98. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

805/2012 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Goi mailako unibertsitate kirolariaren Araudia onesten duen erabakia argitaratzeko agintzen duena. Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 8an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen hori.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2012ko maiatzaren 8an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez "Goi mailako unibertsitate kirolariaren Araudia" onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:

"UNIBERTSITATEKO GOI MAILAKO KIROLARIEI BURUZO ARAUDIA

1. artikulua. Unibertsitateko goi mailako kirolariaren definizioa.

Ondoko betekizunak betetzen dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak izango dira Unibertsitateko Goi Mailako Kirolariak:

a) Dagokion urtean, edo aurrekoan, goi mailako kirolaria izatea, 2007ko uztailaren 13ko Goi Mailako Kirolariei buruzko 971/2007 Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera.

b) Dagokion urtean, edo aurrekoan, Nafarroako Foru Erkidegoko goi mailako kirolaria izatea, 2012ko otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Erkidegoko Errendimenduko Kirola eta Goi Mailako Kirolarien Zerrenda arautzen dituenak, edo kasuari aplikagarria zaion foru araudiak, ezartzen duenarekin bat etorriz.

c) A.D.O. Planeko kirolaria izatea.

d) Dagokion urtean, edo aurrekoan, edozein nazio-selekziotara deitu dutela egiaztatzen duten kirolariak. Dagokion kirol federazioak egiaztatu beharko du.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatzen dituen goi mailako kirolariak, lehen esandako betekizunak betetzen ez badituzte ere, aurreko ikasturtean Espainiako Unibertsitateko Txapelketan lehen hiruren artean sailkatu direnean.

2. artikulua. Unibertsitateko goi mailako kirolarien zerrenda.

1. Unibertsitateko goi mailako kirolari izendatzea. Unibertsitateko goi mailako kirolari izendatua izateko, 1. artikuluak ezartzen dituen betekizunetakoren bat betetzeaz gain, Kirola-Unibertsitatea Programan sartzeko eskatu behar da. Hau egiteko, eskabidea aurkeztu behar da Unibertsitateko Erregistro Orokorrean, Kirol Zerbitzuari zuzendua.

Deialdia eta gero, kirolaren gaian eskumena daukan errektoreordearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko goi mailako kirolarien zerrenda onetsiko da.

2. Izendapenaren iraupena: Unibertsitateko Goi Mailako Kirolari izendapenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren goi mailako unibertsitate kirolarien zerrendan agertu den urtearen hurrengo urteko irailera arte edukiko du indarra.

3. Izendapenaren betebeharrak:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoko selekzioaren entrenamenduetan parte hartzea, selekzioan aritzeko deitzen diotenean.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatzea Nafarroako eta Espainiako unibertsitate txapelketetan, hor aritzeko deitzen diotenean.

3. artikulua. Unibertsitateko goi mailako kirolariari laguntzeko neurriak.

Kirola-Unibertsitatea Programakoak diren unibertsitateko goi mailako kirolariek, hala badagokie, honako laguntza-neurri hauek edukiko dituzte:

a) Irakaskuntzan laguntzeko neurriak.

b) Ekonomikoki laguntzeko neurriak.

c) Kirolean laguntzeko neurriak.

4. artikulua. Irakaskuntzan laguntzeko neurriak.

4.1. Unibertsitateko goi mailako kirolarien kirol-jarduna bateragarri egiteko asmoz, eskolek eta fakultateek, baita irakasleek ere, kontuan hartuko dute goi mailako kirolarien ezaugarri hori, hauei buruzko eskaerak egiten dituztenean:

a) Eskoletara ez joateagatiko justifikazioak.

b) Taldea aldaketak.

c) Azterketa egunaren aldaketa, egun horretan kirolariak lehiaketa badauka.

Kirol zerbitzuak emango ditu aurreko lerroaldean esandakoa betetzeko beharrezkoak diren agiriak, interesdunak eskatuta.

4.2. Kirol jardueretan parte hartzeagatik aitortza akademikoak izatea litekeena da, Gobernu Kontseiluak 2010eko maiatzaren 14an onetsi zuen Aitortza Akademikoak Arautzen dituen Araudian xedatutakoari jarraikiz, unibertsitate zabalpeneko jardueretan parte hartzeagatik.

5. artikulua. Ekonomikoki laguntzeko neurriak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egingo du urtero, aurrekontu-erabilgarritasuna kontuan hartuz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko goi mailako kirolariei laguntza ekonomikoak emateko deialdi publikoa.

Errektorearen edo errektoreordearen ebazpen batek ebatziko ditu laguntza ekonomikoak ematea, Batzorde Tekniko baten proposamenaren arabera. Honako hauek izango dira Batzorde Tekniko horiren kideak: Unibertsitateko kirolean eskumena daukan errektoreordea, edo berak eskuordetutako pertsona, batzordeburua izango dena, kudeatzailea, edo berak eskuordetutako pertsona, eta Unibertsitateko Kirol Zerbitzuko teknikari bat, idazkaria izango dena.

5.1. Ekonomikoki laguntzeko neurriak. Unibertsitateko goi mailako kirolariei ondoko bi hauen bidez emango zaie laguntza ekonomikoa:

-Ikasketa poltsak.

-Matrikularako laguntzak.

5.2. Laguntza ekonomikoak eskatzeko betekizun orokorrak.

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikaslea izatea, unibertsitateko goi mailako kirolari izendatua.

a) Matrikulatzeko baldintzak:

a. Gradu eta master ikasketak: Ikaslea bere irakaskuntza-araudiko kredituen gutxienezko kopurua matrikula eginda izana, duen arduraldi motaren arabera.

b. Lehen eta bigarren zikloko ikasketak: Ikasleak gutxienez 60 kreditu matrikulatu behar ditu ikasturteko, edo ikasketak amaitzeko beharrezkoak diren kreditu-kopurua, hau 60 kreditu baino txikiagoa bada.

5.3. Ikasketa poltsak: Poltsa hauek emateko, kontuan hartuko da kirolariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatuz kirol lehiaketetan aritu denean, lortu dituen emaitzak, aintzat hartuz urrea, zilarra eta brontzea hurrenkera, eta aintzat hartuz, baita ere, kirola banaka, binaka edo taldeka aritzeko zen.

Urtero aurrekontuan jartzen diren diru-kopuruen barruan, Batzorde Teknikoak ondorio hauetarako proposatzen dituen diru-laguntzak ematen ahalko dira, hala badagokio. Laguntza hauek ez dira inoiz 600 euro dominako eta kirol-modalitateko baino handiagoak izango, modalitate bakoitzean zenbatek parte hartzen duen kontuan hartu gabe.

Diru kopurua urteko deialdian zehaztuko da.

5.4. Matrikularako laguntzak. Matrikularako laguntza hauek jasotzeko, beharrezkoa izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatzea unibertsitateko lehieketetan eta lehiaketa federatuetan, eta artikulu honetako 5.2 atalak ezartzen dituen betekizun orokorrak betetzea, baita matrikularako laguntzetan berariaz jartzen diren betekizunak ere.

5.4.1. Matrikula egiteko laguntzak eskatzeko baldintza espezifikoak.

a) Ikasketak gainditzeari dagozkion baldintzak:

a. Ingeniaritza bateko edo Ingeniaritza eta Arkitektura jakintza-arloari atxikitako master bateko ikasleek, gutxienez matrikulatu zituzten kredituen %60 gaindituta eduki behar dituzte.

b. Gainerako ikasleek, gutxienez ere, matrikulatutako kredituetatik %80 gaindituta eduki beharko dituzte.

b) Ikasturteko horretako deialdian, beste administrazio publiko baten, matrikularako beka ez izatea, eta lortzeko eskubidea ez izatea.

Bigarren aldiz edo gehiagotan matrikulatutako kredituak eta irakasgaiak salbuetsita geratuko dira, baita administrazio zerbitzuengatiko prezio publikoak ere.

Diruz lagun daitekeen matrikularen kopuruaren % 50 finantzatuko da, betiere aurrekontu-mugak kontuan hartuta.

6. artikulua. Kirolean laguntzeko neurriak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Kirol Zerbitzuaren bidez, erraztasunak emango dizkie unibertsitateko goi mailako kirolariei unibertsitateko instalazioak erabiltzeko, beren kirol-prestaketarako beharrezkoak dituztenean, ezartzen diren baldintzetan.

2. Kirol Zerbitzuak emango dizkie Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatzen duten unibertsitateko goi mailako kirolariei lehiatzeko beharrezkoak dituzten baliabideak, kirolariaren beharrak eta eskura dauden baliabideak kontuan hartuta.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluak aipatzen duen unibertsitateko goi mailako kirolarien zerrendan sartuta ez dauden eta Unibertsitatea hainbat lehiaketetan ordezkatzen duten kirolariak, araudi honetako 4. artikuluak ezartzen dituen laguntza akademikoak edukitzen ahal dituzte, hala dagokionean.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Pertsona guztiek, emakumezkoak izan edo gizonezkoak izan, bete beharko dituzte araudi honetako artikuluetan, gaztelaniaz, aipatzen diren aginduak, agindua zer generotan emanda datorren kontuan hartu gabe.

XEDPEN INDARGABETZAILEA

Gobernu Batzordeak 1999ko irailaren 22an onetsi zuen eta 2002ko ekainaren 14ko 22/2002 Erabakiaren bidez aldatu zuen Unibertsitateko goi mailako kirolariei buruzko araudia indarrik gabe geratu da".

Iruñean, 2012ko maiatzaren 8an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F1207372