87. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2012 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Izagaondoko (Nafarroa) Gergitiaingo San Martin ermita ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako txosten hau aurkeztu du:

"Andrés Antonio Ortega Alonsok, Los Amigos del Románico elkartearen izenean, Izagaondoko (Nafarroa) Gergitiaingo San Martin ermita interes kulturaleko ondasun deklaratzeko eskatu zuen.

Gergitiaingo San Martin ermita izen bereko herri hustuan dago, Izagaondoan. Ermita landa-erromanikoaren estilokoa da. Estilo horretako beste adibide batzuk daude ibar berean. XII. mendearen bukaerakoa da, edo XIII. mendearen hasierakoa. Nabe bakarrekoa da, hiru tartetan zatitua, gehi zirkuluerdi formako absidea. Hormak harlanduzkoak dira, ongi zainduak. Kanoi-gangak pilastretan oinarritzen diren parpain-arku bikoiztuetan bermatzen dira. Burualdeak esfera-laurdeneko ganga du gainean. Nabearen bigarren tartean, hegoaldeari begira, portalea dago, erdi-puntukoa eta hiru arkibolta dituena. Mendebaldeko horman erdi-puntuko arku bat duen kanpai-horma soila du, barrenean kanpaia duena.

Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioak biko kalifikazioa ematen dio ermita honi.

Eraikina azterturik, ikusi da eraikuntza interesgarria bada ere, ez duela apartekotasunik, izan ere, ezaugarri hori beharrezkoa da ondasun higiezin bat interes kulturaleko ondasun hartzeko. Dena dela, ondasun inbentariatua izan daiteke.

Hortaz, Izagaondoko (Nafarroa) Gergitiaingo San Martin ermita ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea proposatzen da.

Babesteko neurrien artean, beharrezkotzat jo da babes-eremu bat mugatzea.

Nafarroako Ondare Kulturalari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Vianako Printzea Erakundea-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Izagaondoko (Nafarroa) Gergitiaingo San Martin ermita ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea. Ondasunaren mugaketa ebazpen honen eranskineko agirietan adierazten da.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Izagaondoko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da kulturaren arloan eskuduna den departamentuaren baimena.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2012ko martxoaren 21ean.-Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1204753