95. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, immigrazioaren arloan jarduten duten etorkinen elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen honako helburu honekin: etorkinak gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela gizatalde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko. Arau horretako 17.1. in fine artikuluak banakako ebaluazioko araubidea ezartzen du. Araubide horren ezaugarria hauxe da: arautegiak edo oinarri arautzaileek irizpideak ezartzen dituzte diru-laguntzak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleitzeko, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen dira eta horien gainean ebazten, aurrekontuetan dirurik dagoen bitartean.

Herritarrek parte hartzeko elkarteetan aritzea, etorkinen kasuan, harrerako gizartean integratzeko prozesuaren bultzatzailea da. Horregatik beharrezkoa da horrelakoak sustatu eta laguntzeko neurriak hartzea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, etorkinen elkarteei eta horrelakoen federazioei immigrazioaren arloko programa eta jarduketak gauzatzeko.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Immigrazioaren arloan jarduten duten etorkinen elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, 2012. urterako.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

60.100,00

G/A60000/4819/144111: Etorkinen elkarteetarako laguntzak

2012

14.800,00

G/A60000/7819/144103: Etorkinen elkarteetarako lokalak eta ekipamendua erostea eta hobetzea:

2012

4. Foru agindu hau jakinaraztea Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko apirilaren 25ean.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea irabazi asmorik gabeko etorkinen elkarteei eta horrelakoen federazioei diru-laguntzak emateko, 2012ko ekitaldirako, etorkinen parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzea helburu duten jarduerak antolatzeagatik.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Laguntzak hiru gastu mota hauek finantzatzeko izanen dira:

-Kultur, gizarte, prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak, helburu dituztenak etorkinen eta beren elkarteen parte-hartzea eta integrazioa.

-Entitateen funtzionamendu gastuak.

-Entitateen inbertsio gastuak.

Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

3.-Aurrekontuko dirua.

Deialdi honetarako 74.900,00 euro bideratu dira, honela egotzita:

-60.100,00 euro, 2012ko Gastuen Aurrekontuko "Etorkinen elkarteetarako laguntzak" izeneko A60000 A0200 4819 144111 kontu-sailaren kargura. Horietarik, 18.030,00 euro funtzionamendu gastuak finantzatzeko erabiliko dira, eta 42.070,00 euro, jardueren gastuak finantzatzeko.

-14.800,00 euro, 2012ko Gastuen Aurrekontuko "Etorkinen elkarteetarako lokalak eta ekipamendua erostea eta hobetzea" izeneko A60000 A0200 7819 144103 kontu-sailaren kargura.

Aurkezten diren eskaerak baloratu ondoren, soberakinik baldin badago entitateen funtzionamenduaren gastua finantzatzeko bideratutako aurrekontuan, diru hori jardueren gastuen finantzaketa osatzeko erabiltzen ahalko da.

4.-Egiteko epea.

Deialdi honen xede dira 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte egiten diren jarduketak.

5.-Elkarte eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte nagusiki etorkinez osatutako elkarteek eta horrelakoen federazioek, baldin eta haien xedeak, helburuak eta/edo jarduketa eremuak deialdi honen 1. eta 2. oinarrietan ezarritakoarekin zuzeneko zerikusia badu. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eraturik egotea eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Immigraziorako Bulegoko Nafarroako Etorkinen Elkarteen Zentsuan inskribaturik egotea.

b) Izaera soziala izatea eta irabazteko asmorik ez.

c) Entitatearen helbide soziala Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izatea eta jarduerak bertan garatzea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Deialdi honetatik baztertuta daude 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kontu-sail izenduna duten elkarte eta federazioak.

Orobat, funts publikoen kudeaketak ahalik eta eragimen handiena izan dezan, baztertuta gelditzen dira Nafarroan egoitza duten beste herrialdeetako elkarteetarako 2011ko deialdiko diru-laguntza baten onuradun izanik, edo immigrazioaren arloan jarduten duten etorkinen elkarteei diru-laguntzak emateko deialdiko diru-laguntza baten onuradun izanik, emandako diru kopuruaren %20 gutxienez kobratzeko adinako gastuak justifikatu ez dituztenak.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalak elkarte eskatzaileek baldintza horiek betetzen ote dituzten argitzeko behar beste ikerketa eta eskakizun egiten ahalko ditu.

6.-Laguntzak eskuratzeko beharkizunak:

6.1. Jardueretarako laguntzak jasotzeko beharkizunak:

Kultur, gizarte, prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak izatea, honako alderdi hauekin loturik:

-Etorkinen elkarteen mugimendua sendotzea.

-Harrerako gizartean parte hartzea eta integratzea, eta kulturen arteko bizikidetza.

-Haien sorterrietako elementu kulturalak mantentzea eta zabaltzea.

6.2. Inbertsioetarako laguntzak hartzeko beharkizunak:

-Beharra justifikatzea.

-Bizigarritasun-zedula indarrean izatea, baldin eta lokalean inbertsioa egiteko gastuetarako laguntza eskatzen bada.

7.-Eskaerak aurkeztea.

7.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori eskuragarri egonen da Nafarroako atariko web orrian (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean, baita Immigraziorako Bulegoaren egoitzan ere (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a, Iruña). Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra aurkeztu beharko dute.

Eskaerak, elkarte interesdunaren legezko ordezkariak sinatuak, hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, Immigraziorako Bulegoari zuzenduak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdeko idazpuruan bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) agerrarazteko. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez adierazi beharko dio Immigraziorako Bulegoari eskabidea igorri duela.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

7.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate interesdunek 7.1 oinarrian adierazitako lekuetan eskuratzen ahalko dute eskabidea, eta horretarako ezarritako ereduari jarraikiz bete eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Elkartearen 2012ko aurrekontu osoa eta xehakatua, gastu eta diru-sarrerak adieraziz.

b) Elkarteak 2012. urterako aurreikusi dituen jardueren programazioa azaltzeko memoria.

c) Kultur, gizarte, prestakuntza eta sentsibilizazio jardueren memoria laburtua, deialdi honen aurreko 5 urtekoak, edo, bidezko bada, eratu zenetik. Gainera, jardueren kuantifikazio ekonomikoa. Immigraziorako Bulegoaren esku dauden memoriak ez dira aurkeztu beharko.

d) Inbertsio gastuetarako diru-laguntzarik eskatuz gero, deialdi honen aurreko 5 urteko epean egindako inbertsioen azalpen-memoria.

e) Baldin eta lokalean inbertsioa egiteko gastuetarako laguntza eskatzen bada, bizigarritasun-zedula indarrean izatea.

f) Baldin eta lokalean inbertsioa egiteko gastuetarako laguntza eskatzen bada, jabetza frogatzen duen agiria, edo, alokaturik izanez gero, alokairu kontratua.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aldez aurretik Nafarroako Gobernuan aurkeztu ez bada edo aldaketarik izan bada.

g) Kasuan kasuko Zerga Ogasunaren indarreko ziurtagiria edo, bestela, entitateak zerga betebeharrak non dituen, hango administrazio publikoetako organo eskudunena, eskatzailea balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dagoela adierazten duena.

Aurkeztu beharreko agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak konpultsatutako fotokopiak.

Atal honetan ezarritakoari jarraikiz aurkezten diren eskaerak osatzeko, entitate interesdunak interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu, bere eskaeraren indargarri.

7.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera 7.2. oinarriko aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

8.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari esleitu zaizkio diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak. Oinarri hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten baten bidez, non adieraziko baitu egindako balorazioa eta entitate onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

9.-Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat. Eskaerak zein hurrenkeratan aurkeztu, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Kreditua agortzen denean, eskaerak ezetsiko dira.

9.1. Funtzionamendurako gastuen eskaera baloratzea:

Aurkeztutako eta instrukzio organoak onetsitako aurrekontuko gastuak, beste diru-sarrera edo laguntza batzuen bidez estalirik ez daudenak, finantzatuko dira.

9.2. Jardueretarako gastuen eskaera baloratzea:

Eskaerak argiak, zehatzak eta xehakatuak izanen dira, instrukzio organoak baloratu ahal izateko modukoak.

Entitate eskatzaileek diru-laguntza lortu ahal izateko, 40 puntu edo gehiago lortu behar dituzte irizpide hauen arabera:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa (20 puntu arte):

-Entitatearen antzinatasuna eta elkartegintzarekin eta gizarteko parte-hartzearekin zerikusia duten jardueren kudeaketan duen esperientzia azken 5 urtean (6 puntu arte).

-Entitatearen egitura eta kudeaketarako gaitasuna. Aurkeztutako jarduerak aurrera eramateko behar diren baliabideak izatea (8 puntu arte).

-Entitatearen 2012. urterako aurreikusitako finantzabidea, hots, bazkideen kuotak eta kanpoko beste finantziazio-iturri batzuk (6 puntu arte).

b) Aurkeztutako jardueren balorazioa (50 puntu arte):

-Jarduerak egitea justifikatzen duten beharra eta egokitasuna (7 puntu arte).

-Jardueren alderdi teknikoak (oinarriak, helburuak, zenbat lagunek parte hartzea aurreikusi den, parte-hartzaileen profila, jardueren deskripzioa, aurreikusitako egutegia, giza baliabideak, baliabide teknikoak, boluntarioak, baliabide materialak eta baliabide ekonomikoak). Halaber, jardueraren berrikuntza baloratuko da (30 puntu arte).

-Aurkezpena, idazkera, argitasuna, xehetasuna eta zehaztasuna baloratuko dira (3 puntu arte).

-Diruz lagundutako proiektuak aurreko urtean hala arlo teknikoan (aurreikusitako helburuen eta lortutako emaitzen arteko egokitzapena eta doikuntza) nola ekonomikoan (diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia) izan duen eragimena (10 puntu arte).

9.3. Inbertsioetarako gastuen eskaera baloratzea:

Proiektuak argiak, zehatzak eta xehakatuak izanen dira, instrukzio organoak baloratu ahal izateko modukoak.

Entitate eskatzaileek diru-laguntza lortu ahal izateko, 40 puntu edo gehiago lortu behar dituzte irizpide hauen arabera:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa (20 puntu arte):

-Entitatearen egiazko gaitasuna, bai teknikoki bai ekonomikoki, ikusirik zer bazkide kopuru duen, eta egindako inbertsioen egokitasuna, eta deialdi honen aurreko 5 urtean gauzatutako gastua.

b) Eskatutako inbertsioen balorazioa (50 puntu arte):

-Inbertsioak egitea justifikatzen duten beharra eta egokitasuna (25 puntu arte).

-Inbertsioa egiteko erabiliko diren baliabide ekonomiko berekiak eta kanpokoak (15 puntu arte).

-Aurkezpena, idazkera, argitasuna, xehetasuna eta zehaztasuna baloratuko dira (3 puntu arte).

-Bereziki baloratuko dira denboran halako jarraipen bat behar duten inbertsioak, aurreko urteetan hasi izateagatik, eta bukatu behar direnak (7 puntu arte).

10.-Diru-laguntza jaso dezaketen eta jaso ezin duten gastuak.

10.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

Funtzionamendurako gastuetarako laguntzetan, honako gastu hauek finantzatuko dira batez ere:

-Egoitza mantentzeko beharrezkoak diren gastu orokorrak, funtsean kontsumo gastu inbentariaezinak izateagatik, konparazio batera, alokairuak, argindarra, ura, telefonoa, gasa, etab.

-Eraikinak konpondu eta zaintzeko gastuak, eraikinak beraienak izan edo errentan hartuak. Konparazio batera, fatxadak konpontzea, gelak pintatzea, teilatuak konpontzea eta kristalak jartzea, baita konponketa hauek ere: ateetakoak, aire girotukoak, galdaretakoak, konketetakoak, iturgintzakoak eta zurgintzakoak. Halaber, egoitzetan egindako obrengatik sortzen diren beste gastu batzuk, balioa handitzea ez dakartenak.

Kultur, gizarte, prestakuntza eta sentsibilizazio jardueren gastuetarako laguntzetan, jarduerak garatzeko eta gauzatzeko behar diren zuzeneko gastuak bakarrik finantzatuko dira, esaterako:

-Diru-laguntza jaso duten jardueren garapenarekin zuzenean lotutako langileen gastua.

-Talde artistikoen jarduketen antolakuntza gastuak: jarduketak, garraioa, ostatua, publizitatea, lokalak alokatzea, etab.

-Bulegoko materialen gastuak eta jarduerekin zuzenean lotutako hornidurak.

Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira bakarrik instrukzio organoak aurkezten diren proiektuetan aurreikusitako ekintzak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak, baldin eta diruz lagundutako jardueraren izaerari badagozkio zalantzarik gabe.

Inbertsioetarako laguntzetan, honako gastu hauek finantzatuko dira batez ere:

-Lokalak erosteko gastuak, eta haiei lotutako ekipo finkoak eta egiturazkoak erostekoak.

-Lokaletan egiten diren hobekuntza eta eraberritze obrak, ondasunaren balioa handitzen bada.

-Bulegoko altzariak eta ekipamendua erostea (mahaiak, aulkiak, armairuak, idaz-makinak, kalkulagailuak, fotokopiagailuak, faxak, etab.).

-Informatikako ekipamendua erostea, konparazio batera, ordenagailuak, memoriarako gailu osagarriak, monitoreak eta inprimagailuak.

-Lokalen erosketa edo horiek hobetzeko obrak banku baten maileguaren bidez finantzatzen badira, inbertsio gastua izanen da, bakar-bakarrik, hura amortizatzekoa (ez interesak ordaintzekoa), betiere hipoteka mailegu baten bidez formalizatzen bada.

Erosketak edo obrak beste diru-laguntza batzuk izan baditu oraingo ekitaldian edo aurreko urteetan, aurkezten den urteko amortizaziotik diru-laguntza jaso ez duen gastuaren zati proportzionalari dagokion diru-laguntza baino ez da emanen.

10.2. Diru-laguntzetatik kanpo gelditzen diren gastuak.

Funtzionamenduko gastu arruntetarako laguntzetan ez dira ondokoak finantzatuko:

-Jendearentzat irekita dauden eta diru-sarrerak sortzen dituzten zerbitzuetako gastuen ordainketak, hala nola, tabernak, jatetxeak, saltokiak, edonork erosten ahal dituen produktuak saltzeko aukera ematen duten aldi baterako erakusketak eta entitatearen beraren mantentze eta funtzionamenduarekin espresuki lotuta ez dauden guztiak.

-Egoitza erosteko edo eraberritzeko hartutako mailegu hipotekarioen (deialdi hau onetsi den egunean jadanik formalizaturik daudenak) interesak, ezta mailegu pertsonalen interesak ere, ezta beste banku-gastu batzuk ere (interes zordunak, gordekinak bidaltzeko kobratzeak, etab.).

Kultur, gizarte, prestakuntza eta sentsibilizazio jardueren gastuetarako laguntzetan, ondokoak ez dira finantzatuko:

-Jardueretara joaten diren pertsonentzako gauzazko sariak edo sari ekonomikoak.

-Irakasleei edo hizlariei ordaintzeko gauzazko sariak.

-Jardueretara joaten diren pertsonentzako janariak, salbu aperitiboak, otamenak, kafea... Dena dela, kontzeptu horien konturako diru-laguntzaren gastua ezin izan da eskatutako diru-laguntza osoaren %7tik gorakoa.

-Gastu orokorrak, funtzionamendu-gastu gisa izanen direnak diru-laguntzaren xede, bidezko bada.

Inbertsioetarako laguntzetan:

-Lokalen erosketa edo horiek hobetzeko obrak banku baten maileguaren bidez finantzatzen badira, betiere hipoteka mailegu baten bidez formalizatzen bada, interesak ordaintzeko gastuak ezin du diru-laguntzarik jaso.

Instrukzio organoak, gastuak diru-laguntzaren xedeari egotzi ezin zaizkiola jotzen badu, haiek ez onartzea erabakitzen ahalko du. Diru-laguntza jasotzen duten gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, eta Europako araudiari.

11.-Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

11.1. Funtzionamendu gastuetarako esleipena.

Eskatutako eta onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da laguntzaren zenbatekoa, beste diru-sarrera eta laguntzen bidez estalita ez badago, betiere aurrekontuan diru-izendapen aski baldin badago. Inongo entitatek ez du 3.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jasoko.

11.2. Jardueretarako gastuen esleipena.

Eskatutako eta onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da laguntzaren zenbatekoa, beste diru-sarrera eta laguntzen bidez estalita ez badago, betiere aurrekontuan diru-izendapen aski baldin badago. Inongo entitatek ez du 4.500 eurotik gorako diru-laguntzarik jasoko.

11.3. Inbertsioetarako gastuen esleipena.

Eskatutako eta instrukzio organoak onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da laguntzaren zenbatekoa, beste diru-sarrera eta laguntzen bidez estalita ez badago, betiere aurrekontuan diru-izendapen aski baldin badago. Inongo entitatek ez du 2.500 eurotik gorako diru-laguntzarik jasoko.

12.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak jaso eta ebaluatu ahala, ikusirik instrukzio organoaren ebazpen proposamena, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie eta bertan adieraziko dira emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak. Diru-laguntza emanez gero, adieraziko da zein diren haren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea. Era berean, Nafarroako atariko webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da (www.navarra.es).

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

13.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo norbanakoek, estatukoek nahiz atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14.-Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

14.1. Emandako zenbatekoaren %25eko aurrerakina, laguntza emateko ebazpena sinatzearekin ordainduko dena.

Gainerako %75a Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da, zatituta edo dena batera jarduera bukatutakoan, behin proiektutik gauzatutako zatiaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu eta egindako jarduerak deskribatu ondoren. Azkeneko ordainketa edo, hala denean, ordainketa bakarra, tramitatzeko, epe horri dagokion jardueraren justifikazio ekonomikoa 2013ko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztu beharko da.

14.2. Justifikazio ekonomikoak diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz eginen dira. Gastuen atalean agertuko dira agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Kontu horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, honako hauek adierazi beharko dira: jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Immigraziorako Bulegoan aurkeztu izanaren adierazgarri. Nolanahi ere, diru-laguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren arabera egin behar da.

15.-Elkarte onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duen helburua bete dela justifikatzea, deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta zabalkunde lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa paratu beharko da, eta diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan agertuko da.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea instrukzio organoari. Egoera hori jakin bezain laster haren berri eman behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Memoria teknikoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Immigraziorako Bulegoari zuzendua, 2013ko urtarrilaren 31 baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatiboak eta kualitatiboak izanen ditu, eta memoria ekonomiko bat, diru-sarrerak eta gastuak bilduko dituena, diru-laguntza jasotako proiektu bakoitzaren gauzatzean, eta horretarako prestatu den eredua erabiliko da. Eranskina entitateen eskura egonen da, Nafarroako Gobernuaren web atariko "Laguntzak eta bekak" atalean, eta Immigraziorako Bulegoan (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a, 31003 Iruña).

i) Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diruz lagundutako proiektua ongi gauzatzen ari dela erakusteko.

j) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16.-Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %90 arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak, gehienez ere.

17.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari. Betiere, funtsezko aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira eta, betiere, diru-laguntzaren xede diren jarduerak burutzeko epea bukatu baino lehen.

18.-Diruaren itzulketa eta zehapenak.

Programa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Horren ondorioetarako, bidezkoa izanen da emandako diru-laguntza guztia itzultzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Elkarteak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

19.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen elkarte onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

21.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1206434