikatuz (Niosh, I.N.S.H.T.ren gida, Rula, Owas, IBV etab.). Ebaluazio horretan agertuko da noiz egin den eta zein teknikari eskudunek egin duen.

–Arrisku hori kontrolatzeko aplikatu beharreko neurri tekniko berariazko eta zehatzak.

–Gihar-hezurretako arazoei aurrea hartzeko enpresak ezarrita daukan plan integrala, besteak beste sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak biltzen dituena. Plan horretarako ezin da diru-laguntzarik jaso.

g) Makinak edo laneko ekipoak finantza errentamenduz edo leasing kontratuaren bidez eskuratu badira, eragiketa guztiaren BEZa aldez aurretik ordaindu dela frogatu beharko da, eta kontratua aurkeztu, haren bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa erakusten duena.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

Diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da.

Beraz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalak, aldez aurretik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena duela, eskabideak ebaluatuko ditu eta ebazteko proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita onuradunek diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskabidea aurkezten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek 2013ko abenduaren 14a bitarte, egun hori barne, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 4. oinarrian adieraziriko moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipaturik.

b) Egindako gastuaren eta ordainketaren frogagiriak.

c) Aldamio modularrak ordeztu diren kasuan, aldamioa suntsitu izanaren ziurtagiria erantsi beharko da, baita haien suntsipen partziala erakusten duten argazkiak ere.

2. Frogagiriak azterturik, instrukzio organoak ordainketarako ebazpenaren proposamena igorriko dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak 2013ko abenduaren 14a bitarte egitea, hau da, inbertsioa egiteko eta egindako gastu eta ordainketen frogagiriak aurkezteko azken eguna bitarte.

b) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

c) Behar izatera, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egin zaiola eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko baldintza orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarririko eginbeharrak osorik bete ezik, onarturiko diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria. De mínimis laguntzak.

Diru-laguntza hau “de minimis” laguntza da, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman zuen EE 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako “de minimis” laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.

Ondorio horietarako, enpresak beharturik daude araubide horri jarraikiz aurreko hiru zergaldietan harturiko diru-laguntzak adieraztera, eskabidea aurkezten dutenean. “De minimis” laguntzen baturak, diru-laguntza hau barne, gehieneko muga gainditzen badu, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga hori ez gainditzeko.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak, deialdi honen xedekoak, bateraezinak dira Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak industria inbertsiorako ematen dituen laguntzekin; laguntza horiek aukeran eska ditzakete enpresek.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehazturik: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1308061