87. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33E/2012 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena zenbait baldintzarekin, Lakuntzako 1. poligonoko 122. lurzatian telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzeko beste telekomunikazio-konpainia baten jabetzako itxituraren barruan. Sustatzailea Vodafone España, S.A.U. da.

2010eko urriaren 6an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatu den jarduketak NA-2410 errepideari eta Lakuntzako udalerriari konpainia honen sare estaldura ematea du xede. Aire zabaleko irrati eta transmisioko ekipoek osatzen dituzte proiektu honen xedeko instalazioak; hormigoizko beste lauza baten gainean jarriko dira telekomunikazioetako beste konpainia baten itxituraren barrenean, operadore horrekin partekatuta bai 20 metroko altuerako sareta metalikozko dorrean ezarrita dauden antenak, bai sare elektrikoarekiko konexioa, oinarrizko estazioak duen sarbidetik. Dorrea Lakuntzako 1. poligonoko nekazaritzako 122. lurzatiaren erdialdean kokatzen da, UTM koordenatu hauetan, hain zuzen: ED 1950 Z30N X:579979, y:4752623.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren ondorioetarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2011ko abenduaren 19an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

Eskaera Lakuntzako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Udal horrek erantzuna igorri du azaroaren 3an, non adierazi baita jarduketa bateragarria dela hirigintzaren ikuspuntutik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea zenbait baldintzarekin, telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzeko Lakuntzako 1. poligonoko 122. lurzatian, Vodafone España, S.A.U.k sustaturik.

2. Baimena lortzeko, hirigintza arloko baldintza hau bete beharko da:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatuta.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lakuntzako Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1204915