1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2012ko martxoaren 21ean hartua, Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztien esker ona eta aitormena adierazten diena Espainiako Afganistanerako Indarraren XXIX. Kontingenteko Oinarrizko Unitatean parte hartu duten "América" 66 Mendiko Ehiztarien Errejimentuko kideei. Berriobeitin (Nafarroa) du egoitza errejimentu horrek.
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak, 2001eko abenduaren 20ko Ebazpenaren bidez, Afganistanen Segurtasunerako Nazioarteko Indar bat ezartzea onetsi zuen, herrialde horretako agintarien lagungarri. Espainiako Gobernuak, Ministro Kontseiluaren 2001eko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez, Espainiak Indar horretan parte hartzea baimendu zuen, eta gaur arte berritu izan da.
Espainiaren parte hartze horri esker, sendotu egin da herrialde hartako segurtasuna, eta horrela Afganistanen desestabilizazio politiko eta sozialak nazioarteko komunitateari ekarriko liokeen mehatxua galarazi da.
Egoitza Berriobeitin (Nafarroa) duen "América" 66 Mendiko Ehiztarien Errejimentuko talde garrantzitsu bat, 290 militar profesionalez osatua, izan da Espainiako Afganistanerako Indarraren XXIX. Kontingentea sortzeko Oinarrizko Unitatea.
Indar Armatuetako profesional talde horren zerbitzua bukaturik, Nafarroako Gobernuak esker ona adierazteko omenaldia egin nahi die egoera zailean betetako misio garrantzitsuagatik, beren burua eta profesionaltasuna eskaintzean eredugarri izan direlako, beren burua arriskuan jarriz eta bilatzen ziren helburuak lortuz; izan ere, bakean eta aurrerapenean oinarritutako mundu hobe bat eraikitzen lagundu dute, eta Espainiaren zeregina bereziki indartu, nazioarteko komunitatearekin konpromisoa duen nazioa denez gero.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztien esker ona eta aitormena adieraztea Espainiako Afganistanerako Indarraren XXIX. Kontingenteko Oinarrizko Unitatean parte hartu duten "América" 66 Mendiko Ehiztarien Errejimentuko kideei.
2. Aitormen hori agerian jartzea Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean; bertan, Espainiako Afganistanerako Indarraren XXIX. Kontingenteko Oinarrizko Unitatean aritu diren "América" 66 Mendiko Ehiztarien Errejimentuko kideen ordezkari batzuek hartuko dute parte.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Erabaki hau igortzea Nafarroako Jeneral Komandante Militarrari, "América" 66 Mendiko Ehiztarien Errejimentuko koronel buruari, Erakunde Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.
Iruñean, 2012ko martxoaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko idazkaria ordeztuz, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
Iragarkiaren kodea: F1204585