108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tuterako udal mugapean La Cantera azpiestazio elektrikoa egiteko proiekturako (La Serna TA handitzea). Sustatzailea Eólica Navarra S.L. da eta Nodoko Solaskide Bakar gisa artituko da lotura egiteko eta sarbidea izateko garraio elektrikoko sareko La Serna TArekin.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketa egungo La Serna TA zabaldu behar izatetik sortzen da. Horretarako, azpiestazio bat eginen da, La Cantera TA hain zuzen, araubide berezian energia elektrikoa sortzeko instalazioak garraio sarearekin lotu ahal izateko. Hainbat enpresa dira sustatzaileak.

Jarduketan, 400/220/66 kV-eko azpiestazio elektriko berri bat eginen da, 10.523 metro koadroko azalera okupatuko duena. Horietatik, 2.890 metro koadro egungo La Serna TAkoak dira, eta gainerakoak, egungo azpiestazio horren ondoko azalerakoak.

Halaber, egungo 4 linea elektriko aldatuko dira, La Cantera TAra ailegatzean, honako hauek hain zuzen ere: Alcarama-La Serna 220 kV-eko linea (350 metro), Cierzo 1 eta 2 66 kV-eko linea (322 metro; horietatik 142 airekoak izanen dira, eta 180 metro, berriz, lur azpikoak), P.E. La Bandera 66 kV-eko linea (290 metro, eta linea lur azpikoa izanen da hasieratik bukaeraraino), eta P.E. Caparroso 66 kV-eko linea (lur azpiko 240 metro).

Espedientean Tuterako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da Tuterako udal mugapean La Cantera azpiestazio elektrikoa egiteko proiekturako (La Serna TA handitzea). Sustatzailea Eólica Navarra S.L. da eta Nodoko Solaskide Bakar gisa arituko da lotura egiteko eta sarbidea izateko garraio elektrikoko sareko La Serna TArekin.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

–Obrak ukitutako eremu guztiak behar bezala lehengoratuko dira eskualdeko belarren hazien nahasketa batekin landareztatuz.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eta bertatik eramanen dira.

–Obrak eta bideen lekualdaketak herrilurretan eginen direnez, herrilurraren titularra den toki entitateak obra lizentzia eman baino lehen, herrilurrak okupatzeko baimena eta haien desafektazioa eskuratu beharko ditu, departamentu honetako Herrilurren Atalaren bidez. Horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen beharrezko tramiteen eta ukitutako lurzatien ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, hurrenez hurren.

–Lurretik ateratzen diren instalazioek, euskarriek edo eraikuntzek bidearen zortasun eremu bat errespetatu beharko dute, 3 metrokoa, haren kanpoko ertzetik neurtuta, 35/2002 Foru Legearen 112. artikuluaren arabera.

–Udalaren eskumenekoak izanen dira udal planeamendutik eratortzen diren muga pribatuetako lerrokadurei, eraikuntzako tipologiari eta morfologiari buruzko beste determinazio batzuk, Eraikuntzari buruzko ordenantzekin parekatzen ahal badira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Tuterako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1307476