Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2012ko otsailaren 27koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Tradisa Greenparc, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Iruñeko Tradisa Greenparc, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100061012012) aztertu da, Erregistro honetan 2012ko otsailaren 13an sartu zena eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek otsailaren 10ean izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 10/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2012ko otsailaren 29an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
IRUÑEKO TRADISA GREENPARC, S.L. ENPRESAK IRUÑEAN DUEN LANTOKIRAKO I. HITZARMEN KOLEKTIBOA
Tradisa Greenparc, S.L. enpresaren ordezkariak eta enpresa batzordeko kide guztiak bildu ziren, enpresak Iruñean duen lantokian, 2012ko otsailaren 10ean.
Enpresaren aldetik:
Enpresa batzordearen aldetik: José Dionisio Martínez Arrarás, Amelia Ridao Zabalza, Sergio Saiz García, Tomás Senosiain Goñi, César Torres Istúriz, Javier Pérez, José Vicente Zunzarren.
HITZAURREA
Hitzarmen kolektibo hau langileen legezko ordezkariek eta enpresarenek izandako negoziazioaren ondorioa da. Indarra duen legediak ematen dien autonomia kolektiboari jarraikiz, askatasunez lortu duten akordioaren adierazpena da, eta hitzarmenaren aplikazio esparruan sartzen diren langileen lan baldintzak arautu eta hobetzeko xedea du. Alde horretatik, hitzarmen hau sortzean bi aldeek asmo sendoa erakutsi dute lan harremanen esparru bat sortzeko; esparru hori enpresak egiten duen jardueraren berezitasunen arabera egokitzen ahalko da, kontuan hartu behar baita jarduera horren ezaugarri bereziei erantzunen zien erregulazio kolektiborik ez zegoela orain arte.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ituntzen duten alderdiak.
Hitzarmen kolektibo hau honako hauen artean itundu da: Tradisa Greenparc, S.L. enpresak Iruñean duen lantokiko enpresa batzordea eta enpresako zuzendaritza. Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan ezarritako legezkotasuna onartu diote elkarri bi aldeek.
2. artikulua. Eremu funtzionala eta langileria.
Hitzarmen hau Tradisa Greenparc, S.L. enpresari eta hurrengo artikuluan aipatzen den lurralde eremuan aritzen diren langile guztiei aplikatuko zaie.
Hitzarmena ez zaie aplikatuko Langileen Estatutuaren 1.3 c) eta 2.1 a) artikuluan arautzen diren kasuetakoren batean dauden pertsonei.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo hau Tradisa Greenparc, S.L. enpresak Iruñean (Landaben industrialdea, z.g.) duen lantokian aplikatuko da.
4. artikulua. Iraunaldia, amaieraren iragarpena eta luzapena.
Lantokiko hitzarmen kolektibo honetan hartutako erabakiek 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitarte izanen dituzte ondorioak.
Alderdi sinatzaileetako edozeinek iragartzen ahalko du hitzarmen honen amaiera, idazki baten bitartez, amaiera eguna baino bi hilabete lehenagoko epean aurreabisua eginik. Amaiera espresuki iragartzen ez bada, automatikoki luzatutzat joko da, urtez urte.
Iragarpen horren idazkia jaso eta gehienez ere hilabeteko epean, hitzarmen berrirako negoziazio batzordea eratuko da. Hala, idazkia jasotzen duen aldeak negoziaziorako proposamenari erantzun beharko dio, eta bi aldeek negoziazio egutegi bat ezarriko dute. Negoziaziorako mahaia eratu eta gehienez ere hamabost eguneko epean ekin beharko zaio negoziazio horri.
Hitzarmen berria negoziatzeko gehieneko epea negoziazio aldia hastean indarra duen legediak ezartzen duena izanen da, aldeek kontrakorik erabakitzen ez badute behintzat.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek hitzarmena berrikusi arte iraunen dute, edonola ere.
5. artikulua. Arauen hurrenkera.
Langileen eta enpresaren arteko harremanetarako arauak hitzarmen kolektibo honetan ageri direnak izanen dira, lehenik eta lehentasunez.
Aurreikusi ez diren gaietan, berriz, honako hauek aplikatuko dira: Aparkalekuen eta Garajeen Hitzarmen Kolektibo Orokorra, Langileen Estatutua eta xedapen orokorrak, alde batera utzi gabe Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak aplikatzea. Hitzarmen honen eranskin gisa ageri da.
6. artikulua. Osotasunarekiko lotura, irenspena eta konpentsazioa eta ad personam bermea.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, praktikan aplikatzerakoan, euren osotasunean hartuko dira. Artikuluren bat osorik edo hein batean baliogabetzat jotzen bada, baliogabetutako manuaren erregulazio berria negoziatuko dute aldeek, eta hitzarmenaren gainerakoak erabateko indarra eta balioa izaten jarraituko du.
Soldaten irenspen eta konpentsazioari dagokionez, Langileen Estatutuaren 26.5. artikuluari jarraituko zaio.
Orokorrean eta urteko konputuan hartuta hitzarmen honetan finkatutakoak baino hobeak diren baldintzak errespetatu eginen dira, eta "ad personam" baldintza gisa mantenduko dira.
Era berean, Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko zaizkie.
7. artikulua. Batzorde misto paritarioa.
Akordio hau sinatu duten aldeek erabaki dute batzorde misto paritarioa sortzea, hitzarmen kolektibo honetako arauak aplikatu eta interpretatzean sortzen diren auziez arduratzeko.
Batzorde misto paritarioan 3 kide izanen dira enpresaren aldetik, eta beste 3 langileen aldetik. Beste horrenbeste ordezko ere izendatuko dira, ordezkaritza bakoitzak hautaturik. Bi aldeak lantzekoak diren gaien arabera egokiak iruditzen zaizkien aholkulariek lagunduta joaten ahalko dira bileretara. Horiek hitza bai baina ez dute botorik izanen.
Batzorde misto horrek eginkizun hauek izanen ditu:
a) Hitzarmen kolektibo hau zentzurik zabalenean interpretatzea.
b) Itundutakoa aplikatzea eta betetzen den begiratzea.
c) Langileen Estatutuaren 85.3 h) artikuluan ezarritako gaiez aditua izatea.
Batzorde misto paritarioa edozein aldek dei egiten duenean bilduko da. Dei hori idazki baten bidez eginen da, eta lantzekoak diren gaiak zehaztuko dira bertan.
Bi aldeetako edozeinek batzordea biltzeko deia eginik, gehienez ere 15 eguneko epean bildu beharko da.
Bilkura bakoitzaren hasieran, bi aldeek adostasunez erabakiko dute nor arituko den moderatzaile eta akten idazkari gisa.
Batzorde mistoan hartzen diren erabakiak akta batean jasoko dira, eta bilkuran izandako guztiek sinatu beharko dute akta hori. Erabakiek balioa izateko, alde bakoitzeko kideen %50 baino gehiago izan beharko da bertan.
Batzorde mistoan erabakirik hartzen ez bada, gaiari buruko gatazka edozein aldek jartzen ahalko du Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko prozedurei buruzko lanbide arteko akordioan ezarritako prozeduraren menpe.
8. artikulua. Gatazkak konpontzea.
Erabaki da Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko prozedurei buruzko lanbide arteko akordioan ezarritako prozedurei atxikitzea eta horien menpe jartzea, hitzarmen kolektiboko lan baldintzen funtsezko aldaketa bat negoziatzean sortzen ahal diren gatazkak eragikortasunez konpontzeko, Langileen Estatutuaren 41.6 artikuluarekin bat, lege testu horren 82.3 artikuluan aipatzen den soldata araubidea ez aplikatzeko, bai eta hitzarmen kolektiboa negoziatzeko gehieneko epea bukaturik akordioa lortzea galarazten duten gatazkak konpontzeko ere. Lanbide arteko akordio horri lotzeak ez die alde negoziatzaileei konpromisorik sorrarazten gatazkak arbitraje lotesle baten menpe jartzeko.
II. KAPITULUA
Lanaren antolaketa eta lanbide sailkapena
9. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lana antolatu, programatu eta sailkatzea, lana enpresako sailetan banatzea eta zerbitzuak emateko baldintza orokorrak ezartzea enpresako zuzendaritzari dagokio, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoari eta indarra duen legedia orokorrari jarraikiz.
10. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmen kolektibo honetan ageri den lanbide sailkapena adierazi baizik ez da egin, eta honako lanbide talde hauetan oinarriturik egituratu da, lehentasunez egiten diren eginkizunak kontuan harturik:
a) Goi mailako langileak eta teknikariak.
b) Administrazioko langileak.
c) Ustiapeneko langileak.
Hitzarmen honen esparruko langileak zein lanbide taldetan sartu erabakitzeko, honako faktore hauek aztertuko dira: ezagutzak, esperientzia, ekimena, autonomia, erantzukizuna, agintea eta konplexutasuna.
11. artikulua. Goi mailako langileen eta teknikarien lanbide taldearen eta beren lanbide kategorien definizioa.
Goi mailako langileen eta teknikarien lanbide taldean honako hauek sartzen dira: goi mailako titulazioa, erdi mailakoa edo lan edo lanbide irakaskuntzako ikastetxe homologatuetako diplomatura dutenak, edo titulaziorik ez izan arren praktika jarraituaren ondoriozko prestakuntza frogatzen dutenak, baldin eta, horiek guztiak, enpresaren esparruan antolaketaren, ustiapenaren, administrazioaren eta abarren gaineko eginkizunak eta erantzukizunak betetzeko kontratatu badira. Lanbide kategoria hauek sartzen dira horretan:
1. Goi mailako teknikaria: goi mailako eskola tekniko batek edo unibertsitateko fakultate batek emandako titulua edukita, enpresaren barrenean erantzukizun zuzenez bere lanbideari dagozkion eginkizunak betetzen dituen langilea, menpeko langilerik izan ala ez edo zuzendaritza eginkizunak ohikotasunez bete ala ez.
2. Erdi mailako teknikaria: erdi mailako eskola tekniko batek emandako titulua edukita, enpresaren barrenean erantzukizun zuzenez bere lanbideari dagozkion eginkizunak betetzen dituen langilea, menpeko langilerik izan ala ez edo zuzendaritza eginkizunak bete ala ez.
3. Diplomaduna: ikastetxe ofizialki onartu edo homologatuek emandako diploma edukita (eskola teknikoetan edo unibertsitateko fakultateetan galdatzen diren baldintzak bete beharrik ez duena), enpresaren barrenean diplomaren araberako kontratuaren xede diren eginkizun teknikoak eta berariazkoak betetzen dituen langilea, bere menpe langilerik izan ala ez.
12. artikulua. Administrazioko lanbide taldearen eta bere lanbide kategorien definizioa.
Administrazioko langileen lanbide taldean sartzen dira, enpresako zuzendaritzaren jarraipenei loturik eta hark ematen dizkien baliabide operatibo eta informatikoak erabiliz, enpresako administrazio lanak egin ohi dituztenak, enpresaren esparruan. Lanbide kategoria hauek osatzen dituzte:
1. 1. mailako administrari-ofiziala: administrazio lan konplexuak egiten ditu, erabateko ekimenez eta erantzukizunez, eta beste langile batzuen lana gainbegira dezake ala ez.
2. 2. mailako administrari-ofiziala: konplexutasun ertaineko edo handiko administrazio lanak egiten ditu, ekimenez eta erantzukizunez, eta ez du inoren lana gainbegiratu behar.
3. Administrari laguntzailea: konplexutasun gutxiko administrazio lanak egiten ditu eta, oro har, batez ere mekanikoak eta ekimen gutxikoak diren lanak.
13. artikulua. Ustiapeneko lanbide taldearen eta bere lanbide kategorien definizioa.
Ustiapeneko langileen lanbide taldea osatzen dutenek, goi mailako langileen eta teknikarien zuzendaritza zehatzaren menpe, lantokiko ustiapenari eta funtzionamendu egokiari dagozkion lan eta zereginak egiten dituzte. Beren lanbidearen edo berariazko ezagutzen arabera esleitzen zaizkie lan horiek. Lanbide kategoria hauek osatzen dituzte:
1. Gainbegiralea (lehengo arduraduna): bere kargupean dagoen langile taldearen koordinazioaz arduratzen da ezarritako helburuak bete daitezen, lan kargak banatzen ditu, bezeroaren kalitate estandarrak, lan prozedurak eta segurtasun eta osasun arauak betetzen direla ziurtatzen du, zuzendaritzako informazioa plantillari ematen dio eta langileen eskaerak zuzendaritzari helarazten dizkio.
2. Furgonetako gidaria (lehengo aparkalekuko agentea): furgoneta gidatzen du langileak jasotzeko, bere esku jarritako ibilgailuaz arduratzen da, gainbegirale lana egiten du hura ez dagoenean eta, zerbitzu beharren arabera, langile eginkizunak egin ditzake. Bere lanbide kategoriako eginkizunen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste eginkizun batzuk ere egin ditzake, bezeroak ezarritako produkzio prozesuetan aldaketak sortuz gero, eta bere arduradunak berariazko jarraibideak emanez gero.
3. Langilea (lehengo aparkalekuko laguntzailea): ibilgailuetan folioak, takoak eta babeserako beste elementu batzuk jartzen ditu, ibilgailuan apaingarriak eta beste osagarri batzuk jartzen ditu, ibilgailuko piezetan eta materialetan akatsik baden begiratzen du, bukatutako ibilgailuaren kalitate ikuskapenak egiten ditu, ibilgailuak mugitzen ditu fabrikatik irten eta dagokien kokalekuetara eraman arte, eta antzeko ezaugarriak dituzten beste eginkizun batzuk ere egiten ditu, bezeroak ezarritako produkzio prozesuen aldaketa edo handitzearen edo arduradunak emandako berariazko jarraibideen arabera.
14. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
Langileek enpresaren edo enpresak eskuordetzen duenaren jarraibideak, antolaketarako eta zuzendaritzarako ohiko ahalmenen arabera emanak, bete beharko dituzte, eta agintzen zaizkien lanak eta zereginak egin, lan prestazioaren eduki orokorraren barnean. Alde horretatik, mugigarritasun funtzionala egiten ahalko da enpresaren barnean, eta horretarako muga bakarra Langileen Estatutuaren 22. eta 39. artikuluetan xedatutakoa izanen da.
Kontuan harturik balioaniztasunak enpresaren operatibarako eta bezeroaren beharrei erantzuteko duen bere biziko garrantzia, enpresak zilegi izanen du ohiko eginkizunez gainera antzeko beste eginkizun batzuk agintzea langileei, bezeroak ezarritako produkzio prozesuetan aldaketak izaten badira eta arduradunak berariazko jarraibide batzuk ematen baditu. Alde horretatik, enpresak era berean esleitzen ahalko du ibilgailuak mugitzeko jarduera, takoak jartzea, folio babeslea jartzea, bai eta etorkizunean izaten diren antzeko jarduerak ere.
Enpresako zuzendaritzak bermatuko du langile bati ohikoak ez dituen jarduerak esleitzea modu objektibo, homogeneo eta gardenean eginen dela, ohikoak ez diren lanak ez daitezen beti langile berberen gain gelditu. Horretarako, txandakako sistema bat garatuko du lan taldeen artean, aldeek horretarako sortuko duten batzorde batean aldian-aldian berrikusiko dena.
III. KAPITULUA
Kontratazioa
15. artikulua. Langile finkoak.
Indarra duten lan kontratuei egonkortasun handiagoa emate aldera, bi aldeek erabaki dute mekanismo bat sortzea, enpresan aldi baterako lan kontratuarekin ari diren langileak plantillako langile finko bihurtu ahal izateko.
Hala, aldi baterako lan kontratuarekin urtebete egindakoan, ikusten bada kontratazioa sorrarazi zuen aldi bateko beharra behar iraunkor bihurtu dela, baldin eta gainbegiraleen taldeak ontzat jotzen badu langile horien lana, plantillako langile finko bihurtuko dira.
Artikulu honetan aurreikusitako mekanismoa langile finkoen portzentajeak plantilla osoaren %80a gainditzen ez duenean soilik aplikatuko da. Portzentaje hori betetzen dela zehazteko, aurreko urtean modu jarraituan betetako lanpostuen kopurua hartuko da erreferentzia gisa.
16. artikulua. Enplegu bermea.
Hitzarmen honek indarra hartzean VWrako gauzatzen ari den babesleen kontratuaren iraungipena gertatzen bada (iraungitzearen arrazoia edozein dela), eta enpresan lanpostuak amortizatzea ekartzen badu, 2010eko azaroaren 1aren ondoren sinatutako kontratuak ukituko dira lehenik eta, horien artean, antzinatasun gutxienekoak.
IV. KAPITULUA
Lan denbora
17. artikulua. Enpresan itundutako lanaldia eta barne malgutasuna.
Urteko lanaldia, hitzarmenaren indarraldian, benetako 1.760 lanordukoa izanen da gehienez.
Hitzarmen honek indarra hartu aurretik urteko lanaldian benetako lanordu gutxiago zituzten langileen kasuan, une horretara arte zuten urteko gehieneko lanaldiarekin jarraituko dute, modu pertsonalean.
Era berean, Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko zaizkie.
Langileek konpromisoa hartzen dute bezero bakarraren beharrei erantzuteko presentziari eta ekoizpenari dagokienez, baita larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ere, enpresak eskatuz gero, indarra duen legezko araudiak ezarritako gehieneko mugarekin. Horretarako, behar horiei honela erantzunen zaie, betiere lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia errespetaturik:
-Lehenik goizeko txandako borondatezko langileekin.
-Beharrak langile horiekin betetzen ez badira, arratsaldeko txandako borondatezko langileekin beteko dira.
-Beharrak bi txanda horietako borondatezko langileekin betetzen ez badira, nahitaez beteko dira lehenik goizeko txandako langileekin eta gero arratsaldeko txandakoekin.
Bi aldeek onartzen dute ordutegiko barne malgutasuneko neurri bakarrak artikulu honetan jasotakoak direla.
18. artikulua. Norberak hartzeko eguna.
Langileak nahi duenean hartzeko lizentzia egun ordaindu bat, berreskuraezina, ezartzen da, benetako lanorduen urteko gehieneko lanaldiaren barnean (aurreko 17. artikulua).
Zentroaren ekoizpen eta antolaketa beharrak direla-eta, enpresako zuzendaritzak zilegi izanen du langileari ezetza ematea lizentzia hori berak eskatutako egunean hartzeko. Kasu horretan, langilearen bigarren eskaera aintzat hartuko du enpresak, baldin eta aurreikusita badago plantillaren %95a benetan egonen dela zerbitzuak ematen langileak eskatutako lizentzia egunean.
Era berean, Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko zaizkie.
19. artikulua. Larunbatetako lana.
Larunbatetan egiten den lanak 1,5 eguneko atsedenaldia sorraraziko du ordainetan. Horrenbestez, larunbatetan egiten den lan egun bakoitzeko laneko egun bat eta erdi libratuko da.
Artikulu honetan itundutako konpentsazioak ez du galarazten hitzarmen honen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera egokitzen ahal den konpentsazioa.
V. KAPITULUA
Ordainsariak
20. artikulua. Oinarrizko soldata.
Urteko oinarrizko soldata gordina, kategorien araberakoa, honako hau izanen da:
MAILA | LANB. TALDEA. | LANB. TALDEA. ADMINISTRARIAK | LANB. TALDEA. USTIAPENA | ZENBAT |
I | Goi mailako teknikaria | 1. mailako adm.-ofiziala | Gainbegiralea | 14.291,15 |
II | Erdi mailako teknikaria | 2. mailako adm.-ofiziala | Furgonetako gidaria | 13.002,61 |
III | Diplomaduna | Adm. laguntzailea | Langilea | 12.600,00 |
Urteko oinarrizko soldata gordinaren urteko zenbatekoa, aipatutako maila bakoitzean, kopuru bereko hileko hamabi ordainsaritan banatuko da.
Artikulu honetan aurreikusitako zenbatekoak ezin izanen dira irentsi edo konpentsatu aparkalekuen eta garajeen hitzarmen kolektiboan etorkizunean ezartzen diren soldata igoerekin. Zenbateko horiek hitzarmen horrek, hala denean, ezartzen duen portzentajearekin berrikusten ahalko dira.
2013. urterako, 20. artikuluan ageri diren tauletako soldatak %1 igoko ditu enpresak, non ez duen aparkalekuen eta garajeen hitzarmenak portzentaje handiagoko igoera finkatzen, orduan horixe ezarriko baita (kasu horretan enpresak aurretik ordaindutako %1a konturakoa izanen da).
Langile subrogatuen kasuan, 2010eko maiatzaren 3ko subrogazio akordioan ezarritakoari jarraituko zaio.
21. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira langile bakoitzaren eguneko lanaldiaren gehieneko iraupenaz gain egiten diren lanorduak, bai eta urteko gehieneko lanaldia gainditzen dutenak ere.
Aparteko orduak egiten dituen langileak bi aukera izanen ditu: (i) aparteko ordu horiek dagokien atseden denborarekin konpentsatzea ondoko lau hilabeteko epean, edo (ii) diru konpentsazio bat jasotzea, hau da, ordu arruntaren balioa %15 gehituta.
Larunbatetan egiten diren aparteko orduak konpentsatzeko modua langileak aukeratuko du: (i) 1,5 orduko atsedenaldia hartzea lanordu bakoitzeko, edo (ii) ordu arruntaren balioa %15 gehitzea.
Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko zaizkie.
VI. KAPITULUA
Onura sozialak
22. artikulua. Aldi baterako ezintasunagatiko osagarria.
Aldi baterako ezintasunaren legezko egoeran egonez gero eta, hala, Gizarte Segurantzak edo Laneko Istripuen eta Lanbideko Eritasunen Mutualitateak diru prestazioak ordaintzea onartzen badu, eta ezintasun hori 15 egunetik gorakoa bada, enpresak langilearen oinarrizko soldataren %90era arte osatuko du 16. egunetik aurrera, langileak prestazio horiek jasotzeko eskubidea duen bitartean.
Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, urte naturaleko lehenengo baja lehen egunetik hasita osatuko da, zenbat irauten duen kontuan hartu gabe, aurreko atalean ezarritako baldintza berberekin.
Bi kasuetan, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriaren ordainketak baldintza bat izanen du, hots, zentro guztiko langileen aurreko hilabeteko absentismoa %3tik beherakoa izatea.
Artikulu honen ondorioetarako, absentismo indize gisa hartuko da Laneko Istripuen eta Lanbideko Eritasunen Mutualitateak hileko txostenean ematen duena.
Osagarri hori jasotzeko eskubidea arrazoi hauetakoren batengatik iraungiko da:
a. Senda-agiria jasotzea, arrazoia edozein dela ere.
b. Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 128.1 artikuluan ezarritako gehieneko epea bukatzea.
c. Baja agiria, baja berrestekoa eta senda-agiria ezarritako epeetan ez aurkeztea.
d. Langileak uko egitea enpresako zerbitzu medikoek edo enpresak izendatzen duen entitatekoek bidezkotzat jotzen duten osasun azterketa egiteari. Lan jarduera zaindu eta kontrolatzeko eskubide hau, Langileen Estatutuaren 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langilearekin gauzatuko da, errekerimendua egin ondoren, aipatzen zaizkion osasun zerbitzuetan ager dadin. Agertzen ez bada eta bidezko arrazoi bat ematen ez badu, osagarria jasotzeko eskubidea galduko du aldi baterako ezintasun prozesuaren gainerakoan, ez agertze hori izaten denetik senda-agiria jaso bitarte.
e. Lan kontratua amaitzea.
f. Sendatze prozesua kaltetzen edo eragozten duten jarduerak egitea, bai eta aldi baterako ezintasun egoeran egonik norberaren edo besteren konturako lanak egitea ere. Horrek guztiak ez du alde batera uzten bidezkoak diren diziplina neurriak hartzea.
Cartranseko langile subrogatuei 2010eko maiatzaren 3an sinatutako subrogazio akordioan ezarritako baldintzak errespetatuko zaizkie.
VII. KAPITULUA
Beste xedapen batzuk
23. artikulua. Cartranseko langileentzako 2010eko maiatzaren 3ko subrogazio akordioa.
Aldeek Cartranseko langileentzako 2010eko maiatzaren 3ko subrogazio akordioa erantsi diote hitzarmen honi. Dagoen moduan mantenduko da. Langile subrogatuek dituzten gainerako baldintzak, beste itun edo akordio batzuen ondoriozkoak (hitzarmen honetan ezarritakoak izan ezik) hitzarmen honen sinadura egunean indarra zuten baldintza eta zenbateko berberekin mantenduko dira, eta ez dira eguneratu beharko hitzarmenaren 20. artikuluan ezarritako moduan.
ERANSKINA
Iruñean (Nafarroa), 2010eko maiatzaren 3an, bildu dira alde batetik, Cartrans, S.A. enpresako zuzendaritza eta Tradisa Greenparc, S.L. enpresako zuzendaritza, eta, bestetik, Cartrans, S.A.ko langileen ordezkaria.
Bi enpresetako zuzendaritzaren ordezkari gisa aritu dira:
Fco. Javier Alonso Pérez, Lluis Faja Costa, Francesc Ricart Juan, Mònica Segarra Gené.
Cartrans, S.A.ko langileen izenean eta haiek ordezkatuz aritu da:
Tomás Jesús Senosian Goñi.
Ordezkaritza horiek, behartzeko erabateko ahalmena onartzen baitiote elkarri, gai hauek aztertzeko bildu dira: Cartrans, S.A.ko langileak Tradisa Greenparc, S.L. konpainiari subrogatzea, eta Tradisa Greenparc, S.L.ko langileentzako (Cartrans, S.A.tik subrogatuak) nominako kontzeptuak egokitzea, gaurko egunean hartutako konpromisoaren arabera.
Subrogaziorako baldintza hauek erabaki dira:
1. Aplikazio eremua. Cartransen 2010eko maiatzaren 30ean alta emanda zeuden langile guztiak Tradisa Greenparc, S.L.ra subrogatuko dira. Akordio hau langile subrogatu horiei soilik aplikatuko zaie. Langile subrogatu bakoitzak bere kontratuaren izaera mantenduko du. Itun honetan ezarritakoa ez zaie kontratazio berriei aplikatuko, aparkalekuen eta garajeen sektorerako Estatuko hitzarmen kolektiboan (hemendik aurrera "Aparkalekuen hitzarmena") xedatutakoa soilik ezarriko baitzaie.
2. Ondorioen data. 2010eko ekainaren 1etik aurrera, Cartrans, S.A. enpresako langileak Tradisa Greenparc, S.L. enpresako plantillan sartuko dira. Enpresa horrek 08820 El Prat de Llobregateko (Bartzelona) Ribera barrutiko 37an du helbide soziala, eta B64687916 zenbakidun IFZ du. Mugagabea da itun honen iraupena.
3. "Ad personam" motako bermea. Hitzarmenean ezarritakoa orokorrean gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatu eginen dira, eta "ad personam" mantenduko dira hertsiki.
4. Kategoriak. Soldaten egitura aparkalekuen hitzarmenari egokitzearen ondorioetarako, kategoria bakoitzerako oinarrizko soldata aparkalekuen hitzarmenean (Tradisa Greenparc, S.L.ri aplikatzen zaiona) ezartzen den oinarrizko soldata izanen da, 2009. urteko soldaten taulen arabera. Hitzarmen kolektiboen arteko kategorien baliokidetasunak honako hauek dira:
Garraioa Nafarroa Aparkalekuak eta Garajeak
Txandako arduraduna Arduraduna
Furgonetako gidaria Aparkalekuko agentea
Espezialista Aparkalekuko laguntzailea
1. mailako administraria 1. mailako administraria
2. mailako administraria 2. mailako administraria
Orientazio gisa, baina ez zehatz-mehatz, eta kontuan harturik balioaniztasunak gure enpresaren operatibarako bere biziko garrantzia duela, ibilgailuen mugimenduko bi kategorien eginkizunak deskribatzen ditugu:
-Aparkalekuko agentea: furgoneta gidatzen du laguntzaileak jasotzeko, bere esku jarritako ibilgailuaz arduratzen da, arduradun lana egiten du hura ez dagoenean eta, zerbitzu beharren arabera, laguntzaile eginkizunak egin ditzake. Bere lanbide kategoriako eginkizunen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste eginkizun batzuk ere egin ditzake, bezeroak ezarritako produkzio prozesuetan aldaketak sortuz gero, eta bere arduradunak berariazko jarraibideak emanez gero.
-Aparkalekuko laguntzailea: ibilgailuak mugitzen ditu fabrikatik irten eta dagokien kokalekuetara eraman arte, takoak jartzen ditu, zamak prestatzen ditu (Autostadt), eta bere lanbide kategoriako eginkizunen ezaugarri berak edo antzekoak dituzten beste eginkizun batzuk ere egin ditzake, bezeroak ezarritako produkzio prozesuetan aldaketak sortuz gero, eta bere arduradunak berariazko jarraibideak emanez gero.
5. Osagarri pertsonal finkatua. Langileen erosteko ahalmena ez murriztearren, osagarri pertsonal finkatua sortu da, eta hori Nafarroako Garraioen Hitzarmeneko oinarrizko soldataren (orain arte Cartrans, S.A.ri aplikatua) eta Aparkalekuen Hitzarmeneko oinarrizko soldataren (Tradisa Greenparc, S.L.ri aplikatua) arteko diferentziatik ateratzen da. Osagarri horren zenbatekoa finkatua izanen da, ezin izanen da irentsi edo konpentsatu, eta urtero eguneratuko da, Aparkalekuen Hitzarmenean oinarrizko soldatarentzat ezarritako igoera portzentaje berarekin. Oinarrizko soldata urtero igoko da Aparkalekuen Hitzarmenean ezarritako igoera portzentajearekin.
6. Beste osagarri batzuk. Borondatezko plusa (irensgarria), osagarria (irensgarria) eta plus pertsonala (finkatua) jasotzen ari ziren langileek, subrogazioaren ondoren horien zenbateko berak eta izaera bera mantenduko dituzte.
7. Antzinatasuna. Aparkalekuen Hitzarmeneko antzinatasun kontzeptua Cartrans, S.A.tik heltzen diren langileei 2010eko ekainaren 1etik aurrera konputatuko zaie; horixe izanen da subrogatzen diren langileen antzinatasunaren hasierako data, kontzeptu hori sorraraztearen eta kobratzearen ondorioetarako soilik.
8. Lanaldia. Subrogatutako langileen lanaldia etengabea izanen da, astean 40 ordukoa, astelehenetik ostiralera bitarte, eta langile bakoitzak benetako 1.744 lanordu izanen ditu gehienez 2010. urtean. Ordu horiek enpresaren eta langileen beharren arabera banatzen ahalko dira egutegian.
Gure bezero Volkswagenen hitzarmen kolektiboan urteko benetako lanorduak murrizten badira, ordu murrizketa bera aplikatuko da langile subrogatuen urteko lanorduetan.
9. Mugimenduko langileen enpresako ituna. Tradisa Greenparc, S.L. subrogatzen da Cartrans, S.A. enpresaren eta Konpainiako RLTaren artean 2007ko uztailaren 15ean sinatutako itunean ezarri ziren eskubide eta betebehar guztietan, gaueko lanari dagokionean izan ezik, subrogazio akordio honen 11. puntuaren arabera aldatzen baita. Itunaren edukia Tradisa Greenparc, S.L.k subrogatzen dituen eta subrogazio horren aurretik aipatu ituna aplikatua zuten langileei soilik aplikatuko zaie.
10. Arduradunen enpresako ituna. Tradisa Greenparc, S.L. subrogatzen da Cartrans, S.A. enpresaren eta Konpainiako arduradunen artean 2007ko abenduaren 4an sinatutako itunean ezarri ziren eskubide eta betebehar guztietan, gaueko lanari dagokionean izan ezik, subrogazio akordio honen 11. puntuaren arabera aldatzen baita. Itunaren edukia Tradisa Greenparc, S.L.k subrogatzen dituen eta subrogazio horren aurretik aipatu ituna aplikatua zuten arduradunei soilik aplikatuko zaie.
11. Gaueko lana. Langile subrogatuek, 22:00etatik 06:00ak arte gutxienez 4 ordu egiten badituzte lanean, gaueko lanari dagokion gehigarri bat jaso dute, hau da, bi soldata kontzeptu hauek batuta ateratzen den zenbatekoaren %25a: eguneko oinarrizko soldata eta eguneko osagarri pertsonal finkatua. Lan txandak direla-eta, lanaldia ordu horietan egiten dutenek hartuko dituzte hobari horiek. Lana gauez eginagatik ere, espresuki ordu horietan lan egiteko kontratatuak izan diren langileek ez dute osagarri hori kobratuko, ez eta, horretarako kontratatu ez diren arren, nahita hala eskatu dutenek ere.
Artikulu honek esanak esan, 22:00etatik 06:00ak arte 4 ordu baino gutxiago lan eginez gero, %25eko gehikuntza izanen dute.
12. Aldez aurretik abisatzeko epea. Enpresa utzi nahi duten langileek gutxienez ere zazpi egun lehenago jakinarazi beharko dute. Aldez aurretik abisatzeko epea bete ezik, jakinarazpena atzeratu zeneko egunetan sortuko zatekeen zenbatekoaren adinakoa galduko da likidazioan.
13. Aparteko eskersariak. Udako eta Gabonetako aparteko eskersari bakoitzean benetako soldataren zenbatekoa pagatuko da, nominako kontzeptu finkoen arabera. Udakoa uztailaren lehen hamabostaldian pagatuko da, eta Gabonetakoa pagatzeko abenduaren 20a izanen da azkeneko eguna. Bi eskersariak seihilekoetan konputatuko dira: lehena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra. Langile batek, seihileko horretan enpresan sartuz gero edo hori utziz gero, eskubidea izanen du seihilekoan lanean benetan emandako denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.
14. Irabazietan partea izatea. Parte hartze hori oinarrizko soldataren 30 egunekoa izanen da, gehi osagarri pertsonal finkatua gehi plus pertsonala.
15. Aparteko orduak. Egiturazko aparteko ordutzat joko dira ustekabeko eskaerengatik, puntako ekoitzaldiengatik, ustekabeko absentziengatik, txanda aldaketengatik edo kasuan kasuko jardueraren ezaugarrien ondoriozko egiturazko bestelako gorabeherengatik behar diren aparteko orduak, baldin eta legeetan aurreikusiriko kontratazio modalitateak erabiliz ezin ordeztu badira.
Zuzendaritzak aldian-aldian jakinaraziko dio langileen ordezkariari aparteko zenbat ordu egin diren, zergatik eta atalez atal nola banatu diren.
1561/1995 Errege Dekretuaren eta indarra duten lege xedapenen arabera, jardueraren aldia, benetako lanaldiaz gain, honelakoa izan daiteke:
a) Lanaldiaren luzapena, errege dekretuko 8. eta 10. artikuluetan zehaztu bezala.
b) Aparteko orduak.
a) puntuaren ondoriozko soberako lanaldia ordu arruntak bezala pagatuko da.
b) idatz-zatian aurreikusten diren baldintzetan egindako soberako lanorduak, langileak nahi duelako eginez gero, ordu arruntak bezala pagatuko dira.
Hitzarmeneko b) puntuan zehazten diren soberako lanaldien ondoriozko aparteko orduak 16,11 euroan ordainduko zaizkie 2010. urtean mugimenduko langile subrogatuei, eta, arduradunen kasuan, berriz, berariazko eta aipatutako itunean ezarritako prezioan.
Pagatzen ez den aparteko ordu bakoitza ordu eta erdiko atsedenaldiarekin konpentsatuko dira, langile subrogatuak eskaturik. Horretarako, soberako orduak metatu eta lanaldi osoak osatzen ahalko dira. Langileak nahi duenean erabiliko ditu eta halaxe emanen zaizkio, salbu eta enpresak modu nabarmenean ezin badu. Kasu horretan bigarrengoz eskatzean emanen zaio atsedenaldia.
Ordu horiek hartzeko eta baimentzeko jakinarazpena gutxienez ere 48 ordu lehenago egin beharko da.
16. Laneko istripuak eta eritasunak. Istripu edo eritasunengatik aldi baterako baja hartua duten langile subrogatuek lansariaren %100 kobratuko dute, lehenbiziko egunetik hasita, egoerak diraueino. Lansari hori honako hauek osatuko dute soilik: oinarrizko soldata, plus pertsonala eta osagarri pertsonal finkatua.
17. Oporrak. Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira. Gure bezero bakar Volkswagenek ezartzen dituen egun beretan finkatuko da oporren egutegia. Oporretan soldata gisa kobratuko dira: kontzeptu finkoak, gehi oporrak hartu aurreko 6 hilabeteetan langileak lorturiko kontzeptu aldakorren batez bestekoa.
Langileak bi hilabete lehenagotik jakin beharko du noiz hartuko dituen oporrak.
18. Lizentziak. Lizentzia eta baimen guztiek indarra duten xedapenek diotena baino egun bat gehiago izanen dute, salbuespen hauetan izan ezik:
1. Langileek ezkontzeagatik duten lizentziak 16 egun iraunen du.
2. Ezkontidea hiltzen bada, 7 egun emanen dira. Gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun probintzian gertatzen bada eta 6 egun kanpoan gertatuz geroi.
3. Ezkontideak, gurasoek, seme-alabek, anai-arrebek eta ezkontza bidezko ahaideek eritasun larria badute edo ospitaleratzen badituzte, baita emazteak haurra izaten badu ere, 3 egun probintzian gertatzen bada eta 5 egun kanpoan gertatuz gero. Ezkontidearen, gurasoen edo seme-alaben kasuan, lizentzia beste lau egun luzatzen ahalko da, baina soldatarik gabe.
4. Gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak eta ezkontza bidezko ahaideak ezkonduz gero, 2 egun probintzian gertatzen bada eta 3 egun kanpoan gertatuz gero; ezkontza egunak erdikoa izan behar du.
5. Elkarrekin bizitzen gutxienez ere bi urte egin dituztela frogatzen duten bikoteendako lizentzia soldatadun bat ezartzen da. Lizentziak elkarrendako laguntza edo sostengua izanen du xede. Beraz, ezin zabalduko da ezkontza bidezko ahaideen bestelako eskubideetara. Kapitulu honetan ematen diren lizentziak unean uneko legezko xedapenetan ezartzen diren baldintzekin hobetuko dira.
19. Norberak hartzeko libre dituen egunak. Ordaindutako lizentziako 3 egun dira; horietarik 2 langileak eskaturik eta 1 enpresak aukeratzen duen egunean hartu beharrekoa.
Enpresak eman egin beharko dizkio lizentziako 2 egun horiek langileari, ezinezkoa denean izan ezik. Lehenbizikoz eskatzean ezin eman bazaizkio, bigarrengoz eskatzean eman beharko zaizkio nahitaez.
Urte naturala bukaturik enpresak ez badu idatziz adierazi zein den norberak hartzeko libre duen eguna, hartu gabeko atseden gisa ordainduko da, nominako kontzeptu finkoaren zenbatekoarekin, hurrengo urteko urtarrileko nominan.
20. Laneko arropa. Enpresek laneko bina buzo emanen dizkiete langileei, lana dela-eta beharrezkoak direnean.
Halaber, uretarako jantzi multzo bat ere emanen diete (galtzak eta jakatxoa edo antzekoa), gidariei eta beren lanagatik behar dutenei.
Langileen eta enpresaren ordezkariek erabakiko dute lanagatik beharrezkoa den langileei eskularruak eta botak ematea.
21. Eskubide sindikalak. Langile subrogatuen ordezkariaren askatasuna biltzarretarako dei egiteko. Langileen ordezkariarentzat 240 ordu gordeko dira urtean. Ordu erreserba hori ituna negoziatzen ari den denboran luzatuko da subrogatuen negoziazio mahaiko kideentzat. Langileen ordezkariak enpresaren hedabideak erabiltzen ahalko ditu, enpresaburuari jakinarazi ondoren, gehiegikeriarik gabe.
Langile subrogatu guztiei 12 ordu emanen zaizkie urtero biltzarretan parte hartzeko, lanorduetan, gehienez ere 2 ordu hilabetean, enpresabuari ordua jakinarazi ondoren eta hori ados dagoela. Propaganda sindikal, kultural edo politiko oro askatasunez zabaltzen ahalko da lantokiko sarreran eta irteeran, baina izenpetua egon beharko du.
22. Istripu asegurua. Enpresak istripu aseguru kolektiborako poliza bat kontratatuko du bere langile subrogatuendako, baldintza hauei jarraituz:
1. Ezintasun iraunkor osoa, istripu baten ondoriozkoa: lan kontratua desegin gabe, 23.304,56 euroko kapital aseguratua 2010. urterako. Kontratua amaituz gero, kopuru hori 38.840,96 eurokoa izanen da 2010. urterako.
2. Edozein lanetarako ezintasun iraunkor absolutua eta baliaezintasun handia, istripu baten ondoriozkoa: 54.377,34 euroko kapital aseguratua 2010. urterako.
3. Istripu baten ondoriozko heriotza: 38.840,96 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Jarduneko langileek izandako lan istripuetan izanen dituzte ondorioak polizek, akordio hau jakinarazten den egunetik hasita.
Izandako istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta horren arabera enpresa behartua bada langileari edo horren eskubidedunei kalte-ordain bat pagatzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian ezarritako kopuruaren konturakoa izanen da.
Kapital aseguratuak urte bakoitzeko urtarrilean eguneratuko dira, aurreko urteko Estatuko KPIarekin.
23. Eszedentziak. Langile finko subrogatuek urtebetetik bi urtera bitarteko borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, kategoriari eta lanpostuari eutsiz. Lanera itzultzeko, langileak eszedentzia bukatu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio enpresari. Artikulu honek gaur egungo kontratazio aukerek iraun bitartean balioko du.
24. Errelebo kontratua. Enpresak, legedia orokorrean eta Gizarte Segurantzan indarra duen bitartean, baimena emanen du langile subrogatuen erretiro partzialerako, baldin eta Gizarte Segurantzako erretiroko kotizaziopeko pentsioa kobratzeko eskubidea izateko baldintza orokorrak biltzen badituzte, adinaren baldintza izan ezik, izan ere, eskatzen dena baino gehienez ere bost urte gutxiagokoa izan beharko du.
Horretarako, lanaldi partzialeko kontratua idatziko da, benetako lanaldia eta lansari murriztuak dituena. Erretiro partziala hartu duen langilearen ordez beste langile bat arituko da, langabezian dagoen bat, lanaldi osoan arituz enpresari lotuko zaiona, baldin eta erretiratuak %70etik gorako murrizketa aukeratzen badu, ordezte kontratu baten arabera. Kontratu horrek erretiratuak erretiro osoa hartu arte iraunen du gehienez.
Erretiro partziala zeukan langileak erretiro osoa hartuta, erreleboko langilea enpresako plantillan sartuko da, harreman mugagabearekin, enpresak lanpostua amortizatzen ez badu behintzat.
25. Lan arloko auzitegia. Edozein erreklamazio edo auzi aurkeztu baino lehen, ezinbesteko betebeharra da aurretik Nafarroako Lan Auzitegira jotzea, adiskidetzea edo bitartekotza lortzen saiatzeko. Halaber, enpresako langile eta enpresaburuei gomendatzen zaie arbitrajea onar dezatela. Horretarako auzitegi horretan dagoen arbitraje elkargoa erabiliko dute.
26. Hitzarmeneko atzerakinak. Garraioen Hitzarmeneko 2009ko eta 2010eko soldaten taulak aplikatzearen ondoriozko kopurua taula horiek argitaratu ondoko nominan ordainduko da.
Itun honetan aurreikusten ez den orotan, aparkalekuen eta garajeen sektorerako Estatuko hitzarmen kolektiboan ezarritakoa aplikatuko da, bai eta indarra duten eta aplikatzekoak diren gainerako lege xedapenak ere.
Eta hala ager dadin, aldeak ados jarririk, itun hau sinatzen da, idazpuruan ageri diren tokian eta egunean.
Iragarkiaren kodea: F1203519
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
