81. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25E/2012 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Iguzkitzako 5. poligonoko 394. lurzatian dagoen Labeagako (Iguzkitza) 3.5 UA unitateko urbanizazioaren saneamendu proposamenerako. Sustatzailea Angel del Corro Cantalapiedra jauna da.

2011ko irailaren 13an, Iguzkitzako Udalak aipatutako espedientea igorri zion Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuari. Ondoren, 2011ko azaroaren 14an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatutako jardueraren xedea da saneamenduaz hornitzea Iguzkitzako 5. poligonoko 395. lurzatian dagoen 3.5 UA unitaterako aurreikusitako urbanizazioa; Labeagako herriko lurzoru urbanizagarrian dago, Iguzkitzan.

Koten arteko aldea dela-eta, etorkizuneko urbanizazioak ezin du hustuketarik egin herriko hiri lurzoruan dagoen saneamendurako hoditerian; hortaz, beste hoditeria bat diseinatu behar da eta, horretarako, Iguzkitzako 5. poligonoko 394. lurzatian, 200 mm-ko PVCko hodi bat paratuko da, baita saneamendurako hiru putzu eta 145 ml ere lurzati berean dagoen herriko hobi septikoraino. Horretarako, zanga bat eginen da nekazaritzako lurretan barna, %4tik %9ra bitarteko maldekin, sasiak edo zuhaitzak dituzten hurbileko eremuak ukitu gabe. Aurreikusten da proiektuak 25 m³ hondarreko lur sortuko dituela.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak 2012ko urtarrilaren 13an egindako txostena dauka proiektuak, ondare arkeologikoari ukipenik egitea baztertzen duena.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

2012ko otsailaren 13an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak jardueraren aldeko txostena egin zuen, lurzoru urbanizaezinaren balizko ukipenei dagokienez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Iguzkitzako 5. poligonoko 394. lurzatian dagoen Labeagako (Iguzkitza) 3.5 UA unitateko urbanizazioaren saneamendu proposamenerako. Sustatzailea Angel del Corro Cantalapiedra jauna da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero, batez ere Jurramendiko Ur Mankomunitateari.

-Hondarreko lurrak hodiaren ondoko labore lurretan zabalduko dira, edo baimendutako hondakindegira botako dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iguzkitzako Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko martxoaren 9an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1204211