108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Aldaketa, Etxebizitzaren eta urbanizazioaren
hirigintzako ordenantzan. Behin betiko onespena

2013ko martxoaren 15eko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, aldaketa hasiera batean onetsi zen Etxebizitzaren eta urbanizazioaren hirigintzako ordenantzan. Iragarkia Udalbatzaren iragarki oholean argitaratu zen eta, apirilaren 5ean, 2013ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta horren ondoan espedientea jendaurrean eduki da hogeita hamar egunean. Inork erreklamaziorik, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsi da ondotik ematen den testuari jarraikiz:

“ALDAKETA ETXEBIZITZAREN ETA
URBANIZAZIOAREN ORDENANTZAN

ZIOEN AZALPENA

Konstituzioaren 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoei dagokiela oztopoak kentzea gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute.

Berriz, 49. artikuluak ezartzen du botere publikoen politika sozial eta ekonomikoa zuzenduko duten printzipioetako bat desgaitasunak dituzten pertsonen integraziorako politika gauzatzea dela, pertsona horiek bereziki babestuz, I. tituluak herritar guztiei ematen dizkien eskubideez balia daitezen.

Konstituzioaren aurreikuspen hauek Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legearen bidez garatu ziren Foru Komunitatean. Haren zioen azalpenean aitortzen da irisgarritasun unibertsala nahitaezko baldintza dela gizartea osatzen duten pertsona guztiek aukera-berdintasunean beren eskubideak erabili ahal izateko, eta haien giza duintasunaren nahiz beren nortasunaren garapen aske eta osoa erdiesteko.

Oztopo fisiko eta zentzumenezkoak ezabatzeari buruzko udal araudia bildurik dago Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko Eraikuntzaren eta etxebizitzaren gaineko ordenantzan. Hura otsailaren 3ko 71/2000 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, eta urte bereko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ean. Araudi hori, ordea, gainditu du desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsalaren bidez aukera berdintasuna eta bazterkeria eza babesteko geroago hurrenez hurren indarra hartzen joan izan den hirigintzako araudiak.

Irisgarritasun unibertsalari buruzko foru araudi hau Eraikuntza eta etxebizitza arautzen duen ordenantzara biltzeko, beharrezkoa da bereiztea eraikuntza berria, batetik, eta jadanik diren higiezinen gaineko jarduerak, bertzetik, izan ere, erabat justifikaturik badago ere etxebizitza berrian eskakizun maila handia izatea, eskaini behar duten prestazioen kalitatearen onerako, ez da gauza bera gertatzen irizpide berak aplikatu behar direnean hagitz kasu desberdinetan, hala nola jadanik eraikirik dauden eraikinetan, haien diseinuak ez baitu aise onartzen zerbitzu, instalazio edo elementu berriak eranstea, haietarako sortu ez direlarik.

Horrenbertzez, eta jadanik eraikirik dauden eraikinetan oztopo arkitektonikoak kendu ahal izateko, horrela behar dutenetan, hala arlo honetan indarra duen legeriak nahi duelakoz nola, aukera berdintasunerako eskubidea erabiliz, irisgarritasun unibertsala ahalbidetzeko, aldaketa egin da Udal Planeko Eraikuntza eta urbanizazioa arautzen dituen ordenantzan.

ERAIKUNTZAREN ETA URBANIZAZIOAREN GAINEKO ORDENANTZAN ALDAKETA EGITEKO PROIEKTUA

Eraikinetako irisgarritasun unibertsalari dagokionez desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna bermatu beharrez, ondoko aldaketak proposatu dira Eraikuntzaren eta urbanizazioaren gaineko ordenantzan.

1.–Paragrafo bat gehitu zaio 5. artikuluari (Definizioak).

Igogailu dorrea, atxikirik.

Atxikirik paratzearen ondorioetarako, hona zein den igogailu dorrearen definizioa. Lehendik dagoen eraikin baten fatxadari atxikitako eraikuntza, zeinean sartzen ahal baitira, makineriak behar duen tokiaz eta igogailuaren kabina goiti eta beheiti mugitzen deneko esparru edo espazio bertikalaz landa, igogailuan sartzeko eta handik ateratzeko plataformak, bai eta plataforma horien, eraikineko komunikazio gune bertikalaren eta kanpoaldearen arteko komunikazio gune osagarriak ere, horiek ezinbertzekoak baldin badira.

2.–Paragrafo berria gehitu zaio 7. artikuluari (Garaieraren gaineko eraikuntzak).

Igogailuen kasetoiak araudi honen 12. bis artikuluan xedatuari jarraituko zaizkio.

3.–2. atalean (Irisgarritasun baldintzak) artikulu berria gehitu da.

12. bis) artikulua.–Irisgarritasun unibertsala, aplikazio esparrua eta baldintzak.

1. Irisgarritasun unibertsala.

Jadanik eraikirik dauden eraikinetan oztopo arkitektonikoak kentzea ahalbidetzeko igogailu dorre atxikiak paratuz, horrela behar dutenetan, hala arlo honetan indarra duen legeriak nahi duelakoz nola, aukera berdintasunerako eskubidea erabiliz, irisgarritasun unibertsala ahalbidetzeko, onartuko da jadanik eraikirik dauden eraikinetan igogailu dorre atxikiak paratzea, betiere, eraikin katalogatuetarako, errespetatzen badira horiek babesteko planeamenduan ezarritako baldintzak, baita eraikitzeko segidan ezartzen diren baldintza partikularrak ere.

2. Aplikazio eremua.

Agindu hau aplikatuko da jadanik eraikirik dauden eraikinetan, igogailurik ez baldin badute eta hura paratu nahi badute oztopo arkitektonikoak kendu beharrez. Haren barrenean sartzen dira irisgarritasunaren hobekuntza, zentzu zabalean ulerturik, posible egiten duten kasuak, obrak igarogarritasun irizpideen azpiko prestazioetara ailegatzeko baizik balio ez badu ere.

Salbuespenez, gorago aipatu kasuetatik kanpora ere aplikatzen ahalko da, justifikatzen bada igogailua paratzeko premia ezin luzatuzkoa.

Haren aplikaziotik bazterturik geldituko dira eraikuntza berriko obrak, baita zaharberritzeko osokoak ere, HAPOko determinazioen menean baitaude, salbu eta, azken kasu horretan, jaso diren kasuen antzeko problematika puntualki aurkezten ahal dutelarik.

Orobat, haren aplikazio esparrutik bazterturik geldituko dira kasu hauetariko batean dauden higiezinak: «Antolamenduz kanpo» edo «Lehenagotik daudenak antolamendu xehakatua egin gabe duten eremu edo sektoreetan».

3. Lehentasuna hirigintzako parametroen aplikazioan.

Instalazioak gatazka sortzen duenetan babesa merezi duten ondasun juridikoen artean, sor litezkeen disfuntzioak zuzentzeko haietan gerizatzen diren interes bidezkoak modu orekatu eta neurrikoan integratzen dituzten konponbideak aztertuko dira, ostopo arkitektonikoak kentzeko irisgarritasun unibertsalerako beharrezkoak diren neurriak lehenetsiz, betiere parametro batzuen barnean, izan behar baitute aitzinetik erabakiak, objektiboak eta gutieneko baldintzak bermatuko dituztenak eraikinen erabilgarritasunaren eta bizigarritasunaren aldetik eta haietan bizi diren guztien segurtasunaren aldetik, izan ere baldintza horiek beti izanen dira, gehiago edo gutiago izan.

4. Hirigintzako parametroak.

Hirigintzako parametroak betetzeari dagokionez, kontsideratzen da lehenagotik dagoen eraikin batean igogailua paratzeak beharrezko instalazio bat gehitzea dakarrela eta, beraz, etxebizitzen funtzionaltasunerako funtsezko zerbitzua dela. Hartara, instalazio hau egiteko behar den azalerak ez du ekarriko azalera eraikigarria handitzea; horrek erran nahi du planeamenduak esleitutako gehieneko eraikigarritasuna agortu duten eraikinetan paratzen ahalko direla.

Ukiturik gerta litezkeen hirigintzako parametro desberdinak betetzeari dagokionez, ordenantza honek xedatzen duenari jarraituko zaio kasu bakoitzean.

5. Igogailu atxikiaren elementuak.

Igogailuaren instalaziotzat jotzen da, artikulu honen ondorioetarako, igogailuaren bolumenak eta horren funtzionamendu egokirako behar-beharrezkoak diren banaketa eta sarrera elementuek osatzen duten multzoa.

6. Garaieraren gainetik onartzen diren elementuak.

Eraikuntzaren gehieneko garaieraren gainetik onartzen diren eraikuntzak dira estalkiko isurialdeak eta eskailera-kutxetako erremateak; horiek ez dituzte inoiz ere gaindituko 30º baino malda handiagoko planoak, kanpoko ertzetan bermatuak. Hala ere, salbuespenetan eta Udaleko zerbitzu teknikoen irizpidea horixe bada, betebehar horri dagokionez salbuespena egiten ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada posible diren aukera guztien artean hura dela irisgarritasun maila handiena duena neurriz kanpoko gastu bat eragin gabe, izan ere eraikin bateko solairuak irisgarri bilakatzeko halako segurtasun neurri batzuk beharrezkoak dira, igogailuen paratzaileek ezarriak.

7. Aldez aurreko azterketa.

Igogailuak fatxadetara atxikirik paratzeko baimena emanen bada, lehenik bana-banako azterketa bat prestatu eta onetsi beharko du hirigintzako lizentziak ebazteko eskumena duen organoak; hartan, batetik, jorratuko da igogailu-kutxak, eskailerak edo biek forma nahiz eraikuntzaren aldetik izanen duten tratamendua atxikitzen zaizkion eraikinaren fatxadaren aldera, eta bertzetik erakutsi beharko da instalazioa bideragarria dela kontuan harturik nola eragiten den ingurune hurbilenak hirigintza aldetik dituen baldintzatzaileen gainean.

8. Aldez aurreko azterketaren edukia.

Eskabidea aurkeztuko da, eta harekin batera:

–Higiezinaren eta haren ingurunearen argazki erreportajea; instalazioa eraikuntzaren zer elementuren gainean proiektatuko den, horiexek agertuko dira bereziki, horietan barne direla eraikinaren sarbideak eta atarien barne aldeak, erabaki ahal izateko posible ote den eraikinaren osotasuna irisgarritasunera egokitzea.

–Igogailuaren ezaugarri teknikoak.

–Kokapenaren aldetik dauden aukera guztien deskripzioa; aldagai bakoitza garatu beharko da, Udalaren araudiaren nahiz araudi sektorialaren argitara, eta azkenean hautatzen den bidea justifikatu beharko da.

–Izan daitekeen aukera bakoitzaren aurrekontu zehaztua aurkeztu beharko da.

–Lehentasuna emanen zaio irisgarritasun maila handiagoa agertzen duen aukerari, neurriz kanpoko gastua ekarri ezean.

–Paratu beharreko neurri konpentsatzaileen zerrenda eta kokalekua.

–Higiezineko lokalen gaineko ukipenak eta haien gaineko eragina, azaleran nahiz sekzioan. Horien berri ematea ezinezkoa bada, eta horrela justifikatzen bada, horiek kokatzeko balio dezaketen datu identifikagarri guztiak aurkeztuko dira.

9. Aldez aurreko azterketaren ebazpena.

Udaleko teknikariek baldintza hauek betetzen direla baloratuko dute:

–Ezinezkoa izan beharko da eraikinaren barrenean indarra duten araudian eta legerian ezarritako parametroak betetzea, baita teknikoki egokiak diren neurri alternatiboak hartzea eraikinaren elementu komunetan.

Konponbide hau orobat onartzen ahalko da noiz eta, teknikoki posible diren alternatibak izanik ere, eraikinean diren etxebizitzetako aurreko bizigarritasun baldintzak ez betetzea edo horiek apaltzea dakartenean.

–Igogailu dorreak okupatu beharreko espazioak hondar izaera izan beharko du, hau da, haren okupazioak ez du nahasterik ekarri behar ez ibilbideetan ez ingurunean diren ekipamendu publikoetan, espazioa erabilera publikokoa bada, ezta ukipenik ere, espazioa libre pribatua bada.

–Hondar espazioaren luze-zabalak eta azalera egokiak izan beharko dira bolumenak plantan behar duen okupaziorako, eta ez die kalterik egin behar hartara jotzen duten etxebizitzen bizigarritasun baldintzei, ezta zaildu ere gero berrurbanizazioa.

–Proposatzen den ezarpena izan beharko da, posible diren guztien artean, etxebizitza guztietara irisgarritasun maila ekartzen duena. Salbuespen gisa, beharkizun hau kendu ahalko zaie behe solairuko etxebizitzei bizitegi kolektiboko eraikinetan.

–Igogailu dorreak bermatu beharko du oztopo arkitektonikorik gabe etxebizitzetan sartu ahal izatea eta hobekuntza nabarmena ekarri beharko du eraikinaren baldintzetan.

–Ez da ezkutuan geldi daitekeen azpiegitura edo zerbitzurik izanen dorreak okupatu beharreko eremuan, ez oinplanoan ez haren inguruan. Halakorik bada, instalazioaren onuradunak behartuta daude, bertze toki egokiago batera beren kontura eramatera, ezarpenerako aurreikusitako eremutik kanpo.

–Eraikina multzo unitario baten atal baldin bada, eta proiektuaren batasuna zaintzeko, abiatzen den lehen instalazioaren kontura egiten den aldez aurreko azterketan definitzen den eredua zabaldu beharko da etorkizunean multzo berean eskatzen diren gainerako instalazioetara.

–Udalak atzera botatzen ahalko ditu, kalitate faltagatik, paratu nahi diren eraikinari balioa galarazten dioten diseinuak.

–Orobat, bertzelako proposamenak atzera botatzen ahalko ditu, uste badu igogailua paratzeak kalte egiten diela bere inguruneko eraikinei.

–Epeei eta isilbidearen zentzuari dagokienez, hirigintzako kontsultaren ebazpena lotuko zaio Nafarroako legeriak hirigintzako lizentzietarako xedatzen duenari. Aitzineko baldintzetariko bat ez betetzeak ekarriko du igogailu dorrea ezartzeko behar den xehetasun azterlana edo plan berezia tramitatu ezin izatea.

10. Xehetasun azterlana.

Hirigintzako lizentzia erdietsi aitzin, hala behar badu, berezko duen xedean funtsezko aldaketak izateagatik, xehetasun azterlana tramitatu eta onetsi beharko da, baldin berriak jasoko dituena bolumenaz, eraikinaren konposizioaz eta proiektatutako instalazioak ukitutako barne lerrokaduren zuzenketaz den bezainbatean.

Udalak begiratuko du xehetasun azterlana aldez aurreko kontsultan ezarritako determinazioekin bat heldu ote den.

11. Obra lizentziak.

Honako hauek aurkeztu beharko dira igogailuak eraikinetan paratzeko hirigintzako lizentziak eskatzeko eskabideekin batean:

–Obra gauzatzeko proiektu teknikoa, teknikari eskudun batek sinatua eta dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiektu horiekin batean, berezko duen edukiaz gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Kokapenaren aldetik dauden aukera guztien deskripzioa; aldagai bakoitza garatu beharko da, Udalaren araudiaren nahiz araudi sektorialaren argitara, eta azkenean hautatzen den bidea justifikatu beharko da.

b) Paratu beharreko neurri konpentsatzaileen zerrenda eta kokalekua.

c) Higiezineko lokalen gaineko ukipenak eta haien gaineko eragina, azaleran nahiz sekzioan.

d) Obrak egiten diren bitartean hartu beharreko badaezpadako neurriak, higiezinaren erabiltzaileen joan-etorriak segurtasun berme guztiekin bermatzeko. Partikularki, igogailua paratzeak baldin badakar eskailera bere osotasunean edo haren tarteak berregitea, hura egin bitartean eraikina jendez hustea hautatu ezik, obrak gauzatzeko azterketa gehituko da, behar bezala justifikatua, gisa honetako obra baten eta eskaileraren erabileraren arteko bateragarritasuna bermatuko duena.

e) Igogailuak kokaleku egokietan paratuko dira eta behar bezala isolatuko, hurbileko lokal eta giroetara hedatuko den asotsaren maila aplikatzeko araudi sektorialean ezarritako muga onargarriak eta bereziki Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2007 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24.3 artikuluan ezarritako mugako balioak gaindituko ez direla bermatzeko. Enpresa homologatu baten ziurtagiria beharko da baldintza akustiko horiek betetzen direla frogatzeko.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak izan ditzan.

Obanosen, 2013ko maiatzaren 17an.–Alkate udalburua, Jesús María Puy Lanas.

Iragarkiaren kodea: L1307305