87. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

326/2012 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2012ko deialdia onesten duena erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzetarako, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2011-2013 hirurteko Programa Nazionalaren barrenean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 20ko 156/2011 Foru Aginduaren bidez, 2011-2013 hirurterako Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien Programa Nazionalaren barnean erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen arauak eta 2011ko deialdia onetsi ziren.

Erlezaintzari laguntzeko neurrien programa nazionalaren helburu nagusia sektorearen profesionalizazioa sendotzea eta modernizazio handiagoa lortzea da, azken teknika eta aurrerapen zientifikoak erabiliz horretarako. Gainera, ekoizpen eta merkaturatze sistemak hobetu nahi dira eta merkatu berriak ireki, hori guztia kalitatezko produktu batekin. Helburu horiek lortzeko, eta kontuan hartuz Kontseiluaren urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 106. artikuluan eta Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 (EE) Erregelamenduan ageri diren neurriak, hiru urterako programa nazionalak prestatzea aurreikusten da; programa horiek aurkeztu eta Batzordearen erabaki baten bidez onetsiko dira.

Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko programa, Espainiak 2011-2013 hirurterako aurkeztua Kontseiluaren 1234/2007 (EE) Erregelamenduari jarraikiz, Batzordeak 2010eko irailaren 14an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen.

Martxoaren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak erlezaintzarako laguntzen araubidea arautzen du urteko programa nazionalen barnean, eta apirilaren 22ko 448/2005 Errege Dekretuak aldatu zuen.

Araudi horrekin bat, bidezkoa da 2011-2013 hirurtekoan erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen arauak onestea eta 2012ko deialdia egitea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzen dituzten laguntzetarako 2012ko deialdia onestea, Erlezaintzari Laguntzeko Neurrien 2011-2013 hirurteko Programa Nazionalaren barrenean. 2012an eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2012ko maiatzaren 30ean amaituko.

2. Ebazpen honek sortutako konpromisoak ordaintzeko 25.000 euroko gastua baimentzea, 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 'Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea (NBEUF)'' izeneko 710001712304700414212 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko apirilaren 4an.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F1205840