102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

2013-2014 ikasturtean eskola-jantokietara joateko
diru-laguntzaren deialdia

Berriobeitiko Udalak aditzera ematen du Tokiko Gobernu Batzarrak 2013ko maiatzaren 2an hartutako erabakiaren bidez onetsi zirela 2013/2014 ikasturtean ikastetxeetan jateko diru-laguntzak ematea arautzen duten oinarriak.

1.–Motibazioa: Mota askotariko arrazoiek justifikatzen dute Udalak ikastetxeetan jateko diru-laguntzak ematea, hala nola honako hauek:

a) Adingabeek egoki jaten dutela bermatzea, haien familiek, arrazoi ekonomiko edo sozialak direla-eta, ezin dutenean hori bermatu.

b) Familia eta lana bateratzea, gurasoen lan ordutegia eta seme-alaben zaintza bateragarriak izan daitezen bazkaltzeko orduan.

c) Familia gunean desegituraketa duten umeek, dieta oso eta orekatuaren beharra baitute, jantokian bazkal dezaten erraztea. Halaber, ohitura osasungarriak bultzatuko dira, jantokian gainerako umeekin bazkalduz.

Egia da aipatutako arrazoiak mota askotakoak direla. Hala ere, normalean horiek guztiek zerikusia zuzena dute familiaren egoera sozioekonomikoarekin. Hori dela eta, emanen den laguntza batez ere ekonomikoa da, gizarte eta hezkuntza arloekin batera koordinatuko den arren.

2.–Dokumentazioa eta epea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskuratuko den ereduaren arabera betetako eskabidea.

–Aurreko urteko errenta aitorpena.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu erroldatzea eta egoera, tributu-zorrei dagokienez.

Aurkezteko epea eta lekua:

Eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkeztu beharko dira (Kaleberri, 12. Berriozar) oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean, horretarako ezarriko den ordutegian.

Epetik kanpo eskabideak aurkezten baldin badira, horiek justifikatu beharko dira, eta Udalak ebatziko ditu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak txostena egin ondoren.

3.–Betebeharrak:

Laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte familiek:

1.–Udalerriko bizilaguna egiazki izatea eta bertan erroldaturik egotea, eskabidea aurkezten den unean eta diru-laguntza jasotzen den bitartean ere.

2.–Adingabeak derrigorrezko irakaskuntza mailetan dagokien ikastetxe publikoan eskolatua izatea, edo hezkuntza administrazioak bideratutako beste ikastetxe publiko batean, herrian aukeratu duten hizkuntza eredua ez egoteagatik.

3.–Administrazioaren beste esparru batzuetan xede bererako laguntza eskatu izana.

4.–Udalarekiko tributu arloko eginbehar guztiak eguneratuak izatea.

5.–Familiaren diru-sarrerak aplikatu beharreko baremo ekonomikoan ezarritakoak baino txikiagoak izatea, kontzeptu guztietan. Baremo hori udal organo eskudunak onesten du ikasturte bakoitzerako.

6.–Salbuespen gisa, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek txostena aitzinetik eginda, udal organo eskudunak aipatu diren berariazko baldintzetako bat betetzen ez duten espedienteak baloratzen ahalko ditu.

4.–Prestazio ekonomikoaren estaldura:

Udalaren diru-laguntza Nafarroako Gobernuak edo administrazioaren bertze esparru batzuek emandako diru-laguntzen osagarria da, eta ez da izanen janariaren kostu osoaren %45etik gorakoa, kontuan hartuta familia guztiek gutxieneko ekarpena egin behar diotela aipatutako gastuari.

Udal aurrekontuan finkatuko da helburu horretarako erabili beharreko diru kopurua, kontuan hartuta ikasturteari bi aurrekontu ekitaldi dagozkiola eta diru-laguntza jasotzen ahal den garaia urritik maiatza bitartekoa izanen dela, biak barne.

Proposatutako diru-laguntzek aurrekontuko muga gainditzen badute, diru-laguntzak muga horretara egokituko dira modu proportzionalean.

Aurreko urteko errenta aitorpen bateratuak edo familia unitateko aitzin urteko banakako aitorpen guztien baturak erabakiko dute aplikatu beharreko baremo ekonomikoa, baita familia unitate horretako kideen kopuruak ere, hurrengo koadroan adierazten denarekin bat etorriz (zenbatekoak urtero eguneratu beharko dira):

FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

GEHIENEKO DIRU-SARRERAK, URTEAN

2 kide

12.139 euro.

3 kide

13.050 euro.

4 kide

14.280 euro.

5 kide

15.305 euro.

6 kide

16.330 euro.

7 kide

17.354 euro.

8 kide

18.478 euro.

5.–Tramitazioa eta ebazteko proposamena.

Gizarte Zerbitzuetako langileek eta Berriobeitiko Udalekoek osatutako batzorde batek dokumentazioa egiaztatuko du; interesdunei akatsak zuzentzeko edo aurkezteko dokumentazioan zerbait argitzeko eskatzen ahal diete. Horren ondoren ebazpen proposamena eginen dio Udalari.

6.–Ebazpena, jakinarazpena eta laguntzen ordainketa.

Berriobeitiko Udaleko Gobernu Batzarrak ebatziko du diru-laguntza ematea edo ukatzea, eta hori familiei, ikastetxeari eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari igorriko die.

Diru-laguntza hiru hilean ordainduko zaie ikastetxeei, arduradunek eman duten kontu zenbakian, onuradunak ikastetxeko jantokira joan direla konprobatu ondoren.

Behar diren ondorioak izan ditzan ematen da argitara.

Berriobeitin, 2013ko maiatzaren 8an.–Alkatea, José M.ª Irisarri Ollacarizqueta.

Iragarkiaren kodea: L1306746