Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2013ko ekainaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 10ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Beriaingo Pamplonica, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa luzatzeko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Beriaingo Pamplonica, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa luzatzeko akordioaren testua (kode zenbakia: 31003011011989), Erregistroan 2013ko apirilaren 10ean sartu zena eta enpresaren legezko ordezkariek eta enpresako sindikatuen ordezkariek 2013ko urtarrilaren 21ean sinatu eta 2013ko maiatzaren 8an zuzendu zutena; Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 10ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
PAMPLONICA, S. L.ren HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Osotasunarekiko lotura eta geroko hobekuntzak irenstea.
Hitzarmen honetan agertzen diren hobekuntza ekonomikoak eta era guztietakoak irentsi eginen dira, dagokienean, edozein motatako igoerekin, edo agintaritza eskudunek aurrerantzean erabakitzen duten izendapenaren bidez edo hitzarmen kolektibo berri bat hitzartuz.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan ondokoetan ezarritakoa beteko da: Langileen Estatutua, unean-unean indarra duen legeria orokorra eta Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmena, lansarien taulak horretatik salbuetsiz, enpresa honetakoak hobeak baitira orokorrean.
1.1. artikulua. Lurralde eremua eta pertsona-eremua.
Hitzarmen hau Pamplonica, S.L. enpresako langileei aplikatuko zaie, hots, enpresa honetan lan kontratu arruntarekin (Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan aurreikusitako modalitateetako edozeinetan) ari diren langileei, eta horretatik kanpo geldituko dira, berariaz, enpresarekin lan harreman bereziaren bidez lotuta dauden pertsonak, "hitzarmenetik kanpo" ari diren langileak, bai eta, Pamplonica, S.L.k langileak lagatzeko kontratuak, zerbitzuen errentamendukoak edo izaera zibil edo merkataritzako bestelakoak zein enpresekin dituen hitzartuta, haietan ari diren pertsonak ere.
2. artikulua. Indarraldia eta iraupena.
Hitzarmenak 2011ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2014ko abenduaren 31 bitarte iraunen du, eta indarraldia bukatu baino hilabete lehenago salatutzat joko da.
3. artikulua. Zatiezintasuna.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, aplikatzeko orduan, beren osotasunean hartuko dira.
4. artikulua. Soldatak.
2012ko irailaren 27an egindako bilkuran Pamplonica, S.L.ko zuzendaritzarekin eta enpresa batzordearekin lortutako akordioekin bat, hauek dira hitzarmen kolektibo honen aplikazio esparruan sartutako langileen gutxieneko ordainsariak:
1. 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era arteko epea (hileko soldatetan adierazia, aparteko pagen zati proportzionala barne).
ADMINISTRAZIOKO TALDEA | |
Administrazioko burua | 2.158,38 euro |
1. A mailako administrari-ofiziala. | 1.944,22 euro |
1. mailako administrari-ofiziala | 1.649,62 euro |
2. mailako administrari-ofiziala | 1.649,62 euro |
Erdi mailako teknikaria | 1.649,62 euro |
Administraria | 1.281,05 euro |
Administrari laguntzailea + 50 | 1.128,54 euro |
Administrari laguntzailea | 976,01 euro |
Arduraduna | 2.158,38 euro |
Lineako arduraduna | 2.019,07 euro |
PRODUKZIO TALDEA | |
1. A mailako ofiziala | 1.944,22 euro |
1. mailako ofiziala | 1.830,64 euro |
2. mailako ofiziala | 1.649,62 euro |
Erdi mailako teknikaria | 1.649,62 euro |
Laguntzailea | 1.281,05 euro |
Peoia %50 | 1.128,54 euro |
Peoia | 976,01 euro |
2. 2012ko uztailaren 1etik 2014ko abenduaren 31 arteko epea (hileko soldatetan adierazia, aparteko pagen zati proportzionala barne).
ADMINISTRAZIOKO TALDEA | |
Administrazioko burua | 1.726,70 euro |
1. A mailako administrari-ofiziala. | 1.555,38 euro |
1. mailako administrari-ofiziala | 1.464,51 euro |
2. mailako administrari-ofiziala | 1.319,70 euro |
Erdi mailako teknikaria | 1.319,70 euro |
Administraria | 1.024,84 euro |
Administrari laguntzailea + 50 | 902,83 euro |
Administrari laguntzailea | 780,81 euro |
Arduraduna | 1.726,70 euro |
Lineako arduraduna | 1.615,26 euro |
PRODUKZIO TALDEA | |
1. A mailako ofiziala | 1.555,38 euro |
1. mailako ofiziala | 1.464,51 euro |
2. mailako ofiziala | 1.319,70 euro |
Erdi mailako teknikaria | 1.319,70 euro |
Laguntzailea | 1.024,84 euro |
Peoia %50 | 902,83 euro |
Peoia | 780,81 euro |
Taula horiek 2012ko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko dira, atzeraeragina dutela.
5. artikulua. Lanpostuko osagarria edo plusak.
Lan baldintza orokorrez kanpoko zenbait baldintzaren ondorioz jasoko dira, hala justifikatzen bada.
Enpresak zilegi izanen du 2. mailako ofizialen, erdi mailako edo beheragoko teknikarien kategoriako lanpostu batzuk konpentsaziozko osagarri batekin betetzea, hauetan adibidez:
–Autoklabeak:
Lanpostu horretarako ezagutza frogatzen duen pertsona izan daiteke, eta enpresak konpentsazioa emanen du baldin eta goragoko kategoria bateko pertsona baten laguntza behar ez badu lanpostu horretako lanak egiteko.
–Kuterra: Irizpide bera.
Enpresako Zuzendaritzak ezarriko ditu zenbatekoa eta atalak.
–Larunbatetako lana:
Osagarri baten moduan konputatuko da, eta zenbatekoa aparteko ordu bati dagokion kalkulutik ateratzen dena izanen da, langileak duen kategoriaren arabera.
–Urteko soldata gordina:
Urteko benetako orduak + %75.
6. artikulua. Lanaldia.
–Lantegiko langileak:
1.723 orduko lanaldia, hau da, 225 egun eta benetako 7,66 ordu egunean.
Hogei minutuko atsedenaldia izanen da lanaldiko, 39 ordu eta 32.05 minutuko lanaldiaren barrenean.
Era berean eta eguneroko lanaldiaren barrenean, hamar minutuko hiru atsedenaldi izanen dira, eta arduradunari bidezko iruditzen zaionean eginen dira.
Dena dela, argitaratzen diren legezko xedapenak bete eta aplikatuko dira.
Lan ordutegiak enpresako Zuzendaritzak prestatuko ditu langileen ordezkarien oniritzia jasota, eta produkzio beharrak, lanen sinkronizazioa eta bezeroei eman beharreko zerbitzua kontuan hartuta. Agintaritza eskudunari ordutegien berri emanen zaio.
Goizeko txanda:
07:00etatik 15:00ak arte, ogitartekoa jateko 20 minutuko atsedenaldiarekin.
Arratsaldeko txanda:
14:00etatik 22:00ak arte, ogitartekoa jateko 20 minutuko atsedenaldiarekin.
Gaueko txanda:
22:00etatik 06:00ak arte, ogitartekoa jateko 20 minutuko atsedenaldiarekin.
–Bulegoak:
Eguneko lanordua 8 ordukoa izanen da.
a) Administrazioko langileek ordutegi malgua izan dezakete urte osoan.
b) Ohiko lanaldia goizeko 8:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte da.
Ordutegi horretan aukera hau izanen da: 8:00/9:30etik 14:00ak arte eta 16:00/16:30 arte, eta irteera ordua sarrera orduaren araberakoa. Ogitartekoa jateko atsedenaldirik ez da izanen, lanaldi zatituari dagokion legearen araua baita.
c) Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean lanaldia 7:00etatik 15:00ak arte izanen da, eta ogitartekoa jateko 15 minutu.
Lanaldiko orduen kalkulua 39 ordu eta 32,05 minutuen oinarritik abiatuta eginen da, eta aldea baldin badago ordutegiari egokituko zaio urteko egunen edo udako lanaldien multzoan.
d) Udako hilabeteetan, kanpokoak, bezeroak, hornitzaileak eta abar hartzeko, pertsona batek ordutegi zatituarekin jarraitu beharko du eta, horretarako, bulegoko langileak txandaka arituko dira, astez aste. (Ikus b puntua)
7. artikulua. Arratsaldeko txanda:
6. eta 20. artikuluekin bat, enpresak arratsaldeko txanda planifika dezake, lan egin behar duen atalekoak izan daitezen, ahal dela, ukitutako langileak.
8. artikulua. Oporrak.
Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira, eta horietatik 26 lanekoak (larunbatak eta 4 igande barne).
Enpresa eta langileen batzordea aldez aurretik ados jarrita urtero prestatzen den egutegiari jarraikiz hartuko dira oporrak.
Oporrak hartzen ez badira ez da diru konpentsaziorik emanen.
Oporretan dauden langileek gaixotu eta baja hartzen badute, eskubidea izanen dute, frogagiri ofizialak aurkeztu eta gero, Gizarte Segurantzako prestazioa jasotzeko, baina ez da oporraldia etengo horregatik.
Oporraldiren batean aldi baterako ezintasunagatik bajan dauden langileek oporrak hartzeko eskubidea izanen dute, arau hauei jarraikiz:
A) Uztailean hartu ez diren opor egunak kasuan kasuko dataren ondo-ondotik hartuko dira, abenduaren 31ra bitarte. Ezin izanen dira hurrengo urterako gorde.
B) Abenduan hartu ez diren oporrak alta egunaren ondo-ondotik hartuko dira, baldin eta alta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen lortzen bada.
C) Aurreko a eta b ataletan aipatutako kasuetan, hartuko diren lan egunak eta larunbatak uztaila eta abenduko oporraldi bakoitzean ezarritakoak bezainbeste izanen dira.
Enpresa opor garaian ixten bada, Zuzendaritzak langileekin ados jarrita erabakiko du garai horretan zein langilek egin behar dituen garbiketa lanak, mantentze-lanak, beharrezkoak diren obrak, bezero eta hornitzaileen presako eskaerei erantzun eta abar, eta interesdunekin hitz eginen du oporrak modurik egokienean hartzeko, zerbitzu horiek behar bezala beteta betiere.
Halako kasuetan, Zuzendaritzak egiten diren lanpostu eta txanda aldaketen berri emanen dio Enpresa Batzordeari, bai eta aldaketa horiek sorrarazi dituzten egoeren berri ere.
9. artikulua. Ordaindutako baimenak.
Langileak, lehenbailehen abisatuta eta behar bezala justifikatuta, lanera ez agertzeko aukera izanen du, ordainsaria izateko eskubidearekin, arrazoi hauengatik eta adierazten den denborarako:
a) Langilearen ezkontza: 17 egun natural. Ezkontza egunetik hasita, ezkontza jaiegunaren bezperan izaten denean izan ezik, jaiegun horren ondoko egunetik hasita baita zenbatzen.
Langileak, nahi badu, dagozkion opor egunen erdiari lotuta har dezake baimen hori.
b) Seme edo alaba baten jaiotzagatik: 3 egun natural. Horietako bi langileak berak aukeratzen ahalko ditu, gertaera eragilearen ondoko hamar egunetan.
c) Ezkontidearen heriotza: 3 egun natural. 3 egun horiek naturalak direnez eta gertaera eragilearen egunetik hasita zenbatzen direnez, langileak aukera izanen du hiru egun horietako bat hurrengo zortzien artean hartzeko. Baina kontuan hartu behar da hiru egun horien artean jaiegunen bat baldin badago ezin dela lantokiko lanegun batera aldatu.
d) Seme-alaben, gurasoen, anai-arreben, koinatu-koinaten eta aita-amaginarreben eritasun larria: 2 egun natural.
Enpresan senar-emazteek lan egiten badute, bi egunak gertaera eragilearen egunetik hasita edo hurrenez hurren hartzeko aukera izanen dute, kontuan hartuta abiapuntuan gertaeraren ondoko bi egunak daudela. Hala, egun bat edo biak jaiegunak edo lanik gabekoak badira, ezin izanen dituzte lanegun batera aldatu.
d-1) Kirurgia anbulatorioa (indarrean den legearekin bat).
e) Odol bidezko aiton-amonen eta biloben eritasun larria: 2 egun natural.
c, d eta e ataletan aplikatu beharrekoa. Ebakuntza kirurgikoa egin behar denean, larritzat joko da haurra jaiotzeko ebakuntza (zesarea); jaiotzaren ondoko lizentziarako eskubidea soilik (b atala).
f) Ezkontidea edo semea edo alaba hiltzeagatik: 5 egun natural (heriotza izaten denetik hasita).
g) Langilearen edo ezkontidearen aita edo amaren heriotza: 3 egun natural (heriotza izaten denetik hasita).
h) Bi ezkontideen anai-arreben eta koinatu-koinaten heriotza: 2 egun natural (heriotza izaten denetik hasita).
i) Langilearen odol bidezko aitona-amonen, bere ezkontidearen aitona-amonen, biloben eta osaba-izeben heriotza, bai eta odol bidezko osaba-izeben ezkontideen heriotza ere: 2 egun natural, heriotza eguna edo hileta eguna izaten ahal dela.
j) Seme-alaben, anai-arreben eta koinatu-koinaten ezkontza: egun bat (ezkontza eguna).
k) Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun bat.
l) Ikasketa ofizialengatik: Langileek ikasketetako azkerketak egiteko beharrezkoa den denbora izanen dute, Langileen Estatutuan ezarritako moduan.
b, c, d, e, g, h eta i ataletan adierazitako egunak osotara 5 egun naturalera bitarte areagotzen ahalko dira langileak aipatu ondorioetarako joan-etorria egin behar badu, salbu odol bidezko osaba-izeben heriotz kasuetan; kasu horretan, 2 egun natural izanen ditu gehienez.
m) Errehabilitazioa: Medikuak aginduta osasun zentro ofizial batean eta zenbait egunez errehabilitazioa egin behar duen langileak soldata osoa jasoko du behar duen denboran, lantokiko lan orduetan egitekoa bada.
Gizarte Segurantzako mediku baten edo mediku partikular baten kontsultara joateko beharrezkoa den denbora, kontsulta ordutegia interesdunaren lanaldiaren barrenean baldin bada bakarrik.
Medikuaren kontsultara joateko ordu erdi lehenago irteten ahalko da lantokitik, eta medikuarenetik irten eta ordu erdian itzuli beharko da.
Langilea etxetik zuzenean joaten bada medikuarengana, edo kontsultatik irten ondoren lantokira itzultzen ez bada, joan-etorrien ordu erdietarako eskubidea galduko du, medikuaren kontsultatik irteten denean ordu erdi edo gutxiago falta ez bada behintzat lanaldia bukatzeko; halako kasuetan ordu erdi horri edo minutuei dagokien lansaria ordainduko da.
Lansarirako eskubidea izateko, langileak medikuarengana joan dela eta kontsultatik zer ordutan irten den frogatu beharko du.
a.–Ondokoetara joateko behar-beharrezkoa den denbora:
–Lan arloko Epaitegia, zitazio izenduna bada.
–Epaitegia, zitazio izenduna bada edo ezkontza zibila egiteko.
–NANa berritzea.
b.–4 ordu gehienez, ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen presakoa, ezustekoa edo beharrezkoa den asistentzia edo ospitaleratzeagatik, zitazio medikoaren arabera (ez dira sartzen suhi-errainak eta aitaginarreba edo amaginarreba), baldin eta langilearen ordutegian izaten bada eta presa edo beharra justifikatzen bada. Nolanahi ere, ospitaleratzea kausa larri batengatik bada,
11. artikuluko c eta d ataletan zehaztutako lizentzia egunerako edo egunetarako eskubidea izanen du soilik.
Halaber, ebakuntza kirurgiko larria egin behar denean eta ospitaleratzea lehenago izan bada, ospitaleratzeari dagozkion 4 orduak hartzeko eskubidea izanen da, gehi larritasunaren ondoriozko lizentzia eguna edo egunak, 11. artikuluko C eta D atalen arabera.
Horri begira, ez dira kontuan hartuko presakoak ez diren analisi klinikoak, azterketak, txekeoak edo beste edozein osasun laguntza.
c.–4 ordu gehienez, gurasoen, seme-alaben eta ezkontidearen larritasunik gabeko ebakuntza kirurgikoengatik (ez dira sartzen suhi-errainak eta aitaginarreba edo amaginarreba).
Ordaindutako 4 ordu horiek kasu bakoitzeko dira, hau da, lanetik kanpo arrazoi berberagatik zenbait egunez egonez gero, baimena lehenbiziko 4 orduetarako izanen da soilik, eta gainerako orduak errekuperatu egin beharko dira, edo deskontatu.
d.–Urtean 2 egun gehienez, ondoezagatik edo bajarik gabeko eritasunagatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, inguruabar hauek badira betiere:
1. Bi egunak batera ez izatea, baizik eta bereizita.
2. Ez daitezela igandeen, jaiegunen, zubien edo oporren aurreko edo ondoko egunak izan, lantokitik arrazoi horrengatik irten behar denean izan ezik, aski izanen baita ataleko arduradunari ondoezaren berri ematea.
Lantokitik arrazoi horrengatik irten behar denean, egunak lanaldi oso edo lanaldi erdi gisa konputatuko dira, lanean egindako denbora 4 ordutik beherakoa edo gorakoa den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
Artikulu honetan aipatzen diren baimen guztiak frogatzeko beharrezkoak diren agiriak erabiliko dira.
10. artikulua. Deskontudun baimenak.
Baimen hauek arrazoi hauengatik eman daitezke:
a) Urteko baimena emanen da, 3 egun gehienez langile bakoitzeko, egoera bereziez edo familiarrez arduratzeko. Egun horiek, batera edo bereizita, ez dira oporren hasieran edo bukaeran hartuko, ez eta jarraian hartutako bi jaiegun edo gehiagoren aurretik edo ondotik, behar hori aurretik justifikatzen ez bada behintzat.
Enpresak zilegi du baimen horiek eman edo ukatzea, atal bateko zenbait langilek egun berbererako eskatzen dutenean baimena, edo produkzioa dela-eta baimena ematea ezinezkoa denean.
Aurretik jakinarazteko epea 48 egunekoa izanen da. Hala ere, aurretik jakinarazi beharrik ez da izanen baimen berezirako, ezustekoak eta presakoak diren arrazoiengatik langilea lantokira joaten ez denean, nahiz eta hori behar bezala justifikatu beharko den.
b) Oso eguraldi txarra denean edo ezinbesteko beste arrazoi batzuengatik lantokira joaterik ez izatea. Dena dela, Langileria Burutzak kasua aztertuko du, eta langileari orduak deskontatu beharrean errekuperatzeko aukera ematen ahalko dio.
c) Ezkontidearen, seme-alaben edo gurasoen larritasunik gabeko ebakuntza kirurgikoetarako edo presako asistentzietarako edo oso berezietarako ematen diren 4 orduetatik (11. artikulua) gorakoa.
d) Ondoezagatik edo bajarik gabeko eritasunagatik langilea lantokitik kanpo egotea, 11. artikuluan langileko eta urteko ezarri diren bi egun ordainduak agortu eta gero, eria medikuak aztertu duela frogatzeko duen agiria aurkezten bada.
e) Lantokitik hileta edo kondukzioetara joateko irten beharra.
f) Bankuetan, aurrezki kutxetan, aseguru konpainietan eta erakunde ofizialetan dokumentu pertsonalak formalizatzeko lantokitik irten beharra, langilea bera joatea ezinbestekoa denean eta lan orduetatik kanpo egiterik ez dagoenean.
Artikulu honetan aipatzen diren kasu guztietan nahitaezkoa izanen da frogagiria aurkeztea.
Bidezkoak diren deskontuak baimena erabiltzen den hilabeteko nominan eginen dira, edo hurrengoan.
11. artikulua. Bidezko arrazoirik gabeko absentziak.
Bidezko arrazoirik gabeko absentziengatik kasu hauetan eginen da deskontua:
–Justifikatu gabeko absentziak eta atzerapenak.
–Ondokoetarako baimen partikularrak:
- Ibilgailuak erosi eta jasotzea.
- Trafikoko Burutza.
- Notarioak.
- Gidabaimena berritzeko tramitazioa.
- Antzeko beste egoera batzuk, batez ere langilea bera joatea beharrezkoa ez denean edo lan orduetatik kanpo kudea daitezkeenean.
- Beharrezkoak diren baldintza eta frogagiriak izan gabe izaten diren absentzia guztiak.
- Enplegua eta soldata eteten dituzten zehapenak.
- Lanuzteak eta grebak.
Erabateko deskontua nominan.
12. artikulua. Berandu iristea.
Lanean hasteko zatikiak 15 minutukoak izanen dira. 120 minutuetatik aurrera ez da lanean hasterik izanen eta lanaldi osoa deskontatuko da.
13. artikulua. Bikote bizitza.
Bikote bizitza ezkontzaren baliokidea izanen da, baldin eta bikote bizitza hori iraunkorra bada eta arauei jarraikiz frogatzen bada.
14. artikulua. Amatasuna, bularra ematea eta legezko zaintzagatik eta familia beharrengatik lanaldia murriztea.
Unean uneko xedapen indardunetan ezarritakoari jarraituko zaio.
15. artikulua. Eszedentziak.
a) Eszedentzia orokorrak: Haragi Industrien Oinarrizko Hitzarmenak eta Legeak ezarritako baldintzetan emanen zaizkie eszedentziak langile guztiei.
b) Itzultzeko baldintzak:
Eszedentzia denbora bukatu ez arren, langileak, itzultzeko eskaera egiten badu, lehentasuna izanen du lanpostu hutsa betetzeko ezarritako baldintzetan, lanpostu huts bat badago enpresan.
16. artikulua. Aparteko orduak.
Enpresa legezko aparteko orduak kentzen ahaleginduko da. Fitxatu eginen dira bai langile finkoek bai aldi baterako daudenek egiten dituzten guztiak. Enpresa Batzordeari horien kontrolaren berri emanen zaie aldian-aldian.
Aparteko ordutzat joko dira langile bakoitzak urtean duen benetako lanalditik gorako orduak, kanpoan utzitako legezkoak izan ezik.
Pertsona bat kontratatuko da, baldin eta urteko benetako lanalditik gorako orduak kontratazio horren bidez saihets badaitezke.
Aparteko orduak egiten dituzten langileek atsedenaldiarekin konpentsatuko dituzte, honela:
ordu bat eta hiru laurden (1,75) lanean egindako ordu bakoitzeko.
Arduradunak edo buruak baimendu eta sinatuko ditu.
17. artikulua. Lanbide kategoriak.
Langileak honela sailkatuta daude:
a) Teknikariak (goi mailako tituludunak, erdi mailako tituludunak, titulazio gabeak).
b) Langileak.
c) Administrazioa.
(Burua, 1. A mailako ofiziala, 1. mailako ofiziala, 2. mailako administrari ofiziala, administrari laguntzailea, %50a duen administraria eta administrari laguntzailea).
d) Fabrika.
(Arduraduna, produktuaren lineako arduraduna, 1. A mailako ofiziala, 1. mailako ofiziala, 2. mailako ofiziala, laguntzailea, peoia + %50 eta peoia).
e) Igoerak:
Espezializazio gabeko kategorietan langileak peoi gisa hasiko dira, eta horrela arituko dira hiru hilabetez. (Administrazio lanetan, berriz, administrari laguntzaile gisa).
Laugarren hilabetean peoia + %50 kategoriara pasatuko dira (peoi kategoriaren urteko zenbateko gordina gehi laguntzaile kategoriaren urteko gordina zati 2 eginda aterako da soldata).
7. hilabetean laguntzaileen kategoriara pasatuko dira.
Laguntzaile gisa bi urte bete ondoren, langileak 2. mailako ofizial izatera igaroko dira zuzenean, eta 2. mailako ofizial gisa 4 urte bete ondoren, 1. mailako ofizial kategoriara igaroko dira, baldin eta enpresan finko badaude eta lanpostu horiek betetzeko gaitasuna, horien gaineko ezagutzak eta erantzukizuneko zenbait lan egiteko nolakotasun badituzte; horretarako, dagokionean, langilearen azterlan zehatza eginen da.
Enpresak jartzen dituen probak gainditu beharko dituzte, balorazioa Giza Baliabideen Departamentuak eginen du ataleko arduradunak, fabrikazioko zuzendariak edo I+Gko zuzendariak eta Enpresa Batzordeko kide batek prestatutako txostenen bitartez. Batzorde horren txostena lotzailea izanen da enpresarentzat.
Lanpostuak ezin direnean enpresako langileekin bete, kanpoko langileak hartuko dira, lan horietarako profil egokia dutenak, eta 1. mailako ofizialen kategoria izanen dute.
Honela eginen da kategoria aldaketa:
a) Enpresan 1etik 15era bitarte sartu bazen: hilabete bereko 1etik aurrera.
b) Enpresan 16tik 31ra bitarte sartu bazen: hurrengo hilabeteko 1etik aurrrera.
18. artikulua. Lanaren antolaketa.
Enpresako Zuzendaritzari dagokio lanaren antolaketa praktikoa egitea, eta antolaketarako, arrazionalizaziorako, automatizaziorako eta modernizaziorako egokiak iruditzen zaizkion sistemak ezarri ahal izanen ditu, eta bidezkoa iruditzen zaion moduan egituratuko ditu enpresako atal edo departamentuak.
Enpresak ahalmena du lan metodo berriak ezartzen direnean lanpostuetan aldaketak egiteko eta denbora eta ordutegiak berrikusteko, betiere arlo horretan indarra duten legezko xedapenei jarraikiz egiten badira, langileen egoera ekonomikoari kalte egiten ez bazaio eta ohikoa baino ahalegin fisiko handiagoa eskatzen ez bada. Enpresak horren guztiaren berri emanen dio Batzordeari, bere eskumenen esparruan egokia den txostena egin dezan.
19. artikulua. Langileak onartzea eta mailaz igotzea.
a) Langileak enpresak kontratatuko ditu, Langileria Zuzendaritzaren bitartez, eta horrek lanpostu hutsak zein diren esanen dio Enpresa Batzordeari, bai eta kontratuak zein kategoriatarako izanen diren ere.
b) Enpresako langileek aukera izanen dute lanpostu hutsetara edo lanpostu berrietara jotzeko, eta Langileriaren Zuzendaritzak edo enpresatik kanpoko entitateren batek antolatzen dituen probak egin beharko dituzte horretarako.
Edozein modutan ere, Enpresako Zuzendaritzaren zeregina izanen da teknikariak, zuzendariak eta administrazioko buruak kontratatzea, eta Batzordeak ez du horretan parte hartuko.
20. artikulua. Lanpostuz aldatzea.
Enpresak ahalmena du egokiak iruditzen zaizkion lanpostu aldaketak egiteko, bai aldi batekoak bai behin betikoak, dauden beharrei erantzuteko.
Halako kasuetan, Zuzendaritzak egiten diren lanpostu aldaketen berri ematen ahalko dio Enpresa Batzordeari, bai eta aldaketa horiek sorrarazi dituzten egoeren berri ere.
21. artikulua. Laneko ekipoak.
Enpresak laneko arropen bi ekipamendu emanen dizkie langileei, bi urtean behin.
Arropak normal erabilita hondatu egiten badira, bi urteak pasatu baino lehen berrituko dira.
Laneko ekipamendua, gaizki erabiltzeagatik, bi urteak pasatu baino lehen hondatzen bada, berria emanen zaio langileari baina hark ordainduko du.
Laneko arropa horiek nahitaez erabili beharko dituzte fabrikan aritzen diren langileek eta, bereziki, txanoak eta buruak estaltzeko zapiak, ile guztia bildu eta estaltzeko moduan erabiliko direnak.
Arriskuen prebentzioaren arloan indarrean den legearen 17. artikulua errespetatuko da.
22. artikulua. Lanbide prestakuntza.
Enpresak, sortzen diren beharren arabera, langileak birziklatu eta prestatu egin behar ditu. Etengabeko prestakuntzaren arloan diagnostikoa eta prestakuntza plana egin behar dira.
23. artikulua. Minusbaliatuak.
Legeak ezarritako portzentajea betetzeko konpromisoa hartu du enpresak, eta enpresan bertan dauden langile urrituei lehentasuna emanen die.
24. artikulua. Eritasun eta istripuaren ondoriozko osagarria.
–Eritasunen ondoriozko bajak:
a) Enpresak bajaren 1. egunetik hasita osatuko ditu Gizarte Segurantzaren prestazioak, indarreko soldata kontzeptuen zenbatekoa, hots, oinarrizko soldata, hitzarmeneko plusa eta aparteko ordainsarien hainbanaketa; %93 izanen da 2004rako, %94 2005erako eta %95 2006rako.
b) Langileak eritasunaren baja agiria 24 orduko epean aurkeztu behar du enpresako Langileria Departamentuan, eta astero aurkeztuko du berrespen agiria.
Enpresak ahalmena du bertako medikuak edo hark izendatzen duenak eria bisitatzeko. Beharrezkoa denean enpresako botika gelara agertzeko eskatzen ahal zaio.
Eriak ez badu medikuak ikustea onartzen edo enpresak jarritako Mediku Zerbitzura agertzen ez bada, inolako arrazoirik eman gabe, %90 arteko osagarria zuzenean galduko du, eta legeak aldi baterako ezintasunerako jartzen dituenak izanen dira.
–Istripuaren ondoriozko bajak:
Istripuaren ondoriozko baja kasuetan, bajaren lehen egunetik alta egunera arte edo ezintasun iraunkorraren deklarazioa egin arte, enpresak ehuneko ehunera arte osatuko ditu aldi baterako ezintasunaren prestaziorako indarra duten lansari kontzeptu berberak.
25. artikulua. Banakako istripuetarako aseguru kolektiboa.
Enpresak istripuetarako aseguru kolektiboa sinatu du aseguru konpainia espezializatu batekin; langile guztientzat da eta 24 orduetarako, Mapfrerekin sinatutako 055-6080100391 polizarekin bat.
–Istripu baten ondoriozko heriotza.
–Baliaezintasun iraunkorra.
Urtero, aseguru-artekariari TC2ak ematen zaizkio eta, horrela, langile guztiak aseguratuta gelditzen dira. Era berean, aseguru-artekariari agintzen zaio konpainiak poliza egunera dezala KPIaren igoeraren arabera.
26. artikulua. Produktuen prezioak.
Merkataritza Departamentua izanen da, Batzordearekin ados jarrita, produktuek lantokiko langileentzat izanen dituzten prezioak finkatuko dituena.
27. artikulua. Eskubide sindikalak.
Indarra duen legeriari jarraituko zaio.
28. artikulua. Laneko arriskuei aurrea hartzea.
Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearekin bat, enpresa behartuta dago lege hau betearaztera, langileen osasunaren eta osotasun fisikoaren aldekoa baita.
Horretarako, eta legearen erregelamenduak dioenari jarraikiz, enpresak prebentzio zerbitzurako kanpoko kontratu bat dauka arau hori betetzeko, honako hauetan:
1. Laneko segurtasuna.
2. Industria higienea
3. Ergonomia Psikosoziologia.
4. Osasunaren zainketa medikoa.
Prebentzio Zerbitzuak enpresari beharrezkoak dituen aholkularitza eta laguntza eman diezazkioke, dauden arrisku moten arabera.
Laneko ekipamendua eta babeserako baliabideak (Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko 31/1995 Legearen 17. artikuluaren arabera).
29. artikulua. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Indarra duen legeriari jarraituko zaio.
30. artikulua. Enpresaren informazio ekonomikoa.
Enpresako Zuzendaritzak negozioa oro har nola dabilen, unean uneko egoera nolakoa den eta etorkizunerako zer aurreikuspen dagoen jakinaraziko dio, hiru hilean behin, Batzordeari.
Halaber, Batzar Orokor Berezian bazkideei aurkeztutako urteko memoriaren, balantzearen eta kontuen berri izan dezake Enpresa Batzordeak, bai eta horiek eskura izan ere, Zuzendaritzaren bitartez.
Dena dela, informazio hori isilean gorde beharko da eta ezin izanen da Batzordetik atera.
Baldintza hori betetzen ez bada, enpresak ez du aurrerantzean informaziorik eman beharko.
31. artikulua. Erretiro partzialak eta errelebo kontratuak.
Enpresak aurreragoko erretiro partzialak eta errelebo-kontratuak formalizatzea aurreikusia du eta, horretarako, eskaera egiten denean langile bakoitzak duen egoera aztertuko du.
32. artikulua. Garraioa.
Enpresa beste toki batera eramanen da epe ertainean. Hori gertatzen denean, langileentzako garraioa beharrezkoa bada enpresak eta batzordeak erabakiko dute zein baldintzatan ezarriko den.
33. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Negoziazio alderdiek erabaki dute batzorde paritario bat eratzea, honakoek osatua: lau kide, enpresa ordekatzeko, eta beste lau kide langileak ordezkatzeko, enpresa batzordeak izendatuak.
Iragarkiaren kodea: F1306981
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
