108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

378/2013 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko udal mugapean hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen tratamendurako instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L. da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.1 epigrafean jasota dago, hots, "Hondakin arriskutsuak balorizatzeko instalazioak, erabilitako olioen kudeaketa barne, edo hondakin horiek hondakindegiez besteko toki batzuetan desagerraraztekoak, egunean 10 tonatik gorako ahalmena dutenak" izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 24an emandako 1041/2011 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zitzaion aurkeztutako proiektuari, eta zegokion Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen, aldekoa.

2012ko abenduaren 17an, titularrak aldaketa bat egiteko baimena eskatu zuen, lursaila handitzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa hori ez-funtsezkotzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hortaz, ez da beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da, instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta horiek oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.

Era berean, enpresaren ingurumen baimen integratua eguneratzen da, kontuan harturik urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak ematen dituena, eta uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan aurreikusitako prozedura erraztuari jarraikiz tramitatu da.

Ikusirik aipatutako agindu juridikoa, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz, foru dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitira indarreko araudiak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitu dizkion eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan.

EBATZI DUT:

1. Iruñeko udal mugapean hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen tratamendurako instalazio bati emandako Ingurumen baimen integratua aldatzea, 2012ko abenduaren 17an titularrak eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez eman zen. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L. da.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko 1041/2011 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2019ko ekainaren 24an bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. Aldaketak ukitzen dituen instalazioak irekitzeko baimen berria eskatu beharko du titularrak, funtzionatzen hasi baino lehen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedaturikoarekin bat.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

7. Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L.ri, Iruñeko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 17an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1307479