94. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Telefonia eta Internet ekipoak kudeatzeko agindua

2012ko martxoaren 7ko osoko bilkuran, Arbizuko Udalak hitzez hitz honela dioen erabakia hartu zuen:

-Hirugarrenak telefonia eta Internet zerbitzuaz hornitzeko makineria eta ekipoak kudeatzeko agindua ematea Askalats Arbizu, S.L.ri:

Erabaki honek xedea du hirugarrenak Interneten sartzeko komunikazio elektronikoen zerbitzuak kudeatzeko agindua ematea Askalats Arbizu, S.L.ri.

Arbizuko Udalak Komunikazioen Merkatuko Batzordeari eskatu dio IP telefoniarako Interneteko operadore zerbitzua zabal dadin, bere asmoa izanik Internet zerbitzua telefonia zerbitzuari gehitzea.

Beraz telefonia zerbitzua emateko baldintza izanen da Arbizuko Udala erregistratzea zerbitzu horren operadore gisa, eta hala bada, Internet zerbitzuarekin batera eginen da.

Horren ondorioz, Arbizuko Udalak, osoko bilkuran bildurik,

ERABAKI DU

1.-Interneten sartzeko hornitzailearen komunikazio elektronikoen zerbitzuak kudeatzeko agindua ematea Askalats Arbizu, S.L. udal enpresari, ondoko baldintzetan:

Lehenbizikoa.-Askalats Arbizu, S.L. beharturik egonen da kudeaketa agindu honen bidez manatzen zaizkion jarduera eta zerbitzuak egiteko behar diren giza baliabide eta baliabide material eta teknikoak jartzera, ekonomia, eraginkortasun eta kalitate irizpideei jarraikiz.

Alde horretatik, Askalats Arbizu, S.L. udal enpresak enpresari izaera izanen du, ondorio guztietarako, bere ardurapean dauden langileen aldera; horien gain, zuzendaritza, kontrol eta diziplina ahalmena izanen du. Gisa berean, nahitaez bete beharko ditu, erantzule bera baizik ez dela izanen, lan arloan, gizarte segurantzan eta laneko segurtasun eta higienean indarra duten xedapenak.

Enpresak berak ez baditu, Askalats Arbizu, S.L.k kontratatuko ditu erabakitako zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak.

Bigarrena.-Kudeaketa agindu honek indarra hartuko du bere sinaduraren egunetik 2012ko abenduaren 31 arte, eta besterik gabe luzatuko da, urteko naturaletan, alderdiren batek espresuki salatzen ez badu, gutxienez ere hitzarmenaren edo haren edozein luzapenen mugaeguna baino hilabete lehenago.

Hirugarrena.-Kudeaketa agindu hau suntsitzeko arrazoiak izanen dira alderdien adostasuna idatziz adierazia, haren edukia konplitzeko gerora etorritako ezina eta haietariko edozeinek haren klausulak ez betetzea.

2.-Arbizuko Udalaren eskutan utzi dira behar diren jarduketak, kudeaketa agindu hau Nafarroako Aldizkari ofizialean argitara dadin.

Arbizun, 2012ko martxoaren 9an.-Alkatea, Josu Miren Mendinueta Urdanoz.

Iragarkiaren kodea: L1206325