102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194E/2013 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Carcarko Udalak sustatzen duen bertako Hirigintzako Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

2012ko apirilaren 12an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Carcarko lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, Udal Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan izan beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluko aginduak bete beharrez, Carcarko Udalak, 2012ko uztailaren 20an, eskatu du Planaren ingurumen ondorioen azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena. 2012ko abuztuaren 21ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostena igorri zen, non adierazi baitzen zer ingurumeneko alderdi osatu behar zen, hirigintzako planaren proposamenen ingurumeneko balorazioari eta diagnostikoari buruz.

Ondoren, eta dokumentazioko akatsak zuzenduta, 2012ko urriaren 15ean, nahikotasunari buruzko txostena egin zen eta Carcarko Udalak argitaratu zuen 2012ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 22an, hirigintzako planaren hasierako onespena. Hala, jendaurrean jarri zen, ingurumen ondorioen azterlanarekin batera. Jendaurreko epe horretan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Hirigintzako plana udalerri guztian aplikatuko da, 40,20 km²-koa baita. Honako hauek dira planaren lurralde helburuak: egun dagoen hiri bilbea hobetu eta mantentzea, ondare historikoa eta artistikoa babestea, zabaltze berriekin behar bezala txertatzea, eta proposatutako hirigintzako garapenaren ereduaren justifikaziotik eta beharren azterketatik eratortzen diren lurzoruaren premiak konpontzea etxebizitzarako, zuzkidurarako eta jarduera ekonomikoetarako.

Planeamenduak hiri lurzoru tradizionala finkatzen du, eta, hiri bilbeari jarraipena eman ezin zaionez herrigunaren iparraldean eta hegoaldean dauden malkar pikoak direla-eta, planak bi eremu proposatu ditu bizitegiak zabaltzeko, egungo herrigunearekin lotu gabe: udal igerilekuen ingurunean, ipar-mendebaldean (SR 2) eta herrigunearen hego-ekialdean, Mallaton erreka-zuloaren ingurunean (SR 1).

SR 2 sektorea topografia gorabeheratsuak baldintzatzen du, eta, hego-ekialdean, birlandatutako pinuak gertu izateak. Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko errege altxonbidearen eta NA-6230 errepidearen artean dagoen SR1 sektoreak Mallatón erreka-zuloa sartzen du bere antolamenduan.

Planak finkatzen du Andosilla-Lizarra NA-122 eta NA-6230 errepideen artean dagoen bizitokitarako eremua, bai eta industria eremua ere, agregakinak ateratzeko jarduerekin eta eraikuntzarekin erlazionatuta dagoena, NA-122 errepidean, garapen berririk proposatu gabe.

Jarduera ekonomikoko lurzoruari dagokionez, bi aukera hartu dira aintzat industrialdea handitzeko: egungo industrialdea ipar-mendebalderantz luzatuz edo hegoalderantz handituz, nekazaritzako eremuak okupatuta. Azkenik, azken aukera hori hautatu da, sarbide zuzena baitauka NA-134 errepidetik. Eremu hori garatzeko, beharrezkoa da ondoko sektorizazio plan bat, egungo drainatzeak kontuan hartuko dituena, halako eran non beren funtzionaltasunari eutsiko dioten. Conservas Cárcarren aldean, lurzorua gorde da jarduera hori handitu ahal izateko, mugak izanik zentral hidroelektrikoko ubidea eta Mallatón erreka-zuloko ahoa.

Inguruneari dagokionez, lurzoru urbanizaezinaren kategorizazio proposamenak biltzen ditu, beren ingurumeneko balioagatik, “Estellerriko Igeltsuak” (ES2200031) Batasunaren Intereseko Lekua, Ega ibaia eta erreka-zuloak, jabari publiko hidraulikoa eta zortasun eremuak, estepetako faunarako intereseko eremuak (Baigorrana-Usón eta Santa Cruz-Lampara), eta Ega gaineko pendizen paisaia, herriguneak azpian dituen igeltsuen malkarrena. Bertan dauden formazio natural urriak sastrakak eta larreak dira batik bat, lurzoru gazien gainekoak, erreka-zulo mediterraneoei atxikiak (Salobre erreka-zuloa) edo igeltsu gainekoak (Aqui y Alla ibarrak).

Arrisku nagusien artean harri jauziak daude, partikulartasun geologikoei lotuak, maldak pikoak izateak eta materialak igeltsukoak eta buztinekoak izateak lagunduta. Bestalde, Ega ibaian uholdeak izatearen ondoriozkoak agerikoagoak dira ibaiko ezkerreko ertzeko ibarrean, han ureztaketa intentsiboa areago erabiltzen baita eta drainatze eta erretenen sare luze batek zeharkatuta baitago.

Balio kulturalen artean, aztarnategi arkeologikoak eta Graziaren ama birjinaren ermita daude. Abelbideak garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa sailkatzen dira (P16, P14, Viguilla iraganbidea, Lampara iraganbidea edo Raso altxonbidea, Corral de Lampara iraganbidea, Serranos iraganbidea, Moreato iraganbidea, 9. adarra, Milagro-Aezkoa Errege Altxonbidea 16. iraganbidearekin batuta eta Serranos iraganbidea).

Ingurumen ondorioen azterlanak, ingurumen ondorioak baloratu ondoren, irizten du planaren eragina moderatua dela.

Planak aintzat hartzen du zonifikazio akustikoa eta eremu akustikoak mugatzen ditu: bizitokitakoa (a), industriakoa (b), osasun, irakaskuntza eta kulturakoa (c) eta garraioko azpiegiturakoa (f).

Espedientean jasota daude Ur Baliabideen Atalak 2009ko urriaren 30ean egindako txostena eta Plangintza eta Laguntza Atalak 2010eko otsailaren 15ean eta 2013ko apirilaren 25ean egindakoak. Azken txosten horretan planean erantsi beharreko baldintzak zehaztu ziren, helburua izanik lurzoru urbanizaezineko kategoria abelbideetan mantentzea.

2013ko urtarrilaren 9an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Carcarko Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin izanaren berri eman du, baita nola gehitu zaizkion ere ingurumen baldintzak Carcarko Udal Planari, eta haren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Carcarko Hirigintzako Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da, aldekoa.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau determinazio hauek betez gero emanen da:

–Ega ibaian urak har ditzakeen eremuetan, babes araubidea 5 POTeko PN 4. eranskinaren arabera ezarriko da (“Arrisku naturalak izateagatik babestu beharreko lurzorua”).

–Abelbideei dagokienez, irizpen hauek erantsiko dira:

  • Industria eremuko sarbidea, Viguilla iraganbidearekin bat egiten duena (2. poligonoko 830. lurzatia) eta bizitegitarako SR1 Sektoreko garapena, 16. iraganbidea bere duena, egin ahal izateko, Plangintza eta Laguntza Atalaren aldeko txostena beharko da. Bi kasuetan, kontuan hartuko da abelbideak sistema orokorretatik kanpo gelditzen direla, bere titulartasunari eusten diotela eta abelbideko joan-etorrien lehentasuna bermatu behar dela.
  • SG-6 sistema orokorra mugatuko da, Ebroko Iraganbide Nagusiak 2. poligonoko 437. lurzatian lurzoru urbanizaezina izaten jarraitzeko.
  • Bizitegitarako SR-2 sektorea Ebroko Iraganbide Nagusiaren inguruan garatzeko, Plangintza eta Laguntza Atalak aldeko txostena egin beharko du, non kontuan hartuko baitira abelbideei dagozkien zortasunak.

–Planak beharrezko segurtasun neurriak ezarriko ditu, SR2ko hiri lurzoruko distantziei dagokienez alepo pinuaren birlandaketetatik.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Carcarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 10ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1307149