85. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2012 FORU LEGEA, apirilaren 26koa, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. izeneko sozietatea sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legea aldatzen duena

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ENPRESA KORPORAZIO PUBLIKOA, S.M.P. IZENEKO SOZIETATEA SORTZEARI BURUZKO EKAINAREN 18KO 8/2009 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

Zioen azalpena

Behin buruturik Nafarroako Enpresa Publikoen Sektorea Berregituratzeko Plana -hain zuzen ere, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. izeneko sozietatea sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legea onestean aurreikusitako fasean egin da-, egungo egoera ekonomikoa aintzat hartu, eta areagotu egin behar dira baliabide publikoen kontrola eta eraginkortasuna, ahal denik eta handienak izan daitezen. Zerbitzu bikoiztuak bateratzea, gastu publikoa optimizatzea, ahalik eta efizientzia handiena lortzea eta defizit publikoa kontrolatzen eta murrizten modu positiboan laguntzea helburu dituen politika honetan, enpresa publikoen sektoreak ere bete-betean hartu behar du parte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duen tresnetako bat baita. Horiek horrela, eta Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak, eginkizunei dagokienez, departamentuei daudenez atxikirik, une honetan komenigarritzat jotzen da holding-lana egiten duen enpresa publiko nagusia -Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P.- saia dadin koordinazio ahalik eta handiena lortzen taldearen barruan; horregatik, komeni da enpresa publiko nagusi horren burutza Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari ari denak hartzea bere gain zuzenean, nahiz eta hori ez den eragozpen izanen ondare arloko eskumenak dituen kontseilariak berari dagozkion eskudantziak osotara betetzeko.

Era berean, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. izeneko sozietatearen ohiko jarduna errazteko, Administrazio Kontseiluko kontseilukide delegatuaren figura sortzea aurreikusi da; kasu honetan, Nafarroako Gobernuan ondare arloko eskumenak dituen kontseilariak beteko du lan hori, Administrazio Kontseiluko karguagatiko kide ere badenak.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. izeneko sozietatea sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legearen aldaketa.

3. artikuluaren 4. idatz-zatiari testu berria eman zaio, eta idatz-zati berri bat, bosgarrena, erantsi. Hauexek dira testuak:

"4. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P.ren bazkide bakarrak izendatuko ditu Administrazio Kontseiluko kideak: heren bat Nafarroako Gobernuak proposatuta, heren bat Nafarroako Parlamentuak proposatuta eta heren bat izen handiko profesional independenteen artetik. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izanen da Kontseiluko burua, bai eta Kontseiluko karguagatiko kide ere, Nafarroako Gobernuak proposatu beharreko herenaren barruan. Ondare arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria ere karguagatiko kide izanen da Kontseiluan, Nafarroako Gobernuak proposatu beharreko herenaren barruan.

5. Sozietateko Administrazio Kontseiluak Kontseiluko kide delegatu bat izendatuko du, Kontseiluak berak emandako eginkizunak beteko dituena, ordezkaezinak direnak kenduta. Lanpostu hori Nafarroako Gobernuan ondare arloko eskumenak dituen kontseilariak beteko du, sozietateko Administrazio Kontseiluko karguagatiko kide ere badenak."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko apirilaren 26an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1206680