102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa antolamendu xehakatuko determinazioetan, Hirigintzako araudi partikularraren 9, 10 eta 22. artikuluei eta Eraikuntzaren gaineko ordenantza orokorraren 44, 59, 65 (59.ari buruzkoa),
60 eta 66. (60.ari buruzkoa ) artikuluei dagokienez,
Jaizko Udal Planekoak baitira. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2013ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen determinazio xehakatuen aldaketak eta Eraikuntzaren ordenantza orokorra,

Martxoaren 13an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jendaurrean edukitzeko, baita Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroan argitaratzen diren bi egunkarietan.

2013ko martxoan, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, behin betiko onetsi ziren determinazio xehakatuetan Hirigintzako araudi partikularraren 9, 10 eta 22. artikuluetarako eta Eraikuntzaren gaineko ordenantza orokorraren 44, 59, 65 (59.ari buruzkoa), 60 eta 66. (60.ari buruzkoa) artikuluetarako proposatutako aldaketak. Hura honela gelditu da:

HIRIGINTZAKO ARAUDI PARTIKULARRA

9. artikulua. Lurzatien banantzea (AO.1).

Lurzoru mota honetan banantzerik egiten bada, bermatu beharko da banandutako lurzatiak orube bilaka daitezkeela. Fatxadak gutienez ere 4 m-ko zabalera izanen du.

Gutieneko lurzati eraikigarria 100 m²-koa izanen da exekuzio unitateetan edo jarduketa zuzeneko lurzatietan sartu gabeko lurzoru librean. Ez da banantzerik baimenduko, 100 m² baino gutxiagokoak badira.

Onartzen da etxebizitzak eraikitzea, aitzineko baldintzetan. Onartzen da familia biko binakako etxebizitza bat eraikitzea 250 m² baino gutxiago eta 8 m-ko aitzinaldea duten lurzatietan.

10. artikulua. Okupazioa eta eraikigarritasuna (AO.1).

Okupazioa lerrokaduren eta lurzoruaren erabilera xehakatuen araberakoa da, grafiaturik baitaude antolamendu planoetan. Egiten den eraikuntzaren fatxada nagusia lurzatiaren barnean eremu publikora (karrikara) jotzen duen lerrokadura ofizialaren gainean kokatuko da.

Antolamendu berriko eraikuntzarako, ondoko hau ezarri da:

Etxebizitza atxikietan edo etxesailean, gutxieneko fatxadak 4 m izanen ditu. Etxebizitza isolatu edo binakakoetan, gutxieneko fatxada 6 m izanen da.

Gehieneko okupazioa izanen da:

–150 m²-rainoko lurzatiak: oinplanoko okupazioa, lurzati garbiaren azaleraren %100, edo egungo eraikigarritasuna.

–150etik 250 m²-rainoko lurzatiak: oinplanoko okupazioa, lurzatiaren azaleraren %80, edo egungo eraikigarritasuna.

–250 m²-tik goitiko lurzatiak: oinplanoko okupazioa, lurzatiaren azaleraren %60, edo egungo eraikigarritasuna.

Exekuzio unitateetan edo jarduketa zuzeneko lurzatietan sartu gabeko lurzoru librean, jabetzaren zerrenda hau lagako da lurzatiaren mugaren eta honako honetarako paraleloaren artean: bideko edo karrikako ardatzetik 3 m, tartean biderik edo karrikarik bada, eta hala ez bada, finkaren mugatik 3 m, dagoen bidearen jarraian.

Exekuzio unitateetarako edo jarduketa zuzeneko lurzatietarako, banan-banan ezartzen dira Araudi Partikularraren fitxetan.

22. artikulua. Solairu kopurua.

–Gehienez ere: sotoa, beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea (S+B+I+T).

Ordeztuz edo hustuz gero, garaiera hori baino gehiagoko eraikinak gehienez ere baimentzen denera mugatuko dira.

–Gutxienez ere: beheko solairua (B).

ERAIKUNTZAREN GAINEKO ORDENANTZA OROKORRA

44. artikulua. Sarguneak.

1. antolamendu eremuan (AO.1) ez da onartuko fatxadaren planoa lerrokadura ofizialetik atzeraematea eraikinaren solairuetan. Salbuespenez, ondoko kasu hauetan onartuko da, aipatzen diren baldintzei kasu eginik:

–Atzeraemangune bakarra, beheko solairuan, oinezkoen sarbideari dagokiona (atartea); haren gehieneko sakonera 0,80 m izanen da, eta fatxadako luzera, berriz, 1,20 m baino gutiago.

–Onartzen den azken solairuan (teilatupea), galeria tradizionalen gisara. Estalkiko isurkiek estalirik egon beharko dute, eta haien fatxadak izatea beheragoko solairuetakoen jarraikortasunean, eta hegalkinik gabeak.

2. antolamendu eremuan (AO.2/AO.2-U), AO.1 eremurako ezarri diren irizpide berak egonen dira indarrean, eraikin horien fatxadak espazio publikoaren gainean kokatzen badira. Lurzatien barnean egiten diren eraikuntzetan, fatxadetan sarguneak egitea onartuko da, betiere fatxadaren luzeraren 1/3 baino gehiago ez badira kokatzen diren solairu bakoitzean.

59. artikulua. Estalkiak. (AO.1).

Estalkiak maldadunak izanen dira egikera tradizionaletan, eta bi, hiru edo lau isurialdekoak, teilatu-hegalak eten gabe. Isurkien malda, %25etik 40ra bitartekoa izanen da, eta egokia izanen da teilaz estaltzeko. Estalkia teila zeramikoz eginen da, kolore nabar argian.

Orokorrean, espazio publikoaren aldera baldin badaude, estalki lauak debeku dira eraikinaren estalki nagusian. Aldiz, onartuko da estalkian txertaturiko terrazak egitea, betiere baldintza hauek betetzen badira:

–Gehienez ere terraza bat egiten ahalko da isurki bakoitzean.

–Gehieneko azalera, batera, solairu osoaren %30 izanen da, eta ez 25 m² baino gehiago terraza bakoitzeko.

–Eraikuntza elementu bakar bat ere (baranda, alboetako murruak etab.) ezin izanen da atera bere isurkiko planotik kanpora.

–Gutienez ere 1 m-eko tarte horizontala gorde beharko da estalkiko egiturazko elementu nagusietara (gailurrak, bizkarrak, nabak etab.), eta debeku da elementu horiek etetea.

–Teilatu-hegalaren ertzera eta mehelineko lerrora edo alboko fatxadara, gutieneko tartea 1,00 m izanen da.

Debeku dira eraikin katalogatuetan.

Isurkiak maldaren noranzkoan luzatuko dira; horretarako erabiliko diren teilatu-hegalen muturrak lerro horizontalean ezarriko dira. Teilatu-hegalaren beheko aldea moldatzen ahalko da plano horizontal nahiz maldadun batean.

Teilatu-hegalak zurezkoak, zeramikazkoak edo hormigoizko lauzakoak izanen dira, betiere ertza 15 cm baino txikiagoa badute, udalerriko egikera tradizionaletan, estalkiko forjatuaren egiturazko egikeratik aparte, hala balegokio. Onartzen dira hormigoizko perrotez egindako teilatu-hegalak, horiek marroi ilunez edo zura imitatuz pintaturik badaude. Higiezin bateko teilatu-hegalen perrote guztiak mota berekoak izan beharko dira.

Estalkiko planoen gainetik txapitulak, argizuloak, tximiniak eta antenak baizik ez dira onartuko.

Txapitulak eraikinaren gainerako eraikuntza sistemetara egokituko dira, eskualdeko egikera tradizionalekin bat. Bi edo hiru isurkiko estalkia izanen dute, baina malda apalagoak izan ditzakete gainerako estalkiaren aldean; gailurra horizontala izanen da beti. Txapitulek ez dute eraikineko hegalkina moztuko inolako puntutan, eta estalkiko isurkiaren barrenean kokatu beharko dira, eraikineko fatxadak abiapuntu hartuta. Gehienez ere txapitula bana onartzen da isurki bakoitzean; haren fatxadak ez du gaindituko azpian duen fatxadaren luzeraren %20, eta gehienez onartzen den neurria 3 metro izanen da.

Estalkiko leihoaren moduko argizuloak egiten ahalko dira, zurgintzako elementuak teilen planoaren mailan badituzte eta haren egikerak hezetasunari, beroaren galerari eta abarri gainerako leihoek bezala aurre egiten badie. Zein isurkitan dagoen, horren azaleraren %10 baino txikiagoa izanen da, gehienez ere 10 m²-koa.

Terraza, sabai-lehio edo argizulo eta eguzki panelen azalera osoa ez da beren eraikin nagusiaren estalkiaren %30 baino gehiago izanen.

Debeku dira fibroporlanez eta eratorriz, arbelaz, plastikoz eta metalez eginiko estalkiak.

Erretenak eta zorrotenak egiteko galbanizatutako altzairua, zinka edo metalezko xaflak erabiliko dira, betiere PVCkoak debekatuta.

60. artikulua. Arotz lanak. (AO.1).

Fatxadetako baoak ardatz horizontal eta bertikalen arabera antolatuko dira fatxadan. Haien proportzioek bat etorri beharko dute beren inguru hurbileko eraikinekin.

Baoetako arotz-lanak zur bernizatukoak izanen dira. Onartzen da aluminio lakatua eta metalezko arotz-lanak erabiltzea, betiere haren bukaera kolore ilunetan bada.

Arotz lanen batean kolorea erabiltzeak eraikinaren gainerako arotz lanen bukaera (garajeko ateak etab.) kolore berean pintatzea dakar.

Kanpo aldea iluntzeko elementuak arotz-lanetarako onartzen diren material eta kolore beretakoak izanen dira.

Egituretako eta estalkiko zurezko elementuak beren kolore naturalean tindatuak izaten ahalko dira.

Udalak obra bitartean erabilitako koloreak ikuskatzen ahalko ditu eta berriz ere pintatzeko agintzen ahalko du hasiera batean onetsitakoak ez badira.

Hortaz, proiektu teknikoek alderdi hauek behar bezain zehatz aipatu beharko dituzte.

Beheko solairuko leihoetan baimenduko dira forma soiletako burdin sareak, hozkaduren barnean paratuak, lurzatiko lerrokadura ofizialetatik harata atera gabe.

Garaje edo tailerretako ateen gehieneko luze-zabalak 3 x 3 metro izanen dira; haien kanpoko akabera egurrez eginen da edo eraikineko gainerako arotz-lanen kolore berean.

65. artikulua. Estalkiak. (AO.2/AO.2-U).

Estalkiak izanen dira 59. artikuluan AO.1 eremurako zehaztu diren ezaugarri berekoak.

66. artikulua. Arotz lanak. (AO.2/AO.2-U).

Arotz-lanek jarraituko diote 60. artikuluan AO.1 eremurako ezarritakoari.

Garajeko ateen luze-zabalak 3 x 3 metro izanen dira gehienez.

Jaitzen, 2013ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Fernando Olite Munárriz.

Iragarkiaren kodea: L1306710