108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

212E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Cadreitan hodi hidrauliko bat paratzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Torres Cornago da.

2013ko urtarrilaren 2an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatutako jarduerari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Sustatzailea Alberto Torres Cornago da. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Urez hornitzeko beharrezko azpiegitura egin gogo da, baratzeko laboreetarako 13,22 hektareak presioz ureztatzeko (Cadreitako 3. poligonoko 81. lurzatia, A azpilurzatia). 1.300 metroko hodi bat paratzea planteatu da, azalera horretan ureztatzeko behar adinako emaria emateko. Uraren hargunea 3. poligonoko 42. lurzatian egonen da. Hodiaren trazadura paraleloa izanen da 5. zeharbideko zortasun eremuarekin.

Eskatutako jardueraren justifikazio errekerimendua egin ondoren, 2013ko apirilean, dokumentazio berria jaso zen, ondoko honen berri eman zuena: "... egungo harguneko uraren kalitatea ez da egokia urazak gisako baratzeko produktuak berotegian ureztatzeko, gazitasun handiegia baitauka; hartara, beharrezkoa da hargune berria, Morante urtegitik hornituko dena. Nolanahi ere, egungo hargunea jarraituko dute erabiltzen, gazitasunarekin hain sentiberak ez diren beste nekazaritzako aprobetxamendu batzuetarako." Uraren analisiaren justifikazioa erantsi da.

Hornidurarako hodiaren trazadurak ukipen bat sortzen du, "5. zeharbidea" abelbidearen gainetik joateagatik 1.300 bat metro linealetan, Cadreitako 3. poligonoko 42. eta 81. lurzatien arteko tartean, Cadreitako 3. poligonoko 2. lurzatiaren gainean.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatuarekin bat, lehenago aipatutako abelbidea aldi baterako okupatzea hodia paratzeko (zehazki obra hau egiteko), baimengarritzat jotzen da, aldi baterako okupazioaren kanona ordaintzea onartu ondoren.

Eskaera aztertu ondoren eta Nafarroako Gobernuan dagoen informazioa berrikusi ondoren, jardueraren aldeko txostena egin da, irizten baita ureztatzeko hodi hidrauliko berria behar bezala justifikatuta dagoela, betiere txosten honetan deskribatzen diren baldintzak beteta.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Cadreitako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erantzuna jaso da 2013ko otsailaren 20an, non adierazi baita jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak espedienteari buruzko txostena egin du 2013ko maiatzaren 16an.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Cadreitan hodi hidrauliko bat paratzeko proiekturako. Sustatzailea Alberto Torres Cornago da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean egonen da:

–Okupazioaren kanona ordaintzea. Hona hemen haren balorazioa:

1.–Jabari osoaren balioa (antzeko finkekin konparatuz lortuta): 0,64 euro/m².

2.–Ukipenak:

Bide zortasuna: 3 x 1.300 m x 0,90 x 0,64 euro/m² = 2.246,40 euro.

Aldi baterako okupazioa: 13 x 1.300 m x 0,07 euro/m² = 1.183,00 euro.

3.–Kalte-ordaina, guztira: Cadreitako abelbidearen ukipenen guztizko kalte-ordaina ondoko hau da:

Zortasunagatik: 2.246,40 euro. Obrek 30 urteko bizitza baliagarri bat izanen dutela jota, amortizazio kanona 74,88 euro/urtekoa izanen da, eta, hortaz, 5 urtean, 374,40 eurokoa.

Aldi baterako okupazioagatik, obrek irauten duten bitartean: 1.183,00 euro.

–Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 374,40 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 1.183,00 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 1.557,40 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.

–Gogorarazten zaio sustatzaileari abelbidea ez duela bakarrik bideak osatzen, baizik eta NFK-Altxonbideak titulartasuna duten lurzati guztiek (hau da, Cadreitako 3. poligonoko 2., 3., 7., 8., 44., 11. eta 12. lurzatiak, ukitutako tartean). Orobat, abelbidearen zortasuneko eremua hiru metrokoa da, lurzati horietako kanpoko ertzetik neurtuta, eta ez bidetik. Horrenbestez, ez dago tokirik abelbidearen eta lurzatien artean, eskaeran deskribatzen den bezala, abelbideak muga baitauka lurzati horiekin.

–Hodiaren trazadura, eta, hortaz, zanga, abelbidaren gaineko bidean eginen da. Ez da baimentzen zanga irekitzea edo makinak igarotzea bide horren ondoko larreko zerrendetan.

–Zanga irekitzetik ateratako materiala eta obra egiteko gainerako gauza beharrezkoak bidean bertan metatuko dira, eta ez lehenago aipatutako larreko zerrenden gainean. Material hori erabiliko da zanga berriro betetzeko.

–Hodiko kutxetak (beharrezkoak izatera) ezin izanen dira abelbideen lurretan kokatu.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

–Hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako eremua lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.

–Obrak hasi baino lehen, eta gutxienez 72 ordu lehenago, sustatzaileak harremanetan jarri beharko du Tutera aldeko12. Basozaintzako barrutiarekin, 948 847033 telefonoan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cadreitako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1307392