55. ALDIZKARIA - 2012ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154/2012 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Leitzako udal mugapean papera eraldatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Sarrio Papel y Celulosa S.A da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 880/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Leitzako udal mugapean papera eraldatzeko instalaziorako. Jardueraren titularra Sarrio Papel y Celulosa, S.A. da.

2011ko urriaren 13an, titularrak aldaketa hau eskatu zuen: lurruna sortzeko galdara berria. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldaketa hori ez-funtsezkotzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko asmoz abenduaren 28an emandako 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hortaz, ez da beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da, instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta horiek oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedura erraztuari jarraikiz tramitatu da.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Leitzako udal mugapean dagoen papera eraldatzeko instalaziorako Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2011ko urriaren 13an eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra Sarrio Papel y Celulosa, S.A. da. Ingurumen baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 880/2008 Ebazpenaren bidez eman zitzaion.

2. Baimena aldatzeak atmosferara eginiko emisio gune berria ekarri du, bosgarrena, eta, horren ondorioz, zenbait aldaketa egin dira instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko apirilaren 30eko 880/2008 Ebazpenaren II. eranskineko 1.1 eta 5.1. puntuetan; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2016ko apirilaren 30ean bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. Aldaketak ukitzen dituen instalazioak irekitzeko baimen berria eskatu beharko du titularrak, funtzionatzen hasi baino lehen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen I. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedaturikoarekin bat.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Sarrio Papel y Celulosa, S.A.ri, Leitzako Udalari, Kantauriko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko otsailaren 7an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1202271