Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
657/2012 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean eratutako Campus Iberus Partzuergoaren behin betiko Estatutuak argitaratzeko agintzen duena.
Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean eratutako Campus Iberus Partzuergoaren behin betiko Estatutuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak onetsi zituen 2012ko urtarrilaren 30ean hartutako 2/2012 Erabakiaren bidez. Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari bidali zion Estatutuen behin betiko testua, eta 2012ko otsailaren 29an Campus Iberus Partzuergoaren behin betiko Estatutuak onetsi zituen.
Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren 9.1 klausulan ezarritakoarekin bat, Campus Iberus Partzuergoaren behin betiko Estatutuen testua argitaratu behar da Partzuergoa osatzen duten unibertsitateen Autonomia Erkidego bakoitzaren Aldizkari Ofizialean.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,
EBATZI DUT:
Bat.-Argitaratzea Campus Iberus Partzuergoaren Estatutuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2012ko urtarrilaren 30ean hartutako 2/2012 Erabakiaren bidez onetsitakoak, eta Gizarte Kontseiluak otsailean hartutako 2/2012 Erabakiaren bidez berretsiak, eranskinean azaltzen den bezala.
Iruñean, 2012ko apirilaren 17an.-Errektorea, Julio Lafuente López.
CAMPUS IBERUS PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK
Hitzaurrea
I. KAPITULUA
Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Partzuergoaren izena, parte-hartzaileak eta helburua.
2. artikulua. Helbidea.
3. artikulua. Eginkizunak.
4. artikulua. Partzuergoaren nortasun juridikoa eta gaitasuna, eta Partzuergoan sartu diren erakundeen parte-hartzea.
5. artikulua. Iraupena.
II. KAPITULUA
Ondare, ekonomia, kontabilitate, aurrekontu, langile eta kontratazio araubidea
6. artikulua. Ondare araubidea.
7. artikulua. Ekonomia araubidea.
8. artikulua. Kontabilitate eta aurrekontu araubidea.
9. artikulua. Langile araubidea.
10. artikulua. Kontratazio araubidea.
III. KAPITULUA
Gobernu, zuzendaritza eta parte hartzeko organoak
11. artikulua. Gobernu eta zuzendaritza organoak.
12. artikulua. Kontseilu Errektorea.
13. artikulua. Kontseilu Errektorearen osaera.
14. artikulua. Kontseilu Errektorearen eginkizunak.
15. artikulua. Kontseilu Errektorearen burua.
16. artikulua. Kontseiluburuaren eginkizunak.
17. artikulua. Batzorde Exekutiboa.
18. artikulua. Batzorde Exekutiboaren eginkizunak.
19. artikulua. Zuzendari exekutiboa.
20. artikulua. Zuzendari exekutiboaren eginkizunak.
21. artikulua. Aholku Batzordeak.
22. artikulua. Hiritarren Aholku Kontseiluaren osaera.
23. artikulua. Hiritarren Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
24. artikulua. Zientziako Aholku Kontseiluaren osaera.
25. artikulua. Zientziako Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
26. artikulua. Enpresako Aholku Kontseiluaren osaera.
27. artikulua. Enpresako Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
IV. KAPITULUA
Funtzionamendu-araubidea
28. artikulua. Kontseilu Errektorearen bileren deialdia.
29. artikulua. Kontseilu Errektorearen bilerak eratzeko quoruma.
30. artikulua. Errektoreen kontseiluaren erabakiak nola hartzen diren.
31. artikulua. Kontseilu exekutiboaren bileren deialdia.
32. artikulua. Kontseilu exekutiboaren bilerak eratzeko quorum-a.
33. artikulua. Batzorde Exekutiboaren erabakiak nola hartzen diren.
34. artikulua. Aholku Kontseiluen bileren deialdia.
35. artikulua. Aholku Kontseiluen bilerak eratzeko quorum-a.
36. artikulua. Aholku Kontseiluen erabakiak nola hartzen diren.
37. artikulua. Egintzak aurkatzeko araubidea.
V. KAPITULUA
Estatuak aldatzea, Partzuergoari atxikitzea, Partzuergotik bereiztea, Partzuergoa desegitea
38. artikulua. Estatuak aldatzea, Partzuergoari atxikitzea, Partzuergotik bereiztea, Partzuergoa desegitea.
39. artikulua. Partzuergoa desegitea.
40. artikulua. Aparteko gastu ekonomikoak onestea.
CAMPUS IBERUS PARTZUERGOAREN ESTATUTUAK
Hitzaurrea
Zaragozako, Errioxako, Lleidako Unibertsitateak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkartu eta Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun campusa sortzeak berrikuntza bat ekarri du unibertsitateak, erakunde publikoa den aldetik, garatzen duen jardueran. Horregatik, beharrezkoa da modu egokia aurkitzea aipatu campusa osatzen duten jarduerak egiteko eta helburuak lortzeko, campusaren izateko arrazoia den azken emaitza ziurtatu ahal izateko.
Horixe da Campus Iberus Partzuergoa sortzeko helburua eta, aldi berean, justifikazioa. Campusa bultzatu eta martxan jartzeko eginkizun nagusia dauka, "Zaragozako, Errioxako, Lleidako Unibertsitateen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena, Campus Iberus Partzuergoa sortzeko" hitzarmenak onetsi zuenaren arabera. Hitzarmena lau unibertsitateek izenpetu zuten 2011ko ekainaren 6an egindako bileran.
Horretarako, Partzuergoa osatzen duten unibertsitateen mendeko egitura bat prestatu da, eta egitura horren bidez eramango dira aurrera Plan Estrategikoa osatzen duten egintzak, aldi berean egitura planarekin loturik izango dela. Modu honetan, kudeaketa erraztu eta egingarri bihurtzen duen araubide juridikoa egituratzen da, gobernu, zuzendaritza eta parte hartzeko organo batzuk sortuz. Organo horietan, Errektoreen Kontseilua izango da Partzuergoaren gobernu organo nagusia, beste gainerakoen gainetik egongo dena. Partzuergoan sartu diren unibertsitateen errektoreek osatuko dute, eta bere eginkizun nagusia da Partzuergoak erabakitakoa garatu eta betearaztea. Aldi berean, Batzorde exekutiboa eta zuzendaritza exekutiboa ere sortuko dira, Partzuergoaren jarduerak kudeatu eta betearazteko. Horretarako guztietarako egongo da, baita ere, organo aholku-emaile bat. Egitura honi nortasun juridikoa eta ekiteko gaitasun osoa ematen zaio, helburuak bete ahal izateko. Argitu behar da, hala ere, egitura honek ez diela eragiten eta ez dituela gutxiagotzen unibertsitate bakoitzari, legez eta bere autonomia erabiliz, dagozkion eskumenak, eta beraz behar diren erabakiak eta hitzarmenak egiten ahal dituztela. Beraz, unibertsitate bakoitzaren autonomia eta eskumenak bermatuta daude, eta azken-azkenean, Partzuergoa eta bere organoak izango dira bermatzaileak. Era berean, Erkidego Autonomo bakoitzari legozkiokeen eskumenak bermatu egiten dira.
I. KAPITULUA
Xedapen Orokorrak
1. artikulua. Partzuergoaren izena, parte-hartzaileak eta helburua.
Zaragozako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateek, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hemendik aurrera partzuergoko erakundeak deituko ditugunak, "Campus Iberus Partzuergoa" izeneko Partzuergo bat sortu dute, aurrerakoan Partzuergoa deituko duguna, unibertsitateen artean "Campus Iberus, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun campusa", aurrerakoan Campus Iberus, bultzatu eta abian jartzeko.
2. artikulua. Helbidea.
Partzuergoak, lege-ondorio guztietarako, Zaragozan dauka egoitza, eta Zaragozako Unibertsitatean edukiko du helbidea.
3. artikulua. Eginkizunak.
Honako hauek dira Partzuergoaren eginkizunak:
a) Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasun campus Bihurtzeko Plan Estrategikoa helburu duten jarduerak bultzatzea eta ongi beteko direla ziurtatzea.
b) Campus Iberusi atxikitzen zaizkion baliabideak, zeinen onuraduna Partzuergoa izango baita, kudeatzea.
c) Campus Iberuseko kide, zuzen edo zeharka, izango diren eragileen arteko harremana koordinatzea.
d) Lankidetza planak, zerbitzu komunak, baliabideak eta nazioko zein nazioarteko sareetarako konexioak elkarrekin eros daitezela bultzatzea.
e) Ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, irakasle ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuen langileei egiten zaien instalazio eta aukeren eskaintza hobetzeko eta optimizatzeko ekintzak proposatzea.
f) Partzuergoaren helburua lortzen laguntzen ahal duen beste edozein eginkizun betetzea.
4. artikulua. Partzuergoaren nortasun juridikoa eta gaitasuna, eta Partzuergoan sartu diren erakundeen parte-hartzea.
1. 1992ko 30/1992 Legeko 6. artikuluarekin bat etorriz, Partzuergoa, legez, zuzenbide publikoko erakundea da, elkarkorra eta borondatezkoa, nortasun juridikoa daukana, eta bere eginkizunak betetzeko ekiteko eskumen erabatekoa duena.
2. Estatutu hauetako xedapenek, berauek garatzeko egiten den barne araubideak, eta aplikagarria zaion ordenamendu juridiko publikoak zuzentzen dute Partzuergoa. Azken hau, Partzuergoak egoitza daukan tokikoa izango da.
3. Partzuergoari, zuzenbide publikoko erakundea denez, hainbat eskumen dagozkio; horietaz aparte, Partzuergoak kontratuak egin, betebeharrak bereganatu, errekurtsoak jarri eta dagozkion ekintzak betearazten ahal ditu. Halaber, estatutu hauetan ezartzen diren helburuak lortzeko beharrekoa den beste edozein ekintza ere egiten ahal du, kasu bakoitzerako ezartzen den araubide juridiko, baldintza eta legezko prozedura aintzat hartuz.
4. Partzuergoan dauden erakundeen parte-hartze ekonomikoaren araubidea, dagozkion lankidetza-hitzarmenak izenpetuz ezarriko da.
5. artikulua. Iraupena.
Partzuergoak iraupen mugagabea edukiko du, ezarritako helburuen betetzearekin lotutakoa.
II. KAPITULUA
Ondare, ekonomia, kontabilitate, aurrekontu, langile eta kontratazio araubidea
6. artikulua. Ondare araubidea.
1. Balio ekonomikoa daukaten ondasun eta eskubide guztiek, hauek edonolakoak izanik ere, osatuko dute Partzuergoaren ondarea, aplikagarriak diren legeek ezartzen dituzten mugak, beste mugarik ez dagoela.
2. Partzuergoak daukan jatorrizko ondarearen kaltetan gabe, Partzuergokoak diren erakundeek Partzuergoaren helburuak lortzeko jartzen dituzten ondasun higigarriak eta higiezinak, erabiltzeko utzitako ondasunak izango dira, kasu bakoitzean zehazten diren ondare negozio, titulu juridiko eta baldintzekin.
7. artikulua. Ekonomia araubidea.
1. Bere helburuak lortzeko, Partzuergoak honako baliabide hauek edukiko ditu:
a) Partzuergoan sartutako erakundeek egiten dituzten ekarpenak, eta Partzuergoa eratu eta gero Partzuergoari atxikitzen zaizkion erakundeek egiten dituztenak.
b) Partzuergoak jaso eta onartzen dituen diru-laguntzak, ekarpenak, emateak, herentziak, lagapenak eta beste edozein motatako laguntzak, erakunde publikoenak edo pribatuenak edo are partikularrenak izanik ere.
c) Lortzen dituen kredituak.
d) Partzuergokoak diren edo Partzuergoari atxikitzen zaizkion erakundeek beren ondasunekin egiten dituzten lagapenak edo erabilerarako atxikipenak.
e) Legokiokeen beste edozein baliabide, indarrean dagoen araudiaren arabera.
2. Partzuergoaren ekonomia eta finantza eta ekonomia jardueretako araubidea Errektoreen Kontseiluak onetsiko duen urteko aurrekontuan oinarrituko da. Aurrekontua publikoa, bakarra, urtekoa eta orekatua izango da, eta ekitaldi ekonomikorako aurreikusten diren diru-sarrera eta gastu guztiak bilduko ditu.
8. artikulua. Kontabilitate eta aurrekontu araubidea.
1. Kontabilitate publikoaren printzipioek eta arauek arautuko dituzte kontabilitate, kontuak onesteko eta erakusteko araubidea.
2. Kontseilu Errektoreak urteko aurrekontu bat onetsiko du. Honek bere baitan bilduko ditu ekitaldi bakoitzean aurreikusten diren diru-sarreren eta gastuen kopuru osoa.
3. Partzuergoak bere jardueren kontuen berri eman behar dio, derrigorrez, legez dagokion fiskalizazio-organoari, Kontuen Epaitegiaren eskumenen kaltetan gabe, eta kanpoko ikuskaritzak kontratatzeari uko egin gabe, hala badagokio.
9. artikulua. Langile araubidea.
1. Partzuergoko langileak, araudi aplikagarriarekin bat etorriz, Partzuergoak lan-erregimenean kontrataturiko langileak, edo Partzuergokoak diren erakundeei atxikiriko langileak izan daitezke.
2. Partzuergoaren langileen lan-kontratazioa, araudi aplikagarriaren arabera, sartzeko hautaketa-probak gainditzearen bidezko aukeraketa eginez, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak zainduz.
3. Partzuergokoak diren erakundeek funtzionarioak edo lan kontratupeko langileak atxikitzen ahalko zaizkio Partzuergoari, araudi aplikagarriarekin bat etorriz, eta estatutuek, arautegiek edo barne antolaketako arauek, aipatu langile horiei buruz, esaten dutenarekin bat etorriz.
10. artikulua. Kontratazio araubidea.
Kontratazioari aplikatzen ahal zaion araubide juridikoa sektore publikoan kontratuak egiteko indarrean dagoena da, eta hori garatzen duten gainerako arauak.
III. KAPITULUA
Gobernu, zuzendaritza eta parte-hartze organoak
11. artikulua. Gobernu eta zuzendaritza organoak.
Partzuergoaren gobernu eta zuzendaritza organoak honako hauek izango dira:
a) Kontseilu Errektorea.
b) Batzorde exekutiboa.
c) Zuzendari exekutiboa.
12. artikulua. Kontseilu Errektorea.
Kontseilu Errektorea da Partzuergoaren gobernu-organo gorena, eta eskumena dauka Partzuergoaren helburuak lortzeko eta funtzionamendu ona bermatzeko beharrezkoak jotzen dituen ebazpenak hartzeko.
13. artikulua. Kontseilu Errektorearen osaera.
1. Honako hauek izango dira, hasiera batean, Kontseilu Errektoreko kideak:
a) Kontseiluburua.
b) 12 kide, honela banatuta:
i. Partzuergokoak diren lau unibertsitateetako errektoreak.
ii. Partzuergokoak diren lau unibertsitateetako Gizarte Kontseiluen kontseiluburuak.
iii. Partzuergokoak diren lau erakundeetako bakoitzaren ordezkari bat.
iv. Idazkaria, Kontseilu Errektoreak izendatzen duen legelari bat izango dena. Idazkaria Kontseilu Errektorearen bileretara joango da, ahotsarekin baina botorik gabe.
Era berean, Partzuergoko zuzendari exekutiboa ere Kontseilu Errektorearen bileretara joango da, ahotsarekin baina botorik gabe.
2. Idazkariari dagokio Kontseilu Errektorearen bileren aktak jasotzea. Halaber, behar diren egiaztapenak izenpetuko eta emango ditu, kontseiluburuaren oniritziarekin, eta organo kolegiatuen gainerako ohiko eginkizunak egingo ditu.
3. Kontseilu Errektoreko kideen iraupena mugagabea izango da, izendatu dituen erakundeak edozein unetan kargugabetzeko edo ordezkatzeko eskumenaren kaltetan gabe, edo berek dimititzeko daukaten aukeraren kaltetan gabe.
4. Beren kargua dela-eta Kontseilu Errektoreko kide izendatzen dituzten pertsonek ordezkaritzari uko egingo diote izendatu zituzten kargua galtzen duten une berean, eta arautegiaren arabera karguan ordezkatzen dituztenek ordezkatuko dituzte.
5. Partzuergokoak diren erakundeen ordezkariek Kontseilu Errektorean karguari uzten diote izendatu zituen pertsonak karguari uzten dionean.
6. Erakunde berriak sartzen badira Partzuergoan, Kontseilu Errektorean erabaki beharko du zenbat kide dagozkien kontseiluan, eta gehienez ere Partzuergokoak diren erakunde baliokideek daukaten adina izango da.
14. artikulua. Kontseilu errektorearen eginkizunak.
Honako hauek dira Kontseilu Errektorearen eginkizunak:
a) Estatutuen aldaketa onestea, beharrezkoa bada.
b) Partzuergoko erakundeei proposatzea kide berrien atxikipena, edo daudenen kanporaketa, eta hala badagokio, Partzuergoa desegitea eta likidatzea.
c) Partzuergoaren arautegia eta barne araubidea onestea.
d) Partzuergoaren helburuak eta eginkizunak beteko direla zaintzea.
e) Urteko jarduera-plana, plan estrategikoak eta Partzuergoaren eginkizunak betetzeko prestatzen diren planak onestea.
f) Urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontua onestea, baita honen likidazioa ere, eta kontuak ikuskatzea.
g) Urteko txostena onestea.
h) Kontseilu Errektorearen burua izendatzea, kargugabetzea, ezeztatzea edo ordezkatzea.
i) Burua eta Batzorde Exekutiboko gainerako kideak izendatzea.
j) Zuzendari exekutiboa izendatzea, kargugabetzea, ezeztatzea edo ordezkatzea.
k) Partzuergoak, bere burua zorpetzeko, egin litezkeen operazioen gehienezko mugak onestea, Partzuergokoak diren erakundeen adostasunarekin.
l) Aholkularitza Batzordeak eratzea, eta berorien kideak izango diren pertsonak izendatzea.
m) Funtzio-egitura eta langileen araubidea arautzea, eta langileen ordain-sariak finkatzea.
n) Bere eskumenen barneko beste edozein funtzio.
15. artikulua. Kontseiluburua.
Kontseiluburua gizarte zibileko pertsona bat izango da, zientzia, kultura, gizarte edo enpresaren arloan nazioarteko ospea eta entzutea daukana, eta Kontseilu Errektoreak izendatuko du. Kontseilu Errektoreko kideek ezin dute bete kontseiluburu kargua.
16. artikulua. Kontseiluburuaren eginkizunak.
1. Honako hauek dira Kontseilu Errektorearen eginkizunak:
a) Kontseilu Errektorearen buru izatea, eta Partzuergoa ordezkatzea jarduera instituzionaletan.
b) Aholkularitza Batzordeetako burua izatea.
c) Partzuergoaren helburuak lortzeko, bai estrategikoak, bai ekonomikoak, baita interesgarriak diren gainerakoak ere, beharrezkoak diren jarduerak sustatzea.
d) Deialdia egitea, Kontseilu Errektorearen bileren buru izatea, bilerak bertan behera utzi edo bukatutzat ematea, eta bileren eguneko aztergaiak ezartzea.
e) Kontseilu Errektorearen erabakien egiaztagiriak ontzat ematea, Kontseiluaren idazkariak ikuskatu eta gero.
f) Kontseilu Errektoreak eskuordetzen dion beste edozein eginkizun.
2. Kontseiluburua ezin bada bilerara bertaratu, ez badago, gaixo badago edo beste edozein ezintasun badauka, Batzorde Exekutiboaren buruak bereganatuko ditu eginkizunak, buruorde arituz.
17. artikulua. Batzorde Exekutiboa.
1. Honako hauek dira Batzorde Exekutiboko kideak:
a) Batzordeburua.
b) Partzuergoko erakundeak Kontseilu Errektorean ordezkatzen dituzten kideak.
Zuzendari exekutiboak parte hartuko du Batzorde Exekutiboaren bileretan, ahotsarekin baina botorik gabe. Kontseilu Errektorean idazkari dena idazkari arituko da, ahotsarekin baina botorik gabe.
2. Kontseilu Errektoreak izendatuko du Batzorde Exekutiboko burua, Partzuergoa osatzen duten unibertsitateetako errektoreen artetik, eta bera izango da Partzuergoaren legezko ordezkaria.
3. Batzorde Exekutiboko buruaren agintaldiaren iraupena bi urtekoa izango da, eta Partzuergoko unibertsitateen errektoreen artean beteko da, txandaka.
4. Batzorde Exekutiboko kideen agintaldia bukatuko da Kontseilu Errektoreko kide izateari uzten diotenean.
5. Batzorde Exekutiboko burua ez dagoenean, bere unibertsitateak Batzordean daukan beste ordezkariak hartuko ditu bere eginkizunak.
18. artikulua. Batzorde Exekutiboaren eginkizunak.
Batzorde Exekutiboari eginkizun hauek dagozkio:
a) Urteko aurrekontua eta Jarduera Planaren proposamena Kontseilu Errektoreari jakinaraztea.
b) Kudeaketa ekonomikoa betetzeko oinarriak definitzea.
c) Plan Estrategikoa abian jartzearen eta Bikaintasun Campus bihurtzearen ondorioz egin beharreko jarduerak egiteko jarraibideak definitzea, Kontseilu Errektoreak definitzen dituen jarraibide estrategikoak aplikatuz.
d) Langileen zerrenda eta Partzuergoko langileen lanpostuak hornitzeko modua onestea, zuzendari exekutiboak proposatuta.
e) Kontseilu Errektoreari proposatzea Partzuergoak kontratatu beharreko langileen ordainsarien taula.
f) Kontseilu Errektorearen helburuak eta eginkizunak beteko direla zaintzea.
g) Partzuergoaren jardueren eta programen garapenaren berri ematea Kontseilu Errektoreari.
h) Urteko txostena prestatu eta Kontseilu Errektoreari aurkeztea, eta honek eskuordetzen dizkion beste edozein eginkizun betetzea.
19. artikulua. Zuzendari exekutiboa.
1. Kontseilu Errektoreak izendatuko du zuzendari exekutiboa. Gainera, Kontseilu Errektoreak kargugabetu, aldatu edo ordezkatzen ahal du.
2. Zuzendari exekutiboa aukeratzean, unibertsitate komunitatearen eta eragile pribatu eta publikoen artean ararteko lanak egiteko gaitasuna balioetsiko da, baita nazioarte mailako komunikazio-trebetasunak ere.
20. artikulua. Zuzendari exekutiboaren eginkizunak.
Zuzendari exekutiboari eginkizun hauek dagozkio:
a) Kontseilu Errektorearen, Batzorde Exekutiboaren eta Aholku Kontseiluen bileretara joatea.
b) Partzuergoaren jarduerak koordinatu, antolatu eta kudeatzea, Batzorde Exekutiboaren jarraibideekin bat etorriz.
c) Kontseilu Errektoreak sustatzen dituen jardueren eta programen funtzionamendu eta antolamendu proposamenak Batzorde Exekutiboan aurkeztea.
d) Partzuergoan egiten diren jardueren jarraipena egitea.
e) Batzorde Exekutiboari aurkeztea urteko jardueren txostenaren zirriborroa.
f) Batzorde Exekutiboari aurrera eramandako jardueren eta programen berri ematea, baita bere eginkizunak ongi betetzeko beharrezkoa den beste gainerako guztiaren berri ere.
g) Partzuergoak ongi gara dezan bere egitekoa, egoki ikusten dituen proposamenak egitea.
h) Partzuergoak kontratatzen dituen langileak koordinatu eta zuzentzea.
i) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua, urteko kontuen txostena eta aurrekontua kitatzeko proposamena prestatu eta Batzorde Exekutiboari aurkeztea.
j) Batzorde Exekutiboak berariaz eskuordetzen dion beste edozein, Estatutu hauek ezartzen duten moduan.
21. artikulua. Aholku Kontseiluak.
1. Aholku Kontseiluak aholku-emaileak izango dira Campus Iberus proiektuaren garapenean. Hiru Aholku Kontseilu eratuko dira:
a) Hiritarrena.
b) Zientifikoa.
c) Enpresariala.
2. Kontseilu Errektoreak izendatuko ditu Aholku Kontseiluko kideak.
3. Kontseilu Errektoreko burua izango da Aholku Kontseiluetako burua. Zuzendari exekutiboak parte hartuko du, ahotsarekin baina botorik gabe. Kontseilu Errektorean idazkari dena idazkari arituko da, ahotsarekin baina botorik gabe.
4. Aholku Kontseiluetako kideen agintaldiak lau urte iraungo du. Agintaldia luzatzen ahalko da, Kontseilu Errektoreak hala erabakiz gero, Kontseilu horrek berak edozein unetan kargugabetzeko edo ordezkatzeko eskumenaren kaltetan gabe, edo norberak dimititzeko daukan aukeraren kaltetan gabe.
5. Beren kargua dela-eta Aholku Kontseiluetako kide izendatzen dituzten pertsonek ordezkaritzari uko egingo diote izendatu zituzten kargua galtzen duten une berean, eta arautegiaren arabera karguan ordezkatzen dituztenek ordezkatuko dituzte.
22. artikulua. Hiritarren Aholku Kontseiluaren osaera.
Hamar kidek, gutxienez, osatuko dute Hiritarren Aholku Kontseilua. Ikasleen, administrazio publikoen, elkarteen eta gizarte zibileko gainerako erakundeen ordezkariak izango dira, lehentasunez Partzuergokoak diren instituzioen Autonomi Erkidegokoak.
23. artikulua. Hiritarren Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
Honako hauek dira Hiritarren Aholku Kontseiluaren eginkizunak:
a) Campus Iberusen esparruan egiten diren jarduerak zabaltzea.
b) Campus Iberusen jardueren garapena eta aldaketetan aholkuka ematea.
c) Gizartean ikusten diren interes eta kezka orokorrak kontseilura ekartzea, batez ere lurraldeetako bakoitzean atzematen direnak.
24. artikulua. Zientziako Aholku Kontseiluaren osaera.
Entzute handiko 10 ikertzailek, gutxienez, osatuko dute Zientziako Aholku Kontseilua. Gehienak ez dira Partzuergoko erakundetako kide izango.
25. artikulua. Zientziako Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
Honako hauek dira Zientziako Aholku Kontseiluaren eginkizunak:
a) Campusek ikerketari lotutako arloetan egiten dituen jardueretan aholkularitza espezializatua ematea.
b) Campus Iberusen espezializazio-arloekin loturiko irakaskuntzan eta ikerketan garatu beharreko jarduerak ezagutzera ematea, barruan eta kanpoan.
26. artikulua. Enpresako Aholku Kontseiluaren osaera.
Enpresa arloko 10 ordezkarik, gutxienez, ahal dela Partzuergoko erakundeak parte diren lau autonomia erkidegoetakoek, osatuko dute Enpresako Aholku Kontseilua. Campus Iberusen Plan Estrategikoak xehetasunez ezartzen duen agregazioari, Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren printzipioen arabera, lotuen dauden enpresek edukiko dute interes berezia.
27. artikulua. Enpresako Aholku Kontseiluaren eginkizunak.
Kontseilu honen eginkizun nagusia da arloan atzematen diren kezkak eta egiazko beharrak biltzea, eta Partzuergoak aurrera eramango dituen jarduerek edukiko duten oihartzunaz aholkularitza ematea, batez ere ezagutza bestetaratzeko eta berrikuntzako eremuetan.
IV. KAPITULUA
Funtzionamendu-araubidea
28. artikulua. Kontseilu Errektorearen bileren deialdia.
1. Kontseilu Errektorea urtean bi aldiz bilduko da, gutxienez, ohiko bileran. Kontseiluburuak deitzen duen guztietan ere bilduko da, aparteko bileran, eta baita ere boto-eskubidea daukaten kideen heren batek, gutxienez, eskatzen badu.
2. Bilerak bost egun balioduneko aurrerapenaz deituko dira, gutxienez, ohikoak direnean, eta hiru egun balioduneko gutxieneko aurrerapenaz apartekoak direnean. Bileran ukitu beharreko eguneko aztergaien zerrenda, tokia, eguna eta ordua, lehen eta bigarren deialdikoak, erantsiko zaizkio deialdiari. Halaber, eztabaidetarako beharrezkoak diren agiriak eta txostenak ere erantsiko dira, baita gaiak hobeki ezagutzeko beharrezkoak direnak ere.
3. Ohiko bileren eta aparteko bileren jakinarazpenak 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera egingo dira.
4. Norberak joan behar du Kontseilu Errektorearen bileretara, eta ezin da delegatu. Alabaina, kideek, pisuzko arrazoiak daudenean, ordezkaritza eta botoa Kontseilu Errektoreko kideei delegatu ahalko dizkiote, kasu berezietan, Kontseiluaren bileretan. Idatziz eman beharko diote honen berri kontseiluburuari. Hori guztia, 16.2 artikuluak kontseiluburuordeari buruz esaten duenaren kaltetan gabe.
29. artikulua. Kontseilu Errektorearen bilerak eratzeko quoruma.
Bileren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa da bertan egotea kontseiluburua, edo bere ordezkoa, eta beharrezkoa da, baita ere, dauden kideak eta kontseiluburua Kontseilu Errektorean boto-eskubidea daukatenen gehiengoa izatea. Gainera, idazkariak edo berau ordezkatzen duenak bere funtzioak betetzeko ere egon beharko du.
30. artikulua. Kontseilu errektorearen erabakiak nola hartzen diren.
1. Kontseilu Errektorearen erabakiak gehiengo absolutuaz hartuko dira. Estatutu hauen arabera aho batez edo gehiengo indartuaz hartu behar diren erabakiak salbuetsita daude. Gehiengo indartu hori Kontseilu Errektoreko kideen bi heren izango da.
2. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.
31. artikulua. Batzorde exekutiboaren bileren deialdia.
1. Lehenengo urtean, Batzorde Exekutiboak bilerak egingo ditu bi hilabetean behin, eta ondorengo urteetan, hiru hilabetean behin. Batzordeburuak deitzen duen guztietan bilduko da, aparteko bileran, eta baita ere boto-eskubidea daukaten kideen erdiak, gutxienez, eskatzen badu.
2. Bilerak bost egun balioduneko aurrerapenaz deituko dira, gutxienez, ohikoak direnean, eta hiru egun balioduneko gutxieneko aurrerapenaz apartekoak direnean. Bileran ukitu beharreko eguneko aztergaien zerrenda, eta eztabaidatuko diren txostenak erantsiko dira deialdiarekin.
3. Ohiko bileren eta aparteko bileren jakinarazpenak 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera egingo dira.
4. Norberak joan behar du Batzorde Exekutiboaren bileretara, eta ezin da delegatu. Alabaina, kideek, pisuzko arrazoiak daudenean, ordezkaritza eta botoa Batzordeko kideei delegatu ahalko dizkiote, kasu berezietan, Batzordearen bileretan. Idatziz eman beharko diote honen berri batzordeburuari.
32. artikulua. Batzorde Exekutiboaren bilerak eratzeko quoruma.
Bileren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa da bertan egotea kontseiluburua, edo bere ordezkoa, eta beharrezkoa da, baita ere, dauden kideak eta kontseiluburua Batzorde Exekutiboaren boto-eskubidea daukatenen gehiengoa izatea. Gainera, idazkariak edo berau ordezkatzen duena bere funtzioak betetzeko ere egon beharko du.
33. artikulua. Batzorde Exekutiboaren erabakiak nola hartzen diren.
1. Batzorde Exekutiboaren erabakiak gehiengo absolutuaz hartuko dira.
2. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.
34. artikulua. Aholku Kontseiluen bileren deialdia.
1. Aholku Kontseiluak urtean bi aldiz bilduko dira, gutxienez, ohiko bileretan. Kontseiluburuak deitzen duen guztietan bilduko da, aparteko bileran, eta baita ere boto-eskubidea daukaten kideen erdiak, gutxienez, eskatzen badu.
2. Bilerak bost egun balioduneko aurrerapenaz deituko dira, gutxienez, ohikoak direnean, eta hiru egun balioduneko gutxieneko aurrerapenaz apartekoak direnean. Bileran ukitu beharreko eguneko aztergaien zerrenda, eta eztabaidatuko diren txostenak erantsiko dira deialdiarekin.
3. Ohiko bileren eta aparteko bileren jakinarazpenak 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera egingo dira.
4. Norberak joan behar du Aholku Kontseiluen bileretara, eta ezin da delegatu. Alabaina, kideek, pisuzko arrazoiak daudenean, ordezkaritza eta botoa Kontseiluko kideei delegatu ahalko dizkiote. Idatziz eman beharko diote honen berri kontseiluburuari.
35. artikulua. Aholku Kontseiluen bilerak eratzeko quorum-a.
Bileren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa da bertan egotea kontseiluburua, edo bere ordezkoa, eta beharrezkoa da, baita ere, dauden kideak eta kontseiluburua Aholku Kontseiluetan boto-eskubidea daukatenen gehiengoa izatea. Gainera, idazkariak edo berau ordezkatzen duena bere funtzioak betetzeko ere egon beharko du.
36. artikulua. Aholku Kontseiluen erabakiak nola hartzen diren.
1. Aholku Kontseiluen erabakiak gehiengo absolutuaz hartuko dira.
2. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.
37. artikulua. Egintzak aurkatzeko araubidea.
1. Kontseilu Errektoreko eta Batzorde Exekutiboko buruen eta zuzendari exekutiboaren ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa zilegi da, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera.
2. Zilegi da administrazio bidea agortzen duten Kontseilu Errektorearen ekintzak aurkatzea, administrazio-auzien jurisdikzioan.
V. KAPITULUA
Estatuak aldatzea, Partzuergoari atxikitzea, Partzuergotik bereiztea, Partzuergoa desegitea Aparteko gastu ekonomikoak onestea
38. artikulua. Estatuak aldatzea, Partzuergoari atxikitzea, Partzuergotik bereiztea, Partzuergoa desegitea.
1. Kontseilu Errektoreko buruak egingo ditu Estatutuak aldatzeko, Partzuergoan kide berriak sartzeko, kideak bereizteko eta Partzuergoa desegiteko proposamenak.
2. Aurreko puntuan aipatzen diren erabakietako edozein onesteko, beharrezkoa da kideek bi herenek onestea, Partzuergoa desegiteko izan ezik; horretarako, beharrezkoa izango da kideek aho batez onestea.
3. Partzuergoko erakundeek, urtebete lehenago iragarrita, Partzuergotik bereizten ahal dira, baldin eta beren betebeharrak beteta badauzkate eta betetzear dauden konpromisoak beteko direla bermatzen badute, eta Partzuergotik ateratzeak ez badie kalte egiten Partzuergoak ordezkatzen dituen interes publiko orokorrei. Hori gertatuta ere, baliteke Partzuergoak aurrera jarraitzea, baldin eta gainerako erakundeek hala erabakitzen badute.
39. artikulua. Partzuergoa desegitea.
1. Kontseilu Errektoreen kideek aho batez horrela erabakitzen badute, Partzuergoa desegingo da, eta Partzuergoko erakunde bakoitzak berretsi beharko du erabaki hori.
2. Desegite erabakiak zehaztuko du nola likidatuko diren Partzuergoaren eskubideak, obligazioak, baliabideak eta ondasunak, Partzuergoarenak diren obrak, azpiegiturak eta instalazioak norentzat izango diren eta Partzuergoaren langileak nora joango diren.
40. artikulua. Aparteko gastu ekonomikoak onestea.
1. Aparteko gastu ekonomikoak onesten dituzten Kontseilu Errektorearen erabakiak onesteko, aparteko jarduerak egiteko beharrezkoak direnak, Kontseilu Errektorearen kideen bi herenek onetsi beharko dituzte.
2. Aurreko atalean ezarritakoa betetzeari begira, honela definitzen dira aparteko gastuak: aparteko jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak direnak, Kontseilu Errektoreak hasieran onetsi duen urteko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan aurreikusten ez direnak, eta aurrekontuko ohiko baliabideen %10 baino gehiago gainditzen dutenak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Izendapenak
Estatutu hauetan, gaztelaniaz, izendatzen diren zuzendaritza-organo guztien aipamenak maskulinoan edo femeninoan egingo dira, organoa betetzen duen pertsonaren sexuaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1206133
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
