89. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko apirilaren 25ean hartua, "Ablitasko hondakin urak Ebro Behereko araztegiarekin konektatzeko kudeaketa sistema" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak abuztuaren 29an emandako 912/2011 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko aldian hainbat alegazio planteatu ziren; zehazki, Ribaforadako Udalak kolektorearen industrialdeko trazadura aldatzeko eskatu zuen. Bestetik, hasierako proiektua aldatu behar izan zen, A-68 autobidearekiko bidegurutzean eraginik izan ez zedin.

Horregatik, jendaurreko bigarren aldia ireki zen, aldatutako proiektuaz interesdunek egokiak iruditzen zitzaizkien alegazioak egin zitzaten.

Jendaurreko bi aldiak bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, martxoaren 30eko 195/2012 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, eta ebatzi egin zuen aurkeztutako alegazioen gainean, ebazpen horren xedapen zatian adierazitakoaren arabera.

Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da funtsezkoa delako obrak azkar egitea, berehala konpontzeko Ablitasko hondakin uren gaur egungo isurketak ingurumenean sortzen duen arazoa, hartzaile desegoki batera doalako. Proiektuak Ablitasko hondakin urak Ebro Behereko hondakin uren araztegiarekin (EDAR) konektatzen ditu, hustubide bat eraikita.

Nafarroako Gobernuak, "Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A."k (NILSA) alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko diru-izendapen nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Ablitasko hondakin urak Ebro Behereko araztegiarekin konektatzeko kudeaketa sistema" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Erabaki hau "Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A."ri (NILSA) jakinaraztea.

Iruñean, 2012ko apirilaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1206454