102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa Trafikoaren gaineko udal ordenantzaren 58. artikuluan. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2013ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Trafikoaren gaineko udal ordenantzaren 58. artikuluaren aldaketa. Hura 2013ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 18an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu da Trafikoaren gaineko udal ordenantzan egin den aldaketa; beraz, argitara emanen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

Antsoainen, 2013ko maiatzaren 2an.–Jarduneko alkate udalburua, María Aránzazu Biurrun Urpegui.

TRAFIKOAREN UDAL ORDENANTZA

Arau orokorrak

Abiadura

1. artikulua. 1. Antsoaingo hiriguneko bideetan 30 kilometro orduko da, gehienez ere, baimendutako abiadura. Kasu berezietan, udal agintariek muga hori igo edo jaitsi ahalko dute, hartarako bidezko arrazoirik bada.

2. Herriko oinezkoen bideetan, galtzada erregelamenduzko neurrietara iristen ez denean, abiadura ez da 20 kilometro/ordua baino handiagoa izanen.

Portaera arau orokorrak

2. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo bertze erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo bertze zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. artikulua. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

7. artikulua. Debekaturik dago gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek “eskuak libre” izeneko behar bezala homologatutako gailua dutenetakoak ez badira, behintzat.

Bizikletak eta ziklomotorrak

8. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

9. artikulua. Bizikletak oinezkoen alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soil-soilik.

10. artikulua. Udalak behar bezala seinalatuta ezarritako eremuetan bakarrik aparkatzen ahal dute ziklomotorrek.

11. artikulua. Ziklomotorrak erdi-baterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

12. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

13. artikulua. Debekaturik dago bizikletak, patinak eta gurpil-oholak espaloietan, parkeetako eta lorategietako kaleetan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada. Dena dela, Udalak zenbait parketan bizikletaz ibiltzeko baimena ematen ahal du.

14. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Lerro bateko baino gehiagoko bideetan, albokoetan barna ibiliko dira. Lerro bateko baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, harengatik hurbilen den lerroaren eskuinaldetik joanen dira.

15. artikulua. Debekaturik dago bizikletak gauez ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

16. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

Zamalanak

17. artikulua. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

18. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

19. artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata.

20. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

21. artikulua. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

22. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak eman ahal izanen ditu, lan zehatzak egiteko (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aldez aurretik eskatu eta dagokion tasa ordainduta.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

23. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debekatua dute Udal honetako hirigunearen barrenean ibiltzea, bertatik igarotzen diren ingurabideetan izan ezik.

24. artikulua. Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Alkatetzaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

25. artikulua. Guztiz debekatua dago 23. artikuluan aipatu ibilgailuek Antsoaingo udal mugape osoan aparkatzea.

26. artikulua. Ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokaeragatik, Zirkulazio Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimena behar duten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Antsoaingo Udalari, Udaltzaingoak udalerrian barrena gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua eman diezaien. Dagokion tasa, Antsoaingo Udalaren ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.

Oinezkoen eremuak

27. artikulua. Ibilgailuak zirkulatzeko edo aparkatzeko Antsoaingo Udalak erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak dira oinezkoen alderdiak.

28. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten bertze elementu batzuk ezarrita ere.

29. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahal ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatzen ahal du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

30. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute. Bizikletetan ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen eremuan ibiltzeko, hauen urrats arruntaren abiaduran dabiltzan bitartean.

Oinezkoen etorria berebizikoa denean, udaltzainek beharrezko neurri murriztaileak hartuko dituzte.

31. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

32. artikulua. Antsoaingo oinezkoen alderdi guztietan 20 kilometro orduko abiaduran ibiliko dira, gehienez ere, larrialdiko ibilgailuak edo mantentze-lanetakoak, behar bezala seinalatuta.

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

33. artikulua. Debeku da udal mugapeko bide guztietan 5.000 kg-tik gorako GPB duten ibilgailuak aparkatzea.

Antsoaingo udal mugapeko hirigintzako garapenak eta trafikoko baldintzek aukera ematen badute, Udalak, zerbitzu teknikoek hala eskatuta, aipatu ibilgailuen tokia erreserbatzen ahalko du behar bezala seinalatuko diren egun eta orduetarako, baldin eta ibilgailu horiek zirkulazioaren gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gainekoa Antsoaingo udalerrian helbideratuta badituzte.

Interesdunak eskatuta emanen dira baimenak. Hartara, Udalak eskatzen dituen baldintza guztiak bete beharko ditu, baimena jaso aurretik eta ondotik.

34. artikulua. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

Antsoaingo udal mugapeko hirigintzako garapenak eta trafikoko baldintzek aukera ematen badute, Udalak, zerbitzu teknikoek hala eskatuta, aipatu ibilgailuen tokia erreserbatzen ahalko du behar bezala seinalatuko diren egun eta orduetarako, baldin eta ibilgailu horiek zirkulazioaren gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gainekoa Antsoaingo udalerrian helbideratuta badituzte.

Interesdunak eskatuta emanen dira baimenak. Hartara, Udalak eskatzen dituen baldintza guztiak bete beharko ditu, baimena jaso aurretik eta ondotik.

35. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

36. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

37. artikulua. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

38. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

39. artikulua. Udaltzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua, baita sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

40. artikulua. Udaltzaingoak trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinalazio edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

41. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

42. artikulua. Eremu publikoan edozein gauza jartzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren kargura; halaber, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.

43. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

44. artikulua. Udalak halako bideak lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatzeko eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenak kargatzeko.

Sarbide murriztuko eremuak

45. artikulua. Antsoaingo Udalak erabakitzen duen eremuetan ibilgailuei sartzea murrizten ahalko zaie, baita bertan eman dezaketen denbora ere.

46. artikulua. Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira; orobat, sarbidea galarazi, murriztu edo kontrolatzen duten baliabide teknikoak hartzen ahal dira.

47. artikulua. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela baliogabetzea erabaki dezake.

Garraio publikoaren geralekuak

48. artikulua. Antsoaingo Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio lerroak libre uzten dituztela.

49. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan izan ezik.

50. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egon ahal dira ibilgailu horiek.

51. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

Ibilgailu abandonatuak

52. artikulua. Ibilgailu abandonatuak kalean luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, bide publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako artikulu hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira haien gainean, kanpoko itxurak, toki berean emandako denborak eta bertze inguruabarrek abandonaturik dagoela pentsarazten badute:

53. artikulua. Antsoaingo Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta bost egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia, aurkezteko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen badu, bertatik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Aurreko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ezta indarra duen asegururik ekarri ere, ibilgailua udal altxatokira eramanen da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman ondotik, titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe hogeita hamar egun natural iraganik, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan ezabatzeko.

Gelditzea eta aparkatzea

54. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

55. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

56. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Higiezinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

h) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

i) Zirkulazioaren lerro bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den bertze toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

57. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

57.1. Zoladura seinalez hornituta duten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.

57.2. Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tarte utziz.

57.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

57.4. Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.

57.5. Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan libre da ordutegitik kanpo aparkatzea, salbu eta espresuki debekaturik badago.

58. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

h) Espaloirik gabeko karrika urbanizatuetan.

i) Minusbaliatuek bertze inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

j) Galtzadaren erdian.

k) Zerbitzu publikoaren eta Antsoaingo Udalaren ibilgailuentzat erreserbatutako eremuetan.

l) Udal agintariak ordutegi mugatuan aparkatzeko prestatutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen erakusgarria jarri gabe edo, erakusgarria jarrita ere, udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

m) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

n) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bertzelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

59. artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Udaltzaingoak edo horretarako izendatuko den agintariak bide publikotik kendu eta udal altxatokira eramaten ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) 67.1 artikuluaren hirugarren paragrafoak xedatzen duenari jarraituz, ibilgailua geldiarazi ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako bi egiten duenean.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

60. artikulua. Kasu bakar batzuk baizik aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) atalean zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

60.1. Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

60.2. Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

60.3. Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

60.4. Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo elbarrientzako espaloi okets batean aparkatuta dagoenean.

60.5. Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

60.6. Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

60.7. Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

60.8. Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

60.9. Elbarrientzako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

60.10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

60.11. Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

60.12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

60.13. Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

60.14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

60.15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

60.16. Oinezkoendako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

60.17. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

61. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

61.1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

61.2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

61.3. Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

62. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek; betiere, Antsoaingo Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

Zehatzeko prozedura

63. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

64. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak zehatzeko, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Lege artikuludunean ezarritakoari jarraituko zaio, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

65. artikulua. Antsoaingo Udalaren Idazkaritzak irekiko ditu ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatiko espedienteak, edo haren eginkizunak betetzen dituztenek. Idazkaria kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, kontu-hartzaileak ordeztuko du. Hura amaituta, Antsoaingo Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.

66. artikulua. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Antsoaingo Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren Antsoaingo Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

67. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere Udalak zehatu beharreko egitate baten ondorio badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

68. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak bertze helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

69. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian arlo horretaz arduratzen den Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, aldez aurretik organo egileari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz:

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Lehenbizikoa.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo hartan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Iragarkiaren kodea: L1306504