2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GESALATZ
Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen
ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena
Gesalazko Udalak, 2013ko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako eta eraikitzeko lizentziak emateko tasak arautzen dituen ordenantzan, 7, 8, 9 eta 10. artikuluak kendurik.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita (2013ko martxoaren 27an argitaratua, 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe.
Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN
TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
1.–Eraikitzea eta lurzorua eta zorupea erabiltzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan aipatzen diren egintzak baitira.
2.–Udal Planeko aldaketa puntualak tramitatzea.
3.–Garapenerako planeamendua tramitatzea, baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean hirigintza kudeatzeko aipatzen diren gainerako bitartekoak ere.
4.–Alderdi batek eskaturik abiarazitako hondamen espedienteak.
5.–Jarduteko eta irekitzeko lizentziak tramitatzea.
6.–Hirigintza argibide eskaerak.
7.–Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein izapide, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak babestua baldin bada.
Ordaindu beharra
4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute tasa, zergadun gisa, baita nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomikoa edo ondare berezia diren entitateek.
Etxegileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira.
Tarifak eta karga-tasa
6. artikulua. Gastu guztiak batuta aterako da tributu-kuota, hau da, Udalak kontrataturiko teknikariek egindako hirigintzako txostenen kostu erreala, erabakien legezko argitalpenen kostua, Lurzoruari buruzko 10/1994 Foru Legearen arabera, eta sorrarazten diren gainerakoak.
Alkatetzak eginen ditu tasen likidazioak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa.
Kudeaketa
11. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak eta Eraikuntzaren udal ordenantzak (1999ko abuztuaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) aipatzen dituzten edukia eta determinazioak.
12. artikulua. Eskarien txostena egin ondotik tasaren behin-behineko likidazioa eginen da.
Udalak jakindakoan zein diren berak kontratatzen dituen teknikariek luzatzen dituzten hirigintzako txostenen kostua eta dagokien administrazio espedientearen barrenean egiten diren argitalpenen kostua, orduan eginen da tasaren behin betiko likidazioa.
13. artikulua. Tasari dagokion likidazioa onetsitakoan, interesatuari jakinaraziko zaio, eta horrek, ordaintzeko, hogeita hamar egun baliodun izanen ditu jakinarazten zaionetik.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Ordenantzak indarra hartzen duenetik eskatuko zaizkie, hirigintzako tramitazioak abiarazten dituzten subjektuei, ordenantza honek arautzen dituen tasak.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Gesalatzen, 2013ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Mariví Goñi Azanza.
Iragarkiaren kodea: L1307343