1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
205/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, desgaitasuna duten eta Bainuetxe Programa erabiltzen dutenei diru-laguntzak emateko 2012ko deialdia onesten duena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan ezartzen du botere publikoek gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten jarduketen funtsezko helburuak honako hauek izanen direla, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.
Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluarekin lotu behar da, hark ematen baitio Foru Komunitateari desgaitasuna duten pertsonen arloko eskumen esklusiboa, bai eta Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluarekin ere, zeren, horren arabera, botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, errehabilitatu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen baitute.
Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. II. eranskinean, "Bermatu gabeko prestazioak" izenekoan, 14. puntuan, desgaitasuna duten pertsonen arloko gizarte zerbitzuetako entitateentzako diru-laguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen du baliabidearen helburua dela desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunerako aurreneurriak bultzatzeko programak indartzea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko.
Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Desgaitasuna duten eta Bainuetxe Programa erabiltzen dutenei diru-laguntzak emateko 2012ko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat. Onestea, halaber, eskaerak baloratzeko prozedura, II. eranskinean ageri dena, eta egonaldien txandak eta prezioak, III. eranskinean ageri direnak.
2. Guztira 120.000 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastuen aurrekontuko "Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza" izeneko 920005 91810 4809 231B03 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Kontu-hartzailetza zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko maiatzaren 3an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.
I. ERANSKINA
Desgaitasuna duten eta Bainuetxe Programa erabiltzen dutenei diru-laguntzak emateko 2012ko deialdiaren oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da Bainuetxe Programan parte hartu nahi desgaitasundunei diru-laguntzak ematea. Programa hori III. eranskinean aipatzen diren bainuetxe eta txandetan eginen da. 150 plaza eskainiko dira desgaitasuna dutenentzat, eta 150 plaza haien laguntzaileentzat.
2. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntza da esleitutako plazaren benetako kostuaren eta onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko aldea, III. eranskinari jarraikiz.
3. Aurrekontu erabilgarria.
Bideratutako diru-kopurua 120.000 eurokoa da, 2012ko gastuen aurrekontuko "Nafarroako bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza" izeneko 920005 91810 4809 231B03 kontu-sailaren kargura.
4. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Eskaera aurkeztean betebehar hauek biltzen dituztenak izaten ahalko dira onuradunak:
a) 12 eta 59 urte bitartekoa izatea.
b) Nafarroan erroldatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunarekin, eta Foru Ogasunari zergak ordaintzeko betebeharrarekin, betebehar horretatik salbuetsita daudenen kasuan izan ezik.
c) %65eko desgaitasuna frogatzea, edo handiagoa, betiere egonkortze fasean.
d) Tratamenduen ezaugarriekin eta denentzako instalazioen erabilerarekin bateraezina den gaixotasun infekto-kutsagarririk ez izatea.
e) Bainuetxean egin beharreko jarduerekin bateraezinak diren portaeraren nahasmendu larriak ez izatea.
f) Eskatzen diren bainuetxe tratamenduak behar izatea, eta horiek hartzeko mediku debekurik ez izatea.
g) Adineko pertsonentzako 2012. urteko Bainuetxe Programan plaza bat lortu ez izana.
h) 18 urtetik gorako laguntzaile batekin joatea. Laguntzaileak edozein mailatako mendekotasuna ez du izanen aitortua, ezta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna ere. Laguntzaileak ez du izanen gurpil-aulkirik erabiltzeko beharra. Laguntzaileak b), d), e), f) eta g) ataletan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Laguntzaileak konpromisoa hartzen du desgaitasuna duen pertsona zaintzeko eta artatzeko bainuetxean dagoen bitartean.
Diru-laguntza jasoko duten onuradun eta laguntzaileek d), e), f) eta h) ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatu beharko dute, diru-laguntza eman zaien jakinarazpena jaso eta hurrengo 10 egun naturaleko epean.
5. Eskaerak: eskabide eredua, aurkeztu beharreko agiriak eta aurkezpena.
5.1. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulegoetan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) banatuko den eredu ofiziala erabiliz aurkeztuko dira.
Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
-Eskatzailearen eta laguntzailearen NANaren fotokopia. Adingabeen kasuan edo eskatzailea legez ezgaitu deklaratu denean, betiere laguntzailea haren tutorea ez bada, tutore edo gurasoen NANa aurkeztu beharko da, bai eta programan parte hartzeko gurasoek emandako baimen espresa ere.
-Desgaitasuna duen pertsonaren edo, adingabeen kasuan, haren familia unitatearen Nafarroako Ogasunaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia, 2011ko ekitaldiari dagokiona. Eskatzaileak PFEZ aitorpena aurkeztu beharrik ez badu, Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du hori frogatzeko, 2011ko diru-sarreren ziurtagiriaren kopiarekin batera.
Eskaeraren onuradunek fakultatibo egoki batek emandako osasun txostena aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eman zaien jakinarazpena jaso eta hurrengo 10 egun naturaleko epean. Txosten horrek deialdi honetako laugarren oinarriaren d), e), f) eta h) ataletan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatu beharko du. Baldintza horiek betetzen direla ez frogatzeak diru-laguntza itzuli beharra ekarriko du.
5.2. Eskabidea aurkezteko epea.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskaerak.
Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
6. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
6.1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atala izanen da deialdi honen instrukzio organoa.
6.2. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du ebazpena deialdiaren gainean, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte.
6.3. Ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña).
7. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
8. Diru-laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
8.1. Pertsona, egonaldi eta txanda bakoitzeko prezioa III. eranskinean agertzen da bainuetxe bakoitzerako. Prezio horien barnean honako zerbitzu hauek daude:
a) Ostatua eta pentsio osoko mantenua, betiere logela bikoitzetan (desgaitasuna duen pertsona eta bere laguntzailea).
b) Bainuetxeko tratamendua, honela osatua:
-Osasun azterketa, bainuetxeko egonaldiaren hasieran.
-Bainuetxeko medikuak bakoitzari gomendatutako tratamendua.
-Egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
c) Bainuetxeko joan-etorria autobusez.
d) Taldeko aseguru poliza.
Desgaitasuna duen pertsona onuradunari emandako diru-laguntza 800 eurokoa izanen da. Bi plazetako kostu osoa 1372,52 eurokoa da. Kostua finantzatuko da emandako diru-laguntzarekin eta programaren erabiltzaileek ordaindutakoarekin.
Erabiltzaileei plazak eman ondoren, kasuan kasuko bainuetxeekin kontratatuko dira plaza horiek.
8.2. Diru-laguntza jasotzen dutenek eta haren laguntzaileek honela ordainduko dute egonaldiaren prezioa:
a) Erreserba gisa eta bainuetxeko egonaldia hasi aurretik lehen ordainketa egin beharko dute, 90 eurokoa. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak banku kontuaren zenbakia eta ordainketa egiteko epea jakinaraziko dizkie interesdunei.
b) Egonaldiaren gainerako zenbatekoa bainuetxera iritsitakoan ordainduko da.
9. Diruz lagundutako plaza ezereztea.
9.1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak lortzeko datu edo agiri oker nahiz gezurrezkorik jarri edo aurkezten bada, lortutako plaza bertan behera utziko da, baldin eta txanda hasi ez bada, edo, bestela, txandako egunak jadanik eginak baditu bainuetxean, interesdunak plazaren benetako prezioa ordaindu beharko du, alde batera utzi gabe indarra duen araudia ezarriz bidezko diren egintzak.
9.2. Onuradunen batek egonaldiaren prezioa ordaintzen ez badu, 8.2.a) oinarrian azaldutakoari jarraituz, hari uko egiten diola ulertuko da, eta berak utzitako hutsunea betetzeko beste onuradun bat aukeratzen ahalko da.
9.3. Egonaldia ezerezten bada, plaza gordetzeko ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko, agiri bidez egiaztatutako arrazoi larrien kasuan izan ezik. Ezereztea idatziz aurkeztu beharko da Nafarroako Mendekotasunerako Agentzian.
Arrazoi larritzat jotzen da, dirua itzultzeko:
-Interesdunaren eritasuna, bainuetxeko instalazio eta tratamenduak erabiltzea eragozten diona, medikuaren aginduz.
-Laguntzailearen edo onuradun edo laguntzailearen ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideen eritasuna, ospitale batean ingresatzea edo etxean zaintzea ekartzen badu.
-Eskatzailearen, laguntzailearen edo ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaide baten heriotza.
-Justifikatutako eta instrukzio organoak onartutako beste arrazoi batzuk.
10. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
11. Deialdiaren kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
II. ERANSKINA
Desgaitasuna duten eta Bainuetxe Programa erabiltzen dutenei 2012. urteko diru-laguntzetarako eskaera espedienteak baloratzeko baremoa
1. Eskatzailearen egoera ekonomikoaren arabera baloratuko dira desgaitasuna duten eta Bainuetxe Programa erabiltzen dutenei 2012. urteko diru-laguntzetarako eskaera espedienteak.
2. Diru-laguntzak eskatzailearen familia unitatearen diru-sarreren araberako lehentasun hurrenkeran emanen dira, 2011. urteari dagokion PFEZaren aitorpenari jarraikiz. Diru-sarrerak zenbatuko dira zerga oinarriaren zati orokorraren eta tributaziotik salbuetsita dauden errenten baturaren bidez. Zergak ordaindu beharretik salbuetsita egonez gero, familia unitateak 2011n lortutako diru-sarrerak zenbatuko dira. Zenbateko horri honako indize zuzentzaile hauek aplikatuko zaizkio, familia unitateko kide kopuruaren arabera:
FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA | INDIZE ZUZENTZAILEA |
Kide bat | 1 |
Bi kide | 1,5 |
Hiru kide | 2 |
Lau kide edo gehiago | 2,5 |
3. Nafarroako Mendekotasun Agentziak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta gainerako departamentu eta administrazio publiko eskudunetan dauden datuen bidezko egiaztapen eta kontsultak eginen ditu, aitortutako datu ekonomikoak egiaztatzeko.
4. Adierazi edo aurkeztutako datuetan dokumentu faltsutu edo akasdunik atzematen bada, I. eranskineko 9.1 puntuan adierazten dena aplikatuko da.
5. Datu ekonomikoak egiaztaturik, eskatzaileen zerrenda ordenatua prestatuko da, diru-sarrera txikienetatik handieenetaranzko hurrenkeran. Diru-laguntzak hurrenkerari jarraikiz emanen dira, eta aurrekontuan dagoen diru-kopurua eta bainuetxeek eskainitako plazak izanen dira muga. Diru-laguntza lortzen ez duten eskaerak erreserba txandan sartuko dira. Inork esleitutako diru-laguntzari uko eginen balio, diru-laguntza hori erreserba txandako pertsonei eskainiko litzaieke, aipatu den hurrenkerari jarraikiz.
6. Diru-sarrera berdinak agertzen dituzten espedienteak izanez gero, desgaitasun handiena duen eskatzaileak izanen du lehentasuna.
III. ERANSKINA
Desgaitasuna duten pertsonentzako 2012. urteko Bainuetxe Programa: zerbitzuen ezaugarriak, txandak eta prezioak
1. Zerbitzuen ezaugarriak.
a) Elgorriagako bainuetxea.
-Non dagoen: Elgorriagan dago, Iruñetik 45 km-ra.
-Zerbitzuak: ostatua logela bikoitzetan eta mantenu osoa. 21 plaza egokitu eskaintzen ditu, gurpil-aulkian doazen desgaitasundunentzat.
-Gomendio terapeutikoak:
- Erreumatologikoa.
- Arnasketakoa.
- Zirkulazio txarra.
- Erlaxazioa.
-Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
- Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
- Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu termala.
- Zurrusta termala.
- Arnasgailuak.
- Berogailua edo lurrunezko sauna.
- Sauna lehorra.
- Igerileku termala.
- Flotatzeko igerilekua.
- Oinetarako bainua/Eskuetarako bainua.
- Osasuna norberak zaintzea.
-Gizarte- eta kultura-animazio zerbitzua:
b) Fiteroko bainuetxea.
-Non dagoen: Fiteron dago, Iruñetik 104,3 km-ra eta Tuteratik 23 km-ra.
-Zerbitzuak: ostatua logela bikoitzetan eta mantenu osoa. Ez du logela egokiturik gurpil-aulkian doazen desgaitasundunentzat.
-Gomendio terapeutikoak:
- Eritasun erreumatikoak.
- Errehabilitazio funtzionala.
- Arnasbideak.
- Zirkulazio aparatua.
- Antsietatearen nahastea.
- Prebentzioa-atsedena-erlaxazio orokorra.
-Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
- Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
- Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu orokorrak.
- Sauna naturalak edo berogailu bidezkoak.
- Aeromasajeko bainuak (burbuilak).
- Zutabe dutxak.
- Dutxa zirkularrak.
- Gerrialdeko zurrusta.
- Oinetarako bainuak.
- Aerosolak.
- Igerileku hidrotermal estalia.
-Animazio sozialeko jarduerak:
2. Txandak eta prezioak.
Txandak 12 egunekoak izanen dira (11 gauekoak), mantenu osokoak eta logela bikoitzetan banatuta. Bainuetxera joateko eta bertatik itzultzeko garraioa eta taldearentzako aseguru poliza sartzen dira prezioan.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek 286,26 euro ordaindu beharko dituzte, egonaldiko, bainuetxe batean zein bestean.
Eskatzaileek eskaeran adierazi beharko dute zein txanda eta bainuetxe nahiago dituzten.
Gurpil-aulkian doazen desgaitasundunek Elgorriagako bainuetxeak eskaintzen dituen 21 plaza egokituetako bat eskuratzen ahalko dute soilik.
Desgaitasuna duten pertsonentzako txandak eta plazak honako hauek izanen dira:
DATAK | BAINUETXEA | IKASPOSTUAK |
Uztailaren 16tik 27ra | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra | FITERO (PALAFOX) | 60 |
Uztailaren 30etik abuztuaren 10era | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Abuztuaren 13tik 24ra | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Abuztuaren 27tik irailaren 7ra | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Abuztuaren 29tik irailaren 9ra | FITERO (PALAFOX) | 55 |
Irailaren 10etik 21era. | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Irailaren 24tik urriaren 5era | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
Urriaren 15etik 26ra | ELGORRIAGA | 5 (3 gurpil-aulkian doazenentzat) |
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO PLAZA KOPURUA, GUZTIRA | 150 |
Ondoko plaza horiei desgaitasuna duten pertsonen laguntzaileei dagozkienak gehituko zaizkie, 300 plaza kopurua bete arte.
Iragarkiaren kodea: F1206869