94. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

214/2012 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideak izendatzeko prozedura garatzen duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du botere publikoen jarduketen funtsezko helburua izanen dela, besteak beste, gizarte premiak konpontzeko komunitatearen partaidetza sustatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateenak. Gizarte zerbitzuaren sistema iradokitzen duten printzipioen artean, herritarren partaidetza aurreikusten da. Horrela, botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

Arestian azaldutakoarekin bat, foru legearen V. tituluak, "Kontsulta eta partaidetza organoak" izenekoak, herritarren partaidetza modu desberdinak arautzen ditu gizarte zerbitzuen sisteman, horrela, partaidetza organikoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuak sortzen ahal dituen gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialen bitartez bideratzen du. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua kontsulta eta partaidetza organo gisa arautzen da gizarte zerbitzuen gaietan, eta kideak eta horiek izendatzeko modua, eginkizunak, antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea eta eginkizunen arautze zehatza erregelamenduz ezarriko dira.

Legezko aurreikuspen hori betetzeko, ekainaren 18ko 50/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen du (83. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2007ko uztailaren 6koa). Foru dekretu horren 5. artikuluak Kontseiluaren osaera arautzen du, Kontseiluaren osoko bilkura hurrengo hauek osatuko dute: lehendakaria (gizarte zerbitzuen arloan eskudun den Departamendutuko kontseilaria), lehendakariordea (aipatu departamentuko ordezkari bat), idazkaria (departamentu bereko idazkari tekniko nagusia) eta 26 kide, gutxienez ere.

Kideen artean, aurreikusitako Nafarroako lanbide elkargoetako batetik 3 ordezkari izendatu gogo dira, eta gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako ordezkari bat aipatu esku-hartze eremu bakoitzeko. Foru agindu honek kide horiek izendatzeko prozedura garatzea du helburu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Zerbitzuei buruko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideen izendapen prozedura garatzen duten arauak onestea, foru agindu honen eranskinarekin bat.

2. Foru agindu hau igortzea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 9an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

ERANSKINA

1. artikulua. Nafarroako lanbide elkargoetako kide ordezkariak izendatzeko prozedura.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuaren 5.3.g) artikuluak ezartzen du 3 kide izendatuko direla, Nafarroako hurrengo lanbide elkargoetako baten ordezkari: gizarte lana eta gizarte laguntzaileak, psikologoak, sendagileak, erizaintza eta erizaintzako unibertsitate diplomadunak, lan-terapeutak, fisioterapeutak, soziologoak, lan-harremanetako graduatuak, gizarte hezitzaileak, abokatuak eta ekonomialariak.

Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu ordezkariak, aipatu lanbide elkargoek proposatuta, estatutuetan ezarritakoarekin bat.

15 egun balioduneko epea izanen dute Nafarroako lanbide elkargo horiek hautagai-zerrendak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorrita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren kide izateko hautagaiaren izen-deiturak aipatuko dira, baita ordezkoaren izen-deiturak ere, eta Nafarroako zein lanbide elkargoren ordezkari den adieraziko da.

4. Ezarritako epea iraganik soilik 3 hautagai-zerrenda aurkezten badira, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kide izendatuko ditu.

Aipatu epea iraganik, hautagai-zerrenda nahikorik aurkezten ez bada, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak libreki izendatuko ditu hiru kidera iristeko behar diren ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

Hiru hautagai-zerrenda baino gehiago aurkeztu izatera, bozketan aukeratuko dira aurkeztutako hautagaien artean, artikulu honen 6. idatz-zatian ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagai-zerrendak aurkeztu ez direlako edo soilik 3 aurkeztu direlako, departamentuaren webgunean (www.navarra.es/Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria) emanen da horren berri. Bozketa egitea beharrezkoa bada, aipatu web orrialdean iragarriko da zein hautagai aurkeztu diren, eta zein lanbide elkargok proposatu dituen.

6. Bozketa bi deialditan eginen da. Bozketak balioa izan dezan, Nafarroako lanbide elkargoen gehiengo osoak hartu beharko du parte lehen deialdian, artikulu honen 1. idatz-zatiaren arabera deituta; bestela, bigarren deialdia eginen da, gehiengo beharrik gabe.

Lehen deialdia 2012ko ekainaren 27an (asteazkena), 09:00etan, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea, 7; 31005 Iruña) izanen da. Bigarren deialdia, haren beharrik bada, ekainaren 27an berean (asteazkena) izanen da, 09:30ean, eta lehen deialdiaren tokian berean.

Bozketan aurkeztutako hautagaiak identifikatuko dira, baita zein lanbide elkargok proposatu dituen ere.

Bozketaren ondorioetarako, artikulu honen 1. idatz-zatian aipatzen diren Nafarroako lanbide elkargoetako bakoitzak boto bat izanen du. Eskubidea elkargoaren ordezkaritza duenak edo elkargoak berak izendatzen duenak gauzatuko du.

Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita bere elkargoa ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Emandako botoetatik kopuru gehien eskuratzen dituen lanbide elkargoko hautagaia aukeratuko da. Berdinketa emanez gero, bigarren bozketa eginen da. Berdinketak jarraituz gero, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak libreki izendatuko ditu ordezkariak, haiek onartu ondoren.

Bi deialdiak egin eta bozketa gauzatu ez bada, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako Departamentuko kontseilariak libreki izendatuko ditu ordezkariak, haiek onartu ondoren.

2. artikulua. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateen kide ordezkariak izendatzeko prozedura.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzen duen foru dekretuaren 5.3.j) artikuluak gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako kide ordezkari bana izendatuko direla ezartzen du, ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik: familia, adingabeak, desgaitasuna, hirugarren adina, immigrazioa eta gizarte bazterketa.

2. Ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, entitateek proposatuta,

3. Gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitate horiek, erregistroan inskribatuta daudenek, hautagai-zerrendak aurkez ditzaten, 15 egun balioduneko epea egonen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorrita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, berariaz adierazi beharko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kide izateko hautagaiaren izen-deiturak, baita ordezkoaren izen-deiturak ere; orobat, zer entitate ordezkatzen duen aipatu beharko da eta artikulu honen 1. idatz-zatian adierazitakoetatik zein eremutan esku hartzeko aurkezten den.

4. Ezarritako epea iraganik, 1. idatz-zatian aipatzen diren esku hartzeko eremu bakoitzetik hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak zuzenean izendatuko du.

Aipatu epea iraganik, esku hartzeko eremuetako batean hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak libreki izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

Esku hartzeko eremuetako batean hautagai zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, artikulu honen 6. idatz-zatian ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Eremuetako batean bozketa egitea beharrezkoa ez bada, hautagai-zerrenda bakarrik ere aurkeztu ez delako, edo soilik bakarra aurkeztu delako, departamentuaren webgunean (www.navarra.es/Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria) emanen da horren berri. Gainera, web orrialde horretan honako hauek iragarriko dira: zein eremutan egin behar den bozketa, zein hautagai aurkeztu diren eta zein entitatek proposatu dituen; bestetik, zein entitateri egiten zaien dei esku hartzeko eremuetan bozka dezaten.

6. Esku hartzeko eremu bakoitzean, bozketak bi deialdi izanen ditu. Bozketa baliozkoa izan dadin, eremu bakoitzean inskribatutako entitateen %25 bertaratu beharko da, bestela bigarren bozketa eginen da, eta bertan ez da gehiengorik eskatuko.

Egun, ordu eta toki hauetan bozkatzeko egiten zaie dei entitateei:

-Familiaren eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 27an (asteazkena) izanen da, 11:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 27an (asteazkena) alegia, 11:30ean.

-Adingabeen eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 27an (asteazkena) izanen da, 12:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 27an (asteazkena) alegia, 12:30ean.

-Desgaitasunaren eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 27an (asteazkena) izanen da, 13:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 27an (asteazkena) alegia, 13:30ean.

-Hirugarren adinekoen eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 28an (osteguna) izanen da, 09:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 28an (osteguna) alegia, 09:30ean.

-Immigrazioaren eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 28an (osteguna) izanen da, 10:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 28an (osteguna) alegia, 10:30ean.

-Gizarte bazterketaren eremuko entitateak: lehen deialdia 2012ko ekainaren 28an (osteguna) izanen da, 11:00etan, eta bigarrena (beharrezkoa bada) egun berean, ekainaren 28an (osteguna) alegia, 11:30ean.

Bozketa guztiak Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea, 7; 31005 Iruña) izanen dira.

Aurkeztutako hautagaiak bozketan identifikatuko dira, baita zein entitatek proposatu dituen eta esku hartzeko eremua ere.

Bozketaren ondorioetarako, esku hartzeko eremuetako entitate bakoitzak boto bat izanen du. Entitatearen ordezkaritza duenak edo entitateak berak izendatuak gauzatuko du eskubide hori.

Bozketan hautesle bakoitzak nortasun agiri nazionala erakutsi beharko du, baita entitatea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Esku hartzeko eremuan emandako botoetatik, zein entitateko hautagaiak ateratzen dituen boto gehien, hura aukeratuko da. Berdinketa emanez gero, bigarren bozketa eginen da. Berdinketak jarraituz gero, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak libreki izendatuko du ordezkaria, hark onartu ondoren.

Bi deialdiak egin eta bozketa gauzatu ez bada, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak libreki izendatuko du ordezkaria, hark onartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F1207086