1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 29an hartua, Tuterako Montes del Cierzo industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa onesten duena. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentua da sustatzailea.
Nafarroako Gobernuak, 2012ko abenduaren 19an egin bilkuran, erabaki zuen Tuterako Montes del Cierzo industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa espedienteari hasiera ematea, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak sustatua. Hura jendaurrean eta entzuteko tramitean egon zen hilabete batean udaletxean, planak haren udal mugapea ukitzen baitu. Erabaki hori 2013ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 9an.
Tuterako Montes del Cierzo industrialdea ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala Nafarroako Gobernuak 1991ko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (1991ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 13koa).
Aldaketak helburu du UPSa egokitzea eskualdeko errealitatera, oinarri egoki bat osatuz planeamendua gauzatzeko, Tuterako Udalari dagozkion lagapenak egiaztatu eta ondoren erregistratzeko bide ematen duen zatiketa proiektu bat prestatu dadin. Helburu horiek ondoko puntu hauetan gorpuztu dira:
1. Eremuko aldaketa: UPSaren eremua egokitu gogo da errealitatera, mendebaldeko eta iparraldeko mugak aldatuz, A-68 Ebroko Autobidea gauzatzeak ekarri zuen okupazioaren arabera eta nekazaritzako jardueren arabera (goi presioko ureztapena eta hari dagokion lurzati berrantolamendua). Horren ondoriozko eremu berriaren azalera 1.319.380 m²-koa da, 16.000 m² inguru gutxiago egun indarra duen UPSko 1.358.253 m²-ren aldean.
2. Jatorrizko antolamenduko aldaketa:
–Erregulazio eta neurketarako estazio batek okupatutako lurra gas azpiegiturarako lurzati bat bezala sailkatzen da.
–“Guardian Industries Navarra, SL” enpresaren industria lurzatia handitu egiten da, enpresa horrek dagoeneko okupatutako lurrak sartuz.
–Erabilera zibiko-sozialeko lurzatiak 3 izatetik 2 izatera pasatzen dira, 29.986 m²-ko jatorrizko azalari eutsiz.
–Bideen osaketa berria proposatzen da, aparkatzeko tokiak mantentze-lanik gabeko berdeguneekin ordeztuz.
Espedientea jendaurrean egon den bitartean ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.
Sustatzaileak, martxoaren 22an, agiri bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuaren 2012ko abenduaren 19ko Erabakian bildutako zehaztapenei erantzuteko; orobat, proposatu du UPSan sartzea gasaren azpiegitura batek okupatutako lurzoruak azpiegiturarako lurzati gisa, hari sarbiderik eman gabe.
Irizten da azpiegiturarako lurzatirako sarbide bat planteatu behar dela, berdegunea zeharkatzen duena eta UPSan CS 1 eta B deitzen diren lurzatien artean joaten dena. Bide horrek ahalbidetuko du CS 1 zuzkidura lurzatian sartzea ekialdetik.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2013ko apirilaren 30eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Tuterako Montes del Cierzo industrialdearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onestea. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentua da sustatzailea.
2. Sustatzailea premiatzea testu bategin bat prestatzera, SI-1 eta SI-2 lurzatiei sarbide bat emateko, CS 1 eta B lurzatien eta berdegunearen artean joanen dena.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta sustatzaileari igortzea eta Tuterako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1307987