68. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Udal ordenantza, Garajean sartzeko, aparkaleku esklusiborako, ibilgailua gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanetarako eremu publikoa erreserbatzeko tasak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2011ko azaroaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Garajean sartzeko, aparkaleku esklusiborako, ibilgailua gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanetarako eremu publikoa erreserbatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza. 2011ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Itzan, 2012ko otsailaren 2an.-Alkate udalburua, José Antonio Vázquez Rodríguez.

ORDENANTZA FISKALA, GARAJEAN SARTZEKO, APARKALEKU ESKLUSIBORAKO, IBILGAILUA GELDITZEKO ETA EDOZEIN MOTATAKO SALGAIEN ZAMALANETARAKO EREMU PUBLIKOA ERRESERBATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da eremu publikoa erreserbatzea aparkaleku esklusiborako edo garajean sartzeko, ibilgailuak gelditzeko, eta edozein motatako salgaien zamalanetarako. Izen ematea borondatezkoa da.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sorraraziko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Aprobetxamenduaren kontzesioa urte naturala hasi eta gero egiten bada, egun hartako seihileko osoaren tasa ordaindu beharko da.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta Ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

Ordenantza honetan jasorik, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamendu bereziei zein erabilera pribatiboei dagozkien tasak horien gaineko udal erabakiek gobernatuko dituzte.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5.1. artikulua. Espazioa erreserbatzen denean, karrikan erreserbaturiko eremuaren luzera hartuko da oinarritzat (betiere biribilduz goiko 50 cm-ko muga-tartera). Etxebizitzetako oinezkoen sarbideari dagokion aparkatzeko erreserba egin beharko da, gutxienez, atearen zabaleraren adinakoa, eta gehienez ere oinezkoendako sarbidearen ezker-eskuineko muturretatik 0,5 metro haratago; eta garajera sartzekoa erabilitako pasabidearen zabalera bera izanen da (betiere biribilduz goiko 50 cm-ko muga-tartera).

Bi kontzesio horien arteko tartea 3 metrotik beheitikoa bada, oinezkoen sarbidearen kontzesioa horixe finkatu beharko du.

5.2. artikulua. Pasabidearen edo eremu erreserbako kontzesioduna izanen da bakarra pasabidean bertan bere ibilgailua edo berak baimendutakoa gelditu edo aparkatzen ahal duena, hori guztia ordenantzaren arabera zilegi bada.

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza fiskal honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Lizentziak emateko onesten den arauan xedatutakoak arautuko du lizentzietarako baimena.

8. artikulua. Ibilgailuen pasabidea espaloietan barna erraztu ahal izateko lanak egin behar direnean eta zoladura edo zintarria nola edo hala mugitu, pasabidea egiteko behar den lizentzia eskatu beharko da aldi berean eta "Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzea eta eremu publikoan zorua edo espaloiak kentzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean" ezarri prezio publikoak eta fidantzak ordaindu.

Etxebizitzetako edo lurpeko garajeen kasuan, administrazio kontzesioak eta planeamenduan garajeetako aurreikusitako lurzatiak direnean, ez da beharrezkoa izanen fidantzarik zintarriak birjartzeko, kasu hauetan zintarriak apaldua egon behar du eraikuntza zutik dagoen bitartean.

Garajeetarako pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko pasabide horrek baimena izan beharko du eta tasak ordaindu eta gordailua egin beharko dira.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Gordailua berreskuratu ahal izateko, behar diren zerbitzu teknikoen txostena beharko da, segurtasun eta trafiko arauak eta lizentzia hartzeko baldintzak zorrotz bete eta zoladura behar bezala moldatu duela egiaztatzen duena.

9. artikulua. Ibilgailuak sartu eta lekua erreserbatzeko lizentziak emanik, Udalak behar den zentsuan sartuko ditu titularrak.

10. artikulua. Seinalatzeko diskoak Udalak eman eta erreserbatutako eremuaren parean instalatuko ditu III. epigrafean ezarritako tasa ordaindurik, eta lizentziaren titularraren eginkizuna izanen da disko horiek mantendu, behar izanez gero berriz paratzea, eta erabilera edo aprobetxamendua burutu ondoan kentzea.

11. artikulua. Lizentziaren titularrak erabilera edo aprobetxamendua burutu eta gero zentsuan baja ematera beharturik daude, eta zintarria eta espaloia lehengoratzera. Era berean, seinalatzeko diskoak ere kendu beharko dituzte. Bestela, ulertuko da aprobetxamenduak jarraitzen duela, zintarria eta espaloia lehengoratu eta diskoak kendu arte.

TARIFEN ERANSKINA

II. epigrafea.-Lekua erreserbatzea.

I.1. Lekua erreserbatzea oinezkoendako sartu-ateratzeko edo familia bakarreko garajera sartzeko: 50 cm lineal bakoitzeko, urtean: 25,00 euro.

I.2. Lekua erreserbatzea edo ibilgailuak komunitateko garajeetara, lantegietara edo antzekoetara sartzeko: 50 cm lineal bakoitzeko, urtean: 45,00 euro.

I.3. Lekua erreserbatzea, ibilgailuak lantegietara edo antzekoetara sartzeko, ordutegi mugatuan: 50 cm lineal bakoitzeko, urtean: 35,00 euro.

I.4. Behin-behineko erreserba.

Inoiz egin beharreko obra edo jarduketa baterako erreserba egiteagatik, aurreko epigrafeetan finkatutako prezio publikoa proportzionalki zatituko da erabileraren arabera. Nolanahi ere, gutieneko eskubideak ordaindu beharko dira, hain zuzen ere, 40,00 euro.

Txandakako aparkatzeko debekua duen kale bateko bi espaloietan baimendurik badago erreserba egitea, tarifa luzera handiena duen aldearen neurriak azterturik finkatuko da.

II. epigrafea.-Seinalatzeko diskoak.

Leku erreserbatuak seinalatzeko disko trokelatuak, kontzesioaren eremuaren parean jarriak eta aparkaleku publikoa ez dela adierazten duten marrez margotuak, behar den erreian: 50,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1204085