94. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

181/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2012ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan: legez eratutako kontsumitzaile elkarteek kontsumitzaileen interesak defendatzea izanen dute helburu. Haien onura publikoa deklaratu ahal izanen da eta onesten diren laguntza publikoak eman ahal izanen zaizkie beren xedeak betetzeko. Halaber, kontsumoko arbitraje sisteman parte hartu ahal izanen dute.

Kontsumitzaileen elkarteek Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei buruz informatu, prestatu eta babesteko burutzen dituzten jardueren garapena errazteko, 2012rako diru-laguntzen deialdia onetsi da, helburu horretarako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aipatzen den kontsignazioaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2012. urteko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 84.511 euroko gastua baimentzea, 2012ko Aurrekontu Orokorretako "Kontsumitzaileen elkarteentzako diru-laguntzak" izeneko 900006 91320 4819 492300 kontu-sailaren kargura, deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 19an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako kontsumiltzaile eta erabiltzaileen elkarteei kontsumoaren arloan 2012. urtean egiten dituzten proiektu eta jardueretarako emanen zaizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek: legez eraturik egotea, Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea, irabazi asmorik ez izatea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako bakar batean ere ez egotea.

2. Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek, eta diru-laguntzaren xede den denbora guztian mantendu.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, jarduerak eta gastuak.

Proiektu eta jarduera hauek izan dezakete diru-laguntza:

a) Elkarteek beren bulegoetan bertan kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ematen dieten zuzeneko eta doako arreta, haien eskubideei buruzko informazioaren eta erreklamazioak, salaketak eta kexak tramitatzearen arloetan.

Jarduera horri dagokionez, zalantzarik gabe halakoei lotuta dauden gastuetarako emanen da diru-laguntza, hala nola:

-Informazio bulegoaren jarduera garatzeko erabili eta jendearentzat irekita dauden egoitza edo bulego propioen alokairua, komunitate gastuak eta tributuak.

-Informazio bulegoaren jarduera garatzeko erabili eta jendearentzat irekita dauden egoitza edo bulego propioen uraren, elektrizitatearen eta gasaren gastuak.

-Telefono eta Internet gastuak.

-Bulegoko materialen gastuak eta informatikako suntsigarrienak.

-Diruz lagundutako jardueran lan egiten duten elkarteko langileen kostuak, hala nola soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazio gastuak. Langile horiek kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta zuzena emateko jardueran lanaldiaren zein portzentaje izaten duten adierazi beharko da.

Ez da diru-laguntzarik emanen honako gastu hauetarako:

-Elkartean zuzendaritza edo ordezkaritza karguak dituzten langileen ordainsariei dagozkien gastuak (soldatak, gizarte segurantzako kotizazio gastuak, dietak, etab.).

-Aktibo finko materialetan eginiko inbertsioen ondoriozko gastuak.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 40.511 euro izanen dira guztira.

b) Eduki bakarra kontsumo arloa duen zabalkunderako material didaktikoa argitaratzea, hala nola aldizkariak, liburuxkak, argitalpenak edo bestelako materialak.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 5.000 euro izanen dira guztira.

c) Kontsumo gaiei buruzko berariazko azterlanak egitea, gero argitaratzen badira edo zabalkunde irekia ematen bazaie.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 12.000 euro izanen dira guztira.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak, mahai-inguruak edo beste jarduera batzuk antolatzea.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 15.000 euro izanen dira guztira.

e) Bitartekotza eta Kontsumoko Arbitraje Sistema sustatzeko proiektuak.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 10.000 euro izanen dira guztira.

f) Komunikabideetan esku-hartzea, berariazko jarduerei dagokienez.

Halako proiektuak diruz laguntzeko 2.000 euro izanen dira guztira.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak, elkarteko buruak sinatuak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 7 - Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena, oinarri hauei atxikitako II. ereduaren arabera.

b) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria edo, bestela, elkarteburuarena, Zuzendaritza Batzordeak diru-laguntza eskatzeari buruz hartutako erabakia jasotzen duena.

c) Hala behar izanez gero, aurrerakina lortzeko eskaera, funtsak diru-laguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoak direla justifikatuta.

d) Diru-laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak, oinarri hauen III. ereduaren arabera.

e) Diru-laguntzaren xede diren proiektuen edo jardueren laburpen zerrenda, oinarri hauen IV. ereduaren arabera.

f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eskaera aurkeztean eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpideak.

1. Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, eta aurkezten diren jarduerak eta proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektu mota: helburuen egokitasuna eta egokiera; aurreko programen jarraipena izatea, hala izanez gero; emaitzak ebaluatzeko irizpideak zehaztea; proiektuaren izaera berritzailea helburuen, hartzaileen, metodologiaren edo parte-hartze prozesuen ikuspegitik. 0tik 25 puntura.

b) Jardueraren helburu orokorrak eta berariazkoak: Helburuen definizio zehatza eta koherentea. Jardueren kronograma, jarraipen egutegia eta jardueren ebaluazioa. 0tik 15 puntura.

c) Ukitzen ahal den populazioa. 0tik 15 puntura.

d) Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren eginkizun eta helburuetara egokitzea, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuan zehaztutako moduan (2011ko 172. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 31koa). 0tik 15 puntura.

e) Garatzekoa den proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua justifikatu, egokitu eta egiaztatzea. 0tik 15 puntura.

f) Proiektuaren kalitatea eta haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. Helburuen, proposatutako jardueren eta baliabide erabilgarrien arteko erlazioa. 0tik 15 puntura.

Azaldu diren irizpideei jarraikiz guztira 25 puntu lortzen dituzten proiektuetarako soilik ematen ahalko da diru-laguntza.

Aurrekontuan behar beste diru ez badago, proiektu mota bakoitzarentzat esleitutako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa hainbanatu eginen da, diru-laguntzaren onuradunek aurkeztutako mota bakoitzeko proiektuen artean, proiektu bakoitzak lortutako puntuen arabera.

Prozedura honen bidez proiektu bakoitzari emandako diru-laguntza ez da inolaz ere izanen proiektu horrek sortzen duen kostua baino handiagoa. Hala, hasierako hainbanaketak proiektu baten kostua baino handiagoa den diru-laguntza ekartzen badu, gehiegizko kopurua berriz esleituko da, hurrenez hurren, mota bereko gainerako proiektuen artean, horiek lortutako puntuen arabera, deialdi honetan proiektu mota bakoitzarentzat ezarritako gehienekoa agortu arte.

6. oinarria. Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Ataleko burua.

-Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko teknikari bat.

Batzorde horrek aholkulari espezialisten laguntza izan dezake prozesurako. Aholkulari espezialista horiek laguntza emanen diote batzordeari, nork bere espezialitate teknikoan.

Instrukzio organoak bereziki egiaztatuko du eskatzaileek deialdian eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu dutela, eta prozedura eta balorazioa haren arabera egiten direla zainduko du.

2. Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta bakoitzari dagokion diru-kopurua.

3. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

4. Diru-laguntza emateko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

5. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

b) 2011ko aurrekontu ekitaldian diru-sarreren bolumena 400.000 eurotik gorakoa duten elkarteek ekitaldi horri dagozkion urteko kontuen auditoretza egin beharko dute, eta, kontu horiekin batera, auditoreen txosten bat, beraiek sinatua, aurkeztu beharko dute. Dokumentazio hori Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan aurkeztuko da, emandako diru-laguntzaren azken ordainketaren aurretik.

c) Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan. Bereziki, argitaratzen duten eta diruz laguntzen diren argitalpen, liburuxka edo argibide idatzi guztien hiru ale gutxienez bidali beharko dituzte departamentu horretara.

d) Emandako diru-laguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen diren datuak, agiriak eta frogagiriak bidaltzea departamentu horretara.

e) Oinarri arautzaile hauetan aipatutako frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster haren berri eman behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoa betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hala, entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte, kasuen arabera:

-10.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten inbertsio, proiektu eta ekipamenduen kasuan, eraikinaren edo lokalaren sarbide nagusiko atean plaka bat jarri beharko da, "Nafarroako Gobernuak finantzatutako inbertsioa/proiektua/ekipamendua" testua erakusten duena, foru aginduaren I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

-Edozein motatako programak eta jarduerak finantzatzen direnean, entitate onuradunak luzatzen dituen agirietan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean, beti, programaren izena, diruz lagundutako jarduera edo/eta funtzionamendua dela eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala agertuko dira, "Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua" testuarekin batera. Horren neurriak eta zehaztapenak foru aginduaren II. eranskinean xedatutakoaren araberakoak izanen dira.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaileotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Ondorio horretarako, kontuan hartuko da aipatu betebeharren ez-betetzea zein mailatakoa den, diru-laguntzaren xedeko zein proiektu ukitzen den eta horiei esleitutako puntuazioa zein den 5. oinarriaren arabera.

8. oinarria. Onuradunek egindako gastu eta ordainketak frogatu beharra.

1. Diru-laguntza justifikatzeko, gastuaren dokumentazio eta informazio frogatzailea aurkeztuko da, hots, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duena.

2. Frogagiriek honako hau jaso behar dute:

a) Diru-laguntzaren bidez emandako zenbatekoa diru-laguntza onartzean ezarritako xedeak betetzeko erabili dela azaltzen duen adierazpena.

b) Egindako jarduerak azaltzeko memoria. Horrekin batera, onuradunek argitaratzen duten eta diruz laguntzen diren argitalpen, liburuxka edo argibide idatzi guztien hiru ale gutxienez bidali beharko dituzte departamentu horretara.

c) Memoria ekonomiko frogatzailea, egindako proiektuen edo jardueren gastuen zerrenda ordenatua jasoko duena; gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztuko dira.

Hala diruz laguntzen ahal diren gastuak nola horien ordainketa 2012. urtean egin beharko dira.

Gastuen eta horien ordainketen frogagiriak jatorrizkoak edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

Diruz lagundutako proiektuen edo jardueren arabera multzokatuta aurkeztuko dira eta, horietako bakoitzaren barnean, diruz lagundutako kontzeptuen arabera, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, agirien zerrenda bat erantsiko da kontzeptu bakoitzeko, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio orriak aurkeztuko dira.

Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikipen fiskalak eta, hala denean, BEZa.

d) Diruz lagundutako proiektuak eta jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera eta diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa, jatorria eta zein proiektu edo jarduerari aplikatu zaizkion adierazita.

e) Emandako diru-laguntzaren ordainketa aurreratuari dagokion diru-sarrera justifikatzea.

9. oinarria. Diru-laguntza justifikatu eta ordaintzeko epeak.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoaren %25 bitarte aurreratu ahal izanen da, betiere onuradunak frogatzen badu funtsak behar dituela. Aurrerakin hori diru-laguntza emateko ebazpenaren bidez ordainduko da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen espresaren mende egonen da.

2. Bigarren eta azken ordainketan falta den zenbatekoa emanen da edo, kasuaren arabera, zenbateko osoa, aurreko oinarrian aipatutako frogagiriak aztertu ondoren. Frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan aurkeztu beharko dira 2012ko abenduaren 30eko 14:30a baino lehen.

Aurkezturiko agiriak aztertu ondoren, ordaintzeko ebazpena emanen da. Elkarte onuradunei diru-laguntza ordaintzeko ezinbesteko baldintza izanen da elkarte horiek tramitatu gabe ez izatea diru-laguntza eman eta/edo ordaintzeko espedienterik deialdi honetako jarduera berari diru-laguntza emateko aurreko deialdietan.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdiaren xede den diru-laguntza bateragarria izanen da helburu berarako emandako beste laguntza batzuekin, indarra duen araudiak ezartzen duenarekin bat.

2. Aurrekoa galarazi gabe, beste diru-laguntza bateragarri batzuk jaso ondoren, diru-laguntzak emateko deialdiaren xede diren jardueren eta gastuen kostua gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Dena dela, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bestela, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari itzuli beharko zaio soberakina.

3. Deialdi honen xedeko proiektuak eta jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

11. oinarria. Hornitzaileak kontratatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ekipamendu ondasunak eskuratzen direnean edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak xedea betetzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatu. Entitate onuradunak kontsulta tramitearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

2. Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12. oinarria. Administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Deialdi hau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazten denetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu, zerbitzu horretako iragarki-oholean, emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

14. oinarria. Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iruñean, 2012ko apirilaren 19an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

I. EREDUA

Eskabide eredua

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2012ko deialdia

ENTITATE ESKATZAILEA:

NAFARROAKO KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN ELKARTEAREN ERREGISTROKO INSKRIPZIO ZK.

IFK:

ESKATZAILEAREN IZENA:

IZAERA HONEKIN:

ENTITATEAREN HELBIDEA:

HERRIA:

P.K.:

TELEFONOA:

FAXA:

POSTA ELEKTRONIKOA:

ELKARTEKO KIDEEN KOPURUA:

PROIEKTU ETA JARDUERETARAKO ESKATZEN DEN DIRU-LAGUNTZA, 2012KO EKITALDIKOA: .............. euro.

Iruñean, 2012..... (e)ko ................... aren ....................(e)an.

Eskatzailea

Sin.: ...........................................

NANa: ......................................

GIZARTE POLITIKAKO ETA KONTSUMOKO ZUZENDARI NAGUSI JAUNA.

II. EREDUA

Erantzukizuneko aitorpena, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteei kontsumo arloko diru-laguntzak emateko

ESKATZAILEAREN DATUAK:

ENTITATE ESKATZAILEA:

IFK:

HELBIDEA:

UDALERRIA:

PROBINTZIA:

POSTA KODEA:

ORDEZKARIAREN DEITURAK ETA IZENA:

IFZ:

Foru agindu honen bidez kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei kontsumo arloan emanen zaizkien diru-laguntzen onuradun izateko, goian aipatu eskatzaileak, bere erantzukizunpean,

ADIERAZTEN DU:

Berak ordezkatzen duen entitatea ez dagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

Eta behar diren ondorioetarako jasota geldi dadin, honako adierazpen hau egiten dut.

Iruñean, 2012..... (e)ko ................... aren ....................(e)an.

Sin.:

III. EREDUA

Proiektua edo jarduera:

1.-Entitatearen izena:

2.-Entitatearen zein zentrotan gauzatuko den proiektua, haren izena eta helbidea:

3.-Proiektuaren izena:

4.-Proiektuak zein jende multzorengan (onuradunak) jartzen duen arreta, eta pertsona kopurua:

5.-Proiektuaren deskribapena eta helburuak:

5.1.-Helburu orokorrak.

5.2.-Berariazko helburuak.

5.3.-Proiektuaren eduki teknikoa.

5.4.-Proiektuaren ebaluazioa eta jarraipena.

Helburu operatiboa

Adierazlea

Espero den emaitza

6.-Proiektua non gauzatuko den:

ESKUALDEA

HERRIA

ONURADUN KOPURUA

7.-Proiektuaren kudeaketa.

7.1.-Langile baliabideak.

7.1.1. Proiektuan parte hartzen duten langile ordainduak (elkartekoak ala ez), eta lanbide kategoria.

LANBIDE KATEGORIA EDO KUALIFIKAZIOA

GUZTIRA ZENBAT

PROIEKTUKO DEDIKAZIO OSOA, ORDUTAN

Guztirakoak:

7.1.2. Proiektuan laguntzen duten langile boluntario ordaindugabeak (elkartekoak).

KUALIFIKAZIOA/ESPERIENTZIA

GUZTIRA ZENBAT

EGINKIZUNAK

PROIEKTUKO

DEDIKAZIOA, ORDUTAN

Guztirakoak

Orduak, guztira

7.2.-Entitatearen beraren baliabide teknikoak.

7.3.-Entitatearen beraren diru ekarpena.

8.-Proiektua gauzatzeko laguntzak eta lankidetzak eta horien portzentajea.

IV. EREDUA

Diru-laguntza eskaeran sartutako proiektu eta jardueren zerrenda

PROIEKTUEN/JARDUEREN ZERRENDA

PROIEKTUKO DIRU-SARRERAK

PROIEKTUKO

GASTUEN

AURREKONTUA

ESKATUTAKO

DIRU-LAGUNTZA

1.

2.

3.

4.

5.

6.

7.

8.

9.

10.

11.

12.

13.

14.

15.

16.

17.

18.

19.

20.

Diru-sarreren aurrekontua, guztira euro

Gastuen aurrekontua, guztira euro

Eskatutako diru-laguntza, guztira euro

Iragarkiaren kodea: F1206740