89. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

36/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, urriaren 5eko 189/2011 Foru Agindua aldatzen duena; agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Hezkuntzako kontseilariak urriaren 5ean emandako 189/2011 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Apirilaren 25eko 19/2012 Foru Dekretuaren bidez, abuztuaren 24ko 133/2011 Foru Dekretua aldatu zen, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, bai eta ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretua ere, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea Hezkuntza Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak departamentuko egitura berrira egokitzea da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikulua aplikatuz,

AGINDU DUT:

1. 1. artikulua aldatzen da eta, hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

"1. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

-Antolamendu Bulegoa.

-Titulu eta Baliozkotze Bulegoa.

-Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa.

-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Bulegoa.

-Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoa.

-Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

2. Antolamendu Bulegoa eta Titulu eta Baliozkotze Bulegoa Ikasketak Antolatzeko Atalari atxiki zaizkio.

Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoa, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Curriculumean Txertatzeko Bulegoa eta Hezkuntzako Sistema eta Sareen Bulegoa Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Atalari atxiki zaizkio.

Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa Hobekuntza Planen eta Berrikuntza Programen Atalari atxikitzen zaio."

2. I. kapituluko 1. atalean, 6. bis artikulua sortzen da, honako edukia duena:

"6. bis artikulua. Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoa.

Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Helduen hezkuntza garatzeko beharrezkoa den araudia prestatzea, zuzendaritza nagusi honetako beste zerbitzu batzuekin elkarlanean.

-Helduentzako prestakuntza programak garatu, kudeatu, koordinatu eta horien jarraipena egitea.

-Helduen hezkuntzan eta urrutiko irakaskuntzan diharduten ikastetxe eta ikasgelen sarearen koordinaziorako eta funtzionamendu akademikorako neurrien plangintza egitea.

-Helduen hezkuntzaren beharretan izaten diren aldaketak atzeman eta aztertzea, eskaintza behar horietara egokitzeko.

-Beste kultura batzuetako helduen integrazioa errazteko berariazko programak planifikatu eta abian jartzea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeak helduei ekar diezazkiekeen onurez baliatzeko aukera ematen duten berrikuntza programak garatu eta kontrolatzea.

-Helburuak egoki betetzeko, bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

3. I. kapituluko 5. atalaren izena aldatzen da, bai eta 24. artikulua ere. Hona hemen edukia:

"5. atala

Unibertsitateen Zerbitzua

24. artikulua. Egitura eta bulegoen atxikipena.

1. Unibertsitateen Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegoa.

Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa.

2. Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegoa Unibertsitateko Irakaskuntzaren Atalari atxiki zaio.

Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoa Zientziaren Sustapenerako eta Unibertsitate Hedapenerako Atalari atxiki zaio.

4. Indarrik gabe geratzen da 27. artikulua.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko apirilaren 25ean.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1206451