87. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko apirilaren 18an hartua, "Vedadillo II eta Vedadillo III parke eolikoak" proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena. Acciona Energía, S.A. enpresak sustatu du.

Acciona Energía, S.A. enpresak, 2011ko urriaren 24an, "Faltzesko udal mugapeko Vedadillo II eta Vedadillo III Udalez gaindiko Plan Sektoriala" aurkeztu zuen, tramitatzeko.

Gainera, planean sartutako obren "onura publikoa" eta "interes orokorra" adierazteko eskatu zuen sustatzaileak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 45.4 eta 47.1 artikuluen babesean, hurrenez hurren. Nafarroako Gobernuak espedientea behin betiko onestean erabakitzen ahalko ditu adierazpen horiek, bidezkoa bada.

I.
PROPOSAMENAREN XEDEA ETA DESKRIPZIOA

I.1. Xedea.

Bi parke eolikoen instalazioak deskribatzea du xede proiektuak; oso-osorik Faltzesko udal mugapean kokatuta daude.

PARKEAREN IZENA

MAKINA KOP.

MAKINEN IZENA

POTENTZIA (MW)

URTEKO EKOIZPENAREN KALKULUA (MWh)

VEDADILLO II

10

B3.1 - B3.2 B4.1 - B4.2 B5.1 - B5.2 B6.1-B6.2 B7.1 - B7.2

30,0

79,070

VEDADILLO III

12

C1.1 - C1.2 C2.1 - C2.2 C3.1 - C3.2 C4.1 - C4.2 C5.1 - C5.2 C6.1-C6.2

36,0

110.080,000

GUZTIRA

22

66,0

189.150,000

Sustatzaileak lehendik ezagutzen duen azken teknologiako makinak erabiliko dira: AW 3000 aerosorgailua, 3 MW-ekoa, Acciona Windpower delakoak garatu eta fabrikatzen duena.

Proiektuaren bidez, potentzia handitu gogo da Accionak 2005eko irailetik aurrera funtzionamenduan dituen Vedadillo parkean eta hari erantsitako instalazioetan: 66/12 kV-eko azpiestazioa eta 66 kV-eko aireko linea elektrikoa, bi instalazioek nahikoa gaitasun baitute proiektuak dakarren potentzia gehikuntza kanpora ateratzeko. Sustatzailearen ustez, gaur egungo kokalekuen eragimen energetikoa optimizatuko da aerosorgailuen kopurua handituta; hori guztia, parkeko mugak gainditu gabe eta jardunean diren instalazioetako azpiegitura elektrikoak erabilita. Emaitza horretan lagungarria da energia elektrikoaren lehen instalazioak dauden tokian baliabidea gaur egun lortzen den aprobetxamendua baino askoz handiagoa izatea, lurralde okupazioaren baldintzen eta aerosorgailuen ezaugarrien ondorioz. Gaur egun okupatzen diren kokalekuetako aprobetxamendua optimizatzeak ez dakar kalte garrantzitsurik ingurumenean; aitzitik, horrelako jarduketek eragimen energetiko handiagoa ematen diote okupatutako lurraldeari azpiegitura osagarri berrien beharrik gabe.

I.2. Proiektuaren deskripzioa.

Vedadillo II eta Vedadillo III parke eolikoen proiektua Faltzesko udal mugapean kokatzen da, oso-osorik, zelai zabal batean, 420-450 arteko kotekin, eta 1.400 bat metrora, herrigunetik ipar-mendebaldera. Batez ere, alorrak daude bertan. Landaredi aldetik, ukitutako eremu gehiena larrea eta sastrakadia da.

Parkeko instalazioak ukitutako lurzatien zerrenda jasotzen du proiektuak eta, haietako bakoitzeko titularra, ukitutako azalera eta lur mota zehazten ditu.

10 aerosorgailuko lerrokadura batek osatzen du lehen parkea, eta 12ko lerrokadura batek bigarrena. Makinen biratzeko diametroa 109 m-koa da, eta hormigoizko dorrea 100 metro altu.

NA-6210 Vergalada-Faltzes errepidearen bitartez sartzen da parkeetan, Faltzes Leringo norabidean zeharkatu ondoren.

Hamabi turbina berriak ezartzeko, ahalik eta gehien erabili gogo dira Vedadillo parkeko sarbideak, eta jarduketa puntual batzuk baino ez dira behar bidearen zenbait tartetan, eta bide berri batekin luzatuko da aerosorgailu berrietaraino. Bide tarte berri horiek alorrak zeharkatuko dituzte. Parkea eraikitzeko eginen diren bideak 6 eta 10 metro zabal izanen dira, non kokatzen diren horren arabera. Muntaketa bukaturik, bideak 4,5 eta 5 metro zabal utziko dira, hurrenez hurren.

Muntatze lanerako plataformak 55 x 25 m-koak izanen dira, 100 m-ko dorrea duten aerosorgailuetako zapatak 19 x 19 m-koak, altzairuzko eta hormigoizko sareta dutela.

Proiektuaren memoriaren arabera, parkeen eremua lur zerrenda bat izanen da, 109 m zabal, erdian lerrokaduren ardatza duela; hortxe kokatuko dira aerosorgailuak (zapatak barne), dorreak, ekipamenduak, garabien lanerako plataformak eta dorreen eta barneko bideen arteko kanalizazio elektrikoak, lurpean. Bestetik, parkearen eremuan sartzen dira Vedadillo parke eolikoko transformazio-azpiestaziorainoko bide eta zangak eta makinak kalibratzeko aldi baterako meteorologia dorreak, baita meteorologia dorre finkoa ere, tokiko baliabide eolikoari jarraipena egiteko behar dena.

Transformazio-azpiestazioa handitzeko proiektua ere jasotzen du UPSak; hor beste transformagailu bat kokatu beharko da, 55 MVA-koa, eta lur azpiko 66 kV-eko linea luzatu azpiestaziotik aireko 66 kV-eko linearen lehen euskarriraino; linea horrek ST Vedadillo eta 66 kV-eko ST Tafalla-ST Erriberri linearen 38 euskarria lotzen ditu. Handitzeak oin-planoko okupazio handiagoa dakar, 400 m² ingurukoa.

Lur azpikoak izanen dira energia parke eolikoaren barrenean garraiatuko duten zirkuituak, 12 kV-eko tentsiokoak, eta hareazko geruza baten gainean jarriko dira, metro bat sakon. Guztira, 3.162 m-luze dira parke eolikorako proiektatu diren zangak.

Hauxe da bi parkeen kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontua:

VEDADILLO II

VEDADILLO III

Parke eolikoko obra zibila

1.146.024,04

1.291.521,25

Azpiestazioko obra zibila

-

60.113,24

Gastuen %11 eta mozkina

126.062,64

148.679,79

P.E.ko instalazio elektrikoak

900.471,76

673.765,23

ST-ko instalazio elektrikoak

-

547.248,00

Aerosorgailuak

30.000.000,00

36.000.000,00

Neurketa dorreak

95.000,00

95.000,00

66 kV-eko lur azpiko linea

-

22.814,86

Kontrata bidezko exekuzioaren zenbatekoa

32.267.558,44

38.839.142,37

II.
HIRIGINTZARI ETA LURRALDEARI BURUZ KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

II.1. 125/1996 Errege Dekretuari egokitzea.

Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 3.1.a) artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, bidezko da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial bat tramitatzea, bi parke eoliko ezarri gogo baitira.

Proiektatu diren parkeak hirigintza eta lurralde aldetik egokiak ote diren baloratzeko, lehenik, ukitutako lurren egoera aztertu behar da hirigintza aldetik, Parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru 2. artikuluko xedapenen arabera "kokaleku egokiei" buruz: bada, ikuspegi horretatik ez dago oztoporik; izan ere, parkeek okupatuko dituzten lurrak urbanizaezinak dira, nekazaritzako produktibitate ertaina dute eta oihan lurrak zein larreak dira, 2002ko maiatzaren 22an onetsitako udal planaren arabera.

Bestalde, 125/1996 Foru Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan ezarpen horiek baimentzeko eskabideei erantsi beharreko dokumentazio teknikoa eta administratiboa zehazten da.

2011ko urriaren 24an, sustatzaileak proiektu bat aurkeztu zuen parke eoliko bakoitzerako (Vedadillo II eta Vedadillo III) Sustapen eta Etxebizitza Departamentuan, dokumentu hauez osaturik:

Memoria:

1. Memoria.

2. Lurraldearen deskripzioa.

3. UPS gisako adierazpenaren justifikazioa.

4. Proiektuaren deskripzioa.

5. Lurraldearen eta ingurumenaren gaineko eragina.

6. Planeamenduaren aipamena.

7. Bideragarritasun ekonomikoa eta exekuziorako kalkulatzen den iraupena.

8. Sustatzailearen konpromisoa proiektuaren ondoriozko beharkizunak betetzeko.

9. Beharkizunak betetzeko bermeak.

Eranskinak:

1. Ukitutako ondasunak eta eskubideak.

2. Haizeari eta ekoizpenari buruzko txostena.

3. Aerosorgailua.

4. Instalazio elektrikoak.

5. Ingurumenaren eta arkeologiaren gaineko ukipenei buruzko azterlana.

6. Turbina eolikoak seinalatu eta argiztatzea.

7. Aerosorgailuak kentzea.

8. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana.

9. Interferentzia erradioelektrikoen azterlana.

10. Azpiestazioa handitzea.

11. Lur azpiko 66 kV-eko linea.

12. Bideragarritasun ekonomikoaren gaineko azterlana.

13. Kronograma.

14. Banku abalaren gordailuaren gordekina.

Planoak:

Eduki horren bidez biltzen da legearen arabera eskatzen den dokumentazio guztia, ondoren aipatzen dena izan ezik; hori, nolanahi ere, espedientea ebatzi baino lehen aurkeztu beharko da:

-UPSaren eremuko eraikuntzako jarduerak eta erabilerak arautzeko ezarri diren hirigintzako determinazioen justifikazioa.

Orobat, zein mankomunitatekoa den udala, haren txosten batekin osatu beharko du espedientea sustatzaileak, planeamenduak ukitutako zerbitzu elkartuei buruz.

II.2. Ebroko Ardatzaren Lurralde Antolamenduko Planari egokitzea (maiatzaren 16ko 47/2011 Foru Dekretua).

Proiektuak eremuan indarra duen Lurralde Antolamenduko Planari egokitzen ote zaizkion aztertzeko, lehendabizi, ukitutako ingurumen unitateen azterlanetik abiatzen gara; horiek hiru motatakoak dira: "laboreak", "zuhaixka eta belarkien formazioak" eta bien asoziazioa: mendi eta alorren mosaikoa".

-Laboreak: proiektuen eremuan nagusi den unitatea da, eta parkeko instalazioek ez dute eragin larririk haren balioetan.

-Zuhaixka eta belarkien formazioak: askotarikoak izanik, munta handia dute eskualdeko biodibertsitatean natura eta paisaia aldetik. Hona hemen unitatearen zeregin nagusietako batzuk: ura: profil edafikoaren intsolazioa eta idortzea gutxitzen laguntzen du, isurketari eusten dio eta infiltrazioa hobetzen du; lurzorua: higatzeko arriskua ez da hain nabarmena; biodibertsitatea: masa horien kokaerak, haien barietateak eta haietako batzuen kalitateak balio handia ematen diete landare eta faunaren biodibertsitatea kontserbatzeko zenbat eta hegoaldera egon eta soilagoa den eremu mediterraneoan; paisaia: Erriberako paisaia natural eta berezietako funtsezko osagaietako bat da, gauza baita bistarako eragjn handiko erliebeak tapizatzeko.

-Mendi eta alorren mosaikoa: aurreko ingurumen unitateen balioak indartu eta nabarmentzen dira sare moduko egitura batean elkartzen direnean.

LAP-5 delakoak, aurreko ingurumen unitateen azterketatik abiatuta, ingurumen balioagatik sartu du ezarpen eremua babes bereziko lurzoruen kategorian, interes bereziko landarediaren azpikategorian, arrazoi hauengatik: "Ebroko Ardatzaren eremuak berezko landarediaren azalera txikia du, hau da, laboreen artean nabarmentzen diren pinudi eta sastrakak. Biodibertsitatea kontserbatzeko funtsezkoak izateaz gain, Nafarroako ekosistemen adierazgarri garrantzitsuak dira eta mendi eta alorren arteko mosaikoaren paisaia bereizgarriaren parte dira. Formazio horiek lurraldea garatzeko ereduaren koherentzia orokorra eta iraunkortasuna hobetzen laguntzen dute; gainera, natur eremuen sektoreko legeriak babestutako lurzoruetan sartutako guneak osatzen ditu, hala nola, "Estellerriko igeltsuak" BILa eta "Bardeak" BILa. Oro har, eraikuntzako jarduerak debekatuko dira, baita formazio horiek babesteko arrazoi izan diren landaredia, lurzorua, berezitasuna eta xedea aldatzen duten erabilerak ere. Aipatu landare formazioak epe ertainean eta luzean kontserbatu eta mantentzeko koherenteak edo bateragarriak diren erabilerak baimentzen ahalko dira.

Irizpide horiek aplikatuta, badirudi ezin direla baimendu B7.2 (Vedadillo II) eta C1.1, C3.2 eta C4.1 (Vedadillo III) izeneko errotak.

II.3. Lurren gaineko ukipenak eta lurralde eremuen mugaketa.

Proiektuan ez dira ageri aldi baterako edo behin betiko okupazioak, ezarriko diren zortasunak eta proposatutako jarduketek, abian jarri eta gero, izanen duten babes araubidea. Alderdi horiek guztiak jaso behar dira proiektuan, eta proposamenetan bereizi egin behar dira lerrokadurak, sarbideak, parkearen ezarpen eremua eta energia ateratzeko instalazioak.

Orobat, dokumentuan argi eta zehatz mugatu behar dira lurralde eremu hauek:

-Azterlan edo analisiaren eremua: lurraldea, behar bezain zabala, aukeratzen ahal diren kokaleku guztiak ebaluatu eta aztertzeko modukoa; Vedadillo izeneko parkeak ezartzeko zein kokagunek duten lurralde eta ingurumen aldetik eraginik txikiena, haiek arrazoietan oinarrituta erabaki eta justifikatzeko adinako eremua.

-Ezarpen eremua: parkea ezartzeko aukeratzen den kokalekua, lurraldean, oro har, eragin txikiena duelako. Mugapen hori beharrezkoa da aerosorgailuak kokatzeko modua (ilarakoa edo bestelakoa) justifikatzeko eta eremu horretako erabilera eta jarduera onartuei, baimengarriei eta debekatuei buruzko araudia aplikatzeko. Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, proiektu honetako jarduketek ukitzen dituzten lurrak edo haien ezarpen eremua babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat joko da, eta azpiegituretarako lurzoruaren azpikategoria izanen du.

Alde horretatik, eremu horietako koordenatu guztiekin osatu beharko da dokumentua.

Bestetik, parkeen araudiari, egokitzat jotzen den atalean, determinazio hauek erantsiko zaizkio:

-Erabilera eta jarduera onartuak izanen dira parke eolikoaren kontserbaziorako, mantentze lanetarako eta zerbitzurako behar direnak, baita Ingurumena Zaintzeko Plana betetzeko behar direnak ere.

-Delta hegala, parapentea eta horrelako aireko nabigazioa debekatzeari buruz bidezkoak diren determinazioak.

-Parke eolikoa garatzeko egiten den edozein eraikuntza-proiektutan, baita parke eolikoaren edozein osagairi dagozkion obren exekuzioan ere, kontuan hartuko dira lehendik dauden eta egitekoak diren azpiegitura guztiak, azpiegitura horiekin burutu beharreko jarduketak koordinatzeko, baita balizko beste zortasun batzuk ere; adibidez, ondare historiko eta arkeologikoari dagozkionak, aeronautikoak, halakorik balitz, eta bestelakoak. Horretarako, obrak hasi baino lehen, arloaren arabera eskumena duten organoei behar diren baimen guztiak eskatu beharko zaizkie.

-UPSa aldatzeko espedientea tramitatu beharko da, kasuan kasuko parkerako, baldin eta funtsezko aldaketak egin nahi badira lerroen antolaeran eta/edo aerosorgailuen kopuruan, proposatutako sarbide eta argindar lineen trazaduran edo parkerako ezarritako araudian.

II.4. Eremu ureztagarriak.

Departamentu honetan den informazio geografikoaren arabera, proiektuan mugatutako esparruak ez du eremu ureztagarririk ukitzen.

II.5. Ondare arkeologikoaren gaineko ukipena.

Ondare arkeologikoan izan daitekeen ukipenari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2011ko azaroaren 15ean eman zuen aditzera proiektatutako bi parkeek ez dutela ukipenik.

II.6. Sarbideak.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, 2012ko urtarrilaren 23an, 2011/519141 txostena igorri zuen eta bertan zenbait determinazio ezarri zituen parkeen sarbideetarako, espedientearen ebazpenean ager daitezen.

Alabaina, NA-6210 Vergalada-Faltzes errepidetik, azken herri hori Leringo norabidean zeharkatu ondoren, parke eolikora planteatzen diren sarbideen xehetasun grafikoa erantsi beharko zaio proiektuari.

II.7. Beste ukipen batzuk.

Proiektuan kontuan hartu da Vedadillo erpin geodesikoa dagoela, eta 100 m-tik gorako erradioa errespetatu da aerosorgailurik gabe. Bestetik, lur azpiko linea elektrikoak kontuan hartuko ditu oliobidearen eta gasbidearen trazadurak, ukipenik izan ez dadin. Orobat, 160 m-ko tartea utziko da, gutxienez ere, errepideraino, aerosorgailu hurbilenetik.

II.8 Behar adinako edukiera eta garraio sare elektrikoarekiko lotura izatea.

Horri buruz, sustatzaileak espedientea osatu beharko du Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren txosten batekin.

III.
INGURUMENARI BURUZ KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

2012ko urtarrilaren 23an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak txosten hau eman zuen:

"Vedadillo II eta Vedadillo III izeneko parke eolikoen Udalez gaindiko Plan Sektorialari dagokionez, aditzera ematen da, aurkeztu den dokumentazioa azterturik, Ingurumen eraginaren azterlanaren edukia osorik dagoela eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legea garatzen duen 93/2006 Foru Dekretuan aurreikusitakoa betetzen duela. Acciona Energía, S.A.k sustatzen ditu parke eoliko horiek, Faltzesko udal mugapean kokatzen direnak. Hortaz, jendaurrean jartzen ahal da, UPSaren gainerako dokumentazioarekin batera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatzen jarraitzeko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2012ko martxoaren 30eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Vedadillo II eta Vedadillo III izeneko parke eolikoen proiektua", Acciona Energía, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektoriala dela adieraztea, aipatu foru legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Enpresa sustatzaileari adieraztea, espedientea ebatzi baino lehen, erabaki honen "II.-Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak" atalean aipatutako alderdiak erantsi beharko dizkiola proiektuari, zehaztasun maila egokiarekin.

3. Espedientea ebatzi baino lehen, sustatzaileak osatu egin beharko du hurrengo txostenekin:

-Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren txostena, behar adinako ahalmena eta konexioa izateari buruz garraio sare elektrikoarekin.

-Udalerriari dagokion mankomunitatearena, planeamenduan ukitzen diren mankomunitateko zerbitzuei dagokienez.

4. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2012ko urtarrilaren 23ko txostenean adierazitakoa beteko du sustatzaileak.

5. Adierazpen honek ez ditu deusetan galaraziko proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak.

6. Espedientea jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea proiektuak ukitutako mugapeetako toki entitateei, hogeita hamar egun baliodunez.

Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7; 31005 Iruña).

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari igortzea, eta Faltzesko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 18an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Roberto Jiménez Alli.

Iragarkiaren kodea: F1206049