102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254/2013 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, 2012-2013 ikasturtean ikastetxeetan irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena hobetzeko jardunbide egokiak saritzeko deialdia, Nafarroako Gobernuarena, onesten duena.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du deialdi bat onesteko proposatuz, Nafarroako Gobernuaren ikastetxeetan 2012-2013 ikasturtean irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena hobetzeko egiten diren jardunbide egokiak saritzeko.

Deialdiaren xedea da Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek ikasleen gaitasunak – irakurritakoaren ulermena eta ahozko nahiz idatzizko adierazpenak– hobetzeko 2012-2013 ikasturtean sustatu eta gauzatzen dituzten hezkuntza proiektuak edo ekintza puntualak aintzatestea eta balioestea jendaurrean, Nafarroako hezkuntza komunitate osoaren aurrean alegia. Komunikaziorako, errealitatea ulertzeko eta ezagutza eraiki eta komunikatzeko oinarrizko tresnak diren aldetik, irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena sustatzeko hezkuntza komunitateak egiten duen lanari aintzatespena ematea izanen da xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2012-2013 ikasturtean ikastetxeetan irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena hobetzeko jardunbide egokiak saritzeko deialdia, Nafarroako Gobernuarena, onestea, I. eranskinean jaso diren oinarriekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Gaztelaniaren eta Lurralde Lankidetzaren Atalera, Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzura eta Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Bizikidetzaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 16an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

2012-2013 ikasturtean ikastetxeetan irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena hobetzeko jardunbide egokiak saritzeko deialdia, Nafarroako Gobernuarena

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek ikasleen gaitasunak – irakurritakoaren ulermena eta ahozko nahiz idatzizko adierazpenak– hobetzeko 2012-2013 ikasturtean sustatu eta gauzatzen dituzten hezkuntza proiektuak edo ekintza puntualak aintzatestea eta balioestea jendaurrean, Nafarroako hezkuntza komunitate osoaren aurrean alegia.

Komunikaziorako, errealitatea ulertzeko eta ezagutza eraiki eta komunikatzeko oinarrizko tresnak diren aldetik, irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena sustatzeko hezkuntza komunitateak egiten duen lanari aintzatespena ematea izanen da xedea.

2. Parte-hartzaileak.

Deialdi hau irekia da, bertan parte har dezaten Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek, 2012-2013 ikasturte honetan beren ikasleen gaitasunak –irakurritakoaren ulermena eta ahozko nahiz idatzizko adierazpena– hobetzeko ekimenen bat gauzatu duten guztiek.

3. Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskabideei gehienez ere 100 puntuko balorazioa emanen zaie, irizpide hauei jarraikiz:

Ikastetxeko irakurketa eta idazketa plana egin eta garatzea, jarduerak proposatuz maila, ziklo edo gaien arabera eta haien arteko koordinaziorako estrategiekin: gehienez ere 25 puntu.

Irakurritakoa ulertzeko jarduerak modu sistematikoan betetzea, eta/edo idazketa eta ahozko adierazpena hobetzekoak ikasgelako ohiko jardueretan: gehienez ere 20 puntu.

Hezkuntza komunitatearen inplikazioa eta parte hartzea proposatutako jardueretan: gehienez ere 20 puntu.

Irakurle klub bat izatea ikastetxean: gehienez ere 15 puntu.

Egindako lanak kanpoan zabaltzea: hedabideak, Internet, erakusketak, materialak lagatzea beste ikastetxe batzuei, etab.: gehienez ere 10 puntu.

Ikastetxea beste ikastetxe, liburutegi publiko edo inguruko entitate sozial batzuekin lankidetzan aritzea: gehienez ere 10 puntu.

4. Epaimahaia.

Mahaiburua:

Marcelino Arrosagaray Auzqui, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Irakurketa eta idazketa tutoreen taldea, honakoek osatua:

–Sergio González Arias, Iruñeko Biurdana BHIko Gaztelania eta Literaturako katedraduna.

–Eva Agudo Arrarás, Iruñeko Biurdana BHIko Gaztelania eta Literaturako irakaslea.

–José María Lacruz Sainz, Atarrabiako Pedro de Atarrabia BHIko Gaztelania eta Literaturako irakaslea.

–Silvia González Goñi, Iruñeko Basoko BHIko Gaztelania eta Literaturako irakaslea.

Mahaikide idazkaria:

Jose Manuel Santana Toledo, Gaztelaniaren eta Lurralde Lankidetzaren Ataleko burua.

5. Sariak.

Epaimahaiak deialdiaren arloko jardunbide egokietarako hiru sari edo etiketa proposatuko ditu, lortutako sariaren diploma edo ziurtagiri moduan emanen direnak, irakaslearentzat edo irakasle taldearentzat, lana ezagutzera emateko ikastetxeak libreki erabili ahal izanen duen "jardunbide onaren etiketa edo zigilua", eta ikastetxerako "Blitz-liburutegiko sagua" bilduma osoa.

6. Eskabidea eta lanak aurkezteko modua.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidearekin batera, irakasleek lana azaltzen duen laburpen bat aurkeztuko dute, gehienez ere 10 orrikoa (40.000 karaktere inguru), eta egokitzat jotzen dituzten eranskinak (argazkiak, bideoa, soinu grabaketak, Interneteko orrialdeetarako estekak, etab.) Aurkezpenerako erabiltzen diren material guztiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira, eta liburu, aldizkari, web eta abarretatik material osagarria hartu baldin bada, behar bezala aipatu beharko da. Irudiak erabiltzen badira, CC lizentziadunak beharko dute izan, edo zein URLetatik hartuta dauden adierazita.

Laburpenean lanaren alderdi nabarmenenak adierazi beharko dira (justifikazioa, helburua, metodologia, emaitzak, ebaluazioa, erreferentzia bibliografikoak eta hasiera eta amaiera datak).

Era berean, lana egiteko erabilitako multimedia materialak ere aurkeztuko dira, epaimahaiak baloratu ditzan; epaimahaiko kideek aldiro eskatu ahal izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten argibideak edo informazio osagarria.

Horrekin batera, epaimahaiak adituen aholkua ere eskatu ahal izanen du, lanen balorazioa egin ahal izateko beharrezko jotzen duena.

Parte hartzeko eskabideak eta gainerako dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Santo Domingo aldapa, z.g., 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietako edozeinetan. Eskabidea posta bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki baten bidez aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Egile bat baino gehiago dagoenean, eskabidean bere datuak jartzen dituenak beteko ditu koordinazio lanak Administrazioarekin.

Epaimahaiak prest duenean sarirako proposatutako lanen behin-behineko zerrenda, Hezkuntza Departamentuak lan finalisten zerrenda argitaratuko du bere web orrian, eta 15 eguneko epea irekiko, hautagaiek honako dokumentazio hau aurkez dezaten:

a) Erantzukizuneko aitorpena, egile guztiek sinatua, aurkeztutako lanak ez duela aurretik inolako saririk jaso eta ez dela argitaratu adierazten duena.

b) Ikastetxeko zuzendariaren egiaztagiria, ziurtatzen duena deialdira aurkeztutako pertsona guztiek (zehaztuta haietako bakoitzaren izena, deiturak, eta identifikazio fiskaleko zenbakia) ikastetxean lan egiten dutela eta/edo lan egin dutela esperientzia gauzatzen ari zen bitartean.

c) Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen deialdian eskatutako baldintzak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 70. artikuluan araututakoak, eskatzaileei eskatuko zaie hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak eransteko, aipatutako lege testuaren 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat. Epe horretan ez bada zuzenketarik egiten, ulertuko da eskaera bertan behera uzten dutela, eta eskabidea besterik gabe artxibatuko da, arestian aipatutako legearen 42.1 artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

7. Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2013ko ekainaren 30ean amaituko da.

8. Lanen publizitatea eta argitara ematea.

Deialdia eta hark eragindako ekintzak, onartu eta baztertutako eskabideak, eta azkenean saria jasotzen duten lanak publiko eginen dira Hezkuntzaren web orrialdean (www.educacion.navarra.es/portal/) eta Nafarroako Atarian (http://www.navarra.es), interesa dutenek kontsulta dezaten. Departamentuak eskatu ahal izanen die irabazleei egindako eta/edo erabilitako materiala aurkez dezatela jendaurrean jartzeko egokiak diren ikus-entzunezko euskarrietan edo euskarri telematikoetan.

II. ERANSKINA ESKAERA

Ikastetxeetan irakurketa, idazketa eta ahozko adierazpena hobetzeko jardunbide egokietarako sariak. 2012-2013 ikasturtea

1.–Proposamena aurkezten duenaren datuak:

Ikastetxea:

Helbidea:

Herria: ................................................. Posta kodea:

Telefonoa: Helbide elektronikoa:

Ikastetxeko koordinatzailea:

IZENA

DEITURAK

NANa:

2.–Parte hartzen duten irakasleak:

IZENA

DEITURAK

NANa:

3.–Eskabideari erantsitako dokumentazioa:

Lana azaltzeko laburpena.

Eranskinak: .............................................................................

……..………….(e)n, …………….(e)ko …………….aren …………..(e)an 2013

Sin.: ....................................................

Iragarkiaren kodea: F1307459