1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
656/2012 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Campus Iberus Partzuergoa eratzeko xedez, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmena argitaratzeko agintzen duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 26an hartutako 23/2011 Erabakiaren bidez Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren edukia onetsi zen, Campus Iberus Partzuergoa eratzeko xedez. Sinatu beharreko Lankidetza Hitzarmena, era berean, Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak onetsi zuen 2011ko ekainaren 3an hartutako 12/2011 Erabakiaren bidez. Lankidetza Hitzarmen bera, 2011ko ekainaren 6an sinatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak berretsi zuen 2011ko urriaren 4an.
Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren 9.1 klausulan ezarritakoarekin bat, Campus Iberus Partzuergoa eratzeko xedez, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren testua argitaratu behar da Partzuergoa osatzen duten unibertsitateen Autonomia Erkidego bakoitzaren Aldizkari Ofizialean.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,
EBATZI DUT:
Bat.-Argitaratzea Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmena, 2011ko ekainaren 6an sinatutako Campus Iberus Partzuergoa eratzeko, eranskinean azaltzen den bezala.
Iruñean, 2012ko apirilaren 17an.-Errektorea, Julio Lafuente López.
ZARAGOZAKO, LLEIDAKO ETA ERRIOXAKO UNIBERTSITATEEN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN
ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA CAMPUS IBERUS PARTZUERGOA ERATZEKO
Zaragozan, 2011ko ekainaren 6an.
BATZARTURIK:
Alde batetik, Manuel José López Pérez Zaragozako Unibertsitateko errektorea, IFK zenbakia Q5018001G duena, 2008ko maiatzaren 6ko 87/2008 Errege Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera (AAO, 53. zk., 2008ko maiatzaren 7koa), Zaragozako Unibertsitateko Estatutuek, 2004ko urtarrilaren 13ko 1/2004 Dekretuak onetsitakoek (AAO, 8. zk., 2004ko apirilaren 19koa), bere 66. artikuluan ematen dizkioten ahalmenekin bat etorriz jardunez.
Beste aldetik, Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, IFK zenbakia Q3150012G duena, 2007ko maiatzaren 21eko 44/2007 Errege Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera (NAO, 67. zk., 2007ko maiatzaren 30ekoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuek, 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitakoek (NAO, 63. zk., 2003ko maiatzaren 19koa) eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabakiaren bidez aldatutakoek (NAO, 70. zk., 2011ko apirilaren 11koa), ematen dizkioten ahalmenekin bat etorriz jardunez.
Beste aldetik, Roberto Fernández Díaz Lleidako Unibertsitateko errektorea, IFK zenbakia Q7550001G duena, 2011ko maiatzaren 17ko 340/2011 Errege Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera (DOGC, 5882. zk., 2011ko maiatzaren 19koa), Lleidako Unibertsitateko Estatutuek, 2003ko abuztuaren 26ko 201/2003 Dekretuak onetsitakoek (EAO, 264. zk., 2003ko azaroaren 4koa), bere 64. artikuluan ematen dizkioten ahalmenekin bat etorriz jardunez.
Eta beste aldetik, José María Martínez de Pisón Cavero Errioxako Unibertsitateko errektorea, IFK zenbakia Q2618002F duena, 41 zenbakiko Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera (ERAO, 2008ko ekainaren 20koa), Errioxako Unibertsitateko Estatutuek, Errioxako Gobernuaren Kontseiluak 2004ko martxoaren 26an hartutako erabakiaren bidez onetsitakoek (EAO, 2004ko martxoaren 25ekoa eta ERAO, 2004ko maiatzaren 11koa), ematen dizkioten ahalmenekin bat etorriz jardunez.
Denek gaitasuna aitortzen diote elkarri, daukaten eta egiaztatzen duten ordezkaritzan, hitzarmen hau gauzatzeko, eta horretarako,
ADIERAZTEN DUTE:
1. Hezkuntza Ministerioak, 2010eko apirilaren 27ko EDU/1069/2010 aginduaren bidez, iragarri zuela 2010. urterako deialdiaren hasiera Nazioarteko Bikaintasun Campusa Programari dagozkion laguntzak eskatzeko, bai eta Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa emateko eta Programaren esparruan autonomia erkidegoekin hitzarmenak sinatzeko prozeduraren ezarpena ere. Agindu haren bidez, halaber, 2010eko apirilaren 8ko EDU/903/2010 aginduan (EAO, apirilaren 30ekoa) araututako Nazioarteko Bikaintasun Campusa Programari dagozkion laguntzen deialdia egin zen 2010. urterako.
2. 2010eko maiatzaren 25ean, Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu zutela, 2010eko azaroaren 2ko Adendan osatua, aliantza estrategiko bat ezartzeko Campus Iberus, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun campusa sortzeari begira, zeinean Unibertsitateek batera parte hartzen baitute eskubide osoko kide gisa eta berdintasunean, bai eta 1010eko apirilaren 8ko EDU/903/2010 Aginduak (EAO, apirilaren 30ekoa) 2. artikuluan ezarritako azpiprogramak finantzatzeko baterako eskaera egiteko ere.
3. Hitzarmenaren arabera, Zaragozako Unibertsitatea Campus Iberus proposamena eskatzeko eta koordinatzeko ardura duen erakunde izendatzea erabaki zutela lau unibertsitateek, bai eta konpromiso sendo bat hartzea ere 2010eko apirilaren 27ko EDU/1069/2010 Aginduan ezarritako betebeharrak eta aipatu Campusaren sorrera, ezarpen eta funtzionamendutik eratorritako gainerako betebeharrak betetzeko.
4. 2010eko uztailaren 26an, Hezkuntza Ministerioaren Aginduaren bidez, Zaragozako Unibertsitateak unibertsitate koordinatzaile gisa aurkeztutako Nazioarteko Bikaintasun Campusa bihurtzeko proiektuari esleitzea erabaki zela, Bikaintasun Azpiprogramaren esparruan diru-laguntza bat jasotzeko eta Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa lortzeko lehiaketan parte hartzeko, nazioarteko ebaluazioaren bidez.
5. 2010eko urriaren 21ean, Hezkuntza Ministerioak erabaki zuela Nazioarteko Bikaintasun Campusa CEI-2010 kalifikazioa ematea Campus Iberus, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa proiektuari, nazioarteko bikaintasun maila lortzeko erakutsitako gaitasun handiagatik, behin Nazioarteko Bikaintasun Campusa Bihurtzeko Plan Estrategikoa gauzatu eta gero.
6. Aipatu unibertsitateek, lankidetza hitzarmen honen bidez, Nazioarteko Bikaintasun Campusa Bihurtzeko Plan Estrategikoari lotu behar zaizkion jarduera guztiak hasteko konpromisoa adierazten dutela, bai eta hura kudeatzea ere Partzuergo bat eratuta, Campus Iberus Partzuergoa izena izango duena.
7. Aurrekoaren arabera, aldeek elkarrekiko adostasunez gauzatu dute lankidetza hitzarmen hau Campus Iberus Partzuergoa eratzeko eta honako hauek dira hitzarmenaren,
KLAUSULAK
Lehena.-Xedea.
1. Hitzarmen honen xedea da Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitateen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, Campus Iberus Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa bete, sustatu, abian jarri eta garatzeari lotuta dauden beren eskumeneko zerbitzuak elkarrekin kudeatzeko eta emateko. Proiektua kudeatuko da aldeen artean elkarte izaera duen erakunde juridiko-publiko komun bat eratuta, eta erakunde hark Partzuergoaren forma juridikoa hartuko du, eta Campus Iberus Partzuergoa izendapena jasoko du.
2. Campus Iberus Partzuergoa eratzeko, aurretiaz lankidetza hitzarmen hau sinatu behar da, eta, hitzarmen honen bidez, partzuergoko kide diren erakundeek espresuki adierazten dute Partzuergoko kide izateko eta hura behin betiko eratzeko ezarritako prozedurak eskatutako tramiteak betetzen laguntzeko borondatea.
3. Hitzarmen hau sinatu duten eta Partzuergoko kide diren Unibertsitateek fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioen arabera jardun eta izango dituzte beren arteko harremanak.
Bigarrena.-Helburua.
1. Campus Iberus Partzuergoa helburu honekin eratzen da:
a) Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasun campusari lotutako jarduerak sustatzea eta behar bezala abian jartzen direla eta kudeatzen direla bermatzea.
b) Campus Iberus abian jartzeari eta bere funtzionamenduari lotutako baliabideak kudeatzea.
c) Zuzenean edo zeharka Campus Iberusen kide izango diren eragileen arteko harremana koordinatzea.
d) Lankidetza planak, zerbitzu komunak, baliabideak eta nazioko zein nazioarteko sareetarako konexioak elkarrekin eros daitezela bultzatzea.
e) Ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, irakasle ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei egiten zaien instalazio eta aukeren eskaintza hobetzea eta optimizatzea.
f) Aurrekoak osatzen dituzten beste batzuk.
Hirugarrena.-Izaera juridikoa.
1. Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta bere klausuletan, edo, bestela, lege aplikagarrietan ezarritakoak arautuko dute.
2. Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legeko 6.5 artikuluak ezarritakoa betez, 1999ko urtarrilaren 13ko Legeak eman dion idazketaren arabera, Campus Iberus Partzuergoak nortasun juridiko berezkoa eta Partzuergoko kide diren erakundeetatik desberdina dauka eta bere Estatutuek arautuko dute, bai eta gainerako xedapen eta arau aplikagarriek ere.
3. Partzuergoaren estatutuek bere xedeak ezarriko dituzte, bai eta bere erregimen juridikoa, organikoa, ekonomikoa, funtzionala, finantzarioa eta ondare-erregimena ere, eta kide berriak onartzeko aukera ezarriko dute haietan jarritako baldintza eta betekizunekin.
Laugarrena.-Eratzeko prozedura.
1. Campus Iberus Partzuergoko kidea izango den unibertsitate bakoitzak ordezkari bat izendatuko du Batzorde Zuzendari Eratzailean. Batzordea arduratuko da partzuergoa eratu arte beharrezkoak diren jardunbide juridikoak egiteaz.
2. Batzorde Zuzendari Eratzaileak bere kideen artean batzordeburu bat aukeratuko du, eta haren eginkizunak izango dira batzordea zuzentzea, ordezkatzea, bilerak deitzea, haien buru izatea, bertan behera uztea eta amaitutzat ematea, bai eta eguneko aztergaiak ezartzea ere.
3. Batzorde Zuzendari Eratzaileak Estatutu proiektu bat prestatu eta Campus Iberus Partzuergoko kide izango diren unibertsitateei bidaliko die, haiek onets ditzaten, Partzuergoa eratzeari adostasuna eman diezaioten, eta behin betiko Kontseilu Zuzendaria osatuko duten ordezkariak izenda ditzaten, eta hori guztia beren barneko araudi aplikagarriaren arabera.
4. Estatutuak eta hitzarmena onetsi eta gero, Kontseilu Zuzendari Eratzaileko buruak jendaurrean jarriko ditu hitzarmen honetako bederatzigarren klausulan xedatutakoarekin bat etorriz, eta partzuergoko kide diren unibertsitateek izendatutako ordezkariei dei egingo die Campus Iberus Partzuergoa eratzeko bilerara. Bileran behin betiko onetsiko dira haren estatutuak eta legez eratuko da partzuergo gisa.
Bosgarrena.-Jarraipen Batzordea.
1. Hitzarmen hau sinatu eta gero, Kontseilu Zuzendari Eratzaileko kideek Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratuko dute, eta, haren bidez, bermatu egingo da hitzarmenaren xedearen, jardueren, edukiaren eta betearazpenaren kontrol eta jarraipen egoki bat.
2. Hitzarmena sinatu duten unibertsitateetako ordezkariak, banan-banan txandakatuz eta bi urteko eperako, Jarraipen Batzordeko buru izango dira, eta Batzorde Zuzendari Eratzaileko burua zena izango da lehenengo batzordeburua.
3. Gutxienez ere urtean behin bilduko da batzordea, buruak aldez aurretik deialdia eginda, hitzarmenaren garapenari eta jarraipenari buruzko auziak aztertuko ditu, eta haren aplikazioa ebaluatu, kalitatea bermatu eta beharrezkotzat jotzen dituzten koordinazio jarduerak sustatuko ditu.
Seigarrena.-Kostuak eta finantzabidea.
1. Partzuergoko kide diren unibertsitateek ordainduko dituzte Campus Iberus Partzuergoaren eraketa eta ohiko funtzionamendutik eratorritako kostuak eta gastuak zenbateko hauen arabera:
-Zaragozako Unibertsitateak Campus Iberus Partzuergoaren finantzabidean parte hartzeko konpromisoa hartzen du hiru mila euro jarrita (3.000 euro) 2011. urterako duen aurrekontutik.
-Nafarroako Unibertsitate Publikoak Campus Iberus Partzuergoaren finantzabidean parte hartzeko konpromisoa hartzen du hiru mila euro jarrita (3.000 euro) 2011. urterako duen aurrekontutik.
-Lleidako Unibertsitateak Campus Iberus Partzuergoaren finantzabidean parte hartzeko konpromisoa hartzen du hiru mila euro jarrita (3.000 euro) 2011. urterako duen aurrekontutik.
-Errioxako Unibertsitateak Campus Iberus Partzuergoaren finantzabidean parte hartzeko konpromisoa hartzen du hiru mila euro jarrita (3.000 euro) 2011. urterako duen aurrekontutik.
2. Partzuergoko kide diren unibertsitateak, beharrezkoa bada, aurrekontuak aldatzera behartzen dira, lege aplikagarriek ezarritakoarekin bat etorriz, klausula honetan aipatutako finantzaketa betebeharrak betetzeko.
3. Partzuergoko kide diren erakundeen parte-hartzea, partzuergoaren finantzabidean, haren jarduerak garatzeko, dagokion lankidetza hitzarmenaren sinaduraren bidez ezarriko da, klausula honetan ezarritako ekarpenak galarazi gabe.
4. Aipatutako zenbatekoak gorabehera, partzuergoko kide diren erakundeek beste zenbateko osagarri batzuk erabiltzeko aukera izango dute partzuergoa finantzatzeko, aurrekontu-araudiarekin eta era espezifikoan aplikagarriak diren arauekin bat etorriz.
5. Hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, aldeek erabakiko dute bai aurrekontu osoa, bai aurrekontuaren banaketa partzuergoko kide diren erakundeen artean, Campus Iberus Partzuergoko Estatutuetan ezarritako moduan.
Zazpigarrena.-Aldaketa.
1. Hitzarmen hau bakarrik aldatuko da eratutako Kontseilu Zuzendariko buruak proposatuta, haren kideen bi herenek onetsitako erabakia aldez aurretik hartuta.
Zortzigarrena.-Hitzarmenaren indarraldia eta indargabetzea.
1. Lankidetza-hitzarmen honek indarra hartuko du aldeek sinatzen duten egun berean, eta iraupen mugagabea izango du, bere helburuak lortzeari lotuta.
2. Hitzarmen hau bakarrik indargabetuko da lege aplikagarrietan ezarritako arrazoiengatik, bai eta, kasua bada, bere funtzionamendua arautuko duten Campus Iberus Partzuergoko Estatutuetan ezarritako indargabetze arrazoiengatik ere.
3. Hitzarmena indargabetzen bada, Likidazio Batzorde bat eratu beharko da, hitzarmena sinatu duen Unibertsitate bakoitzeko ordezkari batek osatua. Ordezkari hori ez da izango Kontseilu Zuzendariko eta Jarraipen Batzordeko ordezkari bera, eta Campus Iberus Partzuergoko Kontseilu Zuzendariaren aurrean indargabetzeko erabaki-proposamen bat aurkeztu beharko du ondasunen eta bete gabeko obligazioen likidazioa nola egingo den zehazteko, bai eta hasitako jardunak bukatzeko modua zehazteko ere.
Bederatzigarrena.-Argitaratzea eta inskripzioa.
1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 8.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, Hitzarmen hau behin betiko Estatutuekin batera argitaratuko da Partzuergoa osatzen duen unibertsitate bakoitzak egoitza duen Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean.
2. Behin eratu eta gero, Campus Iberus Partzuergoa Partzuergoko kide diren unibertsitateetako Erregistro administratiboetan inskribatzeko aukera dago publizitateari eta estatistikari begira soilik.
Hamargarrena.-Arazoen ebazpena.
1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bosgarren klausulan aipatutako Jarraipen Batzordeak elkarrekiko adostasunez ebatzi beharko ditu Lankidetza Hitzarmen honen interpretazio eta betearazpen arazoak.
2. Adostasunik lortzen ez bada, jurisdikzio-organo eskumendunek konponduko dituzte sortzen diren arazoak, Administrazioarekiko Auzi-eskumenari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Eta ados daudela frogatzeko agiri hau sinatzen dute ale bikoiztuan, goian esandako lekuan eta egunean.
Zaragozako Unibertsitateko errektorea, Manuel José López Pérez jauna.
Nafarroako Unibertsitate Publikokoko errektorea, Julio Lafuente López jauna.
Lleidako Unibertsitateko errektorea, Roberto Fernández Díaz jauna.
Errioxako Unibertsitateko errektorea, José María Martínez de Pisón Cavero jauna.
Iragarkiaren kodea: F1206091