80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

549/2012 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2012. urtean diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, arantza bifidoa duten erientzat osasuna sustatzeko programak egin ditzaten.

Nafarroako 2012. urteko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak kreditu-lerro bat ezarrita du diru-laguntzak emateko arantza bifidoa duten pertsonen osasuna sustatzeko jarduerak garatzen dituzten elkarteei.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dago ezarria. Arau horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratu ahal izateko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2012. urtean, arantza bifidoa duten erientzat osasuna sustatzeko programak egiteko diru-laguntzen deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarriei jarraikiz.

2. Horretarako, 30.500 euroko gastua baimentzea, guztira. Diru-kopuru hori Nafarroako 2012. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen "Arantza bifidoa duten erien elkarteentzako laguntzak" izeneko 51110 511003 4819 313904 kontu-sailean aurreikusita dagoen zuzkidurari dagokio.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Iruñean, 2012ko martxoaren 27an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Cristina Ibarrola Guillén.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak erabiliko dira eri horien gaitasunak kontserbatu eta handitzeko antolatzen diren jardueren gastuak osorik edo partez estaltzeko, eguneroko eginkizunetan ahalik eta independenteenak izan daitezen. Hona hemen baldintzak:

-Jarduerak 2012. urtean egin beharko dira.

-Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean bizi eta arantza bifidoa diagnostikatua duten pertsonentzat edo horien familientzat izanen dira.

2. Onuradunak.

Ebazpen honetan ezartzen diren diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte arantza bifidoa duten pertsonei edo haien familiei sostengua emateko jarduerak antolatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteek, legez eraturik daudenek.

3. Eskaerak aurkeztea.

3.1. Aurkezteko epea eta lekua:

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik 15 egun naturalera bukatuko.

Diru-laguntza eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Amaia kalea, 2 A).

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izanen dira (horien zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ageri da, martxoaren 18koan) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinen bidez, barnean dela Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

-Eskabide-orri ofiziala.

-Egin nahi diren jarduerak azaltzeko memoria.

-Horien kostuaren gutxi gorabeherako aurrekontua.

-Diru-laguntza eskatzen duenaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria (eskabide-orri ofizialean ageri da), salbu eta elkarteak, lehendik, ordezkari beraren bidez beste diru-laguntzaren bat eskatu baldin badio Osasun Departamentuari. Horrelakoetan, erreferentziazko espedientea adierazi beharko du.

-Elkarteak langile kontrataturik baldin badu, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eguneraturik dauzkala frogatzen duena.

-Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekiko betebeharrak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, edo datu-baseak kontsultatzeko baimena, informazio hori zuzenean jasotzeko. Aitorpen hori errazte aldera, eskabide-orri ofizialari baimena emateko eredua erantsi zaio.

-Erantzukizuneko aitorpena, elkarteko lehendakariak egina, elkartea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez daudela dioena. Debeku-egoera horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

Osasun Departamentuari diru-laguntza lehendabizikoz eskatzen dioten elkarteak:

-Eskatzailea inskribaturik dagoeneko Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroaren identifikazioa, bidezkoa bada.

-Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

-Estatutuak.

Dokumentazio hori aurkeztua duten elkarteen kasuan, estatutuak aldatu badira eta aldaketa hori erregistroari jakinarazi ez bazaio oraindik, aldaketa horiek aurkeztu beharko ditu.

Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Ematea.

4.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez emanen ditu diru-laguntzak, ebaluazio batzorde batek proposaturik. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Osasun Jardueren Ikuskapenerako eta Aseguramendurako Ataleko burua.

-Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko kide bat, hango zuzendariak hautatua.

4.2. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta bakoitzaren zenbatekoak proposatuko ditu, irizpide hauen arabera:

-Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, prestaketaren diseinua eta xehetasunak, eta jarduera nola egokitzen den deialdiaren helburuetara.

-Jarduerak nolako eragina izanen duen erien eta haien familiakoen bizi-kalitatea hobetzeko.

-Aurkezten den aurrekontua, eragimen eta eraginkortasun maila. Proiektu bakoitzean aurreikusitako kostu ekonomikoak ebaluatuko dira. Aurreikusitako gastuak, merkatuko prezioekin alderatuta, goitituak daudela edo deialdi honen esparrukoak ez diren jarduerak dituztela ikusiz gero, berriz eginen da proiektuaren balorazio ekonomikoa. Arau orokor gisa, ezarririk egonez gero, Foru Komunitateko Administrazioan tratamendu beretarako indarra duten tarifetatik gorako kostuak ez dira finantzatuko.

-Programa aurrera eramateko entitatearen egokitasun maila. Dauden baliabideen optimizazioa, entitatearen inplikazioa eta boluntariorik ote dagoen baloratuko dira.

Diru-laguntza zehazteko, aurrekontuetan dagoen dirua ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean hainbanatuko da, aurkezten duten programan lortzen duten balorazioaren arabera.

5. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako aurreikusitako gehieneko gastua 30.500,00 eurokoa da. Diru-kopuru hori 2012. urteko gastuen aurrekontuko "Arantza bifidoa duten erien elkarteentzako laguntzak" izeneko 51110 511003 4819 313904 kontu-sailean aurreikusitako zuzkidurari dagokio.

6. Onuradunen betebeharrak.

-Jarduerak 2012. urtean egin beharko dira.

-Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean modu egonkorrean bizi eta arantza bifidoa diagnostikatua duten pertsonentzat edo horien familientzat izanen dira.

-Tratamendua egokia dela dioen gomendio medikua beharko da.

-Finantzatu beharreko gastua lortutako diru-laguntza baino handiagoa baldin bada, lehentasuna emanen zaio eriari arreta emateari, familiar zaintzaileari ematen zaionaren aurretik, eta behar izanez gero, afekzioaren maila hartuko da kontuan.

-Jarduerak behar bezala kualifikatutako profesionalek eginen dituzte, eta baimendutako lokaletan, behar izanez gero.

-Onuradunek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote beste erakunde batzuek helburu bererako emandako laguntza edo diru-laguntza guztiak. Alabaina, proiektu edo programa bererako erakunde desberdinek emandako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

-Entitate onuradunak behartuak daude emandako diru-laguntzak direla-eta egiten diren programetan arantza bifidoa duten eriek edo haien familiakoek parte har dezaten onartzera, deialdiko oinarrizko baldintzak betetzen badituzte, entitate onuradunekoak izan ala ez.

-Entitate onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 8. artikuluan adierazitako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

7. Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketak dirua aurreratuz edo gastuak justifikatu ondoren egiten ahalko dira.

7.1. Ordainketa aurreratua:

Entitate onuradunak uste badu jarduera egiteko beharrezkoa dela diru-zenbatekoa aurretik ordaintzea, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts horiek behar dituela egiaztatu beharko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarri bezala.

Horrelako kasuetan, lehenengo ordainketa diru-laguntza esleitzean ordainduko da (onartutako zenbatekoaren %50), eta gainerakoa, hiru hilean behin dirua aurreratuz ordainduko da, bakoitzean diru-laguntzaren %25 ordainduz, aurreko ordainketa justifikatu eta gero.

Aurrerakinen ordainketa onartutako obligazioei aurre egiteko aurreikusitako funts likidoen egoeraren mende egonen da. Hortaz, aurrerakinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

7.2. Gastuak justifikatu ondoko ordainketa.

Gainerako kasuetan, diru guztia batera ordaintzen ahalko da, edo hiru hilean behin, entitate onuradunak hala eskatuz gero, aurreko epean egindako jarduera eta gastuak justifikatu ondoren.

8. Justifikazioa.

Justifikazio ekonomikoa egiteko, jatorrizko fakturak, legeak ezarri bezala beteak, aurkeztu beharko dira Osasun Departamentuaren erregistroan. Diru-laguntzaren bidez programarekin zuzeneko lotura duten jarduera gastuak finantzatuko dira. Material suntsigarria erosteko gastuak, mantentze-lanetakoak eta langileria arlokoak finantzatzen ahalko dira, elkartearen edo entitatearen programa egiteko ezinbestekoak direnak, egindako gastuaren %20 gehienez, betiere horrek diru-laguntzaren %20 baino gehiago hartzen ez badu.

Azken ordainketaren justifikazioarekin batera, egindako programaren memoria tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko da. Bertan, guztirako kostuak eta kostu partzialak adieraziko dira, eta bestelako diru-laguntza edo sarrerak programa honetan nola aplikatu diren berariaz azalduko da. Orobat, ebaluazio xehakatua aurkeztuko da, parte hartu duten profesionalek egina, eta elkartearen txosten bat, erabiltzaileen gogobetetze-mailari buruzkoa. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2013ko urriaren 9a izanen da.

Aurretik aurkeztu ez bada, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da, jatorrizko agirien edo kopia konpultsatuen bidez:

-Onuradun bakoitzaren txosten medikoa, batetik, diagnostikoa, eta bestetik, egindako tratamendua egokia dela adierazten duena.

-Diruz lagundutako jarduerak egiteko behar diren langile espezializatuen kualifikazio profesionala egiaztatzen duen titulua.

-Diruz lagundutako jarduerez baliatzen diren erien erroldatze-agiriak.

-Elkarteko lehendakariaren erantzukizuneko aitorpena, non adieraziko baita erien arretak lehentasuna hartu duela familiar zaintzaileen aurretik, eta, behar izanez gero, tratamenduak eskaintzeko orduan, kontuan hartu dela eritasunaren afektazio maila.

9. Azpikontratazioa.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea hitzartzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Onuradunak gehienez ere diruz laguntzen den jardueraren zenbatekoaren %75 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.

10. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunak, jasotzen dituen bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkio Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituen entitateak zilegi izanen du diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

11. Laguntza itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako zergatikoak gertatzen badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesa eskatzea, diru-laguntza ordaindu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazia.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

12. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Ematen den diru-laguntza jasotzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen da.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13. Datu pertsonalen babesa.

Diru-laguntza hauek banatzeko elkarteek aurkezten dituzten datuak eta jadanik Administrazioaren esku daudenak diru-laguntzaren espedientea tramitatzeko baizik ez dira erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz.

14. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Oinarri arautzaileen aurka bidezko diren errekurtso administratiboak.

Oinarri arautzaile hauen eta horiek garatzeko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1205269