80. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

121/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, adineko pertsonak jantokietara joateko diru-laguntzen 2012ko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Foru dekretu horren II. eranskinean ("Bermatu gabeko prestazioak"), adinekoei laguntzeko prestazioen artean, jantokietarako diru-laguntza aurreikusten da. Prestazio horren xedea da adinekoei diru-laguntzak ematea jantokietan menu orekatua izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da adineko pertsonei jantokietara joateko erraztasunak ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatzeko. Foru lege horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du diru-laguntzak emateko. Araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Kontuan harturik Gobernuak 2012ko martxoaren 7an hartutako Erabakia, non baimena ematen baitzaio Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuari 2012an adineko pertsonak jantokietara joatea errazteko diru-laguntzak banatzeko, banakako ebaluazioko araubidearen bitartez.

Abuztuaren 24ko 137/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten tekniko eta juridikoek aditzera eman dute deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Adineko pertsonak 2012. urtean jantokietara joateko erraztasunak emateko diru-laguntzen deialdia onestea, baita hura zuzenduko duten oinarriak ere, foru agindu honi eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. 36.000 euroko gastua baimentzea, 2012ko gastuen aurrekontuko "Jantokietarako diru-laguntza" izeneko 920005 91810 4809 231B02 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Kontu-hartzailetza zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 2an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria. Elena Torres Miranda.

I. ERANSKINA

Adineko pertsonak jantokietara joateko diru-laguntzen 2011ko deialdia arautzen duten oinarriak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da adinekoei diru-laguntzak ematea, janari zerbitzua ematen duten Nafarroako Mendekotasun Agentziaren entitate laguntzaileek kudeatzen dituzten jantokietara joan ahal izan daitezen.

2. Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Laguntza hauek kudeatzeko, lankidetza hitzarmenak eginen dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren eta jantoki zerbitzuetako entitate titularren artean; horiek entitate laguntzaile gisa arituko dira.

Lankidetza hitzarmen horietan ezarriko dira bi aldeak lotetsiko dituzten baldintzak eta betebeharrak, eta horiek aurrera eramanen dira indarrean dauden aldian aurrekontuetan horretarako dirurik eta baliabide materialik badago.

3. Pertsona onuradunak eta baldintzak.

Deialdi honetan araututako laguntzen onuradunak izanen dira Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren II. eranskineko A-14. atalean ("Jantokietarako diru-laguntza") zehaztutako pertsonak:

Adineko pertsonak eta haien ezkontideak edo izatezko bikoteko kideak, eta adinekoari parekatutako pertsonak.

Hona hemen laguntza hauek jasotzeko betebeharrak:

-Nafarroako Foru Komunitatean benetan eta jarraian bizi dela frogatzea.

-Erretiroko edo baliaezintasuneko pentsiodunak izatea, eta 60 urte beteak edukitzea.

-Alarguntasuneko pentsiodunak izatea, eta 55 urte beteak edukitzea.

-Autonomoak izatea jantokian beren kasa moldatzeko.

-Establezimenduetako elkarbizitzan gorabeherak sor ditzakeen portaera arazo larririk ez izatea.

Salbuespen gisa, adierazitako betebeharrak betetzen ez dituzten eskatzaileei ere ematen ahalko zaie laguntza, gizarte arloko txosten baten bidez egiaztatzen bada laguntza jasotzeko beharra dutela.

4. Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko dokumentazioa.

4.1. Eskaeren aurkezpena.

4.1.1. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan aurkeztu behar dira, zuzenean (González Tablas kalea, 7, Iruña) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4.1.2. Eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulegoetan banatuko diren eskabide orrien bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren web orrian ere eskura daitezke.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

-2012. urtean, deialdia argitaratu aitzin, jantokia erabiltzen duten pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

-Zerbitzua deialdia argitaratu ondoan erabiltzen hasten diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, jantokira joaten hasten diren egunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasi zen egunetik sorraraziko da, jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta. Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 30ean bukatuko da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

-Aurtengo erretiro-sariaren eta beste diru-sarrera batzuen egiaztagiriak.

-Entitate laguntzailearen ziurtagiria, honako hau azalduko duena:

  • Jantokira joateko baimena duela.
  • Asteko zein egunetan eskainiko den jantoki zerbitzua.
  • Jantokira joaten hasi den eguna.

-Gizarte zerbitzuen txostena, deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskaera berezietarako.

Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.

5. Prozeduraren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolamendua eta instrukzioa Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari dagozkio.

5.2. Diru-laguntzen gaineko ebazpena ematea Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

5.3. Ebazpenak diru-laguntzaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da.

6. Laguntzak.

6.1. Diru-laguntzaren modalitatea.

Deialdiaren 3. oinarriko baldintzak betetzen dituzten pertsonek banakako laguntzak jasotzen ahalko dituzte modalitate hauetako batean:

-Diru-laguntza orokorra: 1,00 euro otorduko.

-Diru-laguntza berezia: 3,00 euro otorduko.

Laguntza hauen xedea da lanegunetan entitate laguntzailearen lokaletan hartutako otordu nagusia. Salbuespen gisa, laguntzaren xedea izaten ahalko da asteburu eta jaiegunetan egindako zerbitzua.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskaerek deialdiaren 3. oinarriko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondotik, balorazio ekonomikoa eginen da. Horretarako, baremo ekonomiko hauek hartuko dira kontuan:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

DIRU-LAGUNTZA

0 eurotik 7.000 eurora

3,00 euro/eguna

7.000 eurotik 9.800,00 eurora

1,00 euro/eguna

9.800,01 eurotik gora

0,00 euro/eguna

Urteko diru-sarrerak ezartzeko, aintzat hartuko dira 2012. urteko pentsio eguneratuak eta pertsona fisikoen errentaren azken aitorpena.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratu eta eskatzaileari dagokion laguntza mota zehaztutakoan, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularraren entitate laguntzaileak ziurtatua) 2012ko abenduaren 31ra arte emanen da laguntza.

Bai jantokiaren titularra den entitateak bai onuradunak edo haren ahaideek, jantoki zerbitzua behin-behinekoz edo behin betiko uztera behartzen duen edozein gorabehera jakinarazi beharko diote Nafarroako Mendekotasun Agentziari.

7. Laguntzen bateragarritasuna bestelako prestazioekin.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak beste administrazio publiko batzuek edo bestelako erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, ematen den zenbatekoak behin ere ezin izanen du diru-laguntzaren xede den jardueraren kostua gainditu, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin baturik ere.

8. Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Justifikazioa.

Entitate laguntzaileak, Nafarroako Mendekotasun Agentziak ezarritako epean, deialdiaren xedeko pertsona onuradunek jasotako bazkarien kopurua frogatzen duen agiria aurkeztuko du.

Pertsona onuradunek entitate laguntzaileak jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokaletatik kanpo hartutako bazkariak ez dira justifikatuko.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

-Zein modalitatetako laguntza eman zaion.

-Zerbitzua zenbat aldiz jaso duen.

Entitate laguntzaileari dagokio datu horiek frogatzea, Nafarroako Mendekotasun Agentziak hala eskatzen badio.

Onuradun bakoitzari dagokion diru-kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, aipatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan.

Entitate laguntzaileari dagokio onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasuan kasuko diru-laguntza ordaintzea.

Ordainketak aldi hauetan eginen dira:

Lehen ordainketa, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

Bigarren ordainketa, uztailaren 1etik azaroaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

Hirugarren ordainketa, abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9. Entitate laguntzaileen eginbeharrak eta ez-betetzeak.

Entitate laguntzaileak behartuak daude diru-laguntzak ezarritako helburua bete dadin erabiltzera, Nafarroako Mendekotasun Agentziak egiten ahal dituen egiaztatzeko jarduketak onartzera eta, hori dela eta, eskatzen ahal zaizkien dokumentazioa eta egiaztagiriak aurkeztera.

Betebehar horiek bete ezean edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aipatutako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazitako berandutza interesak eskatzea.

10. Aurrekontuko dirua.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan horretarako dirua dagoen heinean.

11. Deialdiaren kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

12. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, aplikatzekoak dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan ezarritako xedapenak.

Iruñean, 2012ko apirilaren 2an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1205503