1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 8koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100292012013) aztertu da, erregistro honetan 2013ko apirilaren 17an sartu zena. Enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko martxoaren 25ean izenpetu zuten. Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2013ko maiatzaren 8an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
Iruñean (Nafarroa) Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L. enpresaren lokaletan bildu ziren, 2013ko martxoaren 25ean, 13:00etan, enpresako zuzendaritzaren ordezkari eta langileen ordezkari hauek:
Enpresako zuzendaritzaren aldetik: Alfonso Moriones Goñi, 44615432D NANa duena.
Langileen aldetik, langileen delegatua: José Melchor Cobos Sicilia, 72671964Z NANa duena.
Bi aldeek gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri eta ondokoa erabaki dute:
1. Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa onestea eta sinatzea.
2. Ondoko dokumentuan aipatzen den pertsonari ahalmena ematea bidezko kudeaketak egin ditzan, hitzarmena dagokion bulego publikoan erregistratzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
OPCIÓN PRIMERA TÉCNICAS DE LIMPIEZA, S.L. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
Aplikazio eremua
1. artikulua. Lurralde eremua.
HItzarmen hau Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L. enpresaren lantoki guztietan aplikatuko da.
2. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmenak Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.L.ren oraingo plantillan dauden langile guztiak hartuko ditu bere baitan, baita indarraldia hartzen duenetik aurrera enpresan sartzen diren langile guztiak ere, salbu eta Langileen Estatutuaren 1.3 artikuluan aipatzen diren pertsonak.
3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta amaieraren iragarpena.
Hitzarmen kolektibo honek 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 3 urteko iraupena izanen du.
Hitzarmen kolektiboak indarra galtzearekin batera salatutzat joko da, zuzenean.
4. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, oso-osorik hartuko dira.
II. KAPITULUA
Lanbide sailkapena
5. artikulua. Sailkapena.
Opción Primera Técnicas de Limpieza, S.A.ren hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuan sartzen diren langileak 5 lanbide taldetan sailkatzen dira.
Lanbide sailkapenerako sistema hau ezartzen da, batez ere, Langileen Estatutuaren 22. artikuluan lanbide taldeak osatzeko aipatzen diren irizpideei jarraikiz: lanbide gaitasunak, tituluak eta prestazioaren eduki orokorra. Talde bakoitzean eginkizun eta lanbide espezialitate ezberdinak sartzen dira.
Hona hemen lanbide taldeak:
–1. lanbide taldea: Kategoria hauek hartzen ditu bere baitan:
- Kudeatzailea: goi mailako titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, zuzendaritzako, plangintzako, antolaketako eta marketineko eginkizunak dituena, baita lantoki bateko edo gehiagoko langileak eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko politikak ezartzeko eginkizunak ere.
–2. lanbide taldea. Kategoria hauek hartzen ditu bere baitan:
- Koordinatzailea: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, lanak gainbegiratzeko, bezeroekin harremanak izateko, aurrekontuak prestatzeko eta langileak eta baliabideak koordinatzeko eginkizunak dituena, jarduera egoki joan dadin.
–3. lanbide taldea. Kategoria hauek hartzen ditu bere baitan:
- Zerbitzuen arduraduna: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, eginkizun hauek dituena: instalazioen garbiketa orokorra, instalazioen mantentze-lan orokorrak eta oinarrizko konponketak (arazketaren kontrola, galdaren kontrola, klimaren kontrola, kristalen garbiketa, enpresako makineriaren mantentze-lanak).
–4. lanbide taldea. Kategoria hauek hartzen ditu bere baitan:
- Sorosleak: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, eginkizun hauek dituena: uretako kirol instalazioetako erabiltzaileei lagundu, sorospena eman eta portaera-arauak betearaztea, baita uraren neurketa kontrolatzea eta errobota erabiltzea ere.
- Begiraleak: dagokion titulua izanik, esleitzen zaion plangintzaren arabera herritarrei eskolak emateko ardura duen profesionala da. Erabilera-arauak betetzen diren, jarduerak nola egiten diren eta parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du.
- Administrazioa: administrazioko teknikak jakin beharra eta bulego lanei loturiko programa informatikoak erabili beharra duten lanak egiten dituzten langileak dira.
–5. lanbide taldea. Kategoria hauek hartzen ditu bere baitan:
- Atezaintzako langilea: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, sarbideak kontrolatzeko eta bezeroari arreta emateko (aurrez aurre eta telefonoz) eginkizunak dituena.
- Garbiketako langilea: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, espezializaziorik behar ez duten oinarrizko garbiketa lanak egiten dituena.
- Ostalaritzako zerbitzuetako langilea: dagokion titulua edo gaitasun frogatua duen profesionala da, ostalaritzako instalazioetan arreta emateko eta instalazioak garbitzeko eginkizunak dituena.
- Zerbitzu anitzetako langilea: tarteka, garbiketako, atezaintzako, ostalaritzako zerbitzuetako eta bestelakoak egiten dituen profesionala da.
III. KAPITULUA
Ordainsarien sistema
Hitzarmen honetan ituntzen diren soldata-baldintzek, I. eranskinean zehazten baitira, goitik behera ordezten dituzte hitzarmenak indarra hartu aurretik aplikatzen ari zirenak.
6. artikulua. Ordainsarien egitura.
1. Hilabateko oinarrizko soldata.
2. Aparteko pagak.
7. artikulua. Igandeetako plusa.
Igandeetan lan egiten duten Opción Primerako langileek igandeetako plusa kobratuko dute benetan lan egindako ordu bakoitzeko, hain zuzen, 2 euro gordin.
8. artikulua. Jaiegunetako plusa.
14 jaiegun ofizialetako batean lan egiten duten Opción Primerako langileek jaiegunetako plusa kobratuko dute benetan lan egindako ordu bakoitzeko, hain zuzen, 2 euro gordin.
9. artikulua. Gaueko lana.
22:00etatik 06:00ak bitarte egiten dena da gaueko lana.
Gaueko ordutegian lan egiten duten Opción Primerako langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute benetan lan egiten duten ordu bakoitzeko, hain zuzen, ohiko orduaren balioa gehi %0,25 adinakoa, salbu eta gaueko lanetan aritzeko kontratatzen badira berariaz.
10. artikulua. Soldataren igoera.
Hitzarmenaren indarraldiko urte guztietan, 2014. eta 2015. urteetan, aurreko urteko BPGa adina igoko da soldata, lansari-kontzeptu guztietan.
IV. KAPITULUA
Lan denbora
11. artikulua. Lanaldia.
Opción Primera Técnicas de Limpieza SL enpresaren zerbitzuko langile guztientzat, urteko lanaldia 1.730 ordukoa izanen da, astelehenetik igandera bitarte banatua, legeak ezarritako legezko atsedenaldiekin. Sorosleen kasuan, eguneko lanaldia izanen da instalazioan arreta emateko ordutegia bezalakoa.
Eguneko lanaldia sei ordutik gorakoa den guztietan, langileek 15 minutuko atsedenaldia izanen dute, baina ez da inola ere hartuko benetako lan denbora gisa.
12. artikulua. Oporrak.
Urtean 30 egun naturaleko edo 22 laneguneko oporraldi ordaindua ezartzen da.
Ahal dela, oporrak irailaren 1etik maiatzaren 15era hartuko dira, enpresaren jarduera dela eta. Dena dela, langileak astebeteko oporraldia hartzen ahalko du udan, aurretik enpresarekin adostuz gero.
Oporrak hartzeko eskubidea izanik urtea bukatu baino lehen lana uzten duten langileek oporraldiaren zati proportzionala hartzeko eskubidea izanen dute, lan egindako hilabeteen arabera. Oporrak lan kontratua bukatutakoan ordainduko dira, edo enpresa uzten duen langilearekin adosten den bezala, edo langileak enpresa uzteko aurreabisu-aldian.
13. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Langileari ohiko kontingentzia arrunt baten ondoriozko aldi baterako ezintasuna aitortzen badiote, bajaldiko lehenengo hiru egunetan enpresak eguneko ohiko soldata gordinaren %60 ordainduko dio langileari, baina bakar-bakarrik urte natural bakoitzean (urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte) gertatzen diren lehenengo bi bajetan.
14. artikulua. Lizentziak eta baimenak.
Honako arrazoi hauek tartean direla eta aldez aurretik abisatuta, langileak baimena du behean adierazten den denboran lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe:
A.–Ezkontzagatik edo izatezko bikotearen legezko onarpenagatik: 15 egun natural.
B.–Heriotzagatik:
a) Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben heriotza:
i. 3 egun natural.
ii. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora gertatzen bada, eta 200 kilometrotik gora, 4 egun natural emanen dira.
b) Aiton-amonen eta biloben heriotza:
i. 2 egun natural.
ii. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora gertatzen bada, eta 200 kilometrotik gora, 3 egun natural emanen dira.
C.–Bizilekua aldatzeagatik: egun natural bat.
D.–Urtean gehienez 20 orduko lizentzia ordaindua medikuen eta/edo espezialisten kontsultetara joateko, edo ezkontideari edo lehenengo mailako ezkontza edo odol bidezko ahaideei medikuaren eta/edo espezialistaren kontsultetara laguntzeko.
E.–Seme-alaben nahiz anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat.
V. KAPITULUA
Aplikatu beharreko ordezko arauak
15. artikulua. Legezko berrikuspena.
Enpresaren Lan Hitzarmen Kolektibo honetan jasota ez dagoen orotan, Nafarroako beste entitate batzuen jabetzako kirol ekipamenduak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa eta entitate pribatuen hitzarmen kolektiboan xedatutakoa hartuko da aintzat, hala nola, Langileen Estatutuan eta indarreko legedian xedatutakoa.
16. artikulua. Nafarroako Lan Auzitegia.
Enpresaren hitzarmen kolektibo hau interpretatzean edo aplikatzean sortzen ahal diren gatazkak konpontzeko, Interpretazioko Batzorde Mistoan bi alderdi negoziatzaileen ordezkariek akordiorik erdiesten ez badute, alderdi sinatzaileek erabaki dute gatazka horiek Nafarroako Lan Auzitegira igortzea.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
Interpretazioko Batzorde Mistoa
Hitzarmen kolektibo hau interpretatu eta betetzerakoan sor daitezkeen zalantzen gainean ebazteko, Interpretazioko Batzorde Mistoa sortu da, zeinean bi aldeek hartuko baitute parte. Lehen mailan, hitzarmena ulertu eta betetzean sor daitezkeen gatazkak hortxe konponduko dira.
Batzorde hori bi kidek osatuko dute, bata, enpresaren ordezkari gisa, eta bestea, langileen legezko ordezkari gisa.
Jarduteko protokoloa:
Alderdietako batek idazki baten bidez batzordeari biltzeko eskatuz gero, hura egun baliodunetako hirurogei eta hamabi ordu iragan baino lehen bilduko da.
Batzordeak 15 eguneko epea izanen du auziaren gainean ebazpena emateko. Desadostasuna konpontzen ez bada, Nafarroako Lan Auzitegiko adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje organoetara bidaliko da auzia.
I. eranskina 2013. urteko soldaten taula |
LANBIDE TALDEA | LANBIDE KATEGORIAK | HILABETEKO OINARRIZKO SOLDATA | APARTEKO PAGAK UZTAILA ETA EGUBERRIAK | TALDEKO GUTXIENEKO SOLDATA |
1 | KUDEATZAILEA | 1.714,28 | 1.714,28 | 24.000,00 |
2 | KOORDINATZAILEA | 1.500,00 | 1.500,00 | 21.000,00 |
3 | ARDURADUNA | 1.328,32 | 1.328,32 | 18.596,50 |
4 | SOROSLEAK | 8,30 euro orduko | | |
BEGIRALEAK |
ADMINISTRAZIOA |
5 | GARBIKETAKO LANG. ATEZAINTZAKO LANG. | 1.114,08 | 1.114,08 | 15.597,19 |
OSTALARITZAKO LANG. |
ZERBITZU ANITZETAKO LANG. |
Igandeetako plusa: 2,00 euro. Jaiegunetako plusa: 2,00 euro. Gaueko lana: %0,25 gaueko ordua. F1306948 |
Iragarkiaren kodea: F1306948