1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
211E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 35E/2013 Ebazpenaren bidez emandako Ingurumen ukipenetarako baimena aldatzen duena, hots, Iberdrola, D.E.S.A.U.k sustaturik, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeetan, Orkoien-Irurtzun I eta II 66 kV-eko aireko lineak erreformatzeko proiektuari emandakoa.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 35E/2013 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeetan, Orkoien-Irurtzun I eta II 66 kV-eko aireko lineak erreformatzeko proiektuari, Iberdrola D.E.S.A.U.k sustaturik. Proiektuaren helburua Orkoien-Irurtzun I eta Orkoien-Irurtzun II 66 kV-eko lineak berritzea zen, Orkoiengo BTAtik Graftech Ibericako deribazioraino, potentzia handitu ahal izateko.
2013ko martxoaren 27an, sustatzaileak baimena aldatzeko eskaera aurkeztu du, linea elektrikoaren diseinua aldatu delako. Hasierako azterlanaren arabera, Orkoien-Irurtzun I eta II 66 kV-eko egungo lineak ordeztu behar ziren, Orkoiengo BTAtik Graftecheko deribazioraino, euskarriak eta eroalea aldatuz (LA-280), eta lur azpiko tarte bat aurreikusita zegoen. Gero, Orkoiengo Udalarekin hitz eginda, sustatzaileak adostu du egungo aireko trazadura mantentzea lur azpitik eramateko proiektatu den tartean, euskarriak eta eroalea aldatuz, eta dagoen aireko linea desmuntatuz.
Espedientean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Orkoiengo Udalaren aldeko txostena dago. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere proiektuaren aldeko txostena eman du.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 105. artikuluak, urtarrilaren 15eko 4/1999 Legearen bidez aldatu zenak, ezartzen du Administrazioak noiznahi aldatzen ahal dituela bere egintzak, betiere aldaketa indarreko araudiaren aurkakoa ez bada.
Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Oltza Zendeako eta Orkoiengo udal mugapeetan Orkoien-Irurtzun I eta II 66 kV-eko aireko lineak erreformatzeko proiektuari, Iberdrola, D.E.S.A.U.k sustaturik.
2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:
–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 35E/2013 Ebazpenaren bidez ezarritako baldintzak bete behar dira, horren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena eman baitzitzaion hasierako proiektuari.
–Egin asmo diren euskarriak A-15 autopistaren zortasun-eremuan jarriko dira, Iruñeko Mendebaldeko Ingurabidearen tarte batean. Hortaz, Sustapen Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko da, eta erakunde horrek, orobat, iritzia eman beharko du proiektatutako linea elektrikoak Abiadura Handiko Trenaren trazaduran izan ditzakeen ukipenei buruz.
–Aurreikusitako jarduera egitearen ondorioz ukituak izan daitezkeen edo lanak egitea baldintza dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, bereziki Xulapain errekaren zortasun eremukoak, sustatzaileak, obrak egin aurretik, behar diren baimen guztiak lortu beharko ditu kasuan-kasuan eskumena duten organoetatik.
Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Orkoiengo Udalari, Iruña aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1307393