108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARDE

Gardeko Udal Planaren egiturazko aldaketa. UE-1 exekuzio unitate jarraigabearen mugapena

Behin betiko onetsirik dago Gardeko Udal Planaren egiturazko aldaketa (UE-1 exekuzio unitate jarraigabearen mugapena), Gardeko Udalak sustatua, zeina Sustapeneko kontseilariak apirilaren 26an emandako 64/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen (agindu horren bidez, Gardeko Udal Plana 1. poligonoko 240. lurzatian (UE-1.a.b) aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua, behin betiko onetsi zen). Hori horrela, argitara ematen da dagokion araudi edukia, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70. artikuluak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluak xedatzen dutenari jarraikiz.

Garden, 2013ko maiatzaren 21ean.–Alkatea, José Javier Echandi Sarriés.

GARDEKO UDAL PLANAREN EGITURAZKO ALDAKETA. UE-1 EXEKUZIO UNITATE JARRAIGABEAREN MUGAPENA

Kokapena: 1. poligonoko 240. lurzatia (UE-1a). 2. poligonoko 175. eta 246. lurzatiak (UE-1b) Garde (Nafarroa). Sustatzailea: Gardeko Udala.

1. Aldaketaren deskribapena.

Proiektu honek Gardeko Udal Planaren aldaketa jasotzen du, hiri lurzoruaren mugapena lurzoru urbanizaezin mugakidera hedatuz, exekuzio unitate berri bat sortzearen bidez.

–Esparruaren kokapena eta deskribapena.

Gardeko topografia eta Udalaren lur erabilgarriak azterturik, exekuzio unitate jarraigabe berri bat mugatu da, udal mugapearen mugari atxikia eta bi azpiunitatez osatua (U.E.1.a eta U.E.1.b.).

a) UE-1a.

Azpiunitate honek 1. poligonoko 240. lurzatiaren puska bat hartzen du (333,73 m²), eta Udalarena da.

Herrigunearen hego-ekialdeko mugaren ondoan dago, Ansó alderako irteeran, AA45 jarduketa asistematikoaren jarraian (423/1 hiri lurzatia) eta NA-176aren parean (zeharbide horrek mendebaldetik ekialdera gurutzatzen du herrigunea).

NA-176 errepideari dagokionez 2 m inguru gorago dagoen lurra da, baina ibilgailuendako sarbidea du bide publikotik, Iriburia auzoan barna, AA45 mugakidearen sarbidea; hortaz, beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu, urbanizatu ondoren hiri sarean erraz integratu ahal izateko.

AA45 jarduketa mugakidean dauden etxebizitzen antzeko eskema errepikatzeko behar besteko esparrua mugatu da, maldarik txikiena duen eta zuhaitzik gabea den lur eremua okupatuz; horren aurrealdea jada egina dagoen hormarekin bat dator. Esparruaren atzealdeko muga etzana da topografiari egokitzeko.

b) UE-1b.

Aurreikusitako etxebizitzei zerbitzu emateko, 35/2002 Foru Legearen 53.4 artikuluak eskatzen duen tokiko zuzkidura eskaerari erantzuteko eta jada baden aparkaleku erabilera bat finkatzeko, NA-176 errepidearen bestaldean dagoen esparru bat mugatu da.

Azpiunitate honek 247,52 m²-ko azalera du, eta 2. poligonoko 175. lurzatiaren (hiri lurzatia) eta 246.aren (landa lurzatia) puska bat hartzen du. Biak Udalarenak dira.

Zurezko hesiz mugatutako eremua da, topografia ia erabat horizontala du eta Udal Planak zehaztutako eremu libreen eta berdeguneen sistema orokorrari jarraipena ematen dio.

c) Zeharbidea.

Aldaketaren barnean sartzen da, halaber, UE-1a unitatearen aurrealderaino luzatzen den NA-176 eskualdeko errepidearen zatia, eta hiri zeharbidearen izaera jasotzen du.

–Antolamendua.

a) UE-1a.

Proposatu den barne antolamendua honako hau izanen da: AA45 jarduketa eremua gurutzatzen duen kalea luzatzea eta bizitegi eraikin bat paraleloki paratzea AA45ekoei jarraipena emanez, horiek dituzten neurrien eta tarteen antzekoak ezarriz.

Bizitegi eraikinak 15 × 7,8 neurriak izanen ditu, AA45 mugakidean jada eginak dauden eraikinen ereduari jarraikiz. Horrek berarekin dakar Planak AA45erako hasiera batean proposatutako bolumenaren (9 × 13 m) aurrealdea luzatzea; UE-1.a unitaterako behin-behinekoz onetsitako dokumentuak ere jasotzen zen.

Aldaketa hori geroago ere egin liteke; izan ere, aplikatu beharreko OP3 ordenantzaren Ap.4ak aukera ematen du lerrokadurak aldatzeko eraikin berrietarako, betiere okupazio azalera aldatu gabe lekualdatzeetan, 2 m-ko zabalera duen zerrenda perimetral batean.

Dena dela, jarduketa mugakidearen adibide praktikoak erakusten du neurri hauek egokiagoak direla, etorkizuneko bizitegi programa baten banaketa hobea ahalbidetzen dutelako eta, hondo gutxiago izanik, mendian gutxiago sartu behar delako, topografiari hobeki egokituz.

Aipatu dokumentuan aurreikusitako solairu kopurua eta garaiera ere doitu dira (4 solairu: BS + 2 + GS eta 8,5 m), honela finkatuz: 3 solairu gehienez eta 8 m-ko garaiera gehienez.

Gai hori berriz aztertu da, uste baita gehieneko 8,5 m-ko garaiera ez dela aski 4 solairu aprobetxagarri egiteko, eta gainera eraikin mugakideekin batasuna mantendu nahi delako (BS + S1 + GS).

Gehienez ere 4 etxebizitza egiteko baimena izanen da. Mugapen honek egiaztaturiko eskaerari erantzuten dio, eta kontuan hartzen da AA45eko esperientzia, orduan ere planaren aldaketa bat tramitatu baitzen etxebizitza kopurua handitzeko (4tik 6ra).

Etorkizunean aldaketak saihesteko gehieneko kopurua zehazten da, apartamentuen tipologiari loturik, nahiz eta etxebizitza atxikien edo baita familia bakarrekoen planteamendua egiterik izanen den.

Azpiunitaterako sarbidea 4 m zabal izanen da tarte osoan, eta AA45eko kalitate eta akabera berberekin eginen da.

b) UE-1b.

Aparkaleku eremu bat mugatu da gutxienez 4 ibilgailurendako (etxebizitza berri bakoitzeko 1); zuhaitzak izanen ditu eta antolamenduan txertatutako berdeguneak.

–Datuak.

a) UE-1a.

Esparruaren azalera, guztira: 333,73 m²

Bideetarako lagapenaren azalera: 84 m² (21 × 4).

Solairuan okupatzen ahal den azalera: 117m².

Lurzati libre pribatuaren azalera: 132,73.

Solairu kopurua: BS + S1 + GS.

Baimenduriko gehieneko garaiera: 8 m.

Eraikigarritasuna (gehienez): 117 × 3 = 351,00 m² eraiki.

b) UE-1b.

Esparruaren azalera, guztira: 247,52 m².

Eraikigarritasuna: 0 m² (eraikiezina).

2. Antolamenduaren determinazioak. 35/2002 Foru Legea betetzea.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak indarrik gabe uzten du lehengo 10/1994 Foru Lege osoa, Gardeko Udal Plana prestatu eta onestean indarra zuena. Indarra duen planeamenduak lehengo foru legeari jarraitzen dion arren, aldaketa hau 35/2002 Foru Legearen arabera egokitu eta homologatu da.

Dokumentu honek indarra duen Udal Planeko determinazioak aldatzen ditu, LAHFLaren 42. artikuluaren arabera egiturazkoetan eta xehakatuetan banatzen direnak. Horietako bakoitza aipatzen da jarraian.

2.1. Egiturazko determinazioak.

A.–Lurzoruaren sailkapena eta kategoria.

Lurraren sailkapena aldatu da, lurzoru urbanizaezinetik finkatu gabe dagoen eta antolamendu xehakatua duen hiri lurzorura pasatuz, 35/2002 Foru Legearen 92. artikuluko 1.c eta 2.b idatz-zatietan ezarritako determinazioekin bat.

B.–Lurzoruaren kalifikazioa eta erabilera.

Unitate jarraigabearen erabilera orokorra bizitegia da.

Hauek dira erabilera xehakatuak:

–UE-1a.: bizitegi erabilera proposatua, antolamendu berrikoa, eraikinik gabeko eremu pribatua eta komunikazioen sistema.

–UE-1b.: eremu libreen eta berdeguneen sistema.

C.–Gehieneko aprobetxamendua.

Udal Plan indardunaren arabera, gehieneko aprobetxamendua bat dator honela kalkulatutako gehieneko eraikigarritasunarekin: gehieneko okupazioa, dokumentazio grafikoan finkatutako lerrokaduren bidez zehaztua, bider baimendutako garaiera. Horren arabera, honako hau ateratzen da:

15 × 7,8 × 3 = 351,00 m² eraikigarri.

D.–Homogeneizazio koefizienteak.

Udal Plan indardunak ez du homogeneizazio koefizienterik ezartzen.

Parametro asimilagarriak zehazteko, Erronkariko eta udalerri hurbiletako etxebizitza libreen merkatuko balioetatik abiatzen da eta, horien arabera, homogeneizazio koefiziente hauek zehazten dira:

Bizitegi eraikina: 1,00 AU/m².

Lurzati libre pribatua: 0,35 AU/m²

E.–Batez besteko aprobetxamendua.

Aipatu diren homogeneizazio koefizienteak erabilera bakoitzeko azaleran aplikatuta ateratzen diren aprobetxamendu unitateak hauek dira:

117 × 3 × 1,00 = 351,00 AU.

132,73 × 0,35 = 46,45 AU.

Guztira: 397,45 AU.

35/2002 Foru Legearen 103. artikuluan aipatu irizpideei jarraituz kalkulaturiko batez besteko aprobetxamendua, aprobetxamendu eskubidea duten lurzatien azalera kontuan harturik, honako hau izanen da:

397,45/581,25 = 0,68 AU/m².

Udal mugapeko exekuzio unitate bakarra denez, unitateen artean ez dago %15etik gorako aprobetxamendu diferentziarik.

F.–Etxebizitza babestuen portzentajea.

Etxebizitza babestuak erreserbatzeari dagokionez, eta 35/2002 Foru Legearen 52.2 artikuluarekin bat (Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legea), Udalak, baldin eta egokiro frogatzen badu ez dela komeni aurreikuspen hori gauzatzea, lurraldearen antolamenduko departamentuaren baimena lor dezake etxebizitza babestuen gutxieneko estandarra murrizteko edo kentzeko.

Kasu zehatz horretan, Gardeko Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskaera bat aurkeztu dio etxebizitza babestuen nahitaezko ehunekoa ez aplikatzeko (ikus 4. eranskina), herrian etxebizitza babestuen eskaerarik ez dagoela eta.

Horrenbestez, aldaketa honek ez du inolako erreserba portzentajerik ezartzen, aurreikusi den bizitegi ahalmen berriaren handitzeari dagokionez, etxebizitza babestuak eraikitzeko.

2.2. Determinazio xehakatuak.

35/2002 LAHFLren 49.3 artikuluaren arabera, determinazio xehakatutzat jotzen dira zuzkidura eta zerbitzu eremuetarako erreserbak.

Eremu horien gutxieneko erreserbak 35/2002 LAHFLren 53. artikuluan zehaztuta daude (lege hori aldatu zuen Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeari buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legeak). Hona hemen, beraz, gutxieneko zuzkidurak:

A.–Eremu libre publikoen sistema orokorra. (53.a art.).

Azalera bateratu erabilgarria 5 m² biztanleko edo bizitegi erabilerako 100 m² eraiki bakoitzeko 15 m². Betebehar horretatik kanpo gera daitezke 500 biztanletik beherako biziguneak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren irizpideari jarraikiz.

Kasu zehatz honetan, aldaketaren ondorioz azalera eraikia handitzeak dakarren sistema orokorra 52,65 m²-koa da.

15 m² × 351,00 m²c / 100m²c= 52,65 m².

Dena dela, ikusirik Garden jende gutxi bizi dela, nahitaezko sistema orokorrerako azalera erreserbatzeak ez duela nahikoa funts eta, gainera, ibai-ibilguaren eta errepidearen artean Udal Planak behar baino askoz handiagoa den parke eremu bat proposatzen duela, zeina handitu egin baita planean jaso gabe, bidezkotzat jotzen da, kasu zehatz honetan, betebehar hau betetzetik kanpo uztea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

B.–Tokiko zuzkidura publikoak (53.b art.).

50 m²-tik beherakoa ez den azalera bizitegi erabilerako 115 m² eraikiko sail bakoitzeko. Erreserba hori berdeguneetarako eta eremu libreetarako izanen da berariaz, eta haren azalera ez da inola ere 20 m²-tik beherakoa izanen 100 m² eraikiko sail bakoitzeko, ezta sektorearen azalera osoaren %10 baino txikiagoa, azalera horretan kontatu gabe hartan sartutako sistema orokorrak.

Lagapen hauek murrizten ahal dira, arrazoiak emanez gero, 500 biztanle baino gutxiagoko biziguneetan.

Proposatutako aldaketaren kasuan, gutxieneko erreserba 152,60 m²-koa izanen da zuzkidura publikoetarako, eta horietatik 70,20 m² gutxienez erabili beharko lirateke berdeguneetarako.

Zuzkidura publikoak (guztira): 50m² × 351,00 m²c /115 m²c= 152,60 m².

Berdegunea eta eremu libreak: 581,25 m²-ren %10 = 58,12 m².

20 m² × 351,00 m²c /100 m²c = 70,20 m².

Behin-behinekoz onesteko aurkeztu den testuan, 165,55 m² berdegunerako eta eremu libreetarako ziren, hau da, tokiko beharrezko erreserbaren %100 baino gehiago. Hala ere, 85/95 Foru Dekretuaren 24. artikuluaren arabera, erreserba hori, bere kopuruagatik, ezin izanen litzateke konputatu jabari eta erabilera publikoko eremu libre gisa.

Bestalde, arestian aipatu moduan, ibai-ibilguaren eta errepidearen artean Udal Planak behar baino askoz handiagoa den parke eremu bat proposatzen du, zeina handitu egin baita planean jaso gabe.

Garden 500 biztanle baino gutxiago daudenez (172 bizt.), nahikoak diren eta erabilgarri dauden berdeguneak eta eremu libreak badirenez herrigunearen inguru guztian eta hiri lurzoruaren barnean (berdeguneko sistema orokorra ibaiaren ondoan), eta udalerriarentzat erabilgarriagoa denez aparkalekua egitea, bidezkotzat jotzen da lagapenaren murrizketa eskatzea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Proposatzen da, beraz, berdegunetarako erreserbatutako 165,55 m²-ko azalera batzea erabilera publikoko aparkaleku eremuari, hurrengo atalean zehaztuta dagoen moduan.

C.–Aparkalekuak (53.c art.).

Bi plaza jarriko dira sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren 100 m²-ko, garajeetarako tokia kenduta; erabilera publikoko eremuetan gutxienez 0,7 plaza jarriko da etxebizitza bakoitzeko eta plaza bat merkataritzako edo hirugarren sektoreko erabileretako 100 m²-ko.

Kasu honetan, 7 plaza ateratzen dira, eta horietatik 3, gutxienez, eremu publikoan egonen dira.

351,00 m²* etxebizitza × 2 /100 m² = 7,02 (7) garaje plazak guztira.

0,7 × 4 etxebizitzak** = 2,8 (3) plaza eremu publikoan.

(*) Ez baitakigu zein den garaje gisa erabiltzeko eremuaren azalera zehatza, daturik kontrakoena hartzen da, azalera guztia etxebitzarena bezala kontabilizatuz.

(**) Aurreikusitako etxebizitza tipologia ikusirik, ez da kontuan hartzen 100m²-ko plaza 1 erreserbatzea merkataritza erabileretarako. Dena den, plaza 1 kontuan hartuta ere, ederki betetzen da eskatutako gutxieneko erreserba.

Behin-behineko onespenerako dokumentuan 3 plaza gaitu ziren UE-1b azpiunitatean, 81,92 m² azalera hartuz.

Orain aurkeztutako planoetan aurreikusten den antolamenduan, 7 plaza bitarte grafiatu dira U.E.1.b. azpiunitatean, osorik aparkalekurako den horretan. Azpiunitate horren azalera (247,52 m²) ateratzen da aparkalekurako gutxieneko erreserba gehi aurreko puntuan berdeguneetarako zehaztutako lagapena batuta.

Plaza horiek ederki erantzuten diote etxebizitza kopurua handitzeak sortutako eskaerari, eta bertan kokatzen ahal dira unitatean eskatzen diren plaza guztiak eta, gainera, hurbileko eremuetan (adibidez AA-45ean) sor daitezkeen aparkaleku beharrei ere erantzuten ahal zaie.

3. Azterketa ekonomiko-finantzarioa.

Urbanizazio obrek 24.000 euroko kostua (kontrataren aurrekontua BEZik gabe) izanen dute gutxi gorabehera, kapitulu hauetan banatuta:

–Hormak: 8.719,96 euro.

–Zoladura: 10.085,13 euro.

–Instalazioak: 2.866,07 euro.

–Aparkalekuko urbanizazioa: 2.200,00 euro.

–Obra gauzatzeko aurrekontua, guztira: 23.871,16 euro.

Obra horietan sartzen da UE-1a eta UE-1b unitateetako eremu publikoen urbanizazioa. Barne dira UE-1a unitatean dagoen hormaren berrezarpena, barne bideko urbanizazioa eta azpiegiturak AA45 mugakideko bidearen kalitate eta materialei jarraipena emanez eta aparkaleku eremuaren (UE-1b) urbanizazioa.

Urbanizatu beharreko eremua birzatiketa proiektuan lagako da, eta unitatearen hirigintza fitxan zehaztutako kalitate eta irizpideen arabera eta Udalak eta Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen dituzten irizpideen arabera urbanizatuko da.

Udalak idazkia aurkeztu du, urbanizazio kostuek Gardeko Toki Ogasunean izanen duten eragina azaltzeko, 35/2002 Foru Legearen 60.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. (Ikus 5. eranskina).

4. Hirigintzako fitxa partikularra.

Identifikazioa:

U.E.-1 exekuzio unitate jarraigabea (U.E.1.a eta U.E.1.b. azpiunitateek osatua).

Ezaugarriak.

Hiri lurzoruan eraikin berriak dituen eremua, baita lurzoruaren lagapen txikiak ere aparkalekuetarako, bideak eta eremu publikoak handitzeko.

Sailkapena.

Hiri lurzoru finkatugabea. Gardeko Udal Plana aldatzeko proiektu honetan zehaztutako lurzoru guztiak jarduketa eremu bakar bat osatzen du.

Kalifikazioa.

Bizitegi erabilera proposatua, antolamendu berrikoa, eraikinik gabeko eremu pribatua eta komunikazioen sistema.

Eraikuntza multzoa.

G-3’.

Eraikuntzaren gaineko ordenantza partikularra.

OP3 (garaierei dagokienean izan ezik).

Eraikuntzaren tipologia.

Bizitegi kolektiboa, familia bikoa edo familia bakarrekoa.

Gehienez baimendutako etxebizitza kopurua.

4 etxebizitza.

Garaiera (gehienez).

8,0 m. BS + S1+ GS.

Hirigintzako jarduketa.

Konpentsazioa edo borondatezko birzatiketa.

Gauzatzea.

Birzatiketa proiektua, urbanizazio proiektua eta eraikuntza proiektua.

Arau partikularrak.

Exekuzio unitatearen kargura eginen dira UE-1a unitateko etxebizitzen zerbitzurako behar diren azpiegiturak, baita planoetan zehaztutako lagapena eta urbanizazioa ere. Aparkalekuetarako UE-1b azpiunitatearen egokitzapena ere unitatearen kargura izanen da.

UE-1a unitatearen urbanizazioa AA45 mugakideko kalitate, material eta akabera berberekin eginen da, horren barnean direla harlangaitzezko euste-horma berri bat eta galtzadarrizko zoladura. UE-1b unitatean aparkalekurako erreserbatutako eremua zabor-legarrezko zoladurarekin erregularizatuko da, bertako landarediarekin integratuta.

Obrak gauzatzeko proiektuak II. eranskineko B taulan hotsari buruz azaltzen den baldintza bete beharko du (Zaratari buruzko hots kalitatearen helburuak, etxebizitza eraikinen barnean bizitzeko modukoak diren eremuei aplikatzekoak). Egoteko eremuetako eta logeletako zaratak zehazten ditu. (Zaratari buruzko 1367/2007 Errege Dekretua, hots zonifikazioa, kalitate helburuak eta hots emisioak arautzen dituena).

Hirigintzako araudi partikularraren fitxa honetan bildu ez den edozein gairi dagokionez, Udal Planeko araudian ezarritakoa beteko da.

5. Udal Plana aldatzeko proiektu honetako determinazioen maila (egiturazkoak eta xehakatuak).

35/2002 Foru Legearen 49. artikuluan xedatutakoarekin bat, hirigintza antolamenduko egiturazko determinazioak izanen dira:

A.–Udal Plana aldatzeko proiektu honetan ezartzen den lurzoru sailkapena, hau da, hiri lurzoru finkatugabea.

B.–Aldaketa esparrua exekuzio unitate gisa eratzea.

C.–Proposatutako bizitegi erabilera orokorra, antolamendu berrikoa.

D.–Aldaketan ezarritako bide sistemaren eta bertan ezarritako berdeguneen eta zuzkiduren definizioa.

E.–Aldaketan aurreikusitako hirigintza aprobetxamendua, gehienekotzat jotzen dena.

F.–Babes publikoko araubideren bati lotutako etxebizitzen portzentajeak, kasu honetan bat ere ez.

Aurreko atalean espresuki ageri ez diren gainerako determinazioak hirigintza antolamenduko determinazio xehakatuak direla ulertzen da.

6. Txosten sektorialak.

6.1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Aldeko txostena egin da eta determinazio bat ezarri, hain zuzen ere hotsak ingurumenean duen eraginaren azterlana behar dela, eraikuntza lizentzia eman aurretik justifika dadin neurtu edo kalkulatutako immisio indizeek betetzen dituztela aplikatzekoak diren hots kalitatearen helburuak.

Kasu honetan, aldaketa handia ez denez, hots kalitatea eraikuntza proiektuetan bermatuko da, eraikuntza lizentzia eman aurretik, zaratari eta hotsari buruz indarra duen araudia betez; gainera, hots kutsaduraren prebentziorako egokiak diren neurri guztiak ere jasoko dira eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak.

Determinazio hau hirigintza fitxan agertzen da, araudi partikularraren atalean.

6.2. Ingurumenaren kalitatea.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenaren arabera, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 2/2005 Foru Legearekin bat, aurreikusitako jarduketa ez da funtsezko aldaketa eta ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatzea. Hala ere, txostenak eremu horretako uholde arriskuaren azterketa eskatzen du, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura bidaltzeko.

Aldaketan aurreikusitako jarduketaren parean Gardeko kanpina dago, ibaiaren bestaldean; han, berriki, taberna handitu da, egitekoak diren eraikinetarako aztertzen ari garen lurrak baino nahiko kota baxuagoan dauden lurretan.

Lur horiei buruz, jada 2005eko irailean, azterlan hidrologikoa egin zen, Gardeko kanpalekuko uholde eta uraldi arriskua aztertzeko. Azterlan hori INYPSAk egin zuen Nafarroako Gobernuarentzat. Eta haren emaitzetan agertzen da kanpineko taberna handitzeko eremua uholde eremutik kanpo dagoela, uholdeen 500 urteko birgertatze-aldian.

Halaber, 2006ko urtarrilean, Gardeko kanpalekuko uholde arriskuari buruzko azterlan hidrologikoaren eranskineko ondorioetan datu hori berresten da, eta uste da eremu horrek babes maila egokia duela eta nahikoa. Azterlana Carlos Zorraquino Junquera Bide ingeniariak egin zuen.

Horrenbestez, datu horien arabera ez dirudi gertaerraza eremu eraikigarri horretan uholderik izatea, kontuan harturik, gainera, herrigunean badirela eraikinak kota baxuagoetan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko uztailaren 4an emandako aldeko txostenak ere irizpide horiek babesten ditu.

Iragarkiaren kodea: L1307829