1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko maiatzaren 29an hartua, 2011ko urtarrilaren 24ko Erabakia aldatzen duena. Haren bidez, Ribaforadako udal mugapeko abelbideetan desagertutako edo hondatutako mugarriak sailkatu eta berrezarri ziren.
Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari dagozkio, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak proposaturik, Nafarroako abelbideen erabilerak sailkatzeko eta berariaz arautzeko ahalmenak.
19/1997 Legearen arabera, sailkapena “adierazpen izaerako egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbide bakoitzaren existentzia, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisiko orokorrak zehazten dira”, mugaketa “egintza administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehazten dira, sailkapenaren egintzan ezarritakoaren arabera”, eta mugarriztatzea “prozedura administratibo bat da eta, horren bidez, abelbideen mugak zehaztu eta modu iraunkorrean seinalatzen dira tokian berean”.
Hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzearen helburua Nafarroako Gobernuak emandako mugaketa- eta mugarriztatze-akta duten abelbideak eguneratzea da, abelbidea zedarritzen duten mugarriei kokaleku zehatza emanez gaur egungo baliabideak erabiliz.
Zehazki, Nafarroako Gobernuaren 2011ko urtarrilaren 24ko Erabakiaren bidez onetsi zen desagertutako edo hondatutako mugarriak sailkatu eta berrezartzea Murchanteko, Corellako, Fiteroko, Cintruenigoko, Cascanteko, Ablitasko eta Ribaforadako abelbideetan.
Ablitasen lurzatiak berrantolatzeko proiektua prestatzean abelbide berriak sortu ziren udalerri horretan. Horietako bat 500 m sartzen da Ribaforadako udal mugapean, eta, horrenbestez, beharrezkoa da udalerri horretako abelbideetan desagertutako edo hondatutako mugarriak sailkatu eta berrezartzeko proiektua eguneratzea.
Administrazio prozesuko tramiteak beteta eta jendaurreko epea igaro ondoren, alegazio bat aurkeztu zen, dagokion espedientean jasotzen diren arrazoiengatik ezetsi dena.
Aurreko fase horiek bukatuta, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Gobernuaren 2011ko urtarrilaren 24ko Erabakia aldatzea, abelbideetan desagertutako edo hondatutako mugarriak sailkatu eta berrezartzekoa, Ribaforadako udal mugapeari dagokionez, ondoko abelbidea sartzeko:
–Ribaforada: P-90 iraganbidea, galtzada erromatarraren adarra.
2. Abelbide horren ezaugarri fisikoak dira Ribaforadako abelbideak sailkatzeko proiektuaren eranskinean jasotzen direnak.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura igortzea.
4. Erabaki hau Ribaforadako Udalari jakinaraztea.
5. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1307988