Iragarkia
94. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
197/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, kirol monitore edo entrenatzaile, epaile edo arbitro gisa prestatzeko ikastaroetarako norgehiagokako araubideko laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 84. artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak prestakuntza bultzatuko duela kirol jardueren esparruan. Halaber, 85. artikuluari jarraikiz, kirol arloko zerbitzu teknikoetan aritzeko ezinbestekoa da kasuko titulazioaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak egiaztatu du, batez ere Nafarroako Kirol Jokoetan, parte hartzen duten kluben entrenatzaile eta laguntzaile askok ez dutela kirol arloko inolako titulaziorik, eta horrek ondorioa duela egiten den kirolaren kalitatean. Egoera hori kezkagarria da Foru Komunitateko Kirol Administrazioarentzat, gure arau juridikoetan babes berezia duen biztanle talde bat ukitzen baitu, hau da, adingabeak. Hori horrela, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak "Kirolean hasteko prestatzailea" izeneko plan bat sortu du, Nafarroako Kirol Jokoetako kirol ekipoen eta taldeen entrenatzaileei prestakuntza estandar bat eta gutxieneko titulazioa emateko.
Era berean, maila desberdinetan kirol monitore edo entrenatzaileen, epaileen edo arbitroen prestakuntza sustatzea gure komunitatean garatzen diren kirol programak eta jarduerak hobetzeko bide zuzena da.
Azaldutakoaren ondorioz, bidezkotzat jotzen da kirol monitore edo entrenatzaile, epaile edo arbitro gisa prestatzeko laguntzetarako deialdia egitea, ikusitako akatsak zuzentzeko eta kirol irakasketen kalitatea hobetzeko.
Jarduketa horrek lehentasuna izan behar du prestakuntzaren beheko mailetan eta, bereziki, kirolean hasteko prestatzaileari dagokionez, kontuan hartuta zer lotura duen adingabeentzako kirol jardueren programekin, zeinen adierazgarri nagusia Nafarroako Kirol Jokoak baitira.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak kirol monitore edo entrenatzaile, epaile edo arbitro gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen 1., 2. eta 3. eranskinetan ezarri diren oinarriei jarraikiz. Kontuan hartu behar da laguntza hauek ematea, betiere, aurrekontuan diru-izendapena izatearen menpe dagoela.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen 1., 2. eta 3. eranskinetan jaso dira, eta maila bakoitzean laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura barne dute.
3. 35.000 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastuen aurrekontuko "Kirol jarduerak sustatzeko laguntzak" izeneko 940002-95100-4809-336100 kontu-sailaren kargura.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez handitzen ahalko da deialdi honetarako baimendutako gastua, aurrekontuan dagoen erabilgarritasunaren arabera eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, Kirol Zuzendariordetza Nagusiari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2012ko apirilaren 30ean.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.
1. ERANSKINA
Oinarriak
1. Xedea eta denbora-eremua.
1.-Kirol monitore edo entrenatzaile, epaile edo arbitro gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, ikastaro horiek Nafarroako kirol federazioek edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuak, haiekin edo Nafarroako toki erakundeekin batean, sustatuak izanik. Deialdi honen xede dira, halaber, Nafarroatik kanpoko beste kirol federazio batzuek kirol monitoreak edo entrenatzaileak prestatzeko sustatzen dituzten ikastaroetarako laguntzak.
2.-Deialdiaren baldintzak beterik, irakastaldia 2011ko azaroaren 1etik 2012ko ekainaren 15era bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 1eko 118/2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako 2011ko deialdian behar zen garaian eta moduan aurkeztutako eskaerak aintzat hartzen ahalko dira, aurrekontuko kredituaren eskasiagatik ezetsi zirenak, hain zuzen. Eskaera horiek deialdi honen irizpideen arabera baloratuko dira, beste eskaera bat aurkeztu ondoan.
2. Helburua.
1.-Deialdi honetako laguntzak ondoren ageri diren prestakuntza ikastaroetan matrikula edo inskripzioa egiteko kuotek eta bestelako eskubideek sortutako gastuak hein batean konpentsatzeko emanen dira:
a) Kirol modalitateetan "kirolean hasteko prestatzailearen" titulua lortzeko ikastaroak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak Nafarroako kirol federazioekin eta/edo Nafarroako toki erakundeekin elkarlanean sustatutakoak.
b) Kasuan kasuko kirol modalitateko I., II. edo III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko ikastaroak, kirol federazioek ECD/3310/2002 Aginduaren edo EDU/3186/2010 Aginduaren arabera sustatutakoak, baldin eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak edo ikastaroa egiten den autonomia erkidegoko kirol arloko organo eskudunak emandako ebazpenaren bidez baimendutakoak badira.
c) ECD 3310/2002 Aginduaren edo EDU/3186/2010 Aginduaren arauditik kanpo, maila desberdinetako kirol monitore edo entrenatzaileentzako hasierako prestakuntzarako ikastaroak, Kirolaren Kontseilu Nagusiak baimendutako kirol federazioek sustatuak.
d) Maila desberdinetako epaileen edo arbitroen titulaziorako ikastaroak, Kirolaren Kontseilu Nagusiak baimendutako kirol modalitateetako federazioek sustatuak.
2.-Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren eremuan egindako kirol teknikarientzako prestakuntza ikastaroak deialdi honetatik kanpo geldituko dira, irakaskuntza arautuak direlako, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak.
Halaber, ez da laguntzarik emanen bere eskumenak erabiliz Kirolaren Kontseilu Nagusiak baimendutako kirol federazioak ez diren entitate pribatuek sustatutako ikastaroetarako.
3. Onuradunak.
1.-Deialdi honen xedeko edozein ikastaro egin duten pertsona fisikoak hartuko dira onuraduntzat.
2.-Onuradunek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Dagokion ikastaroan inskripzioa egiten denean Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.
b) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea. Eskatzailea pertsona fisikoa bada, hori frogatzen ahalko da deialdi honetako II. eranskineko "Pertsona fisikoentzako eskabidea"n dagoen erantzukizuneko aitorpenaren bidez.
c) Irakastaldia osatzen duten multzo eta arlo guztien ebaluazio probak gainditzea.
4. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskabideak eta agiri osagarriak Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25; 31002 Iruña) aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez. Eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 22 izanen da.
Eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela.
5. Eskabideak eta agiriak.
1.-Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, deialdi honen 2. eranskinean dauden eredu normalizatuen arabera.
2.-Deialdi honen xedeko ikastaroak egiten dituzten pertsona fisikoek eta kolaboratzaileen matrikula edo inskripzio gastuak ordaintzen dituzten kirol klubek eskatzen ahalko dituzte laguntzak.
3.-Eskabideei, behar bezala beterik, agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (aurretik aurkeztu ez dutenentzako bakarrik), hala behar izanez gero, emandako laguntza ordaintzeko.
b) Eskatzailea pertsona fisikoa denean: eskatzailearen NANaren fotokopia.
c) Eskatzailea kluba denean: IFKren fotokopia eta parte-hartzaileen izen osoa eta NANaren zenbakia.
4.-Laguntza eskaeraren xedea I., II. eta III. mailetako edo antzekoetako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko kirol federazioek antolatutako ikastaroak egitea bada, baita epaile edo arbitroentzako ikastaroak ere, interesdunek, aipatutako agiriez gain, ondoko hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoaren gordekinaren fotokopia.
b) Kirol federazio sustatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita. Ikastaroak ECD 3310/2002 Aginduan edo EDU/3186/2010 Aginduan xedatutakoari jarraikiz egiten direnean, ikastaroa baimentzeko autonomia erkidegoko kirol administrazioak emandako ebazpenaren aipamena ere aurkeztu beharko da.
5.-Goian adierazitako dokumentazioa aurkeztearen ondorioetarako, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren apirilaren 1eko 118/2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako deialdian eskaera aurkeztu zuten interesdunek, aurrekontu-krediturik ez izateagatik ezetsi baldin bazitzaien, eskabide-orrian adieraz dezakete Administrazioak baduela eskatzen zaion dokumentazioa, eta horretarako, 2011. urtean aurkeztutako eskaeraren espedientea identifikatu beharko dute.
6.-Laguntza ikastaro baterako baino gehiagotarako eskatzen bada, ikastaro bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.
7.-Azaldutako agiriez gain, Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuak laguntzak emateko beharrezkotzat jotzen dituen bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu.
6. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.
1.-Kirol Zuzendariordetza Nagusiak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, eskaerak tramitatuko ditu, eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.
2.-Laguntzen banaketa irizpide hauen arabera eginen da:
2.1. A modalitatea.
Modalitate honetan sartzen dira eranskin honen 2. oinarriko a) eta b) letretan ageri diren ikastaroen arloan eskatutako laguntzak. Atal honetarako bideratutako zenbatekoa baimendutako gastuaren %80 izanen da.
a) Dagokion modalitateko "kirolean hasteko prestatzaileentzako" ikastaro bat egiteagatik: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %80, gehienez. Nolanahi ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 120 eurokoa izanen da.
b) Dagokion modalitateko I. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %70, gehienez. Nolanahi ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 360 eurokoa izanen da.
c) Dagokion modalitateko II. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60, gehienez. Nolanahi ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 480 eurokoa izanen da.
d) Dagokion modalitateko III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %50, gehienez. Nolanahi ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa izanen da.
2.2. B modalitatea.
Modalitate honetan sartzen dira eranskin honen 2. oinarriko c) eta d) letretan ageri diren ikastaroen arloan eskatutako laguntzak. Atal honetarako bideratutako zenbatekoa baimendutako gastuaren %20 izanen da.
a) Kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaroa irizpide partikularren arabera egiteagatik, ECD 3310/2002 Agindutik edo EDU/3186/2010 Agindutik aparte eta zein autonomia erkidegotan egin den, hango kirol administrazioaren baimenik gabe, haren modalitatean edo espezialitatean araubide bereziko titulazio berriek agintzen dutela, matrikula/inskripzio eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %50 emanen da, gehienez ere. Hala ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da.
b) Kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaroa irizpide partikularren arabera egiteagatik, abenduaren 16ko ECD 3310/2002 Agindutik edo EDU/3186/2010 Agindutik aparte eta zein autonomia erkidegotan egin den, hango kirol administrazioaren baimenik gabe, haren modalitateak edo espezialitateak araubide bereziko titulaziorik ez dutela, matrikula/inskripzio eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %40 emanen da, gehienez ere. Nolanahi ere, laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 200 eurokoa izanen da.
c) Kirol modalitate bateko epaile edo arbitro ikastaroa egiteagatik, matrikula edo inskripzioaren eskubideen zenbatekoaren %50 ordainduko da gehienez. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 250 eurokoa izanen da, pertsona bakoitzeko.
Modalitate eta maila bakoitzean hainbanatu eginen da, laguntzak 3. eranskinean ezarritako irizpideen arabera eskuratzeko.
7. Ebazpena eta laguntzen ordainketa.
1.-Eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariak proposatuta, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean.
2.-Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuak eskaera onetsi edo ukatu zaien jakinaraziko die interesdunei, eta, onetsiz gero, haren zenbatekoa azalduko. Halaber, emandako laguntzak Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko iragarki oholetan jarriko dira.
3.-Ezarritako epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez bada, ezetsitzat joko da eskaera, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
4.-Emandako laguntzak transferentzia bidez pagatuko dira, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean, gehienez.
8. Laguntzen bateragarritasuna.
1.-Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntza batzuk jasoz gero, interesdunak laguntza eman dion erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko du, zenbat diru jaso duen azaltzeko.
2.-Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.
9. Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Informazioa ematea eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuak eskatutako egiaztapenak egitea.
b) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuari.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.
10. Ez-betetzeak.
Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.
11. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
12. Errekurtsoak.
1.-Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
2.-Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
13. Arau osagarriak.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
2. ERANSKINA
Pertsona fisikoentzako eskabidea
............................................... jaun/andrea, .................... IFZ duena.
Helbidea:
Herria: ......................................................... PK
ADIERAZTEN DU:
...................................................................................... diploma lortzeko kirol prestakuntzarako ikastaroa egin duela. Ikastaroa ....................(e)n egin da, ...................(e)tik .....................(e)ra, ...............................(e)k antolatuta.
Ikastaro hori ........................................................................ Foru Aginduak onetsitako deialdiaren 2. oinarrian aurreikusitako kasuen artean dagoela.
Laguntza hau aurkeztean, adierazten du, bere erantzukizunpean, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak dituela.
Horrenbestez,
ESKATZEN DU:
Ikastaro horretako matrikula/inskripzioa egiteko gastuak hein batean ordaintzeko laguntza.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Eskatzailearen sinadura
Kirol klubentzako eskabidea
Entitatea:
Erregistro zenbakia: .......................................... IFK:
Helbidea: ........................................................... Tel.:
Herria: ....................................................... KP:
Kirol modalitatea: .
ADIERAZTEN DU:
Atzeko aldean ageri diren kirol monitore edo entrenatzaileek ......................................................................... diploma lortzeko prestakuntzarako ikastaroa egin dutela. Ikastaroa .....................................(e)n egin da, ............(e)tik ..................................(e)ra, ..........................................(e)k antolatuta.
Ikastaro hori ........................................................................... Foru Aginduak onetsitako deialdiaren 2. oinarrian aurreikusitako kasuen artean dagoela.
Horrenbestez,
ESKATZEN DU:
Ikastaro horretako matrikula/inskripzioa egiteko parte-hartzaileek izan dituzten gastuak hein batean ordaintzeko laguntza.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Kirol klubeko burua
.......................................... jauna/andrea,
(Atzeko aldea)
Ikastaroko parte-hartzaileen zerrenda
NANa | IZEN-DEITURAK |
Iragarkiaren kodea: F1206868
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
