89. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

153/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza edo gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresei, entitate pribatuei edo Nafarroako toki erakundeei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

Gaurko egoera ikusirik, Nafarroako Gobernuaren ardura nagusienetako bat da gure Komunitatearen egoera ekonomiko zail eta luzearengatik lana galdu eta haren ondoriozko sorospen guztiak ahitu dituzten pertsonak babestea. Pertsona horiek, gorabehera horren ondorioz, gizartetik bazterturik daude edo, langabezian jarraituz gero, egoera horretan egon litezke. Horrenbestez, gizarte bazterketari enpleguaren bidez aurrea hartzea da administrazio publikoek bultzatu beharreko oinarrizko ardatzetako bat.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, departamentu edo erakunde publiko batzuen bidez (zehazki, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren bidez), neurri batzuk antolatu ditu, kontratatua izateko pertsona horiek dituzten premiei aurre egiteko.

Horrenbestez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak neurri hau ezarri du: gizarteratze-errenta edo gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza jasotzen duten pertsonak lanerako kontratatzen dituzten enpresa publiko eta pribatuei, entitate pribatuei edo Nafarroako toki erakundeei diru-laguntzak ematea.

Hortaz, dealdi honetan ezartzen diren jarduketa ildo orokorren xedea da kontratazioa sustatzea, langabezian dauden eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsona horiek lana aurki dezaten laguntzeko. Horretarako, diru-laguntzak emanen dira pertsona horiek sei hilabetez, gutxienez, kontratatzeagatik sortutako soldata-kostuak finantzatzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren oinarriak ezarri behar dira. Bidezkoa da, beraz, diru-laguntza hauen deialdia onestea 2012rako.

Halaber, foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Horregatik, 2012ko apirilaren 4ko bilkuran Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuari baimena ematea, gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza edo gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen dituzten entitate pribatuei, enpresei edo Nafarroako toki erakundeei diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioko araubidearen bitartez.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak (Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren 2.1 artikuluak ezarritakoari lotuta) ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza edo gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresei, entitate pribatuei edo Nafarroako toki erakundeei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen I. eranskinean daude.

3. 1.000.000,00 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastuen aurrekontuko "Enplegarritasuna eta birlaneratzea hobetzeko osagarria" izeneko 900003 91600 4809 231504 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko apirilaren 11n.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza (GLEHL, aurrerantzean) edo gizarteratze-errenta (GE, aurrerantzean) jasotzen duten pertsonak laneratzea, Nafarroako toki erakundeek eta jarduera edo lan zentroak Nafarroako Foru Komunitatean dituzten enpresek edo entitate pribatuek (entitate kontratatzaileak, aurrerantzean) pertsona horiek kontrata ditzaten sustatuz.

Horretarako, oinarri hauek aipatu entitate eta enpresek jasotzaile horiek lan araubidean kontratatzeagatik sortutako soldata-kostuak diruz laguntzeko baldintzak eta betekizunak arautzen dituzte.

Bigarrena.-Onuradunak eta entitate kontratatzaileak.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen azken onuradunak dira kontratazio unean gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza edo gizarteratze-errenta jasotzen ari diren pertsonak, laguntza edo errenta agortzeko geratzen zaien denbora edozein izanik ere, betiere enpresek, entitate pribatuek edo toki erakundeek kontratatuak badira.

2. Halaber, GLHELren edo GEren jasotzaileak kontratatzen dituzten entitate pribatuek (irabazi asmoa duten ala ez, forma juridikoa edozein dutela ere) eta Foru Komunitateko toki erakundeek diru-laguntza jasoko dute, betiere oinarri hauetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza kontratatutako onuradunen soldata garbia pagatzeko osorik erabiltzen badute.

3. Entitate kontratatzaileek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko dizkiote kontratatzen ahal diren GLHELren edo GEren jasotzaileak.

Hirugarrena.-Diru-laguntzen helburua eta zenbatekoa.

1. Diru-laguntzak erabiliko dira pertsona kontratatuen soldata-kostuak finantzatzeko, betiere deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta Foru Komunitateko jarduera edo lan zentroetan entitate kontratatzaileen berezko jarduerak gauzatzeko kontratatuak badira.

2. Entitate kontratatzailearekin gutxienez sei hilabeteko lan-kontratua sinatu duen langile bakoitzeko, diru-laguntza 3.848,40 eurokoa izanen da (641,40 euro/hilabete, kontratuaren lehenengo 6 hilabetetan).

3. GLHELren edo GEren onuradunen kontratazio guztiak lagunduko dira diruz, betiere foru agindu honetan ezarritakoa betetzen badute, horretarako dagoen aurrekontuko kreditua agortzen den arte.

Laugarrena.-Entitate edo enpresen eta kontratatutako jasotzaileen betekizunak.

1. Entitate kontratatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

b) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez garela, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere ez egotea.

d) Langileak gutxienez sei hilabeteko lan-kontratu baten bidez kontratatzea, bigarren oinarrian aurreikusten diren lanaldi eta soldatarekin.

2. Enpresek edo entitateek kontratatutako onuradunek GLHELren edo GEren jasotzaileak izan beharko dute.

3. Kontratazioek langile kopurua handitzea ekarri behar dute; ez dute inola ere ekarriko entitate kontratatzaileetan kontratu indarduna duten langileak ordeztea.

Bosgarrena.-Kontratazioaren betebeharrak.

1. Entitate eta enpresa kontratatzaileek GLHELren edo GEren jasotzaileekin lan-kontratua sinatu beharko dute, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

Laguntzaren xede diren kontratuek sei hilabete iraunen dute, gutxienez. Lanaldiak jasotako laguntzari proportzionalki dagozkion orduak iraunen du, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako lanbide kategoria eta soldataren arabera.

2. Diru-laguntzaren xede diren pertsona kontratatuetako batek sei hilabete igaro baino lehen bere borondatez uzten badio lan egiteari, jasotako diru-laguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

3. Diru-laguntza jasotzen duen entitateak kontratazioan gertatzen diren gorabeheren (altak, bajak, aldaketak...) berri eman beharko dio instrukzio organoari.

4. Entitate kontratatzaileak diruz lagundutako kontratuen gutxieneko iraunaldia errespetatu beharko du. Iraunaldi hori sei hilabetekoa da, hasierako kontratazioaren egunetik aurrera.

Seigarrena.-Kanpoan uztea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez zaizkie aplikatuko gizarteratzeko eta laneratzeko zentroei.

2. Honako hauek ez dira diru-laguntzen xede izanen:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan aurreikusten dituen lan harreman bereziak eta beste legezko xedapen batzuetan aurreikusitakoak.

b) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabeteetan enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak, eta langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileak oinordetzen dituen enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Ezin izanen dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso diruz laguntzen ahal den kontratua hasi aurreko hamabi hilabeteetan, enpresak Nafarroako Foru Komunitatean dituen lantokietan, kontratu mugagabeak hauetako arrazoi batengatik amaitu dituzten enpresek: bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, kaleratze kolektiboagatik edo arrazoi objektiboengatik (Langileen Estatutuaren 52 c) artikuluko kasuan). Zenbat kontratu amaitu diren, hainbat kontratu geratuko dira diru-laguntzarik gabe.

Zazpigarrena.-Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate kontratatzaileen betebeharrak:

a) Diru-laguntza ematea eragin duen kontratazioa deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betekizun formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Entitateek proiektuen zabalkundean eta publizitatean diru-laguntza nork eman duen adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1 b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster haren berri eman behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Proiektuak kontratatutako langileei dagokienez berarekin dakartzan lan arloko betebeharrak betetzea.

i) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

j) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak betetzea.

Zortzigarrena.-Eskaerak aurkeztea eta hori egiteko epea.

1. Eskaerak Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentura zuzenduko dira eta departamentu horretako erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, lan-kontratua hasi eta biharamunetik hasita. Betiere, diru-laguntza hau eskatzeko epea 2012ko abenduaren 31n bukatuko da. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

3. Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es) eskuratzen ahal dira.

Bederatzigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu behar dira, honako agiri hauekin batera (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak):

a) Sinatutako lan-kontratuaren kopia.

b) Erantzukizuneko aitorpena, entitate eskatzaileak deialdi honetako betekizunak betetzen dituela adierazita.

c) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkioten betebeharrak eguneraturik dituela.

d) Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabetean egindakoa, frogatzen duena zerga eta tributu arloko betebeharrak eguneratuak dituela.

e) Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuari laguntza honen jasotzaileak kontratatzeagatik hartutako edozein diru-laguntzaren berri emateko konpromisoa.

f) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

2. Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

3. Instrukzio organoak, eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

Hamargarrena.-Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera eginen dira, eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak ofizioz baloratuko ditu eskabideak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako lehentasunekin bat, eta ebazpen proposamena emanen du. Proposamen horretan honako hauek ageriko dira: GLHELren edo GEren onuradunak, diru-laguntzak hartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten entitate kontratatzaileak eta betekizun horiek betetzen ez dituztenak (betetzen ez den betekizuna adierazita).

Hamaikagarrena.-Ebazpena.

1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzea.

Ebazpen hori gehienez ere 45 eguneko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie. Bertan diru-laguntza jasoko duten onuradun eta entitate kontratatzaileen zerrenda eta, hala bada, ukatu diren gainerako eskaerak adierazi beharko dira.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzak emateko prozedura: banakako ebaluazioa.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko prozeduran banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamahirugarrena.-Deialdirako diru kopurua handitzea.

Kontratatzeko eskaria ikusita eta aurrekontuko kontu-sailean kreditu erabilgarria badago, deialdirako diru kopurua handitzen ahalko da, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren foru aginduren bidez.

Hamalaugarrena.-Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Zehazki, diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak toki erakundeei ematen ahal dizkienekin, kontratatutako onuradun beren Gizarte Segurantzako enpresa-kuota pagatzeko.

2. Dena dela, diru-laguntzak, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuk gehituta, ez du inoiz gaindituko laguntzaren onuraduna kontratatzeagatik sortutako orotariko gastuen %100 (soldatak eta Gizarte Segurantza).

Hori dela eta, diru-laguntzarako eskabidearekin batera aurkeztu behar da jasotako diru-laguntzen eta aipatutako mugak gainditu izanaren berri emateko konpromisoa, diruz lagundutako kontratuaren indarraldiko edozein unetan.

Hamabosgarrena.-Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, diru-laguntza izateko eskubidea sortzen duen ebazpena emanik.

Hamaseigarrena.-Diru-laguntza justifikatzea.

Entitate edo enpresa onuradunak jasotako funtsen xedea justifikatu beharko du, kontratazioaren lehenengo sei hilabeteak bukatu eta hurrengo bi hilabetean, hots, zazpigarren eta zortzigarren hilabetean, jasotzailea kontratatzen denetik hasita.

Laguntza justifikatzeko, egindako gastuen egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte entitate kontratatzaileek:

a) Entitate guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

-Kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrerek GLHELren edo GEren onuraduna kontratatzeagatik sortutako gastuak ez dituztela gainditu dioen erantzukizuneko aitorpena.

b) Toki erakundeek aurkeztu beharreko berariazko agiriak:

-Entitateko idazkaritzaren titularrak emandako ziurtagiria.

c) Entitate edo enpresa pribatuek eta toki erakundeen mendeko enpresa publikoek aurkeztu beharreko berariazko agiriak:

-Egindako kontratazioei dagozkien lan-kontratuak, nominak, TC1 eta TC2.

-Lanaldiak eta kontratatutako langileari pagatu zaion soldatak bosgarren oinarrian ezarritako betekizuna betetzen dutela justifikatzen duen agiria. Betekizun horri jarraikiz, kontratatutako lan-orduak jasotako diru-laguntzari proportzionalki dagozkio, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako lanbide kategoria eta soldataren arabera.

Hamazazpigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak departamentuko web orrian jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Hemezortzigarrena.-Diru-laguntzen kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko noizean behin, proiektuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita diru-laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko ere.

Hemeretzigarrena.-Betekizunen aldaketa.

Entitate kontratatzaileek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hogeigarrena.-Diru-laguntzak itzultzea.

1. Lan-kontratuak sinatzen ez badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

2. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

Lan-kontratua behar baino lehenago bukatzen bada, organo eskudunak baimendu gabe edo bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, emandako diru-laguntza osorik itzuli beharko da.

3. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat gauzatuko da.

Hogeita batgarrena.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak eta GLHEL edo GE jasotzen duten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hogeita bigarrena-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

1. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Nafarroako toki erakundeek zilegi izanen dute deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hogeita hirugarrena.-Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan espresuki ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta gainerako araudi administratiboa ere aplikatuko dira.

GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO
ETA ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEKO LAGUNTZA
EDO GIZARTERATZE-ERRENTA JASOTZEN DUTEN
PERTSONAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

153/2012 FORU AGINDUA, gizarteratzeko eta laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza edo gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresei, entitate pribatuei edo Nafarroako toki erakundeei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

Eskabidea

Enpresaren edo entitatearen datuak.

Eskatzailearen izena eta deiturak

NAN

Kargua

Enpresa/Entitatea

Forma juridikoa

IFZ/IFK

Nafarroako helbidea

(kale, plaza, eta abar)

Posta kodea

Herria

Telefonoa

Garatzen duen jarduera

EJSN

Aplikatzen zaion lan hitzarmen kolektiboa:

Zenbat lan-kontratutarako

eskatzen den laguntza

(hilabete natural berean sinatuak)

Hilabete

Kontratuen kopurua

Baimena ematen diot:

Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari, espresuki, administrazio publiko eskudunen fitxategi publikoetan egiaztapenak eta kontsultak egin ditzan, aitortutako datuak egiaztatzeko.

Nire ardurapean honako hau azaltzen dut:

-Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere ez gaudela.

-Eskabide honetan adierazten diren datu guztiak egiazkoak direla.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

Stua.:

Ohar garrantzitsua: agiri publiko bat faltsutzea edo prestazioa iruzurrez eskuratzea delitu izan daiteke.

Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak

[ ] Kontratatutako GLHELren edo GEren jasotzaileen zerrenda (1. eranskina).

[ ] Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

[ ] Sinatutako lan-kontratuen kopia.

[ ] Entitate edo enpresaren IFZ/IFKaren fotokopia.

[ ] Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak.

1. ERANSKINA

Kontratatutako langilearean datuak.

1. deitura

2. deitura

Izena

Nafarroako helbidea

Herria

Jaioteguna

NAN/AIZ

Gizarte Segurantzako inskripzio-zenbakia

Lanbidea

Kontratazioaren ezaugarriak.

Kontratuaren data

Kontratuaren iraupena

Kontratu mota

Kontratuan agertzen den lanaldia

Lanbide kategoria

Gizarte Segurantzako kotizazio taldea

Urteko lansari gordina (hitzarmenaren arabera)

Urteko lansari gordina (kontratuaren arabera)

Agiri honek zinpeko aitorpenaren ondorioak ditu eta, horregatik, datu faltsu edo okerrak ematen badira, alderdi bakoitza berari dagokionaren erantzulea izanen da.

 .............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an

 Enpresaren aldetik Langilea

Stua.: Stua.:

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Langilearen NAN/IFZaren fotokopia.

Iragarkiaren kodea: F1206259