70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAINGO, BERRIOBEITIKO, BERRIOZARKO, ITZAKO ETA TXULAPAINGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Diru-laguntza zuzenak larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei banakako ebaluazio araubidean emateko 2012ko oinarriak

Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2012ko martxoaren 13an egin osoko bilkura arruntean, ondoko oinarri hauek onetsi zituen:

DIRU-LAGUNTZA ZUZENAK LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI BANAKAKO EBALUAZIO ARAUBIDEAN EMATEKO 2012KO OINARRIAK

1.-Xedea eta helburua

Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean

Zuzeneko diru saritzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen direnak.

Zuzeneko diru sariak puntualak eta subsidiarioak dira, eta ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak; bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bertzelako diru sariek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.

Bizikidetasun unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, baita haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.

Ekonomiaren aldetik eta/edo gizarte eta osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea da oinarri hauen xedea, betiere Mankomunitate hau osatzen duten herrietako edozeinetan bizi badira. Horretarako, diru sarien bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek ematen dituen programen jardun profesionalekin. Horren bidez, krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen. Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak bertze sari batzuen aldera.

Laguntza horien xedea da:

-Udalaren ardura baita gizartearen aldera, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemiko nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabil dadin.

-Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

-Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

2.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia

Interesdunek eskabide sinatua aurkeztuko dute Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean, betiere Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuari jarraikiz.

Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta, aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, 2012. urte osoa iraunen du.

Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu. Eskabideekin batera 4. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean konpon dezan. Adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; hori baino lehen, ebazpen bat emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 71. artikuluan adierazi moduan.

Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

Laguntza jasotzeko kasua hartzen duen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalak Mankomunitateko Burutzari igorriko dizkio bai eskabidea, bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, baita laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea entitateren batekin zorretan balego, entitate horren izenean eginen den ordainketa helbideratua aurkeztuko da espedientearekin batera.

3.-Betebeharrak

Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun unitateek eskatzen ahalko dute saria:

1.-Mankomunitate hau osatzen duten udalerrietan bizilaguna izatea eta haietako batean erroldatuta egotea urtebeteko antzinatasunez bederen.

2.-Mankomunitate honen oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izatea eta esku-hartze sozialeko prozesuren batean sartua egotea.

3.-Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko propio eta gizartearen edo familiaren laguntzarik.

4.-Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea. Halakoak badira, Administrazioaren bertze esparruetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak.

5.-Ezinbertzean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

-Banantzeak eta familiako etxea utzi behar izateak.

-Saria eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

-Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, eritasunak, aparteko egoerek sortutako zor frogatuak.

6.-Mankomunitate hau osatzen duten udalerri guztiekin eta Mankomunitatearekin berarekin eginbehar guztien ordainketa eguneratua izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bertzelakoak. Bertzenaz, eskatuko zaio ordaintzeko konpromisoa har dezala.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Ez da beharrezkoa izanen Mankomunitatearen esku dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitatearen profesionalak txosten baloratua eman ondoan, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu eta Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatua izatearena.

4.-Aurkeztu beharreko agiriak

Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) NANa / pasaportea edo lan baimena / eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.

c) Eskatu aurreko 6 hilabetean bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria. Etxeko langile izanez gero, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da jasotako diru-sarreren inguruan.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten bertze agiri interesgarri batzuk.

Eskatzen diren dokumentuak Mankomunitateak jada baditu, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla bortz urte baino gehiago iragan behar.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Mankomunitateak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahalko dio hura aurkezteko edo, bertzenaz, agiriak aipatzen dituen betekizunak bertze bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere onetsi edo ukatzeko proposamena egin baino lehen. (Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).

Mankomunitatea osatzen duten udalek ofizioz egiaztatuko dute eskatzaileak bertan erroldaturik daudela. Orobat, egiaztatuko dira familia unitateko kide bakoitzaren izenean Udal Katastroan agertzen diren ondasunak, eta zerga arloko betebeharrak eguneratuta daudela.

5.-Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Eskatzailearen mantenuarekin, alojamenduarekin eta ohiko etxebizitzari eustearekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.

5.1. Mantenua

Diru saria familia unitateko kideak egunero zuzen elikatzeko beharra estaltzeko.

Kontzeptu horrengatik gehienez ematen den diru saria ondoko koadroan ezartzen da, gehienez ere bi hilabetez:

BIZIKIDETASUN UNITATEA

EURO HILEAN

Lagun bat

180 euro

Bi lagun

225 euro

Hiru lagun

265 euro

Lau lagun edo gehiago

300 euro

5.2. Ostatua

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak (betiere Nafarroako Gobernuari ezin bazaio eskatu Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarririk indarra duten irizpideen arabera edo dagoeneko eskatu badira):

Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada.

Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, hasierako ordainketa berezia dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik gehienez 400 euro emanen dira urtean, eta partekatutako etxebizitzan gela ordaintzeko kasurako, aldiz, 250 euro urtean gehienez.

5.3. Eskatzailearen ohiko etxebizitza mantentzea

Diru saria ondoko zor motak ordaintzeko:

-Edozein hornidura (argia, gasa, ura), zerbitzua eteteko abisua dakarrenean eta puntuala denean.

-Altak energia edo ur horniduren kontratuetan, sustapen publikoko etxebizitza berrietan edo ezaugarri berdintsukoetan.

Telefonia gastuak berariaz uzten dira kanpoan.

Kontzeptu hauengatik diru-laguntzak jaso ahal izanen dira, betiere posible ez bada Gizarte Gaietako Departamentuari eskatzea, honek bere laguntzetarako gaur egun ezarriak dituen irizpideekin. Gizarte Gaietako Departamentuari ere eskatzea kontuan hartzen bada, batera eginen da, kontura itzultzeko eskatuz.

Kontzeptu honengatik gehienez 225 euro emanen dira urtean energia horniduraren zorretarako (argia eta gasa), eta 160 euro urtean ur horniduraren zorretarako.

Hornidura-kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas eta/edo ur kontratuetan alta emateko adina emanen da, betiere oinarri hauetan ezartzen diren gehieneko mugak kontuan hartuta.

Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2012an 1.000 euro artekoak izan daitezke gehienez.

Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitateko profesionalak txostenean arrazoituta, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko da gehieneko zenbatekoa handitzea, betiere aurrekontuan horretarako dirurik badago.

5.4. Larritasun latzeko egoerak, definitzen zailak

Atal honetan aurreikusten zailak diren egoerak jasotzen dira, haurrak babestearekin, biziraute gorabeherekin eta abarrekin ikusteko dutenak, betiere lana eta familia bateragarri egitearen aldeko irizpideak kontuan hartuta.

Horrelakoetan, nahitaezkoa izanen da berariaz baloratzea, Mankomunitatean kasua hartu duen profesionalaren gizarte txostenean, egoera ezohikoa eta benetan larria den. Horrek ekar lezakeen kontzesio proposamena baldintzatua egonen da, betiere, aurrekontuan horretarako dirurik ote den.

5.5. Urteko zenbatekoa eskaera bakoitzeko, gehienez

Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

-Bizikidetasun unitatearen baliabide ekonomikoak eta baliabide horien egonkortasuna.

-Kontzeptu bakoitzeko 5. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbatekoa.

-Eskatutako zenbatekoa.

Hilabeteko errendimendu garbia lortuko da bizikidetasun unitatearen diru-sarrerei etxebizitza, alokairu edo hipotekaren gastuak kenduta (hilabetean 450,00 euroko muga edukita).

3.3 oinarrian aurreikusiari dagokionez, uste da behar adinako baliabide ekonomikorik ez dagoela hilabeteko etekin garbiek, bizikidetasun unitateko kideen arabera, taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez dituztenean:

KIDE KOPURUA

HILABETEKO ETEKIN GARBIAK

Kide bat

510,00 euro

Bi kide

630,00 euro

Hiru kide

690,00 euro

Lau kide

750,00 euro

Bortz kide

810,00 euro

Sei kide edo gehiago

870,00 euro

Goiko taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen badira, diru-laguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako.

6.-Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Oinarri hauetako diru-laguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1.-Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea (5. oinarriko taularen arabera) eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbertzean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko (3. oinarrian aurreikusi bezala).

2.-Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztea.

3.-Seme-alabak eskolatuak daudenean, jantokiko laguntza jasotzen badute, oinarrietan elikaduraren kontzeptuagatik ezartzen den zenbateko osoa ez da jasoko.

4.-Laguntza emateak behin-behinekoz arinduko du ezbeharra. Handik gutxira (bi hilabete), bertze erantzun egonkorrago bat emanen da, epe luzera begira.

5.-Salbuetsita daude eritasunen ondorioz sortutako ezbeharrak eta zehazten zailak diren bertzelako egoerak.

Honako hau lehenetsiko da:

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuak eskatu dituztenak, esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean badaude.

b) Bakarrik bizi diren pertsonekin familia kargak dituztenak, haien adina edozein izanda ere.

c) 35 urtetik goitikoak, adin horretatik beheitikoen aldean.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalak uste duenean oinarri hauetan zehazturiko baldintzak betetzen ez direla, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez denean, ez da diru saririk emanen.

7.-Onuradunen eginbeharrak

a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

b) Mankomunitatearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

-Justifikatzeko beharra ez betetzea.

-Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

-Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

-Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo probestu direla.

e) Mankomunitateak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

8.-Arau-hausteak eta zehapenak

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra erranez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzean.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Bortz urte arteko epe batean laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bortz urteko epean gehienez.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

9.-Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak

Kasua hartzen duen Mankomunitatearen profesionala izanen da diru-laguntzen prozedura instruitzeko organo eskuduna. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek.

Ebazpen proposamena Mankomunitateko burutzari igorriko zaio, hura baita ebazteko organo eskuduna.

Diru saria onesteko edo ukatzeko ebazpena Mankomunitateko burutzak eman behar du.

10.-Ebazteko eta jakinarazteko epea

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 15 egun baliodunekoa izanen da. Ebazpena hasiko da eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan sartzen denetik aurrera.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

11.-Ordainketa eta justifikazioa

Kontu-hartzailetzaren ikus-onespenarekin eta kasua hartzen duen profesionalaren proposamenarekin bat, gehienez 5 egun balioduneko epean ordainduko da diru saria, laguntza hauek azkar ematekoak baitira. Epea hasiko da laguntza emateko ebazpena onesten denean.

Oinarri hauetan zehazten diren egoerak aldi berean gertatzeagatik ematen direnean diru sariak, egiaztapen teknikoa bertze justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori eginen da eskatutako dokumentazioa aurkeztuz, eskaera jaso duen Mankomunitatearen profesional bakoitzak kontrastatua eta baloratua. Horrekin batera aurkeztuko dira egoera hura frogatzen duen gizarte txostena eta kontzesioaren aurretik egoera hari dagokion eskaera, diru-laguntza jaso duen onuradunaren egoera egiaztatzen duena.

Hala ere, diru sariak emanen dira baldin eta Mankomunitatearen aurrekontuan -alegia, indarra duen horretan- krediturik eskura badago.

12.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, eta ordezko eran, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.

13.-Errekurtsoen araubidea

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran.

1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bertzenaz, argitara eman eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Berriozarren, 2012ko martxoaren 9an.-Mankomunitateko burua, Koldo Pla Larramendi.

Iragarkiaren kodea: L1204439