80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, San Adriango Procgeri Gestión XXI, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

San Adriango Procgeri Gestión XXI, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100112012012) aztertu da, Erregistro honetan 2012ko otsailaren 23an sartu zena eta enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2011ko abenduaren 22an izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 13/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2012ko martxoaren 5ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

"PROCGERI GESTIÓN XXI, S.L." ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. Aplikazio eremua.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Enpresa hitzarmen hau Centro Residencial para Ancianos Dependientes San Adrián, S.A. izeneko zahar etxeko langile guztiei aplikatuko zaie, finkoei, aldi baterakoei eta bitartekoei, titulua dutenei eta ez dutenei, indarra duen legedian kontratuak egiteko ezarritako modalitateetatik edozeinen bidez zentro horretan lanean ari badira. Procgeri Gestión XXI merkataritzako sozietateak (IFK: B71019897) kudeatzen du zahar etxea. Berariaz bazter utzi dira, garai batean zahar etxe horretan aritu baziren ere, gaur egun beste batzuetan aritzen diren langileak.

Hitzarmenaren aplikazio eremutik bazter utzi dira erlijio zerbitzua ematen duten pertsonak eta, orobat, "Procgeri Gestión XXI" enpresarekin zerbitzuak emateko errentamendu kontratuak sinatuak dituzten beste enpresa batzuetako plantilletan dauden langileak.

2. artikulua. Iraunaldia eta amaieraren iragarpena.

Hitzarmen hau 2010eko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31 bitarterako da.

Alderdi sinatzaileek edo legearen arabera horien ordezkari direnek iragarriko dute hitzarmenaren amaiera mugaeguna baino hiru hilabete lehenago. Indarraldia bukatu aurreko lehen hiru hilabetean hasiko dira hitzarmen kolektibo berria negoziatzen, bi alderdiek 2013ko lehen bi hilabetean sina dezaten hitzarmen kolektibo berria, eta 2013ko ekaina izanen da sinadura horretarako azken epea. Dena dela, akordio espresik lortu arte, hitzarmen horrek indarra izaten jarraituko du, harik eta beste batek ordeztu arte.

II. Langileen sailkapena.

3. artikulua. Lanbide sailkapena.

Eginkizunen arabera, langileak talde eta kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. taldea: Goi mailako teknikariak.

1.1. Zentroko zuzendaria.

1.2. Medikua.

1.3. Psikiatra.

1.4. Psikologoa.

2. taldea: Erdi mailako teknikariak.

2.1. Gizarte laneko diplomaduna/Gizarte laguntzailea.

2.2. Erizaintzako unibertsitateko diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

2.3. Lan terapeuta.

2.4. Podologoa.

3. taldea: teknikari laguntzaileak.

3.1. Okupazio-monitorea.

3.2. Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

3.3. Laguntzailea.

4. taldea: administrazioko langileak.

4.1. Administrari-ofiziala.

4.2. Administrari laguntzailea.

4.3. Harreragilea/Asteburuetako harreragilea.

5. taldea: Zerbitzu osagarrietako langileak.

5.1. Koordinatzailea.

5.2. Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

5.3. Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

5.4. Sukaldaria.

5.5. Ile-apaintzailea.

Artikulu honetan aipatzen den langileen sailkapena adibide gisara eman da. Beraz, zentroaren beharrak eta tamaina direla-eta beharrezkoa ez bada, ez da nahitaezkoa lanpostu mota guztiak izatea eta, aitzitik, hitzarmen kolektiboaren indarraldian lanbide kategoria berriak sor daitezke, laguntza zerbitzua zuzen emateko beharrezkoa bada.

4. artikulua. Lanbide kategorien definizioa eta eginbeharrak.

Zentroko zuzendaria.

Zentroko arduraduna da.

Zentroko plantilla osatzen duen diziplina anitzeko ekipoko langile guztien burua da. Zentroko arlo guztietan egin beharreko jarduerak planifikatu, koordinatu, banatu eta gainbegiratzea dagokio, zentroaren funtzionamendua egokia izan dadin eta enpresa jardueraren helburuak bete daitezen:

-Arlo guztien zuzendaritza lana bere gain hartuko du, kasuan kasuko arduradunekin lankidetzan.

-Arlo bakoitzeko arduradunekin batera, eta zentroko langileen ordezkariekin hitz egin ondoren, urteko lan egutegiak eta arlo bakoitzeko zerbitzuak finkatuko ditu, zerbitzuak kalitatezkoak eta eraginkorrak izan daitezen.

-Langileendako eta egoiliarrendako barne-araudiak bete daitezen begiratuko du.

-Zentroan egunero ematen diren lan agindu guztiak jakin eta onetsiko ditu.

-Arloetako arduradunekin bilerak sustatuko ditu, aholkuak emateko eta zentroaren funtzionamendua, oro har, egokia dela egiaztatzeko.

-Langile guztiak motibatuko ditu, lan giro ona sortzeko, horrelako zerbitzu enpresa batean ezinbestekoa baita.

-Arlo guztietako lan planak gainbegiratu eta onetsiko ditu.

-Arlo guztietan, egoiliar bakoitzaren helburuak gainbegiratu eta onetsiko ditu.

-Egoiliarrekiko eta familiekiko harremanak zainduko ditu, zentroak ematen dituen zerbitzuetan konfiantza eta segurtasuna izan dezaten.

-Egoiliarrak zentroaren bizimoduan ahalik eta egokien egokitu eta integratzeko bideak gainbegiratuko ditu.

-Jardueren arloko langileekin eta eratzen diren lan taldeekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatuko du, egoiliarren gaitasun eta ezaugarrien arabera.

-Aurrekontu-kontrolaren arduraduna izanen da, zentroaren funtzionamendu gastuen jarraipena eginez.

-Erakunde ofizialekin harremanak izanen ditu, informazioa emateko egiten diren eskaera guztiei erantzunez.

Medikua.

Zentroko zuzendaritzaren menpe dago zuzenean.

-Osasun arloaren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendari kudeatzailearen aurrean.

-Zuzendari kudeatzailearekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratuko ditu.

-Egoiliarrak zentroan sartzen direnean jasotzen den informazioa aintzat hartuz, bakoitzaren historia klinikoa prestatuko du, egoiliarren osasuna behar bezala zaintzeko behar diren tratamendu, segimendu eta kontrolak markatuz.

-Erizainen eguneroko lan planak zehaztuko ditu.

-Erizaintzako laguntzaileentzat eta zaintzaileentzat erizainek prestatzen duten lan plana egiaztatu eta gainbegiratuko du.

-Zentroko diziplina anitzeko taldearekin elkarlanean arituko da, zentroan ahalik eta girorik onena izan dadin, horrela egoiliarra hobeki integratuko baita.

-Higienearen eta segurtasunaren arloko neurriak betearaziko ditu, baita zentroko zerbitzu bakoitzerako finkatutako osasun neurriak (ikuztegia, sukaldea, etab.).

-Zentroko Zuzendaritzarekin eta jardueren arloko langileekin elkarlanean, jardueren plan orokorra prestatzen lagunduko du.

-Zuzeneko laguntza ematen duten langileendako prestakuntza planak prestatzen lagunduko dio zentroko zuzendari kudeatzaileari, bakoitzaren lanbide sailkapenaren arabera.

-Zentroko zuzendari kudeatzaileak finkatzen dituen ikerketa planetan lagunduko du.

-Zentroan egon beharreko orduetatik kanpora, sakelako telefonoaren bidez lokalizatzeko moduan izanen da.

Gizarte laneko diplomaduna/Gizarte laguntzailea.

Zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe, ondoko eginkizun hauek dituen profesionala da:

-Zentroko gizarte lana planifikatu eta antolatzea, helburuak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz.

-Egoiliarren alderdi soziala ikertzeko azterlanak egitea edo horrelakoak prestatzen laguntzea.

-Bere eginkizunei dagozkien administrazio lanak egitea eta egoiliarren gizarte egoerari buruzko txostenak eta zentroko zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkionak prestatzea, zentroan berean eta kanpoan dauden baliabideei buruzko informazioa emanez eta egoiliarren egoera pertsonalaren, familiarraren eta sozialaren balorazioa eginez.

-Egoiliarren gizarte arazoak gizarte lanaren bidez konpontzea (banaka, taldeka eta lan komunitarioa).

-Egoiliarrak zentroko bizitzan eta beren ingurunean integratu eta parte hartzeko ekimenak sustatzea.

-Batzorde teknikoetan parte hartzea.

-Egoiliarrek beraiek konpon ezin dituzten arazoak konpontzeko behar diren kudeaketak egitea.

-Egoiliarrei laguntzeko banakako programak prestatzeko eta orientabideak emateko lanbide anitzeko taldeak egiten dituen bileretan parte hartzea.

-Aurreko zerrendan ez badago ere, zuzendari kudeatzaileak eskatzen dion beste edozein eginkizun, bere lanbidearen eta prestakuntza teknikoaren esparruan baldin badago.

Erizaintzako diplomaduna/Osasun laguntzaile teknikoa.

Zentroko medikuaren eta zuzendari kudeatzailearen menpe, honako eginkizun hauek dituen profesionala da:

-Egoiliarrak zaindu eta haiei arreta ematea, bakoitzaren behar pertsonaletan eta behar orokorretan.

-Botikak prestatzea, medikuaren aginduei jarraikiz.

-Erizaintzako laguntzaileen eta zaintzaileen lan plana egunero finkatu eta gainbegiratzea.

-Sendaketak egitea.

-Odol-presioa, tenperatura eta antzekoak hartzea.

-Odola ateratzea, laborategian analizatzeko.

-Egoiliarren historia klinikoetan bere eginkizunekin zerikusia duten datuak jasotzea.

-Material medikoa eta bestelakoa gainbegiratu, zaindu eta garbitzea.

-Farmaziari eskaerak egitea eta botikak kontrolatzea.

-Zentroko lanbide anitzeko taldearekin bilerak egitea, zuzendari kudeatzaileak egoki ikusten duen guztietan.

-Erizaintzako laguntzaileekin eta zaintzaileekin bilerak egitea, lanbideko prestakuntzarako eta birziklatzeko.

-Bazkari eta afarietan, zentroko medikuak finkatutako dietak zorrozki betetzen direla begiratzea.

-Erizaintzako laguntzaileek eta zaintzaileek lan plana egoki betetzen ote duten gainbegiratzea eta gertatzen diren gorabeheren berri ematea zuzendari kudeatzaileari.

-Ohiturak hartzeko eta jokabideak aldatzeko asmoz, teknikariek prestatzen dituzten programetan laguntzea.

-Laneko txandan izandako gorabeheren berri ematea zentroko medikuari eta zuzendari kudeatzaileari.

-Beste nagusirik ez dagoenean, erizaintzako laguntzaileek, zaintzaileek eta egoiliarrek zintzo jokatzen dutela begiratzea eta ordena egokiari eustea.

-Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak aginduta.

Lan-terapeuta.

Medikuaren, OLTen eta zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek izanen ditu:

-Zentroko jardueren plan orokorrean parte hartzea.

-Egoiliarrekin laguntza jarduerak egitea, psikomotrizitatea, hizkuntza, dinamika, errehabilitazio pertsonala eta gizarteratzea lantzeko.

-Zentroko egoiliarren bizkortze edo laguntza prozesuaren segimenduan edo prozesu hori ebaluatzen laguntzea.

-Zentroko erabiltzaileendako aisialdiaren arloan parte hartzea.

-Erabiltzaileen familiei eta erakundeei argibideak eta prestakuntza emateko antolatzen diren programetan laguntzea, bere eskumeneko gaietan.

-Oro har, eginkizun horiekin zerikusia izanik eskatzen zaizkion bestelako lanak, zerrenda honetan agertzen ez badira ere.

Okupazio-monitorea.

Medikuaren, OLTen eta zentroko zuzendari kudeatzailearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek izanen ditu:

-Egoiliarren nortasunari, adimenari eta gaitasunei lotutako alderdiak aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

-Jardueren plan orokorra prestatu eta gauzatzea.

-Egoiliar bakoitzak bere arloan dituen helburu berariazkoak finkatzea.

-Egoiliarren alderdi psikologikoaren bilakaeraren segimendua egitea eta zuzendari kudeatzaileak eskatzen dizkion txostenak prestatzea.

-Barneko eta kanpoko jarduerak garatzea.

-Erizaintzako laguntzaileei eta zaintzaileei aholku ematea, jardueren plan orokorrean parte har dezaten.

-Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

Erizaintzako laguntzailea/Zaintzailea.

Zentroko medikuen, erizainen eta zuzendari kudeatzailearen menpean, laguntza lanak egiten dituen langilea da. Lan horiek egoiliarrari eguneroko eginkizunetan laguntzekoak izan daitezke (osasun arlokoak izan ezik), edo egoiliarrak bere kasa baliatzeko errekuperazio edo ohitze prozesuetan laguntzekoak. Azkeneko kasu horretan, kasuan kasuko profesionalekin elkarlanean arituko da, haiek ematen dituzten jarraibideekin bat.

Egoiliarrei zuzeneko arreta ematea dagokio.

Hauek dira eginkizun nagusiak:

-Egoiliarrari arreta eman eta laguntzea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, bere desgaitasuna dela-eta bakarrik egiterik ez badu.

-Egoiliarrei laguntzea garbiketa eta higiene pertsonalerako eginkizunetan eta behar fisiologikoetan.

-Janaria jaso eta banatzea, eta behar duten egoiliarrei ahora ematea.

-Egoiliarren egoeran antzematen dituen gorabeherak eguneroko laneko partean jasotzea eta txandako erizainari jakinaraztea.

-Egoiliarrek botikak ahotik nahiz uzkitik hartu behar dituztenean erizainari laguntzea, baita konstanteak eta diuresiak neurtzen eta laborategian analizatuko den gernu-laginak jasotzen ere.

-Osasun materiala eta bestelakoa eta lanean erabiltzen diren gelak garbitu eta zaintzea.

-Zuzeneko laguntzako gainerako lagunekin batera, jardueren plana gauzatzen laguntzea.

-Egoiliarraren post-mortem zainketetan laguntzea.

-Ustekabeko larrialdietan, egoiliarra osasun zentrora laguntzea.

-Egoiliarren etengabeko zaintza lana.

-Zuzendari kudeatzaileak deiturik, bere lan ordutegian egiten diren bileretara joatea.

-Eginkizun horiez gain, behar izanez gero, egoiliarra zaintzeko beste lan batzuk ere egin beharko ditu, betiere medikuak, OLTek edo zentroko zuzendari kudeatzaileak aginduta.

Laguntzailea.

Zuzendari kudeatzailearen, medikuaren edo txandako erizainaren agindupean, laguntzaile lana eginen du egoiliarrek zentrotik atera behar dutenean, ospitalera, kontsulta programatuetara, larrialdiko bisitetara, tramite ofizialak egitera etabar. Joan-etorri horietan egoiliarrak zuzenean zaintzeaz arduratuko dira (arreta, laguntza, garbiketa eta higiene pertsonala, behar fisiologikoak, jaten ematea, zaintzea eta joan-etorriak iraun bitartean egoiliarrek behar edo eskatzen duten beste edozein laguntza).

Administrari-ofiziala.

Zentroko zuzendari kudeatzailearen edo horren eskuordetza hartzen duen pertsonaren menpean, eginkizun hauek egiten dituen langilea da:

-Kontabilitateko plantillak zuzen eta garaiz prestatzea, beharrezkoa bada egunero, zuzendari kudeatzaileak finkatutako jarraibideekin bat, eta haiek kontabilizatzea.

-Langileen espedienteak kudeatu eta eguneraturik izatea eta ezarritako lan egutegia eta laneko absentziak kontrolatzea.

-Egoiliarrek zentroan bizitzera sartzen direnean aurkeztu behar duten dokumentazioa zuzen dagoen begiratzea.

-Biltegietako hilabeteko inbentarioa egiten laguntzea koordinatzaileari/gainbegiraleari.

-Egoiliarrek dirua gordetzeko duten diru-kutxa egunero kontrolatzea.

-Behar diren gauza guztien eskaera egitea, arloko arduradunek eskaturik.

-Egoiliarren mediku-aldaketa egiteko behar diren tramiteak egitea.

-Farmazia laguntza eskatzea horrelakorik ez duten egoiliarrentzat.

-Langileak kontratatzeko behar den dokumentazio guztia prestatzea.

-Hilabeteko nominak egiaztatzea.

-Zentroan sartzen diren eta kontsumitzen diren produktuak kontrolatu eta erregistratzea eta horien zerrendak zuzendari kudeatzaileari ematea, onetsi eta gero artxibatzeko.

-Agirien artxibategia eguneraturik izatea (albaranak, fakturak, banku-agiriak, etab.).

-Fotokopiak egitea, eskaera guztiek arloko arduradun baten edo zuzendari kudeatzailearen oniritzia dutela begiratuz, eta hilabetero egindakoen laburpena prestatzea.

-Praktiketako langileen kontrolerako sinadurak kontrolatzea.

-Kutxako diruaren, telefonoaren eta harrera zerbitzuaren kontrola eramatea.

-Zentroko departamentu guztiendako koadernoak prestatzea eta plantilla aski duten begiratzea.

-Hilabetero, langileen kontrol fitxak prestatzea eta fitxategian ordena alfabetikoaren arabera artxibatzea.

-Farmaziako eskaerak egitea, erizainen jarraibideekin bat, eta egoiliarrendako kanpo-kontsultetarako hitzorduak eskatzea.

-Langileen orduak kontatzea, atzerapen eta ez-agertzeak apuntatzea eta orduak administrazioko ordenagailuan jasotzea.

Administrari laguntzailea.

Administrari-ofizialaren eta zentroko zuzendari kudeatzailearen edo horren eskuordetza hartzen duen pertsonaren menpean, administrari-ofizialak eskuordetu edo adierazten dizkion administrazio eta harrera lanak egiten dituen langilea da.

Harreragilea/Asteburuetako harreragilea.

Administrari-ofizialaren menpe dago zuzenean eta, oro har, zentroko zuzendari kudeatzailearen menpean. Hona bere eginkizunak:

-Zentrora joaten diren bisita guztiei harrera egitea, arreta adeitsua eta xaloa ematea eta kasuan-kasuan behar den zentroko arduradunarengana eramatea.

-Telefono deiak hartu eta egitea, eta dagokion pertsonari deribatzea.

-Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egitea.

-Administrari laguntzaileari laguntzea fotokopiak egiten, idazkiak garbira pasatzen, oroit-idazkiak prestatzen edo zentroko zuzendari kudeatzaileari egoki iruditzen zaizkion bestelako lanetan.

Koordinatzailea/Gainbegiralea.

Zentroko Zuzendaritzaren menpe, ondoko eginkizun hauek dituen langilea da:

-Zentroko zuzendaria ordeztea, hura kanpoan denean.

-Zuzendariarekin batera, bere arloari dagozkion auzi guztiak bideratzea.

-Egoitzaren eta zerbitzu orokorren funtzionamenduaren arduraduna da, zentroko zuzendaritzaren aurrean.

-Enpresak behar bezala uniformaturik eta identifikaturik joanen da.

-Zuzendaritzarekin eta zuzendaritza taldeko gainerako kideekin bilerak egitea, zentroko funtzionamenduaren inguruko ohiko lanak jorratzeko.

-Zentroko hornigaiak antolatu eta kontrolatzea, hau da, sukaldekoak, ikuztegikoak, garbiketakoak eta osasun materialaz kanpoko gauzak.

-Instalazioen erabilera eta kontsumoa egokia den gainbegiratu eta kontrolatzea.

-Zuzendaritzarekin batera, bere menpeko langileen lan ordutegiak finkatzea, egoitzaren funtzionamendua egokia eta zentzuzkoa izan dadin.

-Sukaldeko, ikuztegiko eta garbiketako zerbitzua eta, oro har, zentro osoa egoera onean dagoela kontrolatzea.

-Janariak medikuaren aginduei jarraikiz ontzen direla kontrolatzea.

-Mantentze-lanetako langileen lanak kontrolatzea.

-Laguntza zuzena ematen duten langileen, egoiliarren eta familiakoen artean giro ona sustatzea, egoiliarrak erabat integra daitezen zentroaren jardunean.

-Zentroko langileek portaera, gizabide eta heziketa arau oinarrizkoak bete ditzatela begiratuko du, elkarbizitza harmoniatsua izateko giro egokiena lortzeko asmoz.

-Ile-apaintzailearen laneko plana antolatzea.

Mantentze-lanetako langilea/Gidaria.

Koordinatzaile-gainbegiralearen menpean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

-Zentroko aparatu eta instalazioak eta kanpoaldekoak kontserbatu, kontrolatu eta konpontzea eta haien mantentze-lanez arduratzea.

-Bere arduradunak beharrezkotzat jotzen dituen kudeaketak egitea zentrotik kanpora.

-Egoiliarrak kanpoko kontsulta medikoetara eramatea eta gidari lana egitea kanpo jardueretan.

-Zentroan hartzen den material guztia jaso eta behar den tokira eramatea.

-Garbiketa lanak osatzen laguntzea, bere arduradunak adierazten duenaren arabera.

-Makinen aretoa, instalazioak, elektrizitate-panelak, transformadoreak, tailerrak eta antzekoak txukun edukitzea, horietan egon behar ez duten materialak pilatu ez daitezen.

-Zentroko aisialdiko jarduerak behar bezala gauzatzeko erabiltzen diren agertokiak, eserlekuak, zine-proiektorea, bozgorailuak eta abar muntatu eta desmuntatzea eta horien funtzionamenduaz arduratzea.

-Egoiliarrak eta erabiltzaileak kanpoko kontsulten zentroetara, ospitaleetara eta zentroko zuzendari kudeatzaileak agintzen duen beste toki batzuetara eramatea.

Garbiketa/Ikuztegiko langileak.

Koordinatzaile-gainbegiralearen menpean, honako lan hauek egiten dituen langilea da:

-Zentroko eremu guztiak garbi mantentzea, garbitasun, ordena eta higiene egoera ezin hobean.

-Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri ematea koordinatzaile/gainbegiraleari.

-Zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak garbitu, zaindu, konpondu eta lisatzea.

-Egoiliarren arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea.

-Sukalde zerbitzuari laguntzea otorduetan erabiltzen diren ontziak eta mahai-tresnak garbitzen.

-Jantokiak muntatu eta desmuntatzea, mahaiko tresna eta zapiak jarri eta kenduz.

-Arropa zuria eta bestelakoa zentroak dituen biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea.

Sukaldaria.

Koordinatzaile/gainbegiralearen menpe dago zuzenean eta eginkizun hauek dagozkio:

-Menu orokorra eta medikuak agindutako dietak prestatu eta behar bezala ontzea.

-Janaria gurdietan jartzea, gero banatua izan dadin.

-Lanean erabiltzen dituen plater eta tresna guztiak garbitzea, garbiketako langileekin batera.

-Sukaldea, despentsa, hozkailuak eta sukaldeko tresna guztiak ongi ordenaturik eta egoera ezin hobean edukitzea.

Ile-apaintzailea.

Zentroko koordinatzaile/gainbegiralearen menpe dago zuzenean.

-Koordinatzaileak/gainbegiraleak finkatzen duen lan plana egitea eta ilea apaintzea adierazten zaien egoiliarrei.

5. artikulua. Langileak kontratatzea.

Zentrorako langileak kontratatzea, bai kontratatu finkoak bai aldi baterakoak, enpresaren ahalmen esklusiboa da.

Enpresan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:

-Finkoa: lan egiteko modu iraunkorrean kontratatzen denean.

-Behin-behinekoa eta aldi baterakoa: denbora jakin baterako kontratatuak, lan behin-behinekoak, aldi baterakoak edo bereziak egiteko.

-Bitartekoa: lan ezintasuneko egoeran, oporretan edo enpresak lanpostua erreserbatu beharra duen beste egoera batean dagoen langilearen ordez jarduten duen aldi baterako langilea.

Aldi baterako langileak finko eginez gero, aldi baterako langile gisa emandako denbora aintzat hartuko zaie, bai probaldiaren ondorioetarako, bai antzinatasunaren ondorioetarako.

Kontratazioak indarra duen araudiari jarraikiz eginen dira, oro har.

6. artikulua. Probaldia.

Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, gehienez ere honako eskala honetan adierazten dena:

a) Goi mailako tituludunak: hiru hilabete.

b) Erdi mailako tituludunak: hiru hilabete.

c) Laguntzaile teknikariak: bi hilabete.

d) Administrazioko, zerbitzu orokorretako eta kualifikaziorik gabeko gainerako langileak: hamabost egun.

Probaldian alderdiek bertan behera uzten ahalko dute kontratua, kalte-ordainerako eskubiderik gabe. Probaldia pasatuta, kontratuak ondorio guztiak sortuko ditu.

Langilea aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada probaldian, denbora tarte hori ez da probaldiaren barne hartuko, aldeak ados jartzen badira, betiere.

Aurretik behin-behineko, aldi baterako edo bitarteko gisa lan egin duten langileek, probaldia gainditu baldin bazuten, ez dute berriro igaro beharrik, betiere azkeneko kontratazioa kontratu berriaren data baino bi hilabete lehenago egin baldin bazen gehienez.

7. artikulua. Lan-kontratuaren amaiera.

Lan kontratua Langileen Estatutuaren 49. artikuluan edo horren ordezko arauetan ezarritako arrazoietako edozeinengatik iraungiko da.

Enpresatik borondatez alde egin nahi duen langileak gutxienez hamabost egun lehenagotik abisatu beharko du. Epe hori betetzen ez badu, hamabost egun bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.

Enpresak abisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari lan harremanaren bukaeran dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez badu, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko.

Langilearen aukera izanen da erretiro partziala hartzea 60 urtetik aurrera erreleboko kontratu bat eginez; betiere, legez ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Lanaldiaren banaketa enpresa eta langilea ados jarrita eginen da.

Enpresak izanen du aukera erreleboko langilea enpresaren plantillan finko egiteko, erretiro partzialeko langileak erretiro osoa eta behin betikoa hartzen duenean.

8. artikulua. Lanbide sustapena.

Enpresako langile guztiek eskubidea izanen dute edozein lanbide taldetan sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko, baldintza berberetan. Enpresak du ahalmena zer langilek beteko duen lanpostua aukeratzeko, langileen ordezkariei aldez aurretik entzun ondoren, enpresan daramaten antzinatasuna lehenetsita; hori guztia, indarra duen araudiaren arabera zilegi bada.

9. artikulua. Lanaldia.

Urteko benetako lanorduen kopurua, hitzarmenak indarra duen bitartean, 1.679koa izanen da enpresan goizez, arratsaldez eta gauaz txandaka ari diren langile guztientzat, eta 1.686 ordukoa gainerako langileentzat. Lanordu horien banaketa Zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkaritzak negoziatu eta adostuko dute, aurreko urteko azaroaren 30a baino lehen.

Ezartzen den lan-egutegiko denboraz gainera, Zuzendaritzak eskatutako langileek lantokian ematen duten denbora guztia lan denboratzat hartuko da. Soberako lanorduak lau hilabetean behin doituko dira.

Lanaldiaren banaketa irregularrari dagokionez, ez da aplikatuko Langileen Estatutuari buruzko 7/2011 Errege Dekretuaren 85. 3.i) artikuluan jasotako aukera.

10. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldiaren bukaeratik hurrengo lanaldia hasi bitartean segidan 12 ordu pasatuko dira gutxienez.

Langile guztiek astean egun eta erdiko atsedenaldia egiteko eskubidea dute, etenik gabe, edo legez ezartzen den denborakoa.

Eguneko lanaldia sei ordutik gorakoa den guztietan, langileek hogei minutuko atsedenaldia izanen dute, norberaren lan planean agertu beharreko eguneroko programazioaren barrenean. Atsedenaldi hori benetako lan denboratzat hartuko da.

11. artikulua. Oporrak.

Enpresa hitzarmen honen eraginpeko langileek gutxienez 32 lanegunez opor egiteko eskubidea izanen dute, kopuru hori handiagoa edo txikiagoa izatea galarazi gabe, zein den lan egutegian ezarritako orduen eta hitzarmenean ezarritakoen arteko aldea; langileak, betiere, hitzarmen honetan ezarritako 1.679 edo 1.686 orduak bete beharko ditu. Alde horri opor egunen tratamendua emanen zaio, ondorio guztietarako.

2012ko oporrak hartzeko irizpidea garatzeko, 2011koak garatzeko erabilitako planteamendu eta parametroei jarraituko zaie. Planteamendu horretan kontuan hartuko da zenbat igo den okupatutako oheen kopurua; hau da, zenbat eta ohe okupatu gehiago izan, orduan eta opor egun gehiago eta ordezpen kopuru gehiago izanen dira; horren harira, plantillako %50a egonen da, gehienez ere, oporretan zentroa erabat okupatua dagoenean. Dena dela, langileen eta enpresaren ordezkariek konpromisoa dute udako hilabeteak eta abendu baino lehen bildu eta udako hilabeteetan (uztaila eta abuztua) eta abenduan egin beharreko ordezpenen kopurua ixteko.

Gauak %100 ordeztuko dira.

Enpresak langile baten oporrak baimenduz gero, hasi aurreko azkeneko hamabost egunetan ezin izanen dira aldatu. Ezinbesteko arrazoiengatik aldatu behar baldin badira, aldaketagatik sortzen zaizkion gastuak ordainduko zaizkio langile kaltetuari, gastu horien frogagiriak aurkeztu eta gero, eta beste 2 opor egunen konpentsazioa emanen zaio, betiere enpresa batzordeak baimena emanda.

12. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontza edo bizikidetza: hamabost egun.

b) Ezkontideak edo legezko lagunak haurra izan edo adoptatu edo legezko harrera egiteagatik: 4 lanegun. Baimen hori odolkidetasuneko lehen mailari bakarrik aplikatuko zaio.

c) Ezkontidea/laguna edo bigarren maila arteko odol nahiz ezkontza bidezko ahaideak hil, larri eritu, ospitalizatu edo operatzeagatik: hiru egun, lantokitik 40 kilometrora baino hurbilago den herri batean gertatuz gero, eta bost egun, lantokitik 40 kilometrora baino urrunago bada. Kirurgia anbulatorioa egiten denean, bi egun.

d) Ohiko bizilekua aldatzea: egun bat.

e) Anai-arreben, seme-alaben eta gurasoen ezkontza: egun bat.

f) Seme-alaben bataioa eta lehen jaunartzea: egun bat.

g) Langileak gizarte segurantzako medikuaren kontsultara joan behar duenean, dela familia medikuarengana, dela espezialistarengana, behar den denbora emanen zaie; betiere, ezinezkoa bada kontsulta horietara lanorduetatik kanpora joatea eta medikuek baja-agiria edo kontsultaren ziurtagiria ematen badute.

Orobat, langileak odol bidezko lehen mailako ahaideei lagun egin behar dienean medikuaren kontsultara joateko, behar den denbora emanen zaio; betiere, ezinezkoa bada kontsulta horietara lanorduetatik kanpora joatea eta medikuek baja-agiria edo kontsultaren ziurtagiria ematen badute.

h) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

i) Bederatzi hilabetez azpiko haurrari esnea ematea: ordu bat egunean lanaldi bakoitzean edo horren proportzioan; hogeita hamar minutuko bi baimen hartzen ahal dira epeak irauten duen bitartean. Haurdunaldiko lizentziari gehitzen ahal zaio. Baimen hori ezin izanen dute aldi berean hartu bi ezkontideek edo gurasoek.

j) Titulu akademiko bat lortzeko, Hezkuntza Ministerioak edo Nafarroako Foru Komunitateak antolatutako ikastaro ofizial edo baimenduetan inskribatuta dauden langileek edo lanpostu batean hasteko oposizio batean ari direnek behar adinako denbora izanen dute azterketetan eta gaitasun eta ebaluazio probetan parte hartzeko, behar bezala justifikatuz gero.

k) Legepeko zaintza dela eta, langileren batek 12 urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

l) Haurdun dauden langileek eskubidea izanen dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresari abisatu behar zaio, eta horiek lanaldian egin beharra justifikatu. In vitro ernalketaren kasuan eta haurdunaldia eteteko ere emanen da baimen hau; praktika horiek ezkontideari edo izatezko bikotekideari dagozkionean ere, izanen da eskubidea.

m) Langile guztiek soldatarik gabeko 30 egun eskatzen ahalko dituzte urtero, bost lanegun lehenagotik eskatuz gero. Baimen horiek hartuta, oporraldietarako finkatutako gutxieneko langile kopurua bermatzen bada, enpresak onartu beharko ditu.

n) Langileek 2007ko berdintasun legeak bermatzen duenerako eskubidea izanen dute hitzarmen honetan aipatzen ez diren hobekuntzei dagokienez.

ñ) Egun bat norberaren aferetarako, oporralditik kanpo baldin bada.

13. artikulua. Ordu sindikalak.

Langileen ordezkari bakoitzak edo Enpresa Batzordeko kide bakoitzak 20 ordu izanen ditu hilabetero, bere beharren arabera banatzeko.

Ordezkarien ordu sindikalak ordezkari baten edo gehiagoren esku pila daitezke, uzten dituen ordezkariaren baimena izanez gero. Ordu horiek erabiltzeko, aski izanen da Zuzendaritzari jakinaraztea langileak noiz atera behar duen lantokitik eta zenbat denborarako. Ordu sindikalak hiru hilabeteko kredituan pilatzen ahal dira.

Artikulu honetan adierazitako ordu sindikalak hartzen badira, ez da inolaz ere murriztuko 11. artikuluan ezarritako urteko opor egunen kopurua.

14. artikulua. Eszedentziak.

1. Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea ematen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

2. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Borondatezko eszedentziaren kasuan, langileak eskubidea izanen du lanpostua urtebetez gorde dakion. Seme-alabak edo odol zein ezkontza bidezko bigarren maila arteko ahaideak zaintzeko eskatutako eszedentziaren kasuan, langileak eskubidea izanen du lanpostua bi urtez gorde dakion. Hamabost egun aurretik eginen da eskaera, eszedentzia hasteko edo luzatzeko nahiz lanera itzultzeko izan. Eszedentzia luzatzeko eskubidea izanen da, legez ezarritako gehienekora iritsi arte.

3. Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, hiru urtekoa gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai naturala bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita, edo ebazpen judizial administratiboaren datatik. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina azkeneko eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du. Aitak eta amak, biek enpresan lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiltzen ahalko du eskubide hori. Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko zaio, eta bitartean eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Seme-alabak zaintzeagatik, langileak eskubidea izanen du lehen bi urtean lanpostua gorde dakion. Epea bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide-talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da. Borondatezko eszedentziari dagokionez, indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

4. Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

5. Eszedentzian dagoen langileak ez du beste eskubiderik enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna izatea baizik.

6. Eszedentzia egoera bi alderdiek adosten dituzten beste egoera batzuetara ere heda daiteke, kasuan-kasuan ezartzen den araubidean eta ondorioekin.

7. Bi urtebetera arteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu, eritasun edo desgaitasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat -odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa- zaindu behar duten langileek.

15. artikulua. Ikastaroetan parte hartzea.

Enpresak, bere ekimenez edo langileek eskatuta, langileak bere lanbide jarduerari buruzko ikastaroetara, mintegietara, jardunaldietara edo antzekoetara joatea erabakiz gero, jarduera egiten den tokiraino joan-etortzeko gastuak eta mantenu eta ostatukoak ere bere gain hartuko ditu, baita izena emateko gastuak ere. Parte-hartzaileek behar bezala justifikatu beharko dituzte gastu horiek.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Lan istripuen eta lanbideari lotutako eritasunen ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak langileari eskubidez dagokion prestazioa bajaren lehenbiziko egunetik osatuko du, hilabeteko oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 berdindu arte.

Eritasun arrunt baten edo lanekoa ez den istripu baten ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, langileak oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 jasoko du urteko lehenengo baja baldin bada eta urte bereko bigarren aldi baterako ezintasun prozesuetan, berriz, %90.

Baliaezintasuna dakarten eritasun prozesuetan, diagnostikoa espezialista batek egin baldin badu, langileak oinarrizko soldataren eta antzinatasun sariaren %100 jasoko du.

Langilea ospitalizatu behar izanez gero, hilabeteko oinarrizko soldataren gehi antzinatasun sariaren %100 jasotzeko eskubidea izanen du, baina ospitalizatua egon bitartean bakarrik.

Haurdun dauden langileen kasuan, aldi baterako lan ezintasuna amatasun bajaren aurreko eritasun arrunt baten ondorioz baldin bada, haurdunaldiaren seigarren hilabetetik haurra jaio arte hilabeteko oinarrizko soldataren eta antzinatasun sariaren %100 ordaindu beharko dio enpresak, betiere langileak mediku espezialistaren ziurtagiria aurkezten badu. Osagarri hori ordaindu beharko da, orobat, aldi baterako ezintasuna haurdunaldiko arriskua dagoelako agintzen denean, mediku batek diagnostikatuta. Horrelakoetan, osagarria haurdunaldiko arriskua diagnostikatzen den egunetik aplikatuko da. Egun horrek baja-agiriaren datarekin bat etorri beharko du.

17. artikulua. Oinarrizko soldata (hilabete naturala).

Lanbide kategoria guztietarako lanpostuaren balorazioa egin denez, 1. eranskinean jaso dira haiei hilabetean dagozkien oinarrizko soldatak 2011. urterako.

Maila bakoitzeko hilabeteko soldataren barnean honako kontzeptu hauek sartzen dira: lanorduak, atsedenaldiak eta hitzarmen honetan eta legezko araudian ezarrita dauden jaiegunak, errekuperatu behar ez direnak.

18. artikulua. Soldaten berrikuspena.

17. artikuluan finkatutako oinarrizko soldata honela igoko da:

2012. urteko soldatak kalkulatzeko, 2011. urteko soldatei (ikus 1. eranskina) Nafarroako Foru Komunitateko 2011. urteko KPI erreala gehituko zaie.

19. artikulua. Atzerapenen konpentsazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko 2009ko eta 2010eko KPI erreala 2010eko eta 2011ko soldatetan, hurrenez hurren, aplikatu ez denez, haietan sortutako aldeak honela konpentsatuko dira:

4 konpentsazio paga 2012ko soldata gordinean, zentroaren 124 erabiltzaileren okupaziotik abiatuta kalkulatuta.

Era horretan, 124 plazako okupaziotik hasita, zentroaren %95eko okupaziora iritsi arte okupatzen den plaza bakoitzeko, enpresak soldata gordinaren %0,25 ordainduko lioke langile bakoitzari, taula honen arabera:

-125 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %0,25.

-126 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %0,50.

-127 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %0,75.

-128 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %1,00.

-129 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %1,25.

-130 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %1,50.

-131 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %1,75.

Okupazio horretatik aurrera eta zentroaren okupazio osora (138 plaza) iritsi arte, portzentajea %0,4 handituko litzateke plaza bakoitzeko (132 plazarako %2,10 handituko litzateke portzentajea), taula honen arabera:

-132 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %2,10.

-133 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %2,50.

-134 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %2,90.

-135 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %3,30.

-136 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %3,70.

-137 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %4,10.

-138 plaza: sei hilabeteko soldata gordinaren %4,50.

Enpresak langile bakoitzari sei hilabeteko soldata gordinetik guztira ordaindu behar dion portzentajea kalkulatzeko, seihilabeteko bakoitzeko batez besteko okupazioa hartuko da kontuan. Bestetik, seihilabeteko bakoitzeko batez besteko okupazioa kalkulatzeko, hilabeteko batez besteko okupazioen batuketa eginen da, seihileko bakoitzean okupazio handiena eta txikiena izan duten hilabeteak kenduta, eta lau artean zatituta. Seihilabeteko batez besteko okupazioaren kalkulua biribiltzeko, gora joko da hurrengo zenbaki osora arte.

Enpresan lan egin eta, inguruabarrak direla eta, seihilabeteko jakin batean baja izan duten langileei ere bajan egon diren seihilabeteko konpentsazio pagaren zati proportzionala ordainduko zaie hitzarmeneko atzerapen gisa. Konpentsazio pagaren zati proportzionala kalkulatzeko, langileak seihilabeteko horretan lanean aritutako denbora hartuko da kontuan; horretarako, seihilabeteko soldata gordina lan egindako egunen kopuruarekin eta zentroaren seihilabeteko horretako batez besteko okupazioaren portzentajearekin biderkatuko da, eta 180 egun artean zatituko.

Enpresak 2012ko uztail hasieran, 2013ko urtarril hasieran, 2013ko uztail hasieran eta 2014ko urtarril hasieran ordainduko ditu lau konpentsazio pagak, aurreko seihilabeteko batez besteko okupazioaren arabera.

20. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.

Enpresaren beharrak direla kausa, langileren batek kontratatu zuten lanbide kategoriaz goragoko lanbide kategoria bati dagozkion lanak egiten baditu, lan horiek benetan egiten dituen bitartean goiko kategoriari dagokion soldata jasotzeko eskubidea izanen du. Kategoria horretan sei hilabete baino gehiago ematen baditu jarraian eta hartan lanpostu hutsik baldin badago, lanpostuak betetzeko orduan, enpresaren hitzarmen honen 5. eta 8. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Lanean ari den kategorian lanpostu hutsik ez badago, lanean hasi zenetik 6 hilabete igarota, langilea bere lanbide kategoriari dagozkion lanak egitera itzuliko da, deusetan galarazi gabe legeek horren gainean ezartzen dutena.

21. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Lana 22:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak bitarte egiten duten langileek gaueko lanaren plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.

Plus hori 16,00 eurokoa izanen da 2012. urtean.

Abenduaren 24an eta 31n (Gabon Gaua eta Gau Zaharra, hurrenez hurren) 22:00etatik biharamuneko 8:00ak bitarte lan egiten duten langileek 72,00 euroko lansari berezia jasoko dute.

22. artikulua. Jaiegunetako eta igandeetako plusa.

Errekuperatzekoak ez diren jaiegunetan (*) lan egiten duten langileei 17,00 euro ordainduko zaie bakoitzeko 2012. urtean.

Adierazitako plus horiez gainera, igandeetan lan egiten duten langileek 15,00 euroko plusa jasoko dute.

Gaueko plusa, errekuperatzekoak ez diren jaiegunetako plusa eta igandeetako plusa ordaintzeko, langilea lanean hasteko eguna eta ez ateratzekoa hartuko da aintzat, nahiz eta jai ordu gehienak ateratzeko egunekoak izan.

Jaiegunetako eta gaueko lanaren plusak ez dira langilea oporraldietan dagoen bitartean ordainduko, ez eta baimen ordaindua duen egunetan ere; benetan lan egiten den egunetan ordainduko da, bakar-bakarrik.

(*) Errekuperatu behar ez diren jaiegunen kontzeptuaren barrenean ez dira igandeak sartuko; izan ere, multzo hori urtean errekuperatu behar ez diren 14 jaiegunek osatzen dute.

23. artikulua. Aparteko orduak.

Debekatuta dago, espresuki, aparteko ordurik egitea. Ezinbestez egin behar badira, dagokion ordaina ohiko orduaren %175ekoa izanen da gutxienez; diru konpentsazioa eman beharrean ordu konpentsazioa lehenetsiko da.

24. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honen pean dauden langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte, kasuan kasuko hilabeteko soldata erreala adinakoak, antzinatasun saria barne.

Ekaineko aparteko saria hilabete horretako nominarekin batera ordainduko da.

Abenduko aparteko saria abenduaren 15erako ordainduko da.

Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien zati proportzionala jasotzeko, lanean emandako denboraren arabera.

25. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunari dagokion osagarria hirurtekotan ordainduko da, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean ordaintzen den oinarrizko soldataren %3,25 hirurteko bakoitzean. Gehienez bi hirurteko ordainduko dira.

Langile guztiek bi hirurteko lortzen dituztenean, antzinatasun saria laurtekotan ordaintzen hasiko da. Laurtekoen kontaketa bi hirurtekoak betetzen diren urtetik aurrera hasiko da. Laurteko bakoitza oinarrizko soldataren %3,25 izanen da.

Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

26. artikulua. Arropa eta oinetakoak.

Enpresak arropa edo uniformea eta oinetakoak emanen dizkie langileei. Gutxienez urtean behin berrituko dira, edo lanean erabiltzearen ondorioz beharrezkoa den guztietan.

27. artikulua. Dietak.

2012. urtean, dieta-erdiagatik 9,01 euro ordainduko dira eta dieta osoagatik 30,05 euro.

28. artikulua. Kilometrajea.

Enpresaren beharrak direla-eta langileak bere ibilgailua erabili beharra duenean, enpresak 0,24 euro ordainduko dizkio kilometroko.

29. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Enpresak, erantzukizun zibileko poliza baten bidez, aseguru bat eginen die langile guztiei, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.

Hitzarmen honen pean dauden langile guztiek aseguraturik egon beharko dute eta kreditazioa TC-2 buletinen bidez eginen da.

Nahitaezko eszedentzian dauden langile guztiak ere aseguratuko dira, kargu publiko bat betetzeko izendatu edo hautatu direnak izan ezik, zentroaren TC delakoetan agertzen ez badira ere.

30. artikulua. Bizi eta istripu aseguruak.

Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:

a) 24.040,48 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

b) 27.045,54 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko erabateko ezintasun iraunkorragatik edozein lanbide edo egitekotarako.

31. artikulua. Lan osasuna.

Laneko osasun eta segurtasunaren arloko arauei dagokienez, enpresak unean-unean indarra duten legeetan xedatutakoari segituko dio.

Urtean behin, osasun azterketa eginen zaie langile guztiei.

32. artikulua. Hutsegiteen eta zehapenen araubidea.

Hutsegite arinak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.

b) Lanera agertu ez eta hurrengo hogeita lau orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea.

c) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta, arau-hauste larri edo oso larritzat hartzerik ez badago.

d) Emandako agindu eta arauak berandu edo zabarkeriaz betetzea, hala nola enpresaren lokalak, materialak edo dokumentuak behar ez bezala erabiltzea, haien larritasuna dela eta, hutsegite larritzat har daitezkeenean izan ezik.

e) Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza.

f) Helbidea, bizilekua edo familiaren egoera aldatu eta enpresari ez jakinaraztea, aldaketa horiek zerga arloko edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan eraginik badute.

g) Lanean ari dela erretzea.

h) Lanaldiaren barrenean, sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea.

Hauek dira hutsegite larriak:

a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.

b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin baino gehiagotan lanera ez joatea.

c) Zerbitzuari dagokionez, agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, enpresaren edo egoiliarren kalterako.

d) Lanean agintekeriaz jokatzea.

e) Hirurogei egunean hutsegite arin bera behin baino gehiagotan egitea.

f) Enpresako denbora, jantziak edo materialak enpresaz kanpoko lanetarako edo norberaren onerako erabiltzea.

Hutsegite oso larriak izanen dira:

a) Urtebeteko epean lanera 20 alditan baino gehiagotan berandu iristea.

b) Hilabetean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez joatea.

c) Eritasuna edo istripua simulatzea.

d) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea egoiliarrei, goragokoei eta lankideei.

e) Lanetik alde egitea edo zabarkeria larriz aritzea, enpresari kalte larriak eginez gero edo egoiliarrei egin ahal izanez gero.

f) Agindutako kudeaketetan iruzurra, leialtasunik eza edo konfiantza-abusua erakustea, eta enpresari nahiz hirugarrenei lapurtzea, ebastea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresaren eraikinetan zerbitzua ematerakoan.

g) Agintekeria.

h) Egoiliar edo erabiltzaile baten prozesu patologikoaren, haren barru-barruko kontu baten edo indarreko legeek babesten duten beste edozein datu pertsonalen berri ematea.

i) Zentroko erabiltzaileengandik onura ekonomikoak nahiz gauzazkoak lortzea.

j) Aldi baterako ezintasun egoeran izanda, bere edo besteren konturako lanak egitea, eta ezintasun egoera luzatzeko manipulazioak egitea edo gezurrak esatea.

l) Hiruhileko batean hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea.

m )Sexu jazarpena, edo arraza, erlijioa edo etnia direla kausa, egungo araudian ezarritakoaren arabera.

Aurreko artikuluetako hutsegiteen zerrenda adierazpen gisa eman da.

33. artikulua. Zehapenak.

Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, hutsegitearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.

Hutsegite larriak eta oso larriak ordezkari sindikalari edo enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio, horrelakorik baldin badago.

Enpresak, egindako hutsegiteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:

a) Hutsegite arinak: hitzezko edo idatzizko kargu-hartzea.

b) Hutsegite larriak: idatzizko kargu-hartzea eta langileen ordezkariari edo enpresa batzordeari jakinaraztea. Gehienez hamabost eguneko enplegu-soldaten etenaldia (hutsegitea berregin denean gehieneko etenaldia).

c) Hutsegite oso larriak: kaleratzeko ohartarazpena. Gehienez hirurogei eguneko enplegu-soldaten etenaldia. Kaleratzea.

34. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Langileek egindako hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hamabost egunen buruan eta oso larriak berrogeita hamarren buruan, enpresak hutsegitearen berri duen egunetik aitzina, kasu guztietan.

35. artikulua. Eskubide sindikalak.

1. Ezin izanen da langile bakar bat ere baztertu sindikatu bati afiliatua izateagatik.

2. Langile guztiek dute hautesle eta hautetsi izateko eskubidea, Langileen Estatutuan eta Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan ezarritako baldintzak betez gero.

3. Enpresa batzordeko kideek eta ordezkari sindikalek legean ezarritako berme guztiak izanen dituzte.

4. Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoaren IV. tituluko 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, sindikatu batean afiliatutako langileek honako hauek egiten ahalko dituzte enpresaren edo lantokiaren esparruan:

a) Sindikatuaren atalak eratzea, sindikatuaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Bilerak egitea (enpresaburuari jakinarazita), kuotak biltzea eta sindikatuaren informazioa banatzea, hori guztia lanorduetatik kanpora eta zentroaren ohiko jardunari kalte eragin gabe.

c) Bere sindikatuari bidaltzeko informazioa jasotzea.

d Afiliatuentzat eta langile guztientzat interesgarriak izan daitezkeen iragarkien berri emateko, enpresak iragarki-ohol bat jartzen utziko die. Iragarki-oholak lantokian berean egon beharko du, langileek aise ikusteko moduko toki batean.

5. Ordezkaritza handieneko sindikatuetan lurrralde, autonomia erkidego edo estatu osorako kargua dutenek eskubide hauek izanen dituzte, Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoaren 9. artikuluaren arabera:

a) Aldez aurretik enpresaburuari jakinarazita, lantokian sartzea, bere sindikatuak bertan egiten dituen jardueretan edo langile guztientzat egiten direnetan parte hartzeko, ohiko lana galarazi gabe.

b) Lan hitzarmenen negoziazioetan parte hartzen duten ordezkari sindikalek, enpresaren batean jardunean segitzen badute, behar diren baimen ordainduak izanen dituzte negoziazio lana behar bezala egiteko, betiere haiek ere negoziazioaren eragin esparruaren pean baldin badaude.

c) Bere karguari dagozkion eginkizun sindikalak gauzatzeko behar diren baimen ez ordainduak hartzea.

d) Bere karguak iraun bitartean nahitaezko eszedentzia hartzea eta, horrelakoetan, lanpostua erreserbatzea eta antzinatasuna kontatzea. Kargua utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean bere lanpostura itzuli beharko du.

6. Enpresaren ordezkariek eta hitzarmena negoziatzeko mahaiko kideek negoziazio horretarako behar den denbora izanen dute, dagozkien ordu sindikalez gainera.

7. Zentroko langileei bertan biltzeko eskubidea bermatuko zaie, betiere zentroaren jarduerari kalte egiten ez badio eta, nolanahi ere, indarra duten legeekin bat.

Bilera baino lehen enpresako zuzendariari edo ordezkariari haren berri emanen zaio, behar den denborarekin, hala nola zein izanen den eguneko gai-zerrenda eta zentrokoak ez diren zenbat lagun etorriko diren bilerara.

Langileen eskubide hori bermatzeko, zentroek eguneko lana moldatzen ahalko dute, langileak bilerara joan ahal izateko.

36. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen honen gaineko auziak interpretatu eta segimendua egiteko, eta lan arloko agintaritzak eta organo jurisdikzionalek legez aitortuak dituzten eskumenak galarazi gabe, hitzarmena sinatu eta hilabeteko epean, Batzorde Paritario bat eratuko da, enpresa batzordearen eta enpresaren ordezkariek osatua.

Batzorde paritarioak ondoko kide hauek izanen ditu: langileen ordezkariak eta enpresaren beste bi ordezkari.

Batzorde Paritarioa alderdietako edozeinek eskatzen duenean bilduko da. Erabakiak baliozkoak izateko, bi alderdiek aho batez onetsi beharko dituzte. Aho batez onesterik ez badago, auzia jurisdikzio eskudunera igorriko da, ebatz dezan.

Batzorde Paritarioa estipulazio hauen arabera arautuko da:

1. Hitzarmen kolektibo honen eta indarra duen legezko araudiaren aplikaziotik sortzen diren afera guztietarako eratuko da Batzordea.

2. Bi aldeetako edozeinek batzordea biltzeko deia eginik, gehienez ere 15 eguneko epean bildu beharko da. Enpresak egin beharko du dei edo honako hau sinatzen duten sindikatuetako ordezkariek.

3. Batzorde paritarioak horrek ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Hitzarmen honen interpretazioaren inguruan pizten diren aferen berri ematea lan arloko agintaritzari.

b) Arbitraje eta bitartekaritza lana egitea alderdiek berak aztertzeko utzitako aferetan.

c) Hitzarmen honetan itundutakoa betetzen dela begiratzea.

d) Hitzarmen kolektibo honen aplikazioko eremu funtzionalean zein langile eta lurralde eremuen arloan sortzen diren aferak ezagutu eta erabakiak hartzea; ordutegi aldaketa, lanaldia, eta hitzarmen honek arautzen dituen gai guztietan, enpresako langileen legezko ordezkaririk ez dagoenean; orobat, hitzarmen honetan araututako talde profesionalentzat ezarritako lanbide sailkapenaren aplikazioak eragindako desadostasunak ebaztea.

e) Laneko segurtasun eta osasun arloan sortzen diren aferak ezagutu eta erabakiak hartzea.

f) Ezarrita diren eginkizun horiez gain, Batzorde Paritarioak, eratzen den unean, bere funtzionamendurako erregelamendua egokituko du indarra duen legezko araudiarekin, araudi horrek ezarritako eginkizun eta eskumenak barne direla.

4. Erabakiak aho batez hartuko dira batzorde paritarioan edo, bestela, gehiengo soilez, eta bileran diren guztiek sinatu beharreko laburtzapen akta batean jasoko dira.

5. Erabakiek balioa izateko, alde bakoitzeko kideen %50 baino gehiago izan beharko da bertan.

37. artikulua. Lege subsidiarioak.

Hitzarmen honetan ezarri ez diren gaietarako, Langileen Estatutuan eta lan arloko legedi orokorrean xedatutakoa aplikatuko da.

38. artikulua. Azken xedapenak.

Hitzarmen hau aplikatzen hasten denetik, indarrik gabe geldituko dira bi alderdientzat ordura arte aplikatzen ziren betebehar eta eskubideak. Hortaz, hitzarmena sinatu aurretik zegoen egoeratik eskuratutako edo finkatutako eskubiderik ez dago.

Dena dela, hitzarmen hau sinatzen den egunean, beren lanpostuaren ezaugarri bereziak direla-eta hitzarmen honetan finkatutako konpentsazioetatik gorako lansariak izanen dituzten langileen kontratuetan behar diren aldaketak eginen dira, enpresarekin adostu ondoren.

39. artikulua. Lan arloko auzitegia. Gatazkak epaitegitik kanpo konpontzea.

Hitzarmen kolektibo hau sinatzen duten alderdiek borondatezko prozedurak ezartzea erabaki dute gatazka kolektiboak konpontzeko, itundutakoaren interpretazioari eta aplikazioari eta lanaren inguruabarretara egokitzeari dagokienez; egon litezkeen desadostasunei dagokienez, negoziatzeko eperik luzeena akordio batera iritsi gabe iragan ondoren, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluko g) idatz-zatian xedatutakoari jarraituz; hitzarmen honetan ezarritako aldaketak funtsean kanbiatzeko negoziazioan sortzen ahal diren desadostasunei dagokienez, Langileen Estatutuaren 41.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz, soldaten araubidea ez aplikatzeagatik sortzen ahal diren desadostasunei dagokienez, baita batzorde paritarioen barreneko desadostasunei eta eremu desberdineko hitzarmenen arteko lehiari dagokienez, lan arloko gatazkak epaiketatik kanpo konpontzeko (Nafarroako Lan arloko Auzitegia) akordioaren edukiak bereganatuta. Ondorio horietarako, akordio hori osorik argitaratutzat jotzen da hemen, hitzarmen kolektibo honen parte gisa.

1. ERANSKINA

Kategorien araberako lansari taulak - 2011. urtea

KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATA

Zuzendaria

1.882,62

Zuzendariordea

1.280,83

Medikua

1.882,62

Gizarte langilea - gainbegiralea

1.660,40

EDU

1.660,40

Lan-terapeuta

1.660,40

Podologoa

1.264,50

Fisioterapeuta

1.660,40

Monitorea

1.199,55

Erizaintzako laguntzailea / Zaintzailea

1.092,64

Administrari-ofiziala

1.304,43

Administrari laguntzailea

1.111,51

Harreragilea

707,24

Mantentze-lanetako langilea

1.253,25

Garbiketa/Ikuztegiko langileak

917,00

Sukaldaria

1.066,95

Ile-apaintzailea

1.250,00

Iragarkiaren kodea: F1203670