2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALESBES
Udal ordenantza, Irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Alesbesko Udalak, 2011ko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2012ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 3an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
ORDENANTZA FISKALA, IREKITZEKO LIZENTZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ere.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da irekitzeko lizentzia eman aurretik Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboa, Industriako edo merkataritzako establezimenduek, jarduerarako, osasunerako eta osasungarritasunerako baldintzak eta haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bertzelako arauetan ezarritakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko egiten dena. Hori guztia, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeari eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduari jarraikiz.
3. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzea gertatuko da ondoko kasu hauetan:
a) Jarduerak hasteko establezimendua lehen aldiz jartzean.
b) Establezimenduko jarduera aldatu edo handitzean, titularra aldatzen ez bada ere.
c) Establezimendua handitzean eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen bertze edozein aldaketa egitean. Horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko dira.
d) Jarduera edo negozioaren titulartasunaren aldaketa, lagapena edo eskualdaketa.
4. artikulua. Industriako edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira bakarrik etxebizitza ez dena eta, horrez gain, ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearentzako irekiak izan edo ez:
a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.
b) Aipatu jarduera horiek egin gabe ere, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo aprobetxamenduak ateratzea.
Salbuespenak
5. artikulua. 1. Honako hauek daude tasa ordaintzetik salbuetsiak, behar den lizentzia eskuratu beharko badute ere:
a) Nahitaezko eraispenek, behera etortzeek eta suteek beharturiko lekualdaketak edo agindu eta xedapen ofizialak betez egin behar direnak.
b) Senar-emazte, aurreko eta ondorengoen artean "mortis causa" ondorengotza dela-eta gertatzen diren titulartasun aldaketak, betiere kausatzailearen lizentzia eman denetik 30 urte iragan ez badira. Aurreko zenbakiko a) atalean ezarri den salbuespen hori jatorrizko lokala berriz irekitzen denean ere aplikatuko da, lokala moldatu edo berreraikitakoan.
Subjektu pasiboa
6. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, pertsona fisiko edo juridikoak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren establezimenduetako bat ustiatzen badute zuzenean.
Zerga-oinarria
7. artikulua. Tasaren zerga-oinarria da jarduera ekonomikoen gaineko zergan dagokion urteko kuotaren zenbatekoa.
Tributu-kuota
8. artikulua. Espedienteen tramitazio administratiboa izanen da:
-Jarduera sailkatuen tramitazioa behar ez duten jarduerena (ez dute proiekturik behar, soilik Udaleko teknikariaren txostena): 50 euro.
-Industria jarduerena (proiektua eta txostenak behar dira): 100 euro, eta industria jardueren administrazio tramitazioko txosten teknikoen kostua gehituko zaie.
9. artikulua. Establezimenduak ireki eta eskualdatzea, lokalaren m² erabilgarrien arabera likidatuko da:
Establezimenduak irekitzea:
- 100 m² arte: 2,00 euro/m².
- 101etik 400 m²-ra bitarte: 2,50 euro/m².
- 400 m² baino gehiago: 3,00 euro/m².
Establezimenduak eskualdatzea:
Eskualdaketa: 100 euro.
Landalurretan aziendaren ukuiluak irekitzea.
300 euroko tasa, jarritako ukuilu bakoitzeko.
Sorrarazpena
10. artikulua. Zergapeko egintza osatzen duen udal jarduera egiten denean sorraraziko da tasa eta hura ordaintzeko betebeharra sortuko.
11. artikulua. Establezimendua lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sorraraziko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea deusetan ukatu gabe.
Kudeaketa arauak
12. artikulua. Lizentzia erdiesteko interesa duenak behar den eskabidea aurkeztuko du Udaletxean, egin beharreko jarduera(k) eta dagokion lizentzia fiskalaren epigrafea zehazten dituela; eskabidearekin batera, lokalaren alokairuaren kontratua edo erosketaren titulua aurkeztuko du, hala nola Zergen Kudeaketak likidazioa egiteko behar duen informazio guztia.
13. artikulua. 1. Udalak lizentzia eman ala ez erabaki arte, interesdunek zilegi izanen dute espresuki atzera egitea eta kasu horretan, tasa izanen da lizentzia eman balitz ordaindu beharko zatekeenaren %20. Lizentzia ematen ez bada, zerga zenbateko berera murriztuko da.
2. Lizentzia iraungitzat hartuko da, hura eman ondoren sei hilabete pasatzen baldin badira lokalak ireki gabe, edo ireki ondoren, berriz ixten badira sei hilabete baino denbora luzeagoan.
Arau-hausteak eta zehapenak
14. artikulua. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:
a) Lokalak irekitzea, behar den lizentzia erdietsi gabe.
b) Zerga-oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.
Bertzelako arau-hausteetarako Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo bertzenaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta harekin bat datozen arauei.
15. artikulua. Arau-hausteen ondorioz sortzen diren zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arau orori ere.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ordezko gisa aplikatuko da toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoa.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Alesbesen, 2012ko martxoaren 5ean.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.
Iragarkiaren kodea: L1203648