80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

342/2012 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, 2012-2013 kanpainarako.

Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako merkatuen antolamendu bateratua (MAB) sortu eta nekazaritzako zenbait produkturentzako berariazko xedapenak ezarri ziren (erregelamendu bakarra MABerako). 1234/2007 (EE) Erregelamendu horren 103 octodecies artikuluan mahastia berregituratu eta moldatzeko neurriak zehazten dira, horien xedea baita mahastizaintza eta ardogintzako ekoizleen lehiakortasuna areagotzea.

Batzordeak 2008ko ekainaren 27an emandako 555/2008 (EE) Erregelamenduaren II. tituluaren II. kapituluko 2. atalean mahastia berregituratzea eta moldatzea jasotzen da mahastizaintza sektoreari laguntzeko neurri gisa. 555/2008 (EE) Erregelamenduaren bidez, Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua (indargabetua) garatzeko arauak ezarri ziren, mahastizaintza sektoreko laguntza programei, hirugarren lurraldeekiko merkatuari, ekoizpen ahalmenari eta kontrolari dagokienez.

Otsailaren 27ko 244/2009 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 2. atalean mahastia berregituratu eta moldatzeko laguntzak ageri dira. Errege Dekretu horren bidez, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programaren neurriak aplikatzeko oinarrizko araudia ezartzen da, baina dekretuan ezarritakoa zehazteko autonomia erkidegoen jarduketa osagarria beharrezkoa da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzen deialdia onestea, 2012-2013 kanpainarako.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF) Nafarroarako, 2013ko ekitaldirako, bideratzen den aurrekontuak aukera ematen duen heinean erantzunen zaie foru agindu honen ondoriozko gastu konpromisoei.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko apirilaren 13an.-Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

I. ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2012-2013 kanpainarako

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroan mahastia berregituratu eta moldatzeko plan berrien aurkezpena eta onespena arautzea, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatu antolakunde bateratuaren barrenean, eta plan horietan aurreikusitako jarduketetarako NBEUF laguntzak eskuratzea, 2012-2013ko kanpainarako.

2. Ardoa egiteko mahatsa ekoizten duten mahastiak berregituratu eta moldatzeko aurkezten diren plan berrietan aplikatzeko izanen dira oinarri hauek, betiere haien lurzatiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badaude eta "Nafarroa" jatorrizko deituraren edo "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren barruan babestuak badaude.

3. Mahastizaintza eta ardogintza sektorerako, 2012-2013 kanpainarako, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF) bideratutako laguntzen araubideak honako helburu hauek izanen ditu:

a) Mahastia berregituratu eta moldatzeko kostuetan parte hartzea. Horretarako hiru laguntza mota ezarriko dira:

-Mahats barietatea aldatzeko laguntzak.

-Mahastiak berrezartzeko laguntzak.

-Ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzeko laguntzak (mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzea).

b) Ekoizleei plana aplikatzearen ondorioz gal ditzaketen diru-sarrerengatik kalte-ordain bat ematea.

4. Aurreko atalean aipatutako laguntzak emateko honako definizioak ezarriko dira:

a) "Neurria": lurzati jakin bat berregituratzeko, moldatzeko edo eraldatzeko egiten diren eragiketen multzoa.

b) "Mahats barietatea aldatzea": mahasti lurzati bateko barietatea aldatzea, oraingo barietatearen gainetik txertatuz (ardorakoetan) edo zegoena berriro txertatuz (Ameriketakoetan), lurzatiko mahatsondo kopurua handitu gabe. Barietatearen aldaketa 2008-2009 kanpainaren aurretik landatutako lurzatietan baizik ez da egiten ahalko.

c) "Mahastiak berrezartzea": lurzati bateko edo batzuetako mahastiak beste landaketa baten edo batzuen bidez ordeztea, betiere azalera bera badute eta barietatean edo gidamoduan aldaketa ekartzen badute.

Lurzatiak berrantolatzeko prozesu batean, lurzatiak berrantolatzeko eremuan mahastiak kentzearen ondorioz sortutako eskubide guztiek balioa izanen dute mahastia ordezpen finketan berrezartzeko.

d) "Ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzeko jarduera" (mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzea): gidamodu baxua duen mahastia besorako gidamodura jasotzeko ekintzak eta horretarako beharrezkoak diren materialak, mahastia modu egokian mekanizatu ahal izateko, bereziki inausketa eta mahats-bilketari dagokienez. Aldatze jarduera landare eta osasun egoera onean dauden mahastietan baizik ez da egiten ahalko, betiere 2008-2009 kanpainaren aurretik landatuak baldin badira.

e) Laguntza planetan landatzeko barietatetzat jotzen dira:

e.1) "Nafarroa" Jatorrizko Deituran:

-Beltzak: Garnatxa, Graciano, Tempranillo, Merlot, Syrah, Cabernet Sauvignon eta Pinot Noir.

-Zuriak: Sauvignon zuria, ale xeheko moskatela, Garnatxa zuria, Chardonnay eta Viura.

e.2) "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikatuan:

-Beltzak: Tempranillo, Garnatxa eta Graciano.

-Zuriak: Chardonnay, Verdejo, Sauvignon zuria, Garnacha zuria, Viura eta Tempranillo zuria.

f) Ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira aldatzean, dagozkien kontseilu arauemaileek baimendutako barietate guztiak onartuko dira.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak kalkulatzeko ebazpen honen II. eranskinean aipatzen diren eragiketak eta kostuak hartuko dira kontuan, honelaxe:

a) Mahasti barietatea moldatzeko laguntzarako, oraingo barietatearen gainetik edo zegoena berriro txertatzeagatik izaniko kostuak hartuko dira kontuan. Kostuak finkoak izanen dira, moldaturiko hektarea bakoitzeko eta txertaketa unitate bakoitzeko. Txertaketa unitatea izanen da mahatsondo batean egiten dena, zenbat ziri sartzen diren kontuan hartu gabe.

b) Mahastia berrezartzeko laguntzarako, erauzketaren eta landaketaren kostuak hartzen ahalko dira kontuan, eragiketa hauek barne direla: lurra prestatzea, landaketa, labore lanen kostuak (bi urtez), besorako euskarria, harriak kentzea, desinfekzioa, lurra berdintzea eta untxien kontrako babesa. Ekintza guztiak hektarea bakoitzaren kostu finko baten arabera zenbatuko dira, landaketa izan ezik, hori landaketa dentsitatearen arabera kontatuko baita.

c) Ontzi itxurako mahastia besorako mahasti bihurtzeko laguntzarako, ontzitik besorako mahastira pasatzeko ekintza hartuko da kontuan. Ekintza hori hektarea bakoitzaren kostu finkoaren arabera zenbatuko da.

2. Mahastizainak jaso dezakeen laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berregituratu edo moldatutako azalerak neurtuko dira Batzordearen ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarritako metodoari jarraikiz.

3. Diru-sarreren galera orekatzeko laguntza, Nafarroako Foru Komunitatean 2012-2013 kanpainarako izanen da, onesten diren plan berrietarako. Honako hauetarako:

-430,00 euro hektareako, "Nafarroa" Jatorrizko Deiturarako.

-625,00 euro hektareako, "Errioxa" Jatorrizko Deitura Kalifikaturako.

4. Errenta galtzeagatiko laguntza bi kanpainatan emanen da mahastien berrezartze neurrietarako, inguruabar hauek izaten direnean:

-Berrezarri beharreko lurzatiko mahastia 2012ko abuztuaren 1etik 2012ko azaroaren 15era bitarte erauzi denean.

-Laguntza eskatu duen mahastizainak lurzatiaren jabetza eta titulartasuna frogatzen dituenean Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Mahastien Erregistro Ofizialean, eta mahastiak berak kendu dituenean, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita; edo, laguntza eskatu duen mahastizainak Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Mahastien Erregistro Ofizialean titulartasuna bakarrik frogatzen duenean, jabetza izan gabe, mahastiak berak kendu behar izanen ditu, jabea ados dagoela, berriro landatzeko eskubideak bere izenean adierazita.

5. Berriro landatzeko eskuraturiko eskubideek ez dute sortuko errenta galtzearen ondoriozko konpentsazio eskubiderik.

6. Barietateak aldatzeko eta ontzi itxurako mahastitik besorako mahastira pasatzeko neurrietan, soilik kanpaina batean emanen da laguntza errenta galtzeagatik, eta laguntza eskatzen duen mahastizainak honako hauek frogatu beharko ditu:

-Mahastiaren jabetza eta titulartasuna Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Mahastien Erregistro Ofizialean.

-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Mahastien Erregistro Ofizialean mahastiaren titulartasuna bakarrik frogatzen badu, jabetza izan gabe, aldaketa egiteko eskaera aurkeztu beharko du Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Nekazaritzako Erregistroen Atalean, egin beharreko hobekuntza adieraziz, mahastiaren jabeak baimena emanda.

7. Berrezartze neurrien artean harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, lurra berdintzeko eta untxien kontra babesteko lanen kostuak sartu ahal izateko, aldez aurretik mahastizainak eskatu behar ditu eta baldintza hauek bete:

a) Lurra desinfektatzeko laguntzak ematen ahalko dira, baldin eta mahastiak berriro ezartzen badira 2008ko abuztuaren 1aren ondoren kendu direneko lurzatietan.

b) Harriak kentzeko eta lurra berdintzeko laguntzak emanen dira lan horiek egin egin direla frogatu ondoren. Laguntza emateko ezinbesteko baldintza izanen da lanak hasiko direla jakinaraztea, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Merkatuen Erregulaziorako Atalean.

c) Untxien kontrako babesari laguntza emateko, kalte horren arriskuari buruzko ziurtagiria, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak emana, aurkeztu beharko da.

8. Ebazpen honen II. eranskinean bildutako kostuen %50 da berregituratze eta moldatze plan bakoitzari gehienez emanen zaion laguntza.

Hirugarrena.-Berregituratze eta moldatze planen betebeharrak.

1. Berregituratze eta moldatze plan berriek, laguntzak jaso ahal izateko, taldekakoak izan beharko dute.

2. Planetan, gutxienez, hamar hektarea lur sartuko dira eta bost bazkide mahastizainek hartuko dute parte.

3. Planak ekoizle parte-hartzaileen artean eginen den itun baten barnean burutuko dira. Itun horren arabera planean parte hartzen dutenek ordezkari bat izendatu beharko dute, administrazio publikoarekin izan beharreko harremanez arduratzeko.

4. Berregituratze eta moldatze planek ez dute behin ere handituko haiek ukituriko eremuak ekoizteko duen ahalmena. Horretarako, "Nafarroa" Jatorrizko Deituran sartuko da plana (etekina: 40 hektolitro hektarea bakoitzeko) edo "Errioxa" Jatorrizko Deituran (etekina: 44 hektolitro hektarea bakoitzeko). Beraz, plan batek ezin ditu bi deiturak hartu.

5. Lurzatiaren eremuak, berregituratu ondoren, gutxienez ere 0,5 hektarea hartuko ditu. Dena den, berregituratze eta moldatze plana egin ondoren gelditzen diren lurzatien kopurua hasierako kopuruaren %80 baino txikiagoa baldin bada, muga hori txikiagoa izaten ahalko da.

Horri begira, mahastizain batek lantzen duen mahasti azalera osoa hartuko da lurzatitzat; katastroko finka oso bakar bat izan daiteke, edo katastroko lurzati oso edo puska batzuen multzoa.

Hartzen den neurria barietatearen moldaketa bada (oraingo barietatearen gainetik txertatuz edo zegoena berriro txertatuz) eta ontzi itxurako mahatsondoa besorakoa bihurtzea, halakoetan gutxieneko eremua jatorrizkoa izanen da.

6. Mahastizain bakoitzak gehienez zortzi hektarea lur berregituratzen ahalko du urtean. Inguruabar tekniko edo ekonomikoek eskatzen dutenean, gehieneko muga hori aldatzen ahalko da, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak proposaturik.

7. Planetan ezin izanen dira sartu Mahastien Erregistroa eguneratzean esleitutako landaketa berrien eskubideak edo birlandaketen eskubideak.

8. Planetan sartzen ahalko dira eskualdeko erreserbako nekazari gazteek lortutako landaketa eskubideak.

9. Planean mahastiak landatzeko biltzen diren eskubideek, transferentziaren bidez eskuratuek, gehienez ere planak ukitzen duen azaleraren %20 eginen dute. Ondorio horietarako, nekazari gazteek dakartzaten eskubideak ez dira kontuan hartuko.

10. Landaketa guztietan nahitaezkoa izanen da txertaka ziurtatuak erabiltzea. Erabiltzen diren landaregaien horniketa legez baimendurik eta mahatsondo mintegizainen Erregistro Ofizialean izena emanak dauden mintegizainek egin beharko dute.

11. Area batekoa izanen da berregituratu asmo den lurzatiaren gutxieneko azalera.

12. Mahastiak berrezartzeko esparruak lur goldagarria izan beharko du NPBGISen.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskabideak 2012ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuan zuzenean edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetakoren bat erabiliz, honako web orri honetako zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal den eredua erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3047/Ayuda-a-la-reestructuracion-y-reconversion-del-vinedo documentacion.

2. Eskaerak laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskatzaileek, laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A) Planaren proiektua, eduki honekin:

-Planaren memoria. Egin nahi den planaren laburpena izanen da.

-Eskaturiko planaren laburpen fitxa.

-Banakako fitxa, nekazaritza eta finantza arlokoa. Planean parte hartzen duen ekoizle bakoitzak gauzatuko dituen neurriak jasoko dira hartan: barietatea aldatzekoak, ontzi itxurako mahastitik besatarako mahastira aldatzekoak eta mahastiak berregituratzekoak.

-Planean parte hartzen duen mahastizainen batek nekazaritza eta abeltzaintzarentzako 2012rako ordainketa zuzenak aplikatzeari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuan ezarritako laguntzetarako eskaera bakarra aurkeztu ez badu, bere ustiategiko parte diren nekazaritza lurzati guztien NPBGISeko erreferentzia alfanumerikoen zerrenda erantsi beharko du, baldintzen kontrolen ondorioetarako. Kudeaketako legezko beharkizunak eta nekazaritzako zein ingurumenerako baldintza egokiak bete behar diren aldian, mahastiak berregituratu eta moldatzeko ordainketaren bat jaso izan duen titular baten ustiategiko lurzatietan aldaketarik suertatu bada, horrek bere ustiategiko lurzatien zerrenda apirilaren 30a baino lehen eguneratu beharko du. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.

B) Planean parte hartzen duten mahastizainen artean izenpeturiko akordioa.

C) Planean parte hartzen duten eskatzaileen NANa, IFZ edo IFK eta banku-datuak.

D) Nekazari gaztea izanez gero, plana aurkeztu baino lehen nekazaritzan aritzeagatik langile autonomoen araubide berezian afiliaturik dagoela frogatzen duen agiria. Beren gain hasiz gero, hori frogatzen duten agiriak.

E) Ogibide nagusia nekazaritza duenaren kasuan edo lehentasunezko ustiategi bateko titularra denaren kasuan, bere ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroaz besteko erregistro batean inskribatuta badago, horren ziurtagiria, dagokion Nekazaritza Ustiategien Erregistroak luzatua.

F) Elkarteen kasuan, sozietatearen organo kudeatzaileak luzatutako ziurtagiria, zeinean agertuko baitira haren izenean laguntzak eskatzeko baimenduriko pertsonaren identifikazioa, IFZ eta bazkideen izenen zerrenda.

G) Eskaturiko lurzatien egiaztagiria:

g.1) Lurzatiak eskatzailearenak baldin badira, Landalurreko Ondasunen Katastroko orrialdea aurkeztuko da, gaurkotua, edo bestela, jabetzaren eskritura publikoa. Berriki lurzatien berrantolamendua egin duten udalak izanez gero, berrantolamenduan esleitutako lurren orrialdea aurkeztuko da eta, lurzatiak berrantolatzeko prozesuan lurzatien jabetzan aldaketak izaten badira gero, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuko da, lurzatiaren titularra nor den jakiteko.

g.2) Lurzatiak eskatzailearenak ez badira, haiek erabiltzeko eskubidea modu hauetakoren batean frogatu beharko da:

-Errentamenduko kontratua, plana aurkeztu baino lehenagokoa, eredu ofizialaren arabera betea, Landalurreko Errentamenduen Erregistroan inskribatua. Haren indarraldia hamaika urtekoa izanen da gutxienez, eta erauzteko unean landaketa eskubideen hartzailea nor den jasoko da.

-Lurzatiaren gaineko gozamen eskubidea badela agiriz frogatzea.

-Herrilurrak izanez gero, udalaren ziurtagiria, non esleipen-hartzailea, esleipenaren eguna eta iraupena jasoko baitira.

H) Harriak kentzeko, lurra desinfektatzeko, lurra berdintzeko eta untxien kontra babesteko laguntzak eskatuz gero, eragiketa bakoitzaren aurrekontu zehaztua aurkeztu beharko da planarekin batera.

Untxien kontrako babeserako, nahitaez aurkeztu beharko da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko Departamentuaren ziurtagiria.

J) Planari birlandatze eskubideak ekarriz gero, erauzteko justifikazioa azalduko da, eskubideak norberarenak badira, eta transferentziaren justifikazioaren fotokopia, eskubideak transferentzia bidez eskuratu badira.

K) Berrezartze neurri guztietan, lurzati bakoitzean landatzeko baimenaren (behar bezala betea) eskabidearen fotokopia.

Mahastia mahatsa bildu ondoren kentzeko asmoa badago, erauzketaren deklarazio orriaren fotokopia aurkeztu beharko da (plana aurkezten denerako jada betea egonen da orri hori).

L) Barietatea aldatzeko eta ontzi itxuratik besorako mahastira pasatzeko neurrietan, aldaketa egiteko eskabidea, behar bezala betea.

M) Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden eremuetako lurzatien kasuan, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena.

Seigarrena.-Laguntzetatik baztertuak.

Ez da laguntzarik emanen ekintza hauetarako:

1. Berezko bizitza bukatua duten mahastien berritze normala, hots, lurzati bera mahatsondo barietate berarekin eta landaketa sistema berarekin birlandatzea.

2. Azken hamar urte hauetan mahasti azalera bererako Europar Batasunaren laguntzak, Espainiakoak edo Nafarroakoak hartu dituzten ekintzak.

3. Landaketa berrien kontzesioaren arabera landatu diren mahastien berritzea, kontzesioa ematen denetik hamar urte pasatu arte.

4. Mahastiak landatzeari buruz indarra duen araudiari aurka egiten dioten titularren edo jabeen mahastiak, ustiategiko edozein mahasti azalerari dagokionez.

5. Lurzatiak berrantolatzeko prozesuan dauden eremuetako lurzatietarako eskaerak, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren baimena duten lurzatietarako izan ezik.

6. Kooperatiba gisa eratutako upategi bateko lurzatiei dagozkienak, eskatzailea titularra bada eta kooperatibak adierazten badu erauzketaren kontra dagoela bere beharrengatik.

7. 2008-2009, 2009-2010 edo 2010-2011 kanpainetan, mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatu antolakunde bateratuaren esparruan, ustiategi guztia behin betiko uzteagatik prima jaso duten titularrak.

8. Mahastiekin batera beste labore bat duten esparruetan neurriei dagozkien azalerak.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. 2012-2013ko ekitaldian NBEUFetik Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzitako diru kopuruak, lehenik eta behin, aurreko ekitaldietan aurkeztu eta onetsita dauden berregituratze eta moldatze planetan erabiliko dira, zaharrenetik hasita, eta gero, 2012-2013 kanpainan ebazpen honen arabera aurkeztutako planetan, NBEUFk Nafarroaren esku utzitako aurrekontuaren zenbatekoa agortu arte.

2. Laguntzak ematean lehentasuna izanen dute mahastia uzteko araubidearen aplikaziotik salbuetsita dauden mahasti azalerek, mahastien produkzio ahalmena arautzen duen uztailaren 18ko 1244/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluak aipatzen dituen eremuetan egoteagatik.

3. Eskatzaileen kategoria ordena honi jarraituz emanen dira banakako laguntzak, zein den ere haien taldekako plana:

a) Nekazari gaztea.

b) Ogibide nagusia nekazaritza duena.

c) Lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategiak.

d) Upategi elaboratzaileak.

f) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden bestelako nekazaritza ustiategiak.

g) Gainerako parte-hartzaileak.

3. Orobat, eskatzaile kategoria bakoitzaren barrenean, taldekako plan berrientzat ezartzen den lehentasun ordenari jarraituko zaio, puntuazio honen arabera:

a) 10 puntu, nekazari gazte bakoitzeko, Langile Autonomoen Araubide Orokorrean nekazaritza jarduera dela-eta alta emanda baldin badago.

b) 7 puntu, ogibide nagusia nekazaritza duen nekazari bakoitzeko.

c) 7 puntu, lehentasunezkotzat jotzen den ustiategi bakoitzeko.

d) 5 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatutako upategi elaboratzaile bakoitzeko.

e) 2 puntu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen bestelako nekazaritza ustiategi bakoitzeko.

f) Puntu bat, gainerako parte-hartzaile bakoitzeko.

4. Plan berrietako eskaeretan parte hartzen dutenen artean berdinketa badago, ordena hau hartuko da kontuan lehentasuna emateko:

-Amaierako lurzatien artean hasierako lurzatien indize handiena izatea.

-Lur gutxien berregituratu edo moldatzen duten parte-hartzaileak.

Zortzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaeren ebazpena, planen onespenarekin batera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, Nafarroako Foru Komunitatean NBEUFen laguntzak ordaintzen dituen erakundeko zuzendaria den aldetik, Merkatuen Erregulaziorako Atalak txostena luzatu eta tramitatu ondoren. Erakunde hori izanen da baimenetarako unitatea. Onespenak ez dio etorkizuneko gastu konpromisorik ekarriko administrazioari.

2. Eskaera aurkezten denetik sei hilabeteko epea ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da.

Bederatzigarrena.-Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Neurriak bete direla idatziz jakinaraziko da 2013ko maiatzaren 15a baino lehen, frogagiri hauek aurkeztuz:

a) Eragiketa bakoitzeko faktura bat aurkeztu behar da edo, bestela, fakturan eragiketa bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztu.

b) Laguntza eskatzen duen titularraren izena zehatz azalduko da faktura guztietan, bai eta, eragiketa zein lurzatitan egiten den, haren katastroko erreferentziak ere. Untxien kontrako babesari dagozkion fakturetan ez da beharrezkoa katastroko erreferentzia ematea.

c) Legearen arabera baimenduta eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta dagoen mintegizain batek landareari buruz erregelamenduaren arabera egindako faktura.

2. Emandako laguntzaren ondoriozko eskubide eta betebeharrak subrogatzeko baimena ematen ahalko da, baldintza hauek gertatzen direnean:

a) Ekintza guztiak lurzati berrian egitea.

b) Subrogatu nahi den lurzatiak hasiera batean aintzat hartutakoaren ezaugarri berak edo antzekoak izatea.

3. Mahastizain berri bati subrogazioa baimentzen bazaio, horrek bere gain hartu beharko ditu subrogatutako lurzatietarako laguntza jaso zuen mahastizainak hartutako konpromisoak.

4. Titularraren, lurzatiaren edo laguntza eskaerako lurzatien ezaugarriren baten aldaketaren bat izaten bada, aldaketa egin aurretik interesdunak eskaera aurkeztu beharko du idatziz 2013ko martxoaren 15a baino lehen, eta Merkatuen Erregulaziorako Atalaren baimena jaso.

Hamargarrena.-Laguntzak ordaintzea.

1. Lurzatietan neurriak guztiz hartu direla eta onetsitako planei lotzen zaizkiela frogatutakoan ordainduko dira laguntzak. 2012-2013ko kanpainarako, 2013ko maiatzaren 20a baino lehen frogatu beharko da neurriak hartu direla.

2. Mahastizainak laguntzeko eskatu zuen azaleraren %80an gutxienez ez badu gauzatu berregituraketa eta/edo moldaketa, ez du laguntzarako eskubiderik izanen. Era berean, egin ez diren ekintzengatik ez da ordainduko. Mahastizainak laguntzaren xedeko ekintzak gauzatzen ez baditu, arau-hauste arintzat joko da Mahatsondoei eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen 38.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta aipatu legearen 42.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

Hamaikagarrena.-Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Planetan sartzen diren azalerek gutxienez ere hamar urtez landaturik egon beharko dute, neurria hartu eta hurrengo kanpainatik hasita.

2. Berregituratu eta moldatzeko planetan sarturiko azalerak transmitituak izan badira, eskuratzailea aurreko paragrafoan aipatutako betebeharrari lotuta geldituko da, onuradunarentzat ezarritako baldintza berberetan, betiere onuradunak azalera horrek laguntzak jasoak zituela informatu badio.

3. Gutxieneko hamar urteko epean, laguntzen onuradunak planetan sarturiko eremuak landatuta eduki beharra betetzen ez badu, eman zaion laguntza itzuli beharko du, ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespeneko gorabeherengatik izan ezik.

Lurzatian nekazaritzako azpiegituretarako jarduerak egin behar izateagatik edo interes orokorreko herri lanen exekuzio batengatik laguntza hauek jaso dituen onuradunak ezin badio eutsi hartutako konpromisoari, laguntza kudeatzen duen organoak behar duen informazioa eskatuko dio prozesuaren ardura duen erakundeari, eta, informazio horren arabera ezintasun hori ondorioztatzen bada, onuraduna salbuetsia egonen da eta konpromisoa bukatutzat joko da, jasotako laguntza itzultzea exijitu gabe.

Salbuespena tramitatzeko, onuradunak, erauzketa egiterakoan, organo kudeatzaileari eskatu beharko dio hartutako konpromisotik salbuesteko, justifikatzen duten zioak adierazita.

4. Egiaztatzen bada onuradunak, mahastia berregituratu eta moldatzeagatik laguntza jaso eta hurrengo hiru urteetan, ez dituela errespetatu bere ustiaketan kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak, Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan aipatuak, eta ez-betetzea onuradunari egotz dakiokeen egite edo ez-egitearen ondorioz gertatu bada, laguntzaren zenbatekoa murriztu edo ezeztatuko da, hein batean edo osorik, bete ez denaren larritasuna, norainokoa, iraunkortasuna eta errepikapena kontuan hartuta, eta kasua bada, onuradunak laguntza itzuliko du, aipatutako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Aipatu erregelamenduaren bidez ezarri ziren nekazaritzako politika bateratuaren esparruan nekazariei ematen zaizkien zuzeneko laguntzen araubideei aplika dakizkiekeen xedapen orokorrak eta nekazarientzako laguntzen araubide zehatz batzuk, eta horren bidez zenbait erregelamendu aldatu ziren.

Hamabigarrena.-Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Mahastia berregituratu eta moldatzearen kostuak

-Barietatea moldatzea:

Txertoa: 0,60 euro bakoitzeko.

Kostu finkoa: 1.202 euro/ha.

-Mahastia berrezartzea:

Erauztea: 421 euro/ha.

Landatzea:

  • Lurzorua prestatzea: 962 euro/ha.
  • Landarea: 2,07 euro bakoitzeko.
  • Beste kostu batzuk: 240 euro/ha.
  • Lantzearen kostua (2 urte): 1.052 euro/ha.
  • Besora jartzea: 3.500 euro/ha.
  • Harriak kentzea: 391 euro/ha.
  • Desinfekzioa: 2.104 euro/ha.
  • Lurra berdintzea: 601 euro/ha.
  • Untxien kontrako babesa: 1.202.

-Ontzi gisako mahastia besora jartzea:

Ontzitik besorako mahastira pasatzea (besora jartzekoa barne): 3.649 euro/ha.

Iragarkiaren kodea: F1205851