Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
57/2012 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluaren arteko mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenean ezarritako Lankidetza Funtsaren kargura diren 2012rako laguntzetarako deialdia onesten duena.
Ekonomiaren, ikerketaren, nekazaritzaren, turismoaren, lurraldearen antolamenduaren, azpiegituren eta komunikazioen, irakaskuntzaren, lanbide heziketaren, kulturaren eta energia berriztagarrien arloan, besteak beste, lankidetzan aritzeko asmoz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Akitaniako Eskualdeko Kontseilukoak mugaz gaindiko lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2000ko uztailaren 9an.
Hitzarmen horretako 2. artikuluan xedatzen da Lankidetza Funts bat sortuko dela, bi eskualdeetarako interesgarritzat jotzen diren proiektuak finantzatzeko.
Testuinguru horretan, egokitzat jo da aipaturiko xedeak lortzera zuzendutako laguntzen deialdia egitea 2012. urterako, izan ere 2013. urterako aurrekontuan horretarako bideratutako dirua baitago, Gobernuak 2012ko otsailaren 29an hartutako Erabakiaren bidez onetsirik.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 38. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek noiznahi bereganatzen ahalko dute beren menpeko administrazio organo batek, berez edo eskuordetze bidez, ebatzi beharreko gai baten gaineko ardura. Horrenbestez, beharrezkoa da bai deialdia onesteko eskumena bai laguntzak ematekoa bereganatzea.
Aginduzko txostenak ikusirik eta Kontu-hartzailetzaren oniritzia izanik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluan xedatutakoarekin bat,
AGINDU DUT:
Lehena.-Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluak 2000ko uztailaren 9an sinatutako mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenean ezarritako Lankidetza Funtsaren kargura diren 2012rako laguntzetarako deialdia onesteko eskumena nireganatzea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean jaso dira (ID 3848).
Bigarrena.-Xede horretarako 200.000 euroko gastua baimentzea, 2013rako onetsitako gastuen aurrekontuko "Akitaniaren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko lankidetzarako hitzarmena" izeneko 2012 124003-16320-4709-145100 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena.-Foru agindu hau igortzea Kontu-hartzailetza Delegatura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura.
Laugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Bosgarrena.-Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
Iruñean, 2012ko martxoaren 22an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.
I. ERANSKINA
Deialdiaren oinarri arautzaileak
1. artikulua. Xedea.
Deialdi honen xedea Nafarroako Gobernuak laguntzak emateko araubide bat ezartzea da; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko pertsona fisiko eta juridikoek, publikoek zein pribatuek, Akitaniako Eskualdeko pertsona fisiko edo juridikoekin, publikoekin zein pribatuekin, mugaz gaindi egiten dituzten lankidetza proiektuetarako.
2. artikulua. Eskatzaileak.
1. Laguntzak eskuratu nahi izanez gero, eskatzaileek -pertsona fisiko nahiz juridikoek, publiko nahiz pribatuek- baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoak izanez gero, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta pertsona fisikoak izanez gero, foru eskualdean bizitzea. Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratu elkarteak, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo badute ere, deialdi honen xedeko laguntzen onuradun izan daitezke baldin eta, estatutuetan onarturik, delegaziorik badute Nafarroan.
b) Proiektuko partaidekide bat aurkeztea, helbidea Akitaniako eskualdean duena.
c) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak izatea.
2. Zenbait eskatzailek proiektu bakar bat aurkezten badute, bakoitzak proiektuan duen partaidetza zehaztu beharko da, bai eta bere jarduketari dagokion aurrekontua ere.
3. artikulua. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.
1. Proiektu bakoitzaren gutxieneko aurrekontua 6.000 eurokoa izanen da.
2. Kofinantzaziorako aukera izateko, aurkezten diren lankidetza proiektuek 2012. urtean garatzen diren ekintzak izan behar dute. Gastuak aukeratzeko epea 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa da.
3. Alde bitakoak izan eta eskualde bakoitzean lankide bat edo gehiago biltzea.
4. Proiektuek deialdian zehaztutako epealdia baino gehiago iraunez gero, deialdi honetako diru-laguntza jasotzen badute ere, Nafarroako Gobernua ez da behartua egonen hurrengo urteetan laguntzarik ematera. Hala bada, hurrengo urteetan beste eskaera bat aurkeztu beharko da. Proiektu bat gehienez bi deialditan finantzatuko da.
5. Ez dago laguntza ematerik, deialdi honen esparruan, Akitaniako Eskualdeko Kontseiluaren Batzorde Iraunkorraren onespena jasotzen ez duten proiektuei.
4. artikulua. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskatzaileek, beren proiektuek eta beren ezaugarriek 2. eta 3. artikuluetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, eskabide bat paperean eta beste bat bertsio elektronikoan aurkeztu beharko dituzte, foru agindu honen eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete geroago bukatuko da, eta helbide honetara igorriko da:
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzua.
Emilio Arrieta kalea, 8 -5.a
31002 Iruña.
fondocomun@navarra.es.
Epea honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
2. Dosier baliokide bat nahitaez aurkeztu beharko da Akitaniako Eskualdeko Kontseiluan, eta hori eginen du helbidea eskualde horretan duen partaidekideak:
Conseil Régional d?Aquitaine.
Délégation Régionale aux Affaires Européennes et Internationales.
14, rue François de Sourdis.
33077 Bordeaux (Francia).
Aipatu eskaera erantsiko da laguntza eskatzeko agiri gisa.
3. Proiektuak Nafarroako unibertsitateek aurkeztuz gero, kasuan kasuko errektoretzak onetsi beharko ditu aldez aurretik. Baimen hori Nafarroako Gobernura igorriko den proiektuari erantsi beharko zaio.
5. artikulua. Eskaerak zuzendu eta hobetzea.
Laguntzarako eskabidea osorik betea ez badago edo behar den dokumentazioa eransten ez bazaio, interesdunari eskatuko zaio falta den dokumentazioa ekartzeko edo ikusitako okerra zuzentzeko, eta horretarako gehienez ere hamar eguneko epea izanen du, jakinarazi eta biharamunetik hasita; hori egin ezean eskabidea ezetsi eta, besterik gabe, espedientea artxibatuko dela ohartaraziko zaio.
6. artikulua. Balorazio irizpideak.
Laguntzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1. Proiektuaren bideragarritasuna (10 puntu gehienez).
2. Europako beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin bat etortzea (10 puntu gehienez).
3. Enplegua sortzea (10 puntu gehienez).
4. Eskualdeak garatzeko politikekin bat etortzea, eskualdeetako erakundeentzat duen interes ekonomiko eta komertzialari dagokionez (10 puntu gehienez).
5. Espero diren emaitzen iraunkortasuna bermatzen duten proiektuak (10 puntu gehienez).
Aurkezten diren proiektuek gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dituzte atal bakoitzean, hautatu ahal izateko.
7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzak diruz lagundutako proiektuen gastu hautagarriaren aurrekontuko %40 izanen dira, gehienez. Baliabideren batez berreskuratzen ahal den Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da diru-laguntzaren xede izanen, onuradunak praktikan berreskuratzen ez badu ere.
2. Salbuespenez, laguntzaren gehieneko zenbateko osoa onuradunen artean hainbanatzen ahalko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
3. Diru-laguntzak emateko baldintza izanen da dagokion kontu-sailean kreditu aski egotea.
8. artikulua. Ebazpena.
1. Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu proiektuak. Batzordeak kide hauek izanen ditu: Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Europako Deialdien Ataleko burua eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa). Kideetako bat kanpoan edo eri dagoenean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendariak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat izendatzen ahalko du bere ordez. Batzorde Teknikoak, aurkezten diren proiektuen edukia ikusirik, egokitzat jotzen duen aholkularitza eskatzen ahalko du.
2. Batzorde Misto batek hautatuko ditu proiektuak. Batzorde horretako kideak honako hauek izanen dira: Politika Ekonomikoaren eta Nazioartekoaren zuzendari nagusia, Nafarroaren aldetik, eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko ordezkari homologoa. Batzorde Teknikoaren balorazioen laguntzarekin eginen da hautaketa.
3. Batzordeak, aurkezten diren proiektuen ebaluazioa egin ondotik, bere proposamena igorriko dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, hark ebatz dezan, eskabideak aurkezteko epea bi eskualdeetan amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean.
4. Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez ebatziko da eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.
9. artikulua. Kudeaketa.
1. Laguntza banketxe batean horretarako dagoen kontuan ordainduko da 2013ko gastuen aurrekontuaren kargura, foru agindu honen 10. artikuluko eskakizunak bete ondoren eta proiektua bete delako fakturak eta frogagiriak aurkeztu eta egiaztatu ondoren.
2. Laguntzaren ordainketa Politika Ekonomikoaren eta Nazioartekoaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da.
3. Proiektuaren behin betiko gastu osoak murrizketa baldin badu hasiera batean aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta, emandako diru-laguntza ere berehala gutxituko da, proiektuaren gastu osoak izan duen murrizketaren proportzio berean. Emandako laguntza, bakarrik edo bestelako laguntza publiko edo pribatuekin batera, ez da inolaz ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa izanen.
10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
1. Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:
a) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Deialdien Atalari jakinaraztea, dagokion azalpen txostenaren bidez (paperean edo bertsio elektronikoan), proiektua gauzatzean gertatzen ahal den edozein aldaketa, proposatzen den aldaketa, horren beharra eta arrazoiak azalduz, honako aldaketa hauetakoren bat edo batzuk sortzen baditu:
-Aldaketa bat aurkeztutako proiektuaren helburuetan.
-Aldaketa bat proiektua gauzatzeko erabili beharreko lan metodoan eta/edo egin beharreko ekintzetan.
-Aldaketa bat egin beharreko gastuen aurrekontuan, zenbateko osoaren %10eko aldaketa ekartzen badu gutxienez (bai gehitzea bai gutxitzea).
-Gutxienez %10eko aldaketa bat aurkeztutako aurrekontuen gastu kategoria desberdinen zenbatekoetan, aurrekontu osoan aldaketarik ekartzen ez badu ere.
-Eranskinaren arabera aurkeztutako aurrekontuarekiko gastu kategoriaren bat desagertu edo sortzea.
Aldaketak 2012ko irailaren 20a baino lehen eskatu beharko dira. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak erabakiko du aldaketa horiek onesten diren ala ez, eskaera egiten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat.
b) Proiektua bukatutakoan, eta 2013ko otsailaren 1a baino lehen beti, jardueraren memoria bat aurkeztu beharko dute proiektuaren exekuzioari buruz, eta horretan sartuko dira proiektu hori garatzean sortu eta lortutako emaitzak erakusten dituzten dokumentu guztiak (edozein euskarri motatan). Horrekin batera, diru-laguntzaren xede den proiektua aurrera eramateko izandako gastuen eta ordainketen azalpen zehatza jasotzen duen memoria ekonomikoa aurkeztuko da, gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten kasuan kasuko agiriak, baita egindako gastuen eta diru-sarreren xehetasunak ere (jasotako diru-laguntzen, babesen eta bestelakoen adierazpena) aurkeztuz. Gastu eta ordainketen frogagiri guztiek jatorrizkoak edo kautoturiko kopiak izan beharko dute. Onuradunak prestatutako agiriak zigilu, data eta sinadurarekin aurkeztu beharko dira. Aurkeztutako fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen 205/2004 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izanen dira.
2. Proiektuaren gastuen gauzatzea hasiera batean aurkeztutako aurrekontuko gastuen kategorien araberako banaketa portzentualarekin bat etortzen ez bada, eta 1.a) idatz-zatiak agintzen duen moduan onuradunek aurrekontuko inolako aldaketarik jakinarazi ez badute, laguntzen azkeneko ordainketa onuradunaren gastuen exekuzioari egokituko zaio, gastu kategorien mugatzat harturik aurkeztutako aurrekontutik eratorritakoa.
3. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egokitzat jotzen dituen kontrol guztiak egiten ahalko ditu eta laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko jarraibideak eman.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
12. artikulua. Errekurtsoak.
Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
13. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.
Foru agindu honetan aurreikusia ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritakoa aplikatuko da.
14. artikulua. Publizitatea.
Onuradunek espresuki adierazi beharko dute, zabalkunderako edo informaziorako agiri guztietan, Nafarroako Gobernuaren eta, hala bada, Europako Batzordearen laguntza hartu dutela, Akitania-Nafarroa Funts Bateratuaren barruan.
Halaber, diru-laguntza onartzeak ekarriko du onuraduna zerrenda batean sartzea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dena.
II. ERANSKINA
Eskabide orria
1.-Ekintzaren identifikazioa:
1.1. Proiektuaren izenburua (gaztelaniaz eta frantsesez).
1.2. Helburuak.
1.3. Aurrekontu orokorra (proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako partaide guztiena).
1.4. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten partaideari edo partaideei aurrekontuan dagokien zatia.
1.5. Funts Bateratuari eskatutako diru-laguntza orokorra.
1.6. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten partaideari edo partaideei emanen litzaiekeen diru-laguntza.
1.7. Lankidetza Funts Bateratuari diru-laguntza eskatzen diozun lehenbiziko aldia da?
BAI [ ] EZ [ ]
1.8. Proiektu berarentzat eskatu eta/edo jaso diren beste laguntza batzuk.
1.9. Proiektuari hasiera emateko zein data jarri den.
1.10. Proiektua bukatzeko zein data jarri den.
2.-Nafarroako partaideen identifikazioa:
2.1. Izena edo sozietatearen izena.
2.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne).
2.3. Banketxeko datuak (IFZ, kontu zenbakia, entitatea). Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.
2.4. Nafarroako Foru Komunitateko arduradunaren izena:
Entitatearen izaera:
Irabazi asmoa du [ ] Ez du irabazi asmorik [ ]
3.-Akitaniako partaideen identifikazioa:
3.1. Izena edo sozietatearen izena.
3.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne).
3.3. Akitaniako arduradunaren izena.
4.-Nafar bazkideak aurkeztu behar dituen agiriak:
4.1. Proiektua garatzeko memoria eta programa, paperean eta bertsio elektronikoan.
4.2. NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada; eta eraketa agiria eta identifikazio fiskalarena, pertsona juridikoa bada.
4.3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez egunean daudela ziurtatzen duena.
4.4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, eskatzailea Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa den ala ez adierazten duena.
4.5. Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eginbeharrak bete dituela frogatzen duena.
4.6. Estatutuak (partaidea pertsona juridikoa bada).
4.7. Akitanian aurkeztutako eskaeraren kopia.
4.8. Errektoretzaren baimena, Nafarroako unibertsitateek aurkeztutako proiektuen kasuan.
4.9. Proiektuko titularkideek partaide-hitzarmen batean beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean, bi bazkide nafarrek edo gehiagok parte hartzen duten proiektuetan.
4.10. Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.
4.11. 2012. urteko aurrekontua, xeheki adierazia, ereduaren araberakoa (Akitania + Nafarroa).
GASTUAK | DIRU-SARRERAK | |||
KONTZEPTUA | ZENBATEKOA | KONTZEPTUA | ZENBATEKOA | |
Partaide nafarra A GUZTIRA | Gastu-kategoriak (*): -Kontsumigarriak. -Ekipamenduko ondasunak. -Barneko giza baliabideak. -Kanpoko giza baliabideak. -Zerbitzuak ematea. -Bidaiak. -Prestakuntza. -Komunikazioa. -Gastu orokorrak. -Bestelako gastuak. | -Nafarroako Foru Komunitateari eskatutako laguntza. -Autofinantzaketa. -Beste finantzaketa batzuk. | ||
Partaide akitaniarra B GUZTIRA | -Akitaniako Eskualdeko Kontseiluari eskatutako laguntza. -Autofinantzaketa. -Beste finantzaketa batzuk. | |||
A+B OROKORRA GUZTIRA | ||||
(*) Proiektuaren aurrekontua osatzen duten kostuak kalkulatzeko oinarriak xeheki adierazi behar dira. | ||||
5.-Adierazpena, tokia, eguna eta sinadura:
Adierazten dut aurkeztu dudan eskaeraren xede bererako laguntzak edo pizgarriak jaso ditudala [ ] ez ditudala jaso [ ] (gurutze bat jarri aukera egokian).
Baiezkoaren laukian jarriz gero gurutzea, laguntza edo pizgarri horien frogagiriak erantsi beharko zaizkio eskaerari.
.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
Stua. Eskatzailea: ................................
Datuen babesa:
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aditzera ematen dizu agiri/orri/inprimaki honetatik ateratako datu pertsonalak eta erantsi diren gainerakoak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, tratatzeko. Halaber, aditzera ematen zaizu datu horien bilketaren eta tratamenduaren helburua eskaeraren prozesua Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bitartez kudeatzea dela, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako diru-laguntza ordaintzea ere.
Aipatu lege organikoan ezarritakoarekin bat, datuak ikusi, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabil ditzakezu, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari idazki bat igorrita.
Iragarkiaren kodea: F1204719
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
